Sareak

☉ Arrigorriaga

Praktiketako bekak eskainiko dituzte Hego Uribeko udalerriek 18 eta 25 urte bitarteko gazteentzako

|

Praktika ez laboralak izango dira eta sei hilabeteko kontratua ahalbidetzen dute Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko 21 gazteentzako. Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Sailarekin izenpetutako hitzarmena da.

Nerbioi Ibaizabal eskualde osoan (Arrigorriaga, Arakaldo, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Orozko eta Urduña) praktiketako 21 beka ez laboral ipiniko dituzte martxan irailetik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Sailarekin izenpetutako hitzarmenari esker.

Horiek horrela, eskualde osoko 21 gazteek aukera izango dute lana izateko bekadun praktiken bitartez eta sei hilabeteko eperako. Ondorengo baldintzak bete behar ditu eskatzaileak: 18 eta 25 urte bitartekoa izatea; Lanbiden enplegu-eskatzaile bezala izena emanda egotea; Unibertsitate, lanbide-heziketa (erdi nahiz goi maila), goi mailako kirol nahiz arte irakaskuntzako titulua izatea edo Gaitasun Ziurtagiriren bat; hiru hilabete baino gehiagoko lan-harremanik edo bestelako lan esperientzia euki ez izana; eta aurretik aipatutako udalerrietan bizitzea.

Baldintzok bete eta interesa duenak informazio gehiago eska dezake Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeko Gazteria Arloan, Agirre Lehendakariaren plazako lokalean edo 944 010 598 telefonoan -astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:30era-.

☉ Arrigorriaga

Padura Mendi taldea: 75 urte mendizaletasuna bultzatzen

Padura Mendi Taldeak 75 urte beteko ditu aurten, eta ospakizun berezi honi begira antolatu duten ekitaldi sorta aurkeztu zuten Lonbo Aretoan. Data borobil horren aitzakian, taldeko hainbat kiderekin batu da GEURIA.

|

Oholtzara igo ziren guztiekin talde-argazkia egin zuten bukaeran // Silvia Martin Pinzolas

Urtarrilaren 30a data berezia izan zen arrigorriagar askorentzat, bereziki Padura Mendi Taldeko kideentzat eta bazkideentzat. Lonbo Aretoan zeukaten jarrita hitzordua, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, Arrigorriagako mendizaleek euren 75. urteurrena ospatzeko prestatu duten egitaraua aurkeztu zieten bertaratu ziren herritarrei.

Data borobil horren aitzakian, GEURIA egungo zuzendaritza taldeko kide diren Josu Ruiz de Azua Solozabal (Arrigorriaga, 1963) Josu Najera Zuloaga (Arrigorriaga,1990) eta Olatz Ruiz de Azua Egiluzekin (Arrigorriaga, 1993) batu da, klubaren gaur egungo egoeraz eta urte berezi honi begira prestatu dutenaz hitz egiteko.

Taldearen sorreraz eta lehen hamarkada haietan izan zuen ibilbideaz aritzeko Asier Ibarretxe Fernandez de Larrinoa (Arrigorriaga, 1966) bazkide eta presidente ohiarengana jo dugu.

Mendizaletasuna eta herrigintza

Anjel Lertxundi idazleak zera idatzi zuen Berria egunkarian: “Gailurretik dena ikusten da txikiago, baina ez garrantzi gutxiagoko; perspektibak ematen digun apaltasuna da mendiaren opari handiena”.

Arrigorriagan, opari horretaz gozatzeko grina orain dela 75 urte piztu zen, herritar talde batek Club Alpino Padura sortzea erabaki zuenean. Urtarrilaren 30eko ospakizun jendetsuan argi geratu zen hamarkada hauetan guztietan sugarrak bizirik iraun duela herrian, belaunaldiz belaunaldi transmititu den pasio bati esker.

Zigor Egia mendizale eta taldeko kideak gidatu zuen ordubeteko saioan taldearen ibilbidea xehetu zuten argazki bilduma baten bidez, errepaso arin baina mamitsu horretan argiro erakutsiz mendizale taldeak herrian eta herritarrengan izan duen eragina, ez soilik kirol arloan, baita herrigintzarekin lotutako beste hainbat esparru askotan ere.

Mendizaletasunari berez dagozkion balioen gainean asko hitz egin zuten Lonbo Aretoko oholtzara igo ziren hizlariek. Josu Ruiz De Azuak, egungo presidenteak, “balioen eskola” gisa definitu zuen Padura Mendi Taldea: “Mendiak ez du jatorriagatik edota ideologiatik inor baztertzen. Padura topagune bat izan da gure herriko jendearentzat; kalean nekez agurtuko liratekeen pertsonak elkartu ditu, eta bidean hesi horiek guztiak desegin egin dira”.

// Silvia Martin Pinzolas

Intxortan emandako hitza betez

Padura Mendi Taldearen sorrera ez zen herrian bertan eman, Gipuzkoa aldean baizik. Sustraiak 1949ko urte hartan daude, Intxorta (Elgeta) mendian, hain zuzen ere. Han, Euskadi eta Nafarroako Mendizale Federazioaren 25. urteurrena ospatzen ari zirela, Arrigorriagako hiru mendizale gaztek –Juan Ramon Gonzalez, Jeronimo Perez eta Rodrigo Villamor- Arrigorriagan mendi talde bat sortzeko ardura eta konpromisoa hartu zuten. Emandako hitza bi urte geroago bete ahal izan zuten, 1951n, elkartea ofizialki legeztatu osten.

Bada, Egiak ekitaldian bertan azaldu zuen bi urteko itxaronaldi horren zergatia: “Orduan eta gaur, burokrazia beti izan da nekagarria, eta tarte hori behar izan zuten agiri guztiak behar bezala bete, aurkeztu eta agintarien oniritzia jaso ahal izateko”.

Diktadura frankista betean dena zen nekeza eta katramilatsua. Horren erakusgarri, Josu Ruiz de Azuak bere hitzartzean hizpide hartu zuen adibide esanguratsu eta gordina: “Gure artxiboan badago oso argigarria den argazki bat: taldeak egin zuen lehen irteera Artandara izan zen, postontzia jartzera. Urriko egun hartan egin zen talde argazkian mendizaleak ageri dira, alboan guardia zibil bikotea daukatela. Argi dago horiek ez zirela mendizaletasunagatik igo Artandara”.

Orduko bi legeren arabera, 1945eko ‘Fuero de los Españoles’ delakoa eta 1947ko ‘Ley de Bandidaje y Terrorismo’ deritzona, biltzeko eskubidea gogor mugatua zegoen, eta hamar pertsona baino gehiagoko edozein taldek gobernu zibilaren baimena eta agintarien zaintza izan behar zuen ezinbestean.

Taldearen lehen irteera Artandan, 1951n, Guardia Zibil biren “konpainian” / Padura Mendi Taldea

Mendi taldeei dagokionez, gainera, agintari frankisten errezeloa are handiagoa zen, mendi-martxak makiei laguntza emateko edo tontorretan ikurriñak jartzeko balia zezaketela uste baitzuten. Lehen urte haien errepasoa egiterako orduan, Asier Ibarretxek beste gertakari bat nabarmendu du: “Juan Ramon Gonzalez 22 urtez izan zen mendi taldeko presidente, baina hogei eta bi horietatik zazpitan ez zen agirietan horrela agertu, gerra zibilean errepublikarren alde borrokatu zenez debekatuta zuelako”.

Urte zail horietan, mendia askatasun eremu bakanetakoa bilakatu zen Euskal Herrian, herritarrek egunerokoan bizi zuten zapalkuntzaz ihes egiteko babesgune eta arnasgunea, hain zuzen ere. Gainera, mendi taldeen kasuan, euskal kultura eta hizkuntza mantentzeko lan eskerga egin zuten, isilean bada ere. “Hasierako urte horiei erreparatuz gero, argi ikusten dugu Alpino Padura ez zela soilik kirol elkarte bat izan, herriaren nortasuna eta gure kultura mantentzeko askok aurkitu zuten zirrikitu bat baizik” nabarmendu du Ibarretxek.

70. hamarkadako loraldia

Zazpi harmakada hauetan, Padurak bide luze eta askotan malkartsua urratu du mendigintzaren alorrean. Hasieratik, ‘kilometro zeroko’ irteerak -Artandara edo Upora, kasurako- eta logistika handiagoa eskatzen duten espedizioak uztartu dituzte.

Azken horien artean, taldea sortu eta gutxira Hiru Erregeen Mahaira egindako igoera nabarmendu zuen Zigor Egiak: “Orduko baliabideekin Hiru Erregeen Mahaira iristea gaur egun Himalayara joatea bezain abentura handia zen. Horrek erakusten du beti izan dugula ero puntu bat gure taldean”.

Zigor Egia: “Orduko baliabideekin Hiru Erregeen Mahaira iristea gaur egun Himalayara joatea bezain abentura handia zen”

Urte guzti hauek utzi duten uztaz galdetuta, Ibarretxerentzat mugarri garrantzitsuenek ez daukate loturarik kirolarekin ezta gailurrekin ere, bai ordea arlo sozialarekin: “Zeozer aipatzekotan zera nabarmenduko nuke: 1974. urtean Bizkaia mailan federatu gehien izan zituen taldea gurea izan zela. Horrek argi eta garbi erakusten du arrigorriagarrek taldearekiko zeukaten atxikimendua”.

Urte horiek loraldi bezala definitu ditu: “1971. urtean eskualdean bost mendi taldek indarrak batzea erabaki zuten, ekintzak elkarrekin aurrera eramateko. Talde horiek honako hauek izan ziren: Edesa, Osea, Padura, Ganguren eta Basconia. Elkarte horrek Nerbioi Ibaizabal Taldea (A.N.I. gaztelaniazko siglekin) izena hartu zuen.

// Silvia Martin Pinzolas

Geroago, 1975ean, Ceplastica batu zitzaien”. Elkarte honen helburu nagusia eskualdeko mendizaletasunari indarra ematea zen, gaur egungo lurralde-egituren aitzindari bihurtuz. 70. hamarkadaren hasierako urteetako elkarlanak emaitza oparoak eman zituen; 1971n Segurtasuna hobetzeko kable bat jarri zuten Alluitzeko Deabruaren Pasabidean. Lau urte geroago, 1975ean, Mairulegorretako kobazuloetan egindako jaialdiak sekulako arrakasta izan zuen, 14 autobus betez.

Urte bete geroago, Gorbeiako Gurutzearen 75. urteurreneko ekitaldiak antolatu zituen Nerbio Ibaizabal Taldeak, eta Arrabako kanpaldian 3.000 lagun, tartean orduko mendizale handiak (Sheve Peña, Andres Espinosa, Antxon Bandres, Angel Sopeña…) batu ziren. Padura Mendi Taldearen ekarpena funtsezkoa izan zen, Javier Garcia arrigorriagarra izan baitzen ekitaldiaren “koordinatzaile eta arima”, antolakuntzako beste kideen arabera. 1977an, euren jardunari itxiera emateko, Euskal Mendizale Federazioaren haur eta gazte kanpalekua antolatzeaz arduratu ziren Zabalandin (Anboto), 300 dendarekin. 70.hamarkadaren amaierarekin bat Nerbioi Ibaizabal taldearen gainbehera heldu zen, eta elkarte bakoitzak bere aldetik jo zuen. “Hamarkada hori errepikaezina izan zen” dio Ibarretxek.

Elkarrizketa bukatzeko, mendi bat aukeratzeko eskatu diogu bazkide eta presidente ohiari, eta ez du zalantzarik egin: “Artanda. Egia da gu talde xumea izan garela beti, ez ditugu irteera edo zeharkaldi luzeak egin, eta ez gara munduko mendi garaienetara joan, baina Artandarekin lotura berezia daukagu: taldearen lehen irteera bertara egin zuten, eta orain ere, 75. urteurrena ospatzeko Artandara igoko gara. Uste dut omenaldi polita dela, bai taldearentzat eta baita mendi xume bezain maitagarri horrentzat ere”.

// Silvia Martin Pinzolas

Zuzendaritza berriaren erronkak

Iragan oparoa bakarrik ez, oraina eta etorkizuna ere erronkaz betea du Padura Mendi Taldeak. Zuzendaritza berriak 2023an hartu zuen elkartea gidatzeko ardura, eta ordutik hona galtza bete lan aritu dira.

Josu Najerak, egungo zuzendaritzako kideak, taldearen berrabiatzea gogoratu du: “Egoera ez zena ona, zuzendaritzak urte asko zeramatzan lanean, eta erreleboa eman nahi zuten. Herriko ezagun batzuen artean berba egiten hasi ginen ea animatuko ginatekeen talde bat osatu eta hau guztia aurrera eramaten. Nahiko modu informalean eman genituen hasierako pausoak”.

Josu Najera: “Egoera ez zena ona, zuzendaritzak urte asko zeramatzan lanean, eta erreleboa eman nahi zuten”

Orduz geroztik, Padurak bere betiko martxa berreskuratu du, eta hilean behin mendi irteerak antolatzen hasi dira. Horrez gain, Mendi Asteak berebiziko garrantzia dauka taldearen egutegian, eta herri mailan lantzen diren hainbat ekimen eta proiektuetan akuilu edo laguntzaile dira. Horien artean, bat nabarmendu du Olatz Ruiz de Azuak: “Eskolako guraso elkartea hurbildu zitzaigun eskolan mendi talde bat sortzeko ideiarekin, eta hasieratik gure erantzuna baiezkoa izan zen. Ez genuen zalantzarik izan, azken finean harrobia bermatzea delako”.

Jai batzordean edo Udaletik antolatzen diren formakuntza saio ezberdinetan ere parte hartzen dute, bereziki euskararekin eta emakumeekin lotutakoetan: “Loraldian ere gure aletxoa jarri dugu, eta pozik gaude” dio Olatzek.

Urteurreneko egitarau oparoa

Olatzek berak zerrendatu du 75. urteurrenaren harira antolatu duten egitaraua:”Askotariko ekintzak izango ditugu urtean zehar. Horien artean berezienetakoa Artandara egingo dugun mendi martxa izango da. Ondoren herri bazkaria egingo dugu herriko plazan”. Umeen gozagarri izango den “tirolina handi” bat ekartzeko lanean ere ari dira, “baina oraindik ez dakigu egingarria izango den edo ez, segurtasun neurri zorrotzak bete behar dira eta”. Horrez gain, hitzaldiak ere ez dira faltako, eta Upoko zein San Pedroko jaietan parte hartzeko asmoa daukate.

Kirol mailan, Arrigorriagak garrantzi handiko bi ekitaldi hartuko ditu: Euskal Mendizale Federazioaren gala eta estatu mailako mendi segurtasunaren inguruko biltzar bat. Kulturak ere izango du bere tartea, eta hori horrela, bi erakusketa eramango dituzte herrira: ‘Gailurretan izan gaitun’ (emakumea eta mendizaletasuna lotzen duena) eta ‘Mendian Gora’ izenekoa.
“Urte hauetan egindako lanari aitortza egin nahi diogu” borobildu du Olatzek.

Aitortza horren lehen hazia Lonboko ekitaldian jarri zuten, Ruiz de Azuaren hitzetan: “75 urte betetzea ez da soilik iraganari nostalgiaz begiratzea; gure Mendi taldea herria egiteko tresna bat izan dela aitortzea baizik”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Martxoaren 8ko egitaraua prestatzeko laguntza eskatu diete arrigorriagarrei Lamiaenatik

“Zerbait polita, indartsua eta parte-hartzailea” antolatzeko asmoa iragarri eta horretarako bilera antolatu dute otsailaren 19an

|

Iazko Martxoaren 8an Arrigorriagan ateratako irudi bat // Geuria

“Talde eta emakume guztiei dei egin nahi dizuegu, Martxoaren 8a antolatzen laguntzera animatu zaitezten”, azaldu dute Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxetik.

Izan ere, herria “zerbait polita, indartsua eta parte-hartzailea” antolatzeko asmoa iragarri eta horretarako herritarren ideiak, gogoak eta eskuak beharrezkoak direla laburbildu dute.

Horretarako bilera antolatu dute Lamiaenan, otsailaren 19an, 18:30etik 19:30ak arte. Bileran parte hartu ezin dutenek baina hala ere ekarpenak egiteko prest daudenek deitzeko edo mezua bidaltzeko aukera izango dutela jakinarazi dute. Horretarako 747 444 898 telefonora deitu edo lamiaena@arrigorriaga.eus helbide elektronikora idatz dezakete interesdunek.

“Zure parte-hartzea garrantzitsua da! Elkarrekin indartsuagoak gara”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Padura Clubak genero berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortuko du

Helburua kluba osatzen duten pertsona guztiei ingurune segurua sortzea da, bereziki emakume jokalarientzat, Paduratik adierazi dutenaren arabera

|

Padurako neskak, 2024ko partida batean // Utzitakoa

Padura Kirol Elkartea genero berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortzen hasi da. Helburua kluba osatzen duten pertsona guztiei ingurune segurua sortzea da, bereziki emakume jokalarientzat, Paduratik adierazi dutenaren arabera.

Protokoloa idazteko Arrigorriagako Udaleko Berdintasun Arloaren babesa izan du kirol elkarteak, “aholkularitza espezializatua jasotzeko eta udalerrian garatzen diren berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako politika publikoekin bat egiteko”.

“Azken urteetan modu nabarmenean hazi da futbola praktikatzen duten neskatila eta neska gazteen partaidetza, duela gutxi arte oso maskulinizatuta zegoen erakundean”, zehaztu dute Paduratik. Hori dela eta, klubak “urrats sendoak eta arduratsuak” eman dituela nabarmendu du “historikoki emakumeek kirol-arloan jasan izan duten egiturazko diskriminazioaz eta prebentzioz jarduteko beharraz jakitun”.

Arrigorriagako klubak aitortu du bidean den protokoloa sortzeko erabili diren “balioen aurkako jarrera batzuk” detektatu direla eta azpimarratu dute ez dela onartuko inolako errespeturik gabeko jarrerarik, jazarpenik edo indarkeriarik, ahozkoa, psikologikoa edo fisikoa izan, edonondik etorrita ere: teknikariak, jokalariak, zuzendariak, familiak, zaleak edo klubaren jarduerari lotutako beste edozein.

Oinarri sendoak

Protokoloak prebentzio-, sentsibilizazio-, jarduketa- eta laguntza-neurriak ezarriko ditu, bai eta klubak defendatzen dituen berdintasun-, errespetu- eta duintasun-balioen aurkako edozein jokabide hautemateko eta salatzeko beharrezkoak diren bideak ere.

Protokoloaren sorreraren haritik, iazko abenduan GEURIAn iragarritako Baloi Morea Jaialdia bezalako ekintzak antolatu dituzte Udalaren babesarekin. “Era honetako ekintzen bidez, Padurak emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko konpromisoa berresten du, kirola elkarbizitzarako eta eraldaketa sozialerako gune segurua dela, eta Arrigorriagako agente aktibo gisa duen erantzukizunarekin”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

’80. Hamarkada’ izango da Abusuko inauterien gaia aurten

Otsailaren 20an eta 21ean antolatu dituzte inauteriak Ollargan eta Abusuko auzo elkarteek, Abusuko Jai Batzordeak, Bolintxuk, Zubietxek eta Abusuko Arrantza Taldeak

|

Mozorratutako herritarrak, Arrigorriagan // Geuria

Herri gehienetan ospatu badituzte ere, inauteriak iristear daude Arrigorriagako Abusu auzora. Izan ere, otsailaren 20an eta 21ean ospatuko dituzte eta gaia ’80. Hamarkada’ izango da.

Asteburuan hainbat jarduera prestatu dituzte Ollargan eta Abusuko auzo elkarteek, Abusuko Jai Batzordeak, Bolintxuk, Zubietxek eta Abusuko Arrantza Taldeak, Udalaren babesarekin, Arrigorriagako auzoan: haurrentzako jolasak, inauterietako tostada lehiaketa, herri bazkaria, karaokea, txokolatada…

Programa | Abusuko Iñauteriak 2026

Otsailak 20, ostirala
18:30 Abusu Kantari. Ibilbidea Olatxutik hasita

Otsailak 21, larunbata
12:00 Casting txapelketa, Santa Isabeleko plaza berria
12:00 Umeentzako jarduerak (makillajea, mozorroak…) eta txikientzako ludoteka, Abusuko Zentro Soziokulturala
13:00 Jokoak, Santa Isabel pilotalekua
14:00 Inauterietako Tostada Lehiaketa, Santa Isabel pilotalekua
14:15 Bazkarirako mahaiak eta bankuak banatzea, jubilatuen taberna ondoko gela
14:45 Herri bazkaria + karaokea, Santa Isabel pilotalekua
18:30 Inauterietako desfilea, Ollargango plaza estalia. Ibilbidea: Ollargan – Olatxu – Santa Isabel. Azkenean, txokolatada
19:45 ‘Osatu zure taldea’ jokoa, Santa Isabel pilotalekua
20:30 Disko jaia: DJ Alex eta Urko, Santa Isabel pilotalekua

Antolaketa taldetik iragarri dute eguraldi txarra eginez gero kasting txapelketa bertan behera geratuko litzatekeela eta gainontzeko jarduerak Santa Isabeleko pilotalekuan egingo lituzketeela.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Zein izan da Arrigorriagako herri-inauterietako mozorro originalena?

Momentura arte ezagunak izan ez diren gaietako elementuak jantzi dituzten pertsona ausartak topatu ditugu jende artean aurten!

|

Ahateak, txorimalo-prototipoak, uholdeak, hartz zoroak... // Geuria

Mozorroek kolorez jantzi dute Arrigorriaga beste urte batez, eta aurtengo edizioak ehunka lagun elkartu ditu herriko kaleetan eta udaletxe aurreko plazan ere.

Askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira, baina mikrofonoak betiko jantzietatik ihes egin du eta gai benetan originalak jantzi dituzten pertsonak topatu ditu euri artean.

Arrigorriagako inauteriak burutik kendu ez badituzu, hementxe joan den larunbatean egindako argazki batzuk utzi dizkizugu. Gozatu!

Osorik irakurri