Sareak

☉ Hego Uribe

ZOZKETA / Nafar hegoaldeko produktu ekologikoekin bi saski, Errigora eta Geuriaren eskutik

|

Itxaso Mimenza galdakoztarrak eta Oihane Corrales basauriarrak irabazi dute zozketa // Geuria

ZOZKETA EGINDA / Otsailaren 25ean eman zioten hasiera Errigoraren kanpaina berriari: Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura, eta Eutsi gureari lemapean. “Eusteko, zeri eta gureari. Baina ez da dei bat lortutakoari, galtzeko beldurrez, atxikita gelditzeko deia da. Bada dei bat, baina egindako bideari begiratu, oinak gaurko lurrean sentitu eta aurrerako pausuak emateko deia”, adierazi dute Errigorako lagunek.

“Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina bestela kontsumitzeko bide bat da, elikadura burujabetzara bidean pausoak emateko aukera bat.

GEURIAn bi saski zozketatuko ditugu, Errigoraren eskutik. Saskiek nafar hegoaldeko produktu ekologikoak dituzte.

Hau da parte hartzeko dinamika:

1️⃣ GEURIA Instagram, Facebook edo Twitter orrialdeko jarraitzaile izan.
2️⃣ Zein lagunekin egingo zenuke otordu eder bat? Zozketaren argitalpenean zure lagun bat etiketatu.
3️⃣ Elkarbanatu posta zure story-etan eta Geuria aipatu. Horrela aukera gehiago saskia irabazteko!

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 13ra arte (12:00). Behin zozketan parte hartzeko epea itxita, hurrengo egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleekin Instagram, Facebook edo Twitter bidezko mezu pribatu bidez jarriko gara harremanetan. Zorte on guztioi!

Irabazleak:

– Kutxa 1: oihaneco
– Kutxa 2: imemenza

“Elikagaien merkatuaren egoera oso gora-beheratsua izan da azken aldian, eta horrek guztioi harrapatu gaitu. Errigoraren ibilbide luze-laburrak irakutsi digu bestelako bideei ekiteko gaitasuna dugula. 10 urte horietan zehar ekoizlearen jatorrizko prezioan, euskaraz etiketatuta eta auzolanean ehundaka herritan gauzatu eta haziz joan den bestelako ekoizle-kontsumitzaile hartu-emana da erakusle argia”, diote Errigoratik, eta gaineratu dute: “Ametsak egi bihurtzea posible dela erakutsi dugulako, eutsi diezaiogun gureari!”.

Eskaerak martxoaren 13a baino lehen egin behar dira esteka honetan. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. 

☉ Hego Uribe

Tuberkulosi kasu baten jarraipena egiteko testak burutuko dituzte Arrigorriagako eta Ugaoko ikastetxeetan

Familiak jakinaren gainean daude, eta asmoa kutsatutako pertsonaren kontaktuen azterketa egitea dela adierazi du Osasun Sailak

|

Maiatza eta ekaina bitartean egingo dituzte testak / Osakidetza

Lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Osasun Sailak kaleratu duen oharrean, “dagoeneko tratamendua jasotzen ari den eskola-komunitateko kide batean tuberkulosi kasu bat detektatu ondoren”. Zehaztu dutenaren arabera, “pertsona horren kontaktu estuen azterketak agerian utzi du ez dagoela inolako kutsadurarik”.

Hala ere, eta protokoloak zehazten duenari kasu eginda , testak egingo dituzte Arrigorriagako Eskolan eta Ugaoko ikastetxean maiatza eta ekainean zehar. Dagoeneko gutuna igorri zaie familiei, arreta telefonoa dute eskuragarri, eta hurrengo egun eta asteetan bilerak egingo dituzte prozedura zehatzago azaltzeko.

Hori horrela, eta  “prebentzioagatik” , nahiz eta “ikasleen eta gainerako langileen esposizio-denbora oso laburra izan den arren eta kaltetutako pertsonak FFP2 maskara erabiltzen zuen arren”, kontaktuen azterketa eskola-eremura zabalduko du Osakidetzak.

Halaber, zera gogorarazi nahi izan dute: “Tuberkulosiaren gaixotasuna, normalean, ez da larria gure inguruan, eta tratamendu egokiarekin sendatzen da; airearen bidez kutsa daiteke eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, gaixotasun hori kutsatzeko, biriketako gaitza duten pertsonekin elkarbizitza estua eta luzea izan behar da; beraz, kasu honetan, kutsatzeko arriskua txikia da”.

Bukatzeko, Osasun Sailak “lasaitasunerako” mezua zabaldu nahio izan du: “izan ere, prebentzio-protokoloak egitea ohikoa da, tuberkulosia ez da aparteko gaixotasuna eta, beraz, esperientzia dauka ezarritako prozeduretarako. Gainera, Osasun Publikoaren eta Osakidetzaren jarduketa azkarra eta koordinatua nabarmendu du, erregistratutako kasua detektatzeko, tratatzeko eta kontrolatzeko, eta, aldi berean, prebentzio-protokoloa abian jartzeko”.

 

 

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIA Basauriko eta Galdakaoko Euskara Planen lanketan ari da herrietako eragileekin batera

Hurrengo urteetako Euskara eta Erabilera Planak lantzen eta garatzen ari dira Basauriko eta Galdakaoko Udalak.

|

Basauriko eta Galdakaoko lan mahaiak / Geuria

Bi udalerrietako euskararen egungo egoera abiapuntutzat hartuta, hurrengo urteetako euskara eta erabilera planak lantzen eta garatzen ari dira Basauriko eta Galdakaoko Udalak.

Basauriren kasuan, euskarari buruzko udalerriko datu soziolinguistikoak aztertu dituzte, azken urteetan euskara sustatzeko planaren barruan egindako ekintzak baloratu, eta hobetzeko proposamenak jaso. Batzar sektorialak ere egin dira, eta  atzo, maiatzak 9, plan berria garatzeko lan bilera egin zuen Udalak eragile ezberdinekin, GEURIA bertan zela.

Galdakaoko Udalari dagokionez,  euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa (AROA) diseinatzen ari dira. Planak Galdakaoko gizartearen beharrei erantzun nahi die eta gizartea eraldatzeko tresna izan nahi du, euskararen ekosistema osoan eragina izan dezaketen erronkak definituz eta bere eginez, euskararen hizkuntza komunitatea zabaltzeko eta ahalduntzeko bidean.

Hori horrela, atzo  planaren balorazioa egin zen, otsaila-martxoan egindako galdetegiaren datu nagusiak aztertu ziren, eta galdera baten bueltan aritu ziren partaideak, tartean GEURIA: euskararen egoerak zelako izan beharko luke 2034. urtean?

Hurrengo pausoak ere zehaztuta daude, bai Basaurin eta bai Galdakaon:

GALDAKAO

• Maiatzaren 23an, 18:30ean, Torrezabaleko erakusketa gelan. Planaren helburu nagusien aurkezpena egingo da.

Aurkezpenaren ostean, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hartuko du hitza hizkuntza-eskubideez hitz egiteko. Eta bukatzeko, erakunde biek hitzarmena izenpetuko dute, aurrera begira elkarrekin eman ditzaketen urratsak aztertze aldera.

BASAURI

• Ekainak 1ean, 10:30ean, Solabarria plazan Open topaketa. Bertan orain arteko prozesuaren ondorioak azalduko dira, eta plan berria aurkeztuko da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko Rally 48 taldeak VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi du

Eskualdeko laukoteak lau kontzertu eskainiko ditu estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan, VSB Tour 24 sariarekin

|

Rally 48, Bilboroken // Rally 48

Arrigorriagako Chois eta Mark-L, Galdakaoko M. Sanchez eta Etxebarriko Quiet-Gk VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi dute Rally 48 izeneko bandarekin eta sari modura VSB Tour 24 esperientzia biziko dute: lau kontzertu eskainiko dituzte estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan. Gainera, Rally 48 taldeak, lehiaketan sariak jaso dituzten Kalipotxo, Mikosis, S.A.D (Sistemak Arriskutsuak Dira), Markos García eta Gydeon taldeekin batera Mikel Amundarain eta Andoni Barinaga musikarien aholkularitza-saioak jasoko dituzte.

VillaSounBilbaoko azken kontzertua joan den apirilaren 25ean eskaini zuen Rally 48k eta zapore onarekin utzi zituen bandako kideak. Taldekoak, kideak baino lagun onak dira. Horrela azaldu dio behintzat GEURIAri Mark-L arrigorriagarrak: “Betidanik gustatu zaigu musika eta VillaSoundean izena emateko aukera zegoela ikustean elkartzea erabaki genuen”, aitortu du eta sariak taldearen esperientziarako oso “positiboak” zirela gehitu du. “Bira edo tour bat egitea, jaialdi batean kantatzea… sari oso deigarriak ziren eta lehiaketan parte hartzea esperientzia itzela izan da. Eta horixe bera da orain egin behar duguna: taldeari era honetako esperientziak gehitzea”.

Mark-L: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”

Rally 48 eskualdeko lau lagunek osatzen dute eta horietako bi eskualdeko Belardi Rockers proiektutik datoz eta beste biak, beste musika proiektu batetik: “Proiektuak berez hilabeteko ibilera baino ez dauka: duela hilabete bi hasi ginen elkartzen”, dio Mark-Lek. “Asier (Choisy) disko bat kaleratzekoa zen eta ni EP bat prestatzen ari nintzen, horrela, zenbait lagun elkartu ginen disko bat kaleratzeko”. Hasiera batean kide bi zirenak Rally 48 izeneko laukoteean bihurtu zen eta egun batzutara izen bereko lehen diskoa kaleratu berri du. Bertan hiriko soinuak, popa, rocka eta rumba uztartzen dituzten eskualdeko musikariek, “erritmo freskoak eta urbanoak”.

Rally 48, Bilboroken // Rally 48

Eta orain zer?

VillaSoundBilbao lehiaketa irabazita, ikusgarritasuna lortzea da taldearen hurrengo helburua: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”.

156 taldek eman dute izena aurtengo VillaSoundBilbao lehiaketan eta horietatik 12k kontzertuak eskaini zituzten Bilborocken. 12 horietatik seik sari bat irabazi dute: VSB Tour 24 (Rally 48), BIME Live (Kalipotxo), Aste Nagusia (Mikosis), Musika Bulegoa (S.A.D), Bilbao Basket (Markos García) eta Lokal Session (Gydeon).

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Iñaki Larrabeiti zaratamarrak 2.500 kilometroko bidaia-solidarioa egingo du bizikletan Almeriara galdakoztar birekin

Bizikletara igo eta 2.500 kilometro egin nahi ditu Zaratamokoak Galdakoztar birekin: bost asteko bidaia izango da eta 30 etapetan banatuko dute, helburu solidario batekin

|

Eduardo Traver, Iñaki Larrabeiti eta Pedro Ramirez, Peña Hincadan (Errioxa) // Utzitakoa

Ekainaren 1ean Almeriako Cabo de Gatara abiatuko da Iñaki Larrabeiti (Zaratamo, 1959) bere bizikletarekin, Elkartasunezko Bizikleta Bira burutzeko. “Betidanik maite izan dut txirrindularitza eta zale modura praktikatu dut ere”, azaldu dio zaratamarrak GEURIAri. “Bizikleta gainean bidaia luze bat egiteko gogoa betidanik izan dut . Izan ere, azken urteetan astebeteko irteerak egin izan ditut lagunekin baina inoiz ez naiz harago joan”.

Oraingo honetan bizikletara igo eta 2.500 kilometro egin nahi ditu Zaratamokoak: bost asteko bidaia izango da 30 etapetan banatuta. “Asmoa Kantauri isurialdea zeharkatzea da Galiziaraino eta behin Galizian Portugalerantz jo, hegoalderantz, Faroraino. Portugal atzean utzi eta Andaluziarantz abiatuko naiz”. Etapa bakoitzean 80 kilometro egitea aurreikusten du eskualdeko kirolariak, ondo bidean.

Bidaiaren hasieratik amaiera arte konstante bakarra Iñaki bera izango bada ere, etapa jakin batzuetan eskualdeko txirrindulari batzuk izango ditu bidelagun: Kantauriko isurialdetik Portugaleraino Pedro Ramirez galdakoztarraren laguntza izango du eta Portugaletik Sevillarainoko tartean Eduardo Traver galdakoztarra gehituko zaie pedalei eragiten. Beren ibilbidea egunez egun jarraitzeko eta proiektuaren berri izateko Whatsapp kanal hau zabaldu dute.

Solidaritatea gurpiletan

Baina zer ezkutatzen du bidaia honek? Erronka hau ez dute kirolean zentratu soilik; elkarlaguntza solidario batekin uztartu nahi izan dute abentura honen sortzaileek. Izan ere, Eduardo Traver bidaiaria eta farmazeutikoak Kooperako Ekuma proiektua kudeatzen du: “Kirol erronka hau elkarlaguntza proiektu batekin lotu nahi genuen hasieratik Koopera Euskadi GKEarekin”, azaldu du Larrabeitik.

“Gure ekintza maila bitan sailka daiteke”, gehitu du Eduardo Traverrek: “Alde batetik erabili beharreko materiala eramaten dugu Ginea Bissaura eta bestetik kontsultak eta ebakuntzak egiten bertan”. Gineako taldea anestesista bik, kirurgialari bik, ginekologo bik, oftalmologo bik, erizain batek eta farmazialari koordinatzaile batek osattzen dute. “Gaur egun arte 3.800 paziente baino gehiago artatu eta 870 ebakuntza baino gehiago egin ditugu Ginean”, azaldu du Traverrek. Urtean bidaia bi egiten dituzte bertara eta egonaldiak 15 egunekoak izan ohi dira. Bertara joaten diren langileak boluntarioak dira eta 10 orduko lanaldiak egin ohi dituzte.

Eduardo Traver: “Gaur egun arte 3.800 paziente baino gehiago artatu eta 870 ebakuntza baino gehiago egin ditugu Ginean”

Elkartasunezko Bizikleta Biraren bitartez jasotako dirua 2017tik Ginea Bissaun burutzen ari diren Ekumara bideratuko dute. Horretarako, proiektuan parte hartu nahi dutenek transferentziak bidali ditzakete ES 81 2100 1551 7102 0020 1653 kontura edo BIZUMa 629 252 812 telefono zenbakira.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bidegorria Galdakaoraino eraikitzeko aldarrikapenarekin jarraituko Biziz Bizi elkarteak

|

Apirilaren 27an 27. bizikleta martxa antolatu du Biziz Bizi elkarteak Bilbotik Galdakaora, Etxebarritik eta Basauritik igarota // Bizi Bizi

Bilboko Boluetatik Basauriko Kareagara bitarteko bidegorria eraikitzeko lanek aurrera darraite. Bizkaiko Foru Aldundia ari da lanak egiten eta asmoa da Durangalderaino luzatzea, tartean Galdakaotik igarota. Hala zehazten du iazko martxoan Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onartu zuten Bizkaiko Bizikleta-Bideen Lurralde Plan Sektorialak.

Momentuz Boluetatik Basauriko La Basconiarainoko tartea ari dira egiten, eta horregatik Biziz Bizi elkarteak ‘Bidegorria Galdakaora Orain’ aldarrikapenarekin jarraituko du.

Apirilaren 27an, larunbatez, 27. bizikleta martxa antolatu dute. Hilero bezala, Bilboko Kale Nagusian, Foru Aldundiaren aurrean, hasiko da martxa 11:00etan, eta Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu.

“Bizikletaz joatea gehien gustatzen zaigunaz gozatuko dugu, eta, aldi berean, lagunak egiteko, esperientziak kontatzeko, euskaraz hitz egiteko eta abar aprobetxatuko dugu, hori guztia segurtasun neurri egokiekin, poliziaren laguntzarekin eta musikarekin, musika askorekin”, diote Biziz Bizi elkarteko kideek.

Hiru urte

Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.

“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.

“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, ‘Bidegorria Galdakaora orain!’ lemapean”, dio Alberto Delgado basauriarrak, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.

Bestetik, 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusia zenari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” emateko.

Osorik irakurri