Herriak
Ruper eta Bernardo Basauriko Pozokoetxen
☉ Hego Uribe
Hego Uribeko eta Kurdistango musikariek emanaldia eskainiko dute Durangoko Azokan
Itziar Ituño, Roberto Awanari eta Azibar Terreros basauriarrek eta Janire Egaña galdakoztarrak hartu dute parte proiektuan
Suargi Elkarteak Berria Egunkariarekin eta Basauriko Zutarri Kultur Elkartearekin batera kultura kurduei buruzko musika emanaldia sustatu du: ‘Mugarik gabe – Bê Sinôr’.
Proiektuan parte hartu dute Hego Uribeko zenbait herritar: Itziar Ituño, Roberto Awanari eta Azibar Terreros basauriarrak eta Janire Egaña galdakoztarra.
Ines Osinaga, Jon Maia, David Espinazo (Ingot) zein Yado Uzun, Onur Kepenek, Mizgin Tahir, Ciwan Issa musikari kurduak eta Chris O´Shea irlandarra ere dira proiektuaren parte.
Abenduaren 7an, larunbatez, 22:30ean emanaldia egingo dute Durangoko Azokan, Plateruenan.
Abestiak eta dokumentala
“Proiektuak erakutsiko du lurralde ezberdinetako musikarien loturek unibertsala den musikaren hizkuntzaren bitartez muga geografikoak gainditzen dituztela”, diote proiektuko sustatzaileek.
Proiektuaren lehen zatia da abenduaren hasieran aurkeztuko dutena Durangoko Azokan. Bigarren zatian euskaldunak izango dira Rojavara -Siriako herrialde kurdura- joko dutenak.
Elkarlan honekin batera, abestiak eta dokumentala grabatzen ari dira. “Ikus-entzunezko lanean Rojavako eta Euskal Herriko musikarien nortasun gurutzatuak arakatuko ditugu, istorio partekatuen bidez, non mugak desagertu eta loturak sakontzen diren”, diote.
Hizkuntzak, lurra, historia bezalako gaiak jorratzen dituzten bitartean, protagonistek musikaren hizkuntza unibertsalak banaketa geografikoak gainditzen dituela erakutsiko dute, “bihotzak eta kulturak elkartuz”.
Liburu aurkezpena
Kultura kurduaren bidaia Durangoko Azokara ez da soilik musikara mugatuko. Hain zuzen, abenduaren 7an bertan 14:00etan Ahotsenean ‘Kurdistan + 100’ liburua aurkeztuko dute, berriki euskaratuta.
Aurkezpena Laura Mintengik bideratuko du eta Meral Simsek eta Jin Swani idazle kurduek parte hartuko dute, besteak beste. Kiera Henderson itzultzaileak eta Ra Page Comma Press editorialeko zuzendariak ere hitza hartuko dute.
Bestetik, kultura zapalduen haritik, abenduaren 7an 16:30ean, mahai-inguru bat antolatu dute Talaia-Durangoko Museoan. Bertan parte hartuko du Roberto Awanari musikari basauriarra.
Mahai-inguru hori Suargi elkarteko Jon Landabideak aurkeztuko du eta Berria egunkariko Arantxa Iraolak moderatuta, Sevinaz Evdike zuzendari kurduak, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarrak, Kiera Henderson itzultzaileak, Meral Simsek idazle kurduak, Jin Swani idazle kurduak, Joseba Sarrionandia idazleak eta Robertok berak hartuko dute parte.
☉ Arrigorriaga
‘Txapel’ek ‘Izarrak eta Haitzak’ liburua aurkeztuko du Pou anaiekin, Durangon
Abenduaren 6an, 17:00etatik 19:00ak arte Pou Anaiekin batera egongo da bere azken liburua sinatzen
Bihar, abenduaren 6an, ‘Izarrak eta Haitzak’ liburua aurkezten egongo da Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarra.
12:00etatik 13:00ak arte Sua Edizioaken saltokian izango da (35 eta 38 zenbakien artean). Arratsaldean, 17:00etatik 19:00ak arte Pou Anaiekin batera egongo da bere azken liburua sinatzen, saltokian.
Gaur bertan zabaldu dituzte Durangoko Azokaren ateak eta 59. edizio honek Hego Uribeko hainbat sortzaileen lanak hartu ditu: Goio Ramos, Antton Irusta, Jon Arretxe, Julen Gabiria, Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar eta Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi.
Izarrak eta Haitzak
Txapelek mendi kirolaren inguruko Izarrak eta Haitzak izeneko liburua kaleratu zuen joan den apirilean. Azken lan honetan mendi literatura klasikotik urrundu eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatu” ditu, irakurleengana hurbilduz: “Ia bi urte dira proiektu hau martxan jarri nuenetik, eta azkenean argia ikusi du, argia”, izan ziren idazlearen berbak eta mendiko kirolari entzutetsuen ateak jo ditu azken bi urteetan beren esperientziak gertutik ezagutzeko. Liburu honen salmentaren bitartez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio idazleak.
Txapelek Edurne Pasaban, Juanjo San Sebastian, Pou anaiak, Alex Txikon, Oihana Azkorbebeitia, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Ekaitz Maiz, Imanol Amundarain, Irati Anda, Iker Arroitajauregi eta Iñigo Basterraren testigantzak jaso ditu SUA Edizioak kaleratutako liburu honetan, Juanra Madariagaren hitzaurrearekin eta Ioritz Gonzalez Lertxundiren itxierarekin.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Gazteguneak Gabonetako irteera antolatu du Donostiako izotz pista eta ihes gelara
Irteeran izena emateko azken eguna abenduaren 15a izango da. Izen emateak Gaztegunean bertan edo Abusuko HAZen egin daitezke
Abenduaren 28an egun osoko irteera prestatu du Arrigorriagako Gazteguneak Donostiara. Bertan parte hartuko dutenek izotz pistan irristatzeko eta euskal mitologian girotutako ihes-gelan parte hartzeko aukera izango dute.
Goizean Txuri Urdin izotz jauregia bisitatuko dute gazteek eta bazkalostean ihes-gelara abiatuko dira parte-hartzaileak: “Bertan, talde txikietan hainbat erronkari aurre egin beharko diote parte-hartzaileek: igarkizunak asmatu, giltzarrapoak ireki…”, azaldu dute Gaztegunetik.
Irteeran izena emateko azken eguna abenduaren 15a izango da. Izen emateak Gaztegunean bertan edo Abusuko HAZen egin daitezke eta honako baldintzak bete behar dituzte interesdunek: 12 eta 17 urte bitarteko gazteak izatea eta Arrigorriagan erroldatuta egotea: “Guztira, 20 leku daude eta, eskainitako lekuak baino eskaera gehiago egotekotan, zozketa egingo dute Gaztegunean”, azaldu dute antolatzaileek.
☉ Usansolo
Usansolo erdigunean geltokia eraikitzeko aldarria Durangon zabalduko dute gaur
Geltokia Erdigunean plataformak elkarretaratze berri bat deitu du. Oraingoa Durangon izango da gaur, abenduak 5, Durangoko Azokaren irekitzearekin bat eginez.
Plataformako ordezkariek adierazi dutenez, ekitaldi instituzional bat dago aurreikusita gaur Azokaren lehen egunean: “Bertara, Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako arduradun desberdinak bertaratuko dira, eta horregatik plataformak kontzentrazio baterako deia luzatu nahi dizue. Beharrezkoa da gure arduradun politikoek ikus eta entzun gaitzaten”.
Elkarretaratzea 18:30ean izango da Agustin Deuna Kultur Gunean. “Bertara heltzeko Usansolotik trena 17:45ean hartuko dugu”, adierazi dute plataformatik.
☉ Basauri
Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari
Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).
Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.
“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.
Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.
“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.
“Maniobra tarte txikia”
“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.
Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.
“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.
Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.