Herriak
Kontzentrazioak, muralak eta puntu moreak azaroaren 25ean Hego Uriben
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da azaroaren 25ean eta Hego Uribeko udalerriek hainbat ekintza antolatu dituzte. Hurrengo egunetarako ere jarduera ugari prestatu dituzte.
Basaurin Marieneak antolatu ditu jarduerak, Udalaren eta Berdintasunerako Kontseiluaren laguntzarekin. 13:00etan kontzentrazioa deitu dute Arizgoiti plazan: Kontseilukoek adostatutako komunikatua irakurriko dute eta ondoren performance bat antzeztuko dute. Hurrengo ekintzak abenduan zehar egingo dituzte. Hilaren 4an Beldur Barik lehiaketaren sari lokalen banaketa izango da 19:00etan eta abenduaren 10ean Maria Naredoren eskutik hitzaldia antolatu dute: “Instituzio publikoek indarkeria matxistaren aurrean giza eskubideengan dituzten eginbeharrak betetzenal dituzte?“. Sarrera librea izango da, “espazioak bete arte“.
Galdakaon “Putz egin indarkeria sexistari haizeak eraman dezan” kanpaina prestatu dute azaroaren 25erako Topagunetako gazteek. Era berean, argazkiak eta mural erraldoi bat kokatuko dituzte Lehendakari Agirre plazan 17:00etatik 20:30era “Guk be ezetz dinogu!” lelopean. Ordu tarte berean, baina Torrezabal Kultur Etxean, Emakunderen Berdintasunerako Foroaren Autobusa helduko da. Ekitaldiei amaiera emateko Ipuin Kontalariak izango dira azaroaren 25, 26 eta 27an 17:30etatik 19:00etara Torrezabaleko, Usansoloko eta Aperribaiko Haur Liburutegietan hurrenez hurren.
Arrigorriagako Madalen eta Sial emakume elkartekoek Puntu Moreak banatuko dituzte azaroaren 25ean 12:00etatik 14:00ak arte. Arratsaldean, 18:00etan Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako V. Herri Martxa deitu dute: Udaletxean hasi eta bukatuko da, Sebero Otxoa, Lonbo aretoa eta Urgoiti pasalekutik behin igarota. Hurrengo egunean, hilak 26, Arrigorriagako Emakumeen Lanaren Aurkezpena 2014 burutuko da 18:00etan udaletxean. Amaitzeko, azaroaren 27an Abusu Zentro Soziokulturalean “La verdad oculta” zine-foruma izango da 17:30etatik aurrera.
Etxebarrik ere kontzentrazioa egingo du azaroaren 25ean udaletxeko plazan 12:00etan. Ondoren, Biolentziometro informazio-saioa antolatu dute Gazteria Zerbitzuak eta Inurtxik. Azaroaren 28an, ostirala, Osasuntsu ligatzeko tailerra izango da Mugarri Gaztegunean.
Ugaoko Udalak umeentzako tailerrak eta photocalla antolatu ditu 16:30etatik aurrera: “Atera zeure buruari argazki bat indarkeria gaitzesten duzula adierazteko“, diote antolatzaileek. Gero, 18:00etan kontzentrazioa egingo dute herriko enparantzan. Hilaren 26an Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunari buruzko VII. marazki lehiaketaren sari banaketa izango da udaletxean bertan 16:45ean hasita. Ekitaldia amaitzean, puxikak askatuko dituzte bertaratutakoek.
☉ Galdakao
Argazkiak / Txantxa Gutxi kuadrillak irabazi du Errelebo lasterketa Galdakaoko jaietan
Galdakaoko jaietan proba berriak antolatu dituzte. Horietako bat da Errelebo lasterketa, Errotuk antolatu duena. Txapeldun izan da Txantxa Gutxi kuadrilla, bigarren Antzeko, hirugarren Weekandugu eta laugarren Lonjelvi.
☉ Usansolo
Bideoa / “ETSk entzun du Usansolok zer nahi duen, eta jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”
Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean: alde batetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua; eta bestetik, tunel luzeago bat, 500 metro luzerakoa, Usansolo erdigunera iritsiko litzatekeena
Usansoloko Metro geltokiaren aferaz asanblada irekia egin zuten atzo herrian. Bertan izan ziren Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa.
Bi erakundeetako ordezkariek azaldu zutenez, baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea: “Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu zuen De Juanek.
Adierazpen horiek asanblada irekira bertaratu ziren herritarren haserrea piztu zuen: “Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi zuen atzo herritar batek.
Hain zuzen ere, metroaren geltoki berria Ospitalaren ondoan eraikiko dute, Usansoloko Unkina plazatik 900 metrora (gaur egungo Euskotreneko geltokia, desagertu egingo dena, 450 metrora dago).
Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean metro geltokia Usansolo erdigunearekin lotzeko: alde batetik, lurazpiko tunel bat eraikitzea, 500 metro luzerakoa, Laminarrieta, Meatzeta eta Torreondo kaleen arteko bidegurutzera iritsiko litzatekeena; eta bestetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua uztartzea.
Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dute bigarren aukera; lanzaderarena, alegia. “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”, zehaztu zuen De Juanek. Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak, atzo ere adierazi zutenez.
Geltokia Erdigunean plataformatik adierazi dute “euren helburua lortu arte” jarraituko dutela borrokan: “Eusko Jaurlaritzak eta ETSk entzun dute Usansolok zer nahi duen, eta, hortaz, jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”, adierazi dio GEURIAri Josu Grandibal plataformako kideak.
“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdetu zuen atzo asanbladan Jon Atxutegi plataformako kideak.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak 229.000 euro bideratuko ditu Ollargan eta Haurreskolako haur-parkeak berritzeko
Proiektu honek udalerriko haur-parkeak egokitu eta berritzea du helburu eta horrekin batera Arrigorriagako haurrentzako jolas-eskaintza zabaltzea
Arrigorriagako Udalak Ollargan eta Haurreskolako haur-parkeak konpontzeko asmoa azaldu du, udalerriko jolasguneen azterketa egin ostean. Lizitazio prozesua martxan ipini dute eta aurrekontua 229.000 eurokoa izango dela iragarri dute: “Enpresek irailaren 25era arte dute eskaintzak aurkezteko”.
Proiektu honek udalerriko haur-parkeak egokitu eta berritzea dela azaldu dute Udaletik eta horrekin batera Arrigorriagako haurrentzako jolas-eskaintza zabaltzea.
Ollarganeko parkearen kasuan parkea “nahiko hondatuta” dagoela jakinarazi dute udal ordezkariek: “Gainera, auzoko haur gehienek erabiltzen dute”.
Arrigorriagako Udala: “Ollarganeko parkea nahiko hondatuta dago eta auzoko haur gehienek erabiltzen dute”
Haurreskolako parkeak, udal ordezkarien aburuz, ez ditu ohiko erabiltzaileen beharrak asetzen eta “ez da egokia 0 eta 2 urte bitarteko haurtxoentzat eta gainera parkeak ez du itzalgunerik: ondorioz eguzki eta bero handiko egunetan ezin dute erabili”. Arazo hori konpontzeko itzalgune bat ipiniko dute.
Herriko gainontzeko haur-parkeei dagokienez, egun hauetan Abusuko Santa Isabel kaleko jolasgunea eraberritzen ari da Arrigorriagako Udala, eta GEURIAri azaldu lez, hurrengo hilabeteetan Lonbo auzoko haur-parkearekin hasiko dira: “Gainerakoak hurrengo urtean berrituko ditugu”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, kontua izan behar da aurrekontu parte-hartzaileen bozketa fasean gaudela eta emaitzak itxaron behar ditugu”.
☉ Basauri
Kirolean euskaraz bizitzeko jardunaldia antolatu dute Basaurin eta herriko 17 elkartek egingo dute bat
Bizi Kirola Euskaraz jardunaldia antolatu dute Basaurin hamaseigarren urtez. Aurten irailaren 22an, igandez, izango da Artunduaga kiroldegian, 10:30etok 13:30era.
Basauriko 17 kirol erakundek egingo dute bat ekimenarekin: Artunduaga Atletismo Eskola, Basauri Eskubaloi Taldea eta Eskubaloia Base Basauri, Nagusia Kirol Elkartea, CD Basconia, Baskonia Futbol Eskola, Basauriko Kimuak, Indartsu kluba eta Basauri Harrobi, Halterofilia Urbi, BSK Basauri Saskibaloi Kluba, Arturbi Saskibaloi Taldea, Bidebieta Pelotazale Kluba, Javi Conde Atletismo Egokitu Taldea, Basauri Mahai Tenis Kluba, Basroller Kirol Elkartea eta Aikido.
Partaideek, 6 urtetik gorakoek, atletismoa, halterofilia, saskibaloia, patinajea, eskubaloia, futbola, karatea, aikidoa, esku-pilota eta mahai tenisa praktikatu ahal izango dute zirkuituan.
“Kirol bakoitzean ariketa batzuk ikasi eta praktikan jarriko dituzte parte-hartzaileek. Guztira, 25 bat ariketa izango dira, hala nola, jauzi hirukoitza, kirol probak kontsolan, sentadillak, tiraldi ezberdinak, saskibaloi-zirkuitua, patinaje simulagailuadorea, eskubaloiko jaurtiketak eta abilezia teknikak, futbol baloiarekin sigi-saga, jaurtiketak eta abilezia ariketak, karateko ostikadak, geldiketak eta beso-teknikak, autodefentsa teknikak, eskupilotako sakeak, dejadak eta boleak edota mahai tenis partidatxoak, besteak beste”, diote udal ordezkariek.
Opariak partaideentzat
Jokoekin hasi aurretik, partaideek kiroldegiaren sarreran dagoen kontrol-gunean ‘Bizi Kirola Euskaraz txartela’ hartu beharko dute. Horrela, kirol proba bakoitza bete ondoren, partaide bakoitzari sarreran emandako txartela zulatuko diote.
Gutxienez bost kirol proba betetzen dituenari kamiseta bat emango diote opari, eta zirkuituko proba guztiak, edo denak bat izan ezik eginez gero, kamisetaz gain, “beste opari berezi bat” jasoko dute partaideek.
Basauriko Udalak antolatzen du Bizi Kirola Euskaraz, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurten 16. edizioa da, eta bat egiten du Basauri Kirolaren Europako Hiria izendapenarekin. Basaurin kirol ekitaldien artean egonkortuta dagoen ekintza da, herritarren eta kirol elkarteen parte-hartze zabal batzen du eta kirolean euskarazko ohiturak bultzatzeko tresna bihurtu da.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Emakume Sortzaileen Azokak hasiera emango dio Lamiaenako ikasturte hasierari
Joana Etxebarria politika feministako zinegotziak Lamiaenak sorreratik garapen “oso positiboa” izan duela azpimarratu du. Aurtengo ekimen feministetan izena emateko epea datorren irailaren 30ean zabalduko dute
Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxeak ikasturte hasierako jaia egingo du datorren irailaren 28an, Teodosia Ortega parkean. Egun erdiko ospakizuna antolatu dute eta jarduera nagusia urteroko hitzordua bilakatu den Emakume Sortzaileen Azoka izango da.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta Joana Etxeberria Arrigorriagako Udaleko Politika feministako zinegotziak emakumeen etxearen jardueren aurkezpenean azaldu bezala, Emakume Sortzaileen Azokak harrera ezinhobea izan du aurreko urteetan. Izan ere, aurten 25 saltoki egongo dira, eskaini daitekeen kopuru handiena.
Joana Etxeberriaz gain, Lamiaenako ikasturtearen aurkezpenean Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Ane González, Berdintasun saileko teknikaria izan dira eta egitarau anitza eta erakargarria diseinatu dutela iragarri dute: “Aurtengo egitarauan ikastaro, hitzaldi, solasaldi, zinema, erakusketa eta liburuen aurkezpenak eskainiko dira”, azaldu dute. “Gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”.
Ane González: “Aurtengo egitarauko jarduera gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”
Etxeberriak 11 eta 14 urte bitarteko neska gazteentzako ‘Esperimentatzera!’ laborategia goraipatu du. Urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 8an eta 15ean antolatu dute Lamiaenan, 17:30etik 19:30ak arte: “Eskua eta adimena askatzeko jarduera izango da. Hitzak, objektuak eta hainbat material erabiliko ditugu neska gazteok kontatu nahi duguna ilustrazioen bidez adierazteko”. Marrazketa tailerraz harago doa eta euskara hutsean eskainiko dute Limoi Zurrusta Kultur Elkartearen eskutik: “Guztion artean jolasteko topalekua sortu nahi dugu, ikasteko eta gozatzeko”.
Urte bi borrokan
Lamiaena 2022an inauguratu zuten herriko emakumeek. Aurretik, jakina denez, Arrigorriagako kultur etxea zen baina gaur egungo eraikinak ez du aurreko urteetako etxearen arrastorik, goitik behera eraberritu baitute herriko emakumeek: bilerak egiteko gelak, egongelak, terraza… eraikinak ez du ezer faltan.
Lamiaenaren hazkundea ere nabarmendu beharrekoa da eta sorreratik Etxebarriak balantze “oso positiboa” izan duela azpimarratu du: “Lamiaena sortu zenetik 310 Lamiakide elkartu ditu. Datu kuantitatiboak oso garrantzitsuak dira guretzat baina esan beharrekoa da ere gero eta gehiago direla Lamiaenara hurbiltzen ari direnak”, eta bakardadeari aurre egiteko gero eta emakume gerturatzen direla gehitu du politika feministako zinegotziak: “Lamiaenak emakume gehiago ezagutzeko aukera ematen die eta onuragarria da beraientzat”.
Joana Etxeberria: “Lamiaena sortu zenetik 310 Lamiakide elkartu ditu eta gero eta gehiago dira Lamiaenara hurbiltzen ari diren emakumeak”
Aurtengo ekimen feministetan izena emateko epea datorren irailaren 30ean zabalduko dute, Lamiaenan bertan arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30ak arte eta ostiraletan 20:00ak arte). Abusuko Zentro Soziokulturalean egiteko aukera ere badago (astelehenetik ostiralera 08:00 – 14:45)
Egitaraua | Lamiaenako Ikasturte Hasierako Jaia
Irailak 28, larunbata
11:00 Emakume Sortzaileen III. Azoka
12:00 Txosna irekitzea
12:30 Kancaneo Teatroren ikuskizuna
Egun erdiko ospakizunak Lamiaenako ikasturteko programazioari hasiera emango dio.