Sareak

☉ Arrigorriaga

Nortzuk dira gure langabeak?

|

7.593 langabe ditu Hego Uribek. Iaz, 8.485 ziren. Eustatek eta Lanbidek abuztuan kaleratutako datuek langabeziaren beherakada itxaropentsua agertzen dute eskualdean. Izan ere, herri guztien jaitsiera Bizkaikoa baino handiagoa da, alegia, %0,7tik gorakoa.

Bizkaiak %15,9ko langabezia-tasa du. Eskualdean Basauri da batez bestekoaren gainetik dagoen bakarra %18,3ko langabeziarekin, baina joan den abuztutik gaur egunera arte jaitsiera nabarmena izan du: 334 herritar gutxiago daude langabezian izena emanda.

Datuak adinka aztertuz gero, 25 urtez azpiko gazteak dira kaltetuenak: iazko abuztuan 525 gazte zeuden langabezian, aurtengoan 510. Honi aurre egiteko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du Gaztedi Nerbioi Ibaizabal programa Arakaldo, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao eta Zaratamon. Alde batetik, 18 eta 29 urte bitarteko herritarrei zuzendutako 20 beka banatuko ditu egitasmoak, bekadunen laneratze-prozesuaren azterketa egingo du eta eskualdeko enpresetan praktikak bideratuko ditu. Bestalde, gazteen laneratzea hobetzeko ikastaroak eskainiko ditu Arrigorriagako Udalak koordinatzen duen proiektu honek. Urte bukaeran adostuko dute agintari politikoek egitasmoarekin aurrera jarraituko duten edo ez.

Generoari erreparatuz, gizonezkoek errazago bilatu dute lana emakumezkoek baino eta, antza denez, bien arteko aldea handitu egin du krisi ekonomikoak. Azken urtean, 565 gizonezko sartu dira lan munduan, ostera, 327 izan dira lanean hasitako emakumeak. Langabeziak gora egin duen adin-tarte bakarra 45 urtetik gorako emakumeena da. 2.040 dira langabe daudenak, iaz baino hamaika gehiago.

Bizkaian %0,7 jaitsi da langabezia. Eskualdeko herri guztietan handiago izan da jaitsiera %0,8 eta %2,7 bitartekoa
45 urtetik gorako emakumeen adin-tartean dago salbuespena: langabezia jaitsi beharrean igo egin baita
Azken urtebetean lana aurkitu duten 892 herritarren artean, %63 gizonezkoak dira etagainontzekoak emakumezkoak

geuria 011 iraila langabezia grafikoa

Datuen iturriak: Eustat eta Lanbide

 

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Padura Clubak genero berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortuko du

Helburua kluba osatzen duten pertsona guztiei ingurune segurua sortzea da, bereziki emakume jokalarientzat, Paduratik adierazi dutenaren arabera

|

Padurako neskak, 2024ko partida batean // Utzitakoa

Padura Kirol Elkartea genero berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortzen hasi da. Helburua kluba osatzen duten pertsona guztiei ingurune segurua sortzea da, bereziki emakume jokalarientzat, Paduratik adierazi dutenaren arabera.

Protokoloa idazteko Arrigorriagako Udaleko Berdintasun Arloaren babesa izan du kirol elkarteak, “aholkularitza espezializatua jasotzeko eta udalerrian garatzen diren berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako politika publikoekin bat egiteko”.

“Azken urteetan modu nabarmenean hazi da futbola praktikatzen duten neskatila eta neska gazteen partaidetza, duela gutxi arte oso maskulinizatuta zegoen erakundean”, zehaztu dute Paduratik. Hori dela eta, klubak “urrats sendoak eta arduratsuak” eman dituela nabarmendu du “historikoki emakumeek kirol-arloan jasan izan duten egiturazko diskriminazioaz eta prebentzioz jarduteko beharraz jakitun”.

Arrigorriagako klubak aitortu du bidean den protokoloa sortzeko erabili diren “balioen aurkako jarrera batzuk” detektatu direla eta azpimarratu dute ez dela onartuko inolako errespeturik gabeko jarrerarik, jazarpenik edo indarkeriarik, ahozkoa, psikologikoa edo fisikoa izan, edonondik etorrita ere: teknikariak, jokalariak, zuzendariak, familiak, zaleak edo klubaren jarduerari lotutako beste edozein.

Oinarri sendoak

Protokoloak prebentzio-, sentsibilizazio-, jarduketa- eta laguntza-neurriak ezarriko ditu, bai eta klubak defendatzen dituen berdintasun-, errespetu- eta duintasun-balioen aurkako edozein jokabide hautemateko eta salatzeko beharrezkoak diren bideak ere.

Protokoloaren sorreraren haritik, iazko abenduan GEURIAn iragarritako Baloi Morea Jaialdia bezalako ekintzak antolatu dituzte Udalaren babesarekin. “Era honetako ekintzen bidez, Padurak emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko konpromisoa berresten du, kirola elkarbizitzarako eta eraldaketa sozialerako gune segurua dela, eta Arrigorriagako agente aktibo gisa duen erantzukizunarekin”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

’80. Hamarkada’ izango da Abusuko inauterien gaia aurten

Otsailaren 20an eta 21ean antolatu dituzte inauteriak Ollargan eta Abusuko auzo elkarteek, Abusuko Jai Batzordeak, Bolintxuk, Zubietxek eta Abusuko Arrantza Taldeak

|

Mozorratutako herritarrak, Arrigorriagan // Geuria

Herri gehienetan ospatu badituzte ere, inauteriak iristear daude Arrigorriagako Abusu auzora. Izan ere, otsailaren 20an eta 21ean ospatuko dituzte eta gaia ’80. Hamarkada’ izango da.

Asteburuan hainbat jarduera prestatu dituzte Ollargan eta Abusuko auzo elkarteek, Abusuko Jai Batzordeak, Bolintxuk, Zubietxek eta Abusuko Arrantza Taldeak, Udalaren babesarekin, Arrigorriagako auzoan: haurrentzako jolasak, inauterietako tostada lehiaketa, herri bazkaria, karaokea, txokolatada…

Programa | Abusuko Iñauteriak 2026

Otsailak 20, ostirala
18:30 Abusu Kantari. Ibilbidea Olatxutik hasita

Otsailak 21, larunbata
12:00 Casting txapelketa, Santa Isabeleko plaza berria
12:00 Umeentzako jarduerak (makillajea, mozorroak…) eta txikientzako ludoteka, Abusuko Zentro Soziokulturala
13:00 Jokoak, Santa Isabel pilotalekua
14:00 Inauterietako Tostada Lehiaketa, Santa Isabel pilotalekua
14:15 Bazkarirako mahaiak eta bankuak banatzea, jubilatuen taberna ondoko gela
14:45 Herri bazkaria + karaokea, Santa Isabel pilotalekua
18:30 Inauterietako desfilea, Ollargango plaza estalia. Ibilbidea: Ollargan – Olatxu – Santa Isabel. Azkenean, txokolatada
19:45 ‘Osatu zure taldea’ jokoa, Santa Isabel pilotalekua
20:30 Disko jaia: DJ Alex eta Urko, Santa Isabel pilotalekua

Antolaketa taldetik iragarri dute eguraldi txarra eginez gero kasting txapelketa bertan behera geratuko litzatekeela eta gainontzeko jarduerak Santa Isabeleko pilotalekuan egingo lituzketeela.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Zein izan da Arrigorriagako herri-inauterietako mozorro originalena?

Momentura arte ezagunak izan ez diren gaietako elementuak jantzi dituzten pertsona ausartak topatu ditugu jende artean aurten!

|

Ahateak, txorimalo-prototipoak, uholdeak, hartz zoroak... // Geuria

Mozorroek kolorez jantzi dute Arrigorriaga beste urte batez, eta aurtengo edizioak ehunka lagun elkartu ditu herriko kaleetan eta udaletxe aurreko plazan ere.

Askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira, baina mikrofonoak betiko jantzietatik ihes egin du eta gai benetan originalak jantzi dituzten pertsonak topatu ditu euri artean.

Arrigorriagako inauteriak burutik kendu ez badituzu, hementxe joan den larunbatean egindako argazki batzuk utzi dizkizugu. Gozatu!

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Euriak ez ditu Arrigorriagako herri-inauteriak geldiarazi

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute

|

Plaza, jendez lepo // Geuria

Gaur goizean inauteriak girotzen hasi dira eta arrastirako bero-bero egon da giroa herrigunean. Elkarretaratzearen ostean (eta iragarritakoa baino zertxobait lehenago), kalejira hasi dute Odolemaileen plazatik. Bertatik Urgoiti pasealekura igaro dira eta artez artez udaletxeko plazara heldu dira.

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute. Bertan izan gara!

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako udal ordezkariak Lanbarketako auzotarrekin elkartu dira irisgarritasun arazoak hobetzeko

“Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”, azaldu dute Udaletik

|

Lanbarketa auzoa // Gmaps

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Hirigintzako zinegotzia Lanbarketako bizilagunekin elkartu dira Arrigorriagako auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea bilatzeko eta bertako aparkalekua hobetzeko. Topaketa hau Udalak auzoen bizi-kalitatea hobetzeko duen estrategiaren parte da

“Lanbarketako auzotarren bertaratze handia egon zen; guztion artean auzoak irisgarritasunari eta aparkalekuari dagokionez eskaintzen dituen aukerak eztabaidatu eta zirriborratu genituen”, azaldu du Cidrek.

Auzotarrekin izandako bileraren ondoren, Udalak konpromiso zehatza hartu du: “Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”.

Osorik irakurri