Hego Uribeko ikastetxe publikoek otsailaren 2an 2015-2016 ikasturterako aurrematrikulako epea zabaldu dute eta otsailaren 13ra bitartean egongo da zabalik. Eskolan aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da: ikastetxeetan doan banatuko den inprimaki ofiziala betetzea, ikaslearen arduradunaren NAN fotokopia, erroldaren egiaztagiri familiarra, familia liburuaren fotokopia eta azken Errenta-aitorpena (aukerakoa).
“‘D bitamina, aberastu bere heziketa’ izeneko diptikoan aukeraketan ereduak daukan garrantzia azpimarratu nahi izan dugu; eta eskuliburutxo honetan Basauriko Eskola Publikoak, Basauriko ikastetxe publikoek eskaintzen dituzten baliabideei buruzko argibideak helarazten dizkizuegu“, dio Andoni Busquet Basauriko alkateak. Galdakaoren kasuan, aurrematrikula egiteko aukera daukaten haurren etxeetara familiaren egoitzaren ziurtagiria bidaliko die Udalak, kudeaketa erraztearren.
Arrigorriagan, D ereduan ikasteak dituen abantailak nabarmentzen dituen informazio-gutuna eta triptikoa bidali ditu dagoeneko herriko Udalak bi eta hiru urteko seme-alabak dituzten 300 etxeetara.
