Sareak

☉ Arrigorriaga

Rockein! 2015 musika taldeen lehiaketan parte hartzeko epea ireki berri dute

|

basauri rockein 2015 aurkezpena 1

Taldeek eta bakarlariek martxoaren 22ra arte eman ahal izango dute izena, eta finala maiatzaren 9an izango da Basauriko Social Antzokian. Iaz 105 taldek parte hartu zuten.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako musika-proiektuak sustatzea helburu duen musika taldeen eta bakarlarien Rockein! 2015 lehiaketa martxan da. Izena emateko epea urtarrilaren 22tik martxoaren 22ra bitartean egongo da zabalik. Jasotako grabazio guztien artetik, epaimahaiak sei talde finalista hautatuko ditu. Talde horiek Basauriko Social Antzokian joko dute maiatzaren 9an, larunbata. Kontzertuaren ostean, epaimahaiak lehiaketako talde irabazleak zeintzuk izan diren erabakiko du.

Aitzineko bi edizioen arrakastaren ostean, denera 190 taldek hartu baitzuten parte, bueltan da Rockein! Basauriko Udalak antolatua eta Arrigorriagako eta Galdakaoko Udalek lagunduta.

 

ROCKEIN! 2015 – OINARRIAK

– Gutxienez taldekideetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) edo Nafarroan jaiotakoa izatea edo bertan bizitzea.

– Gutxienez taldekideetako bat Basaurin, Arrigorriagan edo Galdakaon erroldatuta egotea, talde lokal onenari saria irabazi ahal izateko.

– Taldekideak 16 urtetik gorakoak izatea.

– Izena ematerakoan gehienez disko bat izatea editatuta, diskografia kontratu baten mende egon zein ez.

– Abestiak jatorrizkoak izatea.

– Musika estilo guztiak onartuko dira.

– Beste edizio batzuetan izena eman duten taldeek oraingo honetan ere parte har dezakete, betiere aurreko betekizunak betetzen badituzte. Beste edizioren batean irabazle izan diren taldeak ezingo dira kategoria berberean lehiatu.

 

ROCKEIN! 2015 – SARIAK

Emango diren sarien artean, hauek daude: egindako materiala grabatu, ekoiztu eta masterizatzea musika-sektoreko profesionalekin batera; Bizkaiko kontzertu-areto nagusienetako batean jotzeko aukera; edota MAZ Basauri jaialdian parte hartzea.

TALDE IRABAZLEA:

– Single profesional bat grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea (gehienez hiru abesti).

– Bideoklip profesional bat grabatzea eta ekoiztea.

-Bizkaiko areto nagusietako batean kontzertua ematea edo MAZ Basauri jaialdiaren barruan emanaldia eskaintzea (antolakuntzak zehaztuko du).

– Singlearen 500 kopia diseinatzea eta editatzea

TOKIKO TALDE IRABAZLEA

-Bizkaiko areto nagusietako batean kontzertua ematea edo MAZ Basauri jaialdiaren barruan emanaldia eskaintzea (antolakuntzak zehaztuko du).

EUSKARAZKO TALDE ONENA:

– Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.

 

190 MUSIKA TALDE BI URTETAN

Aurreneko edizioan 85 taldek eman zuten izena eta hauetatik hogeik sail lokalean ere hartu zuten parte Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin edo Galdakaon (antolatzaile izandako udalerriak) erroldaturiko kideren bat izanagatik. Nafarroako  RADIOFUNKENS taldeak irabazi zuen talde onenaren saria; “Ocaso Holograma” izeneko EP-a argitaratzeaz gain, Mondosoronok ospaturiko Jai Demoskopikoetan zuzenean jotzeko aukera izan zuten Audience eta John Berkhout taldeekin batera Fever Clup aretoan. “Iran” izeneko bideoklipa ere ekoiztu zuten. Arlo lokalean, ERO talde galdakoztarra suertatu zen garaile MAZ Basauri jaildian zuzenean jotzeko aukera irabaziz. Azkenik, euskarazko talde onenaren saria KASERNARAT talde irundarrak irabazi zuen eta honi esker “Inoiz izan ginena” izeneko abestia ekoizteko aukera eskaini genien.

Iaz, 105 taldek eman zuten izena eta hauetatik hogeita bostek sail lokalean ere hartu zuten parte Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Urduñan (antolatzaile izandako udalerriak) erroldaturiko kideren bat izanagatik. THE WEAPONS taldeak irabazi zuen bigarren edizio hau. Horri esker, EPa argitaratu dute binilo formatuan, eta “Where The Fire Warms My Soul” izeneko bideoklipa grabatu dute; gainera, MAZ Basauri jaialdiko kartelean egongo dira. Arrigorriagako HIGHLIGHTS taldea arlo lokalean suertatu zen garaile eta MAZ Basauri jaialdian ere arituko dira. Azkenik, euskarazko talde onenaren saria LARRY BIRD talde bilbotarrak irabazi zuen eta “Galapagoak” izeneko abestia ekoiztu berri dute.

__________

Informazio gehiago:

Basauriko Udala – Zirt Zart Gazte Bulegoa – 944 666 430

Helbide elektronikoa: rockeinlehiaketa@gmail.com

Webgunea: basauri.net

Facebook: facebook.com/rockein

Twitter: #rockein @rockeinrock

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Leyre Rodriguez gogoratu dute Arrigorriagan, indarkeria matxistaren azken biktima herrian

|

A25. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Arrigorriagako Udalak eta eragile feministek hainbat ekimen antolatu dituzte hilabetean zehar, herritarrak indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko.

Ekintza horien artean, berezi eta hunkigarrienetakoa Abusun egin da gaur bertan: indarkeria matxistaren biktimak diren emakume guztiei omenaldia egin diete, eta bereziki, Leyre Rodriguez Montero gogoratu dute, Arrigorriagako azken biktima (2015ean erail zuen bere bikotekide ohiak), bere omenez Ollarganeko parkean instalatu duten monolitoan.

Horrez gain, Ollarganeko eta Teodosia Ortega parkeak atondu dituzte, Estatuan hildako emakumeen izenak eta euritako moreak zuhaitzetan jarriz.

Egunarekin bukatzeko, Gazteguneak berdintasunaren aldeko diana antolatu du eta Anarik “Ezta bat gutxiago ere” kontzertua eskainiko du Lonbo Aretoan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

110 neurri “egingarriz eta neurgarriz” osatutako plana aurkeztu du Arrigorriagako udal gobernuak

Orain dela lau urte egin bezala, Arrigorriagako udal gobernuak, -egun Eh Bildu, NOA eta Arrigorriaga Gararen esku-,  bere “iparrorratza” izango den bide orria gizarteratu zuen atzo arratsaldean, baina oraingoan ez dira 100 neurri izango, 110 baizik

|

Gobernu planaren aurkezpena // Geuria

“Ezberdinen arteko udal gobernua da gurea. Bakoitza bere programa propiarekin aurkeztu zen udal hauteskundeetara, eta gai batzuetan iritzi ezberdinak ditugu, baina hori arazo bat bezala ikusi beharrean akuilu izan da gobernu plana osatzerako orduan, eta esango nuke pluraltasun horrek asko aberastu duela prozesu guztia”. Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearen hitzak dira, herritar, elkarte eta eragileen aurrean egindako aurkezpenaren sarreran.

Orain dela lau urte egin bezala, Arrigorriagako udal gobernuak, -egun Eh Bildu, NOA eta Arrigorriaga Gararen esku-,  bere “iparrorratza” izango den bide orria gizarteratu zuen atzo arratsaldean, baina oraingoan ez dira 100 neurri izango, 110 baizik.

Aurkezpenean azaldu zutenaren arabera “udal gobernuaren proposamenak, teknikariekin landutakoak eta herritar zein talde eta eragileen partetik jasotakoak” uztartu, sailkatu, antolatu eta batu dituzte, “koherentziaz eta anbizioz”. Irizpide tekniko eta ekonomikoez harago “oreka” hitza ere aipatu zuten, “oreka auzoen eta arloen artean, arnas luzeko ete epe laburrean egin beharreko asmoen artean, eta proiektu txiki eta handien artean”. Arlo ezberdinetako zinegotziek hitza hartu zuten, legealdi hasieran adostu zuten antolaketa berriarren arabera, eta “lurraldea, herritarrak eta antolaketa” izeneko multzoetan sailkatu zituzten proiektu eta egitekoak.

110 neurri egingarri eta neurgarri

Horien artean, adierazgarrienak nabarmentzen joan ziren, hala-nola; kiroldegi berriaren proiektua, doako aholkularitza zerbitzua indarkeria matxistaren biktimentzat eta gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsonentzat, kultur programazioa garatzea udako hilabeteetan Mendikosolo parkean, merkataritza-negozioen erreleboa sustatzeko programa bat diseinatzea eta abian jartzea, tokiko Energia Komunitateen garapena bultzatzea, udalerrian hutsik dauden etxebizitzen diagnostikoa egitea udalak horiek kudeatu ditzan, edo Osasun Zentro berriaren proiektua bultzatzea, besteak beste.

Udal ordezkariek nabarmendu zuten plana ez dela “zerbait itxia”, eta malgutasunez jokatuko dutela, “egunerokotasunean sortuko diren edo herritarrengandik jasotzen ditugun beharrei erantzuteko”.

Bukatzeko, jakinarazi zuten hurrengo asteetan proposamen guztiak jasotzen dituen aldizkaria jasoko dutela herritarrek euren etxeetan.

 

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

GEUna Zaintza Sarea ehundu dute Arrigorriagako eragile ezberdinek

Nahi ez den bakardade-egoerak eta udalerriko pertsona askok, batez ere adinekoek, duten sare sozial ezak eragindako kezka partekatuaren ondorioz sortutako proiektu komunitarioa da GEUna

|

GEUna Zaintza Sareko kideak // Arrigorriagako Udala

“Nahi ez den bakardade-egoerak eta udalerriko pertsona askok, batez ere adinekoek, duten sare sozial ezak eragindako kezka partekatuaren ondorioz sortutako proiektu komunitarioa da GEUna”, euren sortzaileen hitzetan. Hilabeteak eman dituzte ideia garatu eta hezurmamitzen, eta ibilbide honetan herriko hainbat eragile batzen dituen Osasun Foroa aritu da buru-belarri,  SSI Taldearen laguntza teknikoarekin eta BBKren finantzaketarekin.

Nabarmendu dutenez, “adinekoen ahalduntzetik abiatuta lan egitea” bilatzen dute, ahulezietan erreparatu eta kateatu beharrean “gizon eta emakumeen indarguneetatik” ekinez. Zentzu horretan, laguntza behar duen pertsona aldi berean beste batzuei laguntza emateko gai izatearen garrantzia nabarmendu dute. Elkatruke hori elikatuz  indartuko da sarea.

Ikuspegi integrala duen proiektua da GEUnarena, nahi ez den bakardade-egoerak antzemateaz eta horietan esku hartzeaz harago prebentzio ikuspegia ere baduelako, eta adinekoek modu aktiboan inplikatzen dituelako, egoera zaurgarrian egon edo ez.

Bidenabar, egitasmo honek arreta berezia jartzen du emakumeenagan. Osasun foroko kideen arabera,  “adinekoen kolektiboaren barruan, haiek dira bereziki nahi ez den bakardadea jasaten dutenak eta euren artean inpaktua handiagoa izan daiteke, mota horretako ekintzetan gehiago parte hartzen baitute”.

Proiektu pilotua, Kubon

Kubo auzoan hasiko dira sarea ehuntzen, lan metodologia zehatz batekin: lehenik eta behin, isolamenduaren aurkako agenteen sare bat sortuko da. Sarearen helburua “sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta ezagutzaren eta parte-hartze sozialaren sustapena” izango da. Bestetik, auzoa bera eta bertan dauden eragile zein gizarte sareak subjetu aktibo eta topagune bilakatuko dira.  Denboraren poderioz, xedea eta helburua da beste auzo batuzetara zabaltzea, azkenik udalerri osora hedatuz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Kiroldegi eta Osasun Zentro berrirako proiektua aurkeztu du Arrigorriagako EAJ-k

Helburua kiroldegi eta Osasun zentro berria eraikitzeaz harago doa, eta etxebizitza publiko eta aparkaleku premiari erantzun nahi dio

|

Marisol Ibarrola, Ainara Saez, Nerea Polo, Alberto Ruiz de Azua eta Gotzon Ajuria zinegotziak

Proposamena “egingarria eta errealista” dela azpimarratu nahi izan du Alberto Ruiz de Azua EAJko bozeramaileak gaur goizean egindako agerraldian, “5 urteko epean garatzeko modukoa”, eta Arrigorriagak dituen beharrei erantzuten diela: “alde batetik Kiroldegi eta Osasun Zentro berri baterako proposamena delako, eta bestetik herrian dagoen etxebizitza publikoen falta eta aparkaleku premiari erantzuten diolako”. 

Hori da Ruiz de Azuak, bere zinegotzi taldearen laguntzaz,  aurkeztu duen proiektuaren ardatza: kiroldegi berriari soilik heldu beharrean, Lonbotik eta Herriko Taberna zaharreraino doan orubean proiektu integral bat garatzea, “ideien lehiaketa baten bidez”.

Gunea berrantolatu beharko litzatekeela aipatu du bozeramaile jeltzaleak, eta aurreikusten duen kiroldegiak zerbitzu guztiak “bateratu” beharko lituzkeela uste du. Hori horrela, onartzear dagoen HAPOan aldaketak eskatuko lituzke euren proposamenak, egungo araudiarekin ezin baita bertan etxebizitzarik eraiki. Modu berean, URA Ur Agentziaren iritziak berebiziko garrantzia izango duela gaineratu du.

Kiroldegia, baina, proiektuaren hanka bat bakarrik da. Beste biak  Osasun Zentro berria eta etxebizitzak dira, aparkaleku berriekin batera. Denak lotuta irudikatzen dituzte, eta Lonboko egungo parking-a leku aproposa dela azpimarratu dute jeltzaleek: ” osasun zentroa eta 40-50 etxebizitza uztartu daitezke eraikin berean, eta galtzen diren aparkalekuak lurpeko aparkaleku baten bitartez orekatu”.

Gotzon Ajuria zinegotziaren hitzetan “Arrigorriagan egun eraikitzea aurreikusten diren etxebizitza guztiak pribatuak dira, eta badakigu etxebizitzen prezioa altua dela. Gure kasuan, eraikiko genituzkeen etxebizitza publiko hauen bidez gazteei irtenbide eta aukera bat emango genieke”.

Finantzaketa modu ezberdinak

Finantzaketari dagokionez, etxebizitzen salmentatik eratorritako gainbalioa aipatu dute. Guztira 100 etxebizitza egitea aurreikusiko lukete, bai publikoak eta bai pribatuak, ” eta hortik, 7-8 milloi euroko irabazia izango genuke”. Ainara Saez zinegotziak gehitu duen lez “Europako finantzaketa ere bilatuko genuke”.

Laburbiltzearren, bozeramaile jeltzalearen arabera proiektu honen aurkezpena EAJren oposizio “eraikitzailearen” eredu da. ” Oposizioan egoteak ez du esan nahi lan egingo ez dugunik. Horrela, gaur goizean batzorde informatiboetan aurkeztu dugu proiektuaren bidez Arrigorriagak benetako itxaropenez begiratu ahal izango dio kiroldegi eta Osasun Zentro berriari” borobildu du Ruiz de Azuak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

“Iparrorratza” izango den gobernu plana aurkeztuko du Arrigorriagako Udal gobernuak

Ehundik gora neurri jasoko dira, eta ostegunean bertan azalduko dituzten hainbat lehentasun finkatuko dira, hala-nola trantsizio ekologikoa, mugikortasun jasangarria edo tokiko merkataritza, besteak beste

|

2019ko gobernu planaren aurkezpena / Geuria

Arrigorriagako udal gobernuak udatik hona buru-belarri landu duen gobernu plana aurkeztuko du ostegun honetan, azaroak 23, Euskaldunberria aretoan (19:00). 

Udal ordezkariek adierazi duten lez, osatu duten desberdinen arteko gobernuak “eraginkortasuna eta herritarren bizi kalitatea hobetzea” du helburu, eta gizarteratuko duten plana euren jardunaren “iparrorratza” izango da.

Legealdi hasieran barne antolaketari zegozkion hainbat aldaketa egin zituzten, hiru atal ezberdinetan sailkatuz barne jarduna: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Gobernu planak irizpide horiek jarraituko dituen arren, “malgutasunez” jokatu dutela azpimarratu dute, alde batetik irizpide teknikoak kontutan hartuz, eta bestetik talde eta eragile ezberdinengandik jasotako ekarpenak txertatuz.

Ehundik gora neurri jasoko dira, eta ostegunean bertan azalduko dituzten hainbat lehentasun finkatuko dira, hala-nola trantsizio ekologikoa, mugikortasun jasangarria edo tokiko merkataritza, besteak beste.

Osorik irakurri