☉ Ugao
Egitaraua / Mariatxiak, marmitako txapelketa eta irristaketa erakustaldia: kalean da Ugaoko jaietako programa
Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren, irailaren 6tik 12ra bitartean ospatuko dira 2022ko Ugaoko jaiak, eta egitaraua kaleratu berri dute. Beranduegi erromeria, Huntza taldea, Luhartz berbena, Héroes de la Antártida Mecanoren tributua eta Elegancia Mexicana mariatxi taldea izango dira gonbidatuetako batzuk.

Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren, irailaren 6tik 12ra bitartean ospatuko dira 2022ko Ugaoko jaiak, eta egitaraua kaleratu berri dute. Asteartean, Alazne Sebastián eta Saioa Blanco kickboxing kirolari gazteei omenaldia egingo diete, 11:15ean, eta Jane Jauregian, azken hiru urteetan jaio diren haurrentzako ongi etorri ekitaldia antolatu dute, 12:00etan. Jaiei hasiera emateko, 13:00etan botako dute txupina.
Kale animazioa, fanfarrea, ikuskizun ibiltariak eta hainbat kontzertu eskainiko dira Udiarragako Ama Birjinaren jaietan. Beranduegi erromeria, Huntza taldea, Luhartz berbena, Héroes de la Antártida Mecanoren tributua eta Elegancia Mexicana mariatxi taldea izango dira gonbidatuetako batzuk.
Musika ikuskizun gehienak asteburuan pilatuko dira, eta orduan egingo dira baita dastaketa eta lehiaketa gastronomikoak. Larunbatean, marmitako eta tortilla txapelketak egongo dira, eta sari banaketa eta gero, Ugaoko txosnaguneak herri bazkaria egingo du, 15:00etan. Astelehenean, indaba jana egongo da herritar guztientzako.
Ume eta gazteentzako, bestalde, bereziki prestatutako ekintzak egongo dira igandean. 11:00tatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara, umeentzako parkea antolatuko dute Ermitako enparantzan, eta ludoteka, puzgarriak, tailerrak, familian egiteko jolasak eta hondartza egongo dira 3-10 urte bitartekoentzako. 19:30etan, apar festa egingo da gune berean. 10-16 urte artekoentzako, berriz, ordu horietan, zezen mekanikoa, ohe elastikoak eta kart-zirkuitua egongo dira Arandia gunean.
Herriko eragileei ikusgarritasuna emateko, hainbat erakusketa eta ekitaldi antolatu dira. Ostegunean (irailak 8), herriko pilotari gazteen partidak jokatuko dira Gernikako frontoian, eta igandean (irailak 11), irristaketa artistikoko erakustaldia egingo dute Jaro kiroldegian. Jaien azken aurreko egunean antolatuko da baita Gorbeialdeko ekoizleen nekazal azoka, baselizaren gunean.
UGAOKO JAIAK, 2022 / PROGRAMA
Irailak 6, asteartea
12:30. Kuadrilen jaitsiera San Bartolome kaletik Herriaren enparantzaraino, Ugaoko erraldoi eta buruhandiak eta Ondalan erraldoien konpartsak lagunduta
13:00. Pregoia eta txupinazoa udaletxeko balkoitik. Jarraian, ohorezko Agurra
13:30. Kalejira Ugaoko buruhandi eta erraldoiekin eta Ondalan konpartsarekin
13:30-14:30. Puntu more informatiboa, eraso sexistarik gabeko jaien alde, Jane Jauregian
18:00 Kalejira Dunbots fanfarrearekin
18:30. Euskal dantzak udaletxeko plazan: Etorki dantza taldea
19:00-21:00 Kalejira Dunbots fanfarrearekin
20:45. Kuadrilen jaitsieraren sari banaketa Herriaren enparantzan
21:00. Herriaren enparantzan kontzertua: Demode Quartet
Irailak 7, asteazkena
17:00. Herriaren enparantzan dantza egiteko tailerra, erraldoiekin (haurrentzat)
18:30. Herriko kaleetan zehar buruhandien kalejira
19:00. Udiarraga baselizan Meza. Ostean, Ama Birjinaren omenezko salbea
19:30. Herriaren enparantzan umeentzako eta familientzako dantzaldia: Dantzatzeko prest
Irailak 8, osteguna
11:00. Herriko kaleetan zehar diana
12:00. Udiarraga baselizan Meza Nagusia
12:30. Herriaren enparantzan eta oinezkoen kalean umeentzako entzierroa zezen puzgarriekin
17:30. Herriko kaleetan zehar Ugaoko txistulariak eta buruhandiak
18:30. Gernikako frontoian pilotari profesional baten ohorezko sakea eta esku pilota partidak, herriko pilotari gazteekin
20:30. Herriaren enparantzan mariatxiak: Elegancia Mexicana
Irailak 9, ostirala
13:00 Herriko emakumezko eta gizonezko nagusienei omenaldia
14:30. Institutuko pistan herriko jubilatuen elkartearen bazkaria
18:30. Herriko kaleetan zehar buruhandien kalejira
19:00. Arandia futbol zelaian Ugaoko futbol taldearen aurkezpen ofiziala
20:00. Herriaren enparantzan erromeria: Luhartz taldea
20:00-23:00. Herriko kaleetan zehar Sama Siku fanfarrea
22:00-01:00. Gernika enparantzan Sexubizi prebentzio programa, jaietan informatzeko eta babesteko gunea
23:00. Gernika enparantzan kontzertua: Huntza
01:00-03:00. Gernika enparantzan Beranduegi erromeria taldea
Irailak 10, larunbata
09:00. Ermitako plazan izen-ematea marmitako eta tortilla txapelketan
*12 eta 18 urte bitartekoentzako tortilla txapelketa ere egongo da
11:00. Herriko kaleetan zehar diana
13:30. Herriko kaleetan zehar Ugaoko erraldoiak eta gaiteroak
14:30. Ermitako plazan Marmitako eta tortilla txapelketen sari banaketa
17:30. Herriko kaleetan zehar buruhandien kalejira
18:30. Ermitako plazan euskal dantzak: Aiara eta Etorki dantza taldeak
19:30. Herriko kaleetan zehar Ardoa Barrura fanfarrea
20:30. Herriaren enparantzan kontzertua: Gorka Knorr eta bere musika taldea
24:00. Gernika Enparantza kontzertua: Héroes de la Antártida taldea (Mecano-ren tributua)
01:30. Herriaren enparantzan DJ Blessive
Irailak 11, igandea
11:00. Herriko kaleetan zehar diana
11:00. Baselizaren gunea nekazal azoka: Gorbeialdeko ekoizleak
11:00-13:30 eta 16:00-19:30. Ermitako enparantzan umeentzako parkea: ludoteka, puzgarriak, tailerrak, familian egiteko jolasak eta hondartza. Bukaeran, bits-festa *3 eta 10 urte bitartekoentzat
11:00-13:30 eta 16:00-19:00. Arandia gunean gazteentzako parkea: Zezen mekanikoa, ohe elastikoak, kart-zirkuitua *10 eta 16 urte bitartekoentzat
11:00-13:30. Herriko kaleetan zehar fanfarre lehiaketa: Kokotean kolpe, El Despiste, Sama Siku
14:00-15:00. Herriaren enparantzan Fanfarre lehiaketa
15:00. Herriaren enparantzan Fanfarre lehiaketako sari banaketa
17:30. Herriko kaleetan zehar buruhandien kalejira
18:00. Jaro kiroldegian irristaketa artistikoa
22:00. Udiarragako baseliaren horman ikuskizuna: Harri eta Herri taldea eta Harrobi Dantza bertikala taldea
Irailak 12, astelehena
11:00. Herriko kaleetan zehar diana
12:00. Udiarragako baselizan Meza, herriko hildakoen omenez
12:30. Herriko kaleetan zehar Beti Jai fanfarrea
14:30 Indaba jana
18:00-20:00. Herriko kaleetan zehar batukada: Battuere taldea
20:30-22:00. Herriaren enparantzan kontzertua: Puro Relajo taldea
22:00-23:30. Herriko kaleetan zehar Rock Kalean ikuskizuna: Zo-Zongó taldea
23:45. Hiru txorroko iturrian Bola jiraraztea
00:15. Ibaiondoko gunean jaien amaierako traka: FML piroteknia
☉ Ugao
Urtarrilaren 19an zabalduko ditu ateak Ugaoko kiroldegi eraberrituak
1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin eta iazko martxotik itxita eman ostean ugaotarrek berriro erabili ahal izango dituzte El Jaroko instalazio guztiak

Datorren asteko astelehenean, urtarrilaren 19an, zabalduko ditu ateak Ugaoko kiroldegi berriak. 1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin eta iazko martxotik itxita eman ostean ugaotarrek berriro erabili ahal izango dituzte El Jaroko instalazio guztiak.
Aldaketa nagusiak uretako jarduerak egiteko espazioak sortu eta hobetzeko izan dira. Izan ere, uretako espazioak handitu eta berritu dituzte: igerileku-baso berri bi sortu dituzte, ur-eskaintza eta ekimen kopurua handitzeko eta adin guztietako pertsonei zerbitzua ematea helburu. “Horietako bat jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur eta helduentzako ikastaroak eta zuzendutako programa berriak abiarazteko, aquagym kasu”, azaldu dute udal ordezkariek.
Bestea aisialdirako izango da, spa eta erlaxazio gune batekin. Espazio hau erabilera anitzeko areto zaharra eta klimatizatutako igerileku nagusiaren esparrua lotzean sortu da; igerileku horrek sei kaleko ur-lamina mantentzen du. Espazio akuatiko berri horien ezaugarri nagusietako bat sakonera txikia da, eta horrek bainu segurua bermatzen du bai adingabeentzat, bai aniztasun funtzionala duten edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.
Ur espazioez gainera, erabilera anitzeko gela berrantolatu du udal gobernuak, “erabiltzaileen eskariak kontuan hartuta”.
1.200.000 euroko inbertsio horretatik 500.000 Bizkaiko Foru Aldundiak ipini ditu. “Hobekuntza horiekin, kiroldegia ikaskuntzara eta osasunaren zaintzara bideratutako gune gisa ere sendotzen da”, azaldu dute Udaletik.

El Jaro kiroldegia // Geuria
Alternatibak erabiltzaileentzat
11 hilabetez itxita egon dira El jaroko igerilekuak. Tarte horretan, Ugaoko Udaletik alternatibak eskaini dizkiete herritarrei. Besteak beste,Udalak akordio “berezi” bat erdietsi zuen Arrigorriagarekin bertako kiroldegiaren ordutegia zabaldu eta ugaotarrek instalazioak erabiltzeko aukera izan zezaten.
Gainera, Ekaitz Mentxaka alkateak Kirol Txartelaren (KTX) alternatiba gogorarazi zuen obrak hasi baino lehen. KTX inguruko hainbat udalerritako kirol-instalazioen sare batera sartzea errazten duen erreminta da. Horrela, Ugaoko igerilekuak itxita egon diren hilabeteetan, herritarrak beste udalerrietako instalazioak erabili ahal izan dituzte.
“Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei obrak egiten ari ziren bitartean erakutsitako pazientzia eta ulermenagatik, eta egindako hobekuntza horiei esker kirol-instalazio modernoagoak, seguruagoak eta ugaotarren beharretara egokituak izatea espero du”, eskertu dute Udaletik.
☉ Ugao
Haurren autonomia sustatzeko tresnen hitzaldia antolatu dute Ugaon, euskara hutsean
Saioa hilaren 21ean antolatu dute, Jane jauregian,17:00etatik 19:00ak bitartean

Urtarrilaren 21ean Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako haurrek autonomia sustatzeko tresnen inguruko hitzaldia antolatu dute Ugaoko Ikastolako Gurasoen Elkartekoek euskara hutsean.
Saioa Jane jauregian egingo dute 17:00etatik 19:00ak bitartean: “Esperientziak partekatzeko balioko du saioak, komunitatean hazteko”, azaldu dute IGEtik.
Hitzaldia doakoa izango da, edukiera bete arte. Guraso elkarteko kideekin harremanetan ipintzeko hainbat modu daude: telefonoz (633 751 699), e-postaz (ugaoko.ige@gmail.com) edo instagrameko ugaokoige kontuaren bidez.
☉ Ugao
‘Haize Lerroak’ film laburraren proiekzioa eta solasaldia egingo dute Janire Etxabe dantzariarekin, Ugaon
Saioa Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan antolatu dute urtarrilaren 21ean, 10:00etatik 12:00ak bitartean

Urtarrilaren 21ean Haize Lerroak filmaren proiekzioa eta solasaldia antolatu dute Janire Etxabe zintako protagonistarekin, Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan, 10:00etatik 12:00ak bitartean.
Definitzea ezinezkoa den sentimendu baten bilaketa etengabean. Haize Lerroak Janire Etxabe dantzari bertikalak lau urtez Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza-lerroak dokumentatzen ditu. Gorputzaren, dantzaren eta paisaiaren arteko harreman sakona aztertzen du film laburrak, diziplina hori lurraldea bizitzeko eta paisaiaren memoria adierazteko hizkuntza nola bihurtzen den erakutsiz.
Dantza bertikalean oinarritutako bideo hau 2023ko abenduaren 8an Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu zen dokumentalaren aurrerapena da.
Proiekzioa eta solasaldia AEK-ko ‘Praktikatu eta Bizi’ programak antolatu du Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
Ekimenean parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako 663 040 035 telefono zenbakiarekin harremanetan ipini behar dira interesdunak.
☉ Ugao
Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon datozen egunetan
Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen

Urtarrilaren 27an, otsailaren 24an eta martxoaren 23an Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon.
Zerbitzua goizean eskainiko dute Herriaren enparantzan, “behar diren izapide guztiak egiteko bereziki egokitutako ibilgailu batean”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen, udaletxean aurrez aurre edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz
☉ Ugao
Bideoa | Ana Guerra, Ugaoko Izarra: «Ugaoko familiak kabalgata herrian bertan ikusteko sortu da ideia»
Basauri, Galdakao eta Arrigorriagakoarekin batera, Ugaoko Izarra elkarteak bizirik mantentzen du Errege Magoen kabalgataren tradizioa, familia eta haurrentzat

Duela urte asko, hiru errege magoen kabalgata antolatzen zuten Ugaon, baina urteek aurrera egin ahala desagertu zen. Ugaoko Izarra elkarteak, duela 18 urte, tradizio hura berreskuratu eta epifaniarekin batera ikuskizun berezia antolatzen du urtero Herriaren enparatzan, urtarrilaren 5ean.
Gaur egun bederatzi kidek osatzen dute Ugaoko Izarra, baina Errege Magoen Gaueko ikuskizunean 100 herritar inguruk hartzen dute parte. Aurtengo kabalgata igaro da dagoeneko, baina ekitaldiaren istorioa ezagutu nahi izan dugu Ana Guerra Anaya (Arrigorriaga, 1965) kidearen eskutik Jane jauregian, jantziz, osagarriz eta atrezzo elementuez inguratuta, Ugaoko saioaren entsegu nagusian.

Noiztik antolatzen ditu Ugaoko Izarrak Gabonetako kabalgata? Aurten gure 18. kabalgata izango da, beraz, gure lehenengo kabalgata 2008 izan zen. Argitu nahi nuke gurea ez dela soilik kabalgata bat, baizik eta epifania eta kabalgata bat. Guk antzezten dugu garai hartan gertatu omen zena eta erregeen kabalgatarekin lotzen dugu.
Nola sortu zen ekimena eta zein zen jardueraren helburua hasieran? Gure seme-alabak txikiak zirenean beste herri batzuetako kabalgata ikustera joan ginen eta, han egonda, pentsatu genuen: “Zergatik ez dugu antolatzen horrelako zerbait Ugaon gurasoak eta seme-alabak herritik mugitu beharrik ez dezaten?” Eta herriari erraztasun hori eskaintzeko asmoz sortu zen ideia.
Nolako garrantzia dauka elkartearentzat tradizio hau bizirik mantentzea? Herriko jendeari herrian bertan izatea horrelako ikuskizun bat izan zen asmoa eta, gaur egun, helburu hori bizirik mantentzen da.

Nolako garapena izan du kabalgatak hasi zenetik? Hasieran, baliabide gutxi izan genituen, baina gero, eta Udalaren dirulaguntzari esker, pixkanaka-pixkanaka pertsonaia eta estruktura gehiago gehitzen joan ginen. Une honetan, muntaia polita daukagu eta, noizbehinka gauza batzuk aldatzen edo gehitzen ditugu, baina 18 urte eta gero oinarria eginda dago.
Zenbat jendek hartzen du parte urteroko jarduera hau prestatzen? Elkartean bederatzi pertsona gara eta guk antolatzen dugu dena, baina laguntza eskatzen dugunean badaude pertsona asko laguntza hori ematen dituztenak. Horrez gain, epifania eta kabalgata urtarrilaren 5ean antzezteko eta aurrera eramateko, herriko 100 pertsona (gutxi gorabehera) laguntza ematen dute. Pertsona horiek guztiak gabe hau ez litzateke posible izango.

Zenbat denbora behar da kabalgata prestatzeko? Lehenengo urteetan egun eta ordu asko sartzen genituen, baina orain gero eta denbora gutxiago suposatzen zaigu du martxan jartzeak.
Aldaketaren bat sartzen dugunean, orduan denbora gehiago inbertitu behar dugu, baina, lehen esan dugun bezala, oinarria jarrita dago eta, horrela, askoz errazagoa da dena aurrera eramatea. Zerotik lan egitea zoramena litzateke.
Kabalgata antolatzean zer da lan gehien ematen duena eta zergatik? Egun horretako muntaia. Herriko enparantzan garai hartako herri bat antolatzen dugu: salmenta-postuak, ostatua, erromatarren jauregia eta Belengo jaiotza. Oso polita geratzen da eta lan handia ematen du.

Nondik eskuratzen duzue finantziazioa zuen jarduera burutu ahal izateko? Guk daukagun dirua Udalaren dirulaguntza da, hala da. Urtero kantitate finko bat ematen digu eta, horrekin, konpontzen gara.
Eskualdean Basaurin, Arrigorriagan eta Ugaon egiten dituzte kabalgatak. Tradizio hau galtzen ari dela uste duzue? Momentuz bizirik mantentzen da, baina tradizio asko, galtzen ari dira edota aldatzen ari dira. Auskalo.
Arrigorriagako kabalgatak gero eta ospe handiagoa izaten ari du azken urteetan, eta Ugaoko jende asko bertara joaten da. Nola ikusten duzue hau? Arazorik gabe. Guk eskaintza bat egiten dugu eta gero, bakoitzak dituen aukeren artean erabakitzen du. Ugaon, gero eta jende gehiago gelditzen da.
Zuen ustez, zer dela eta da hain berezia Arrigorriagako kabalgata eta bide batez, zein da Ugaoko epifania eta kabalgataren indargune nagusia? Arrigorriagako kabalgatak gurea baino urte gehiago ditu eta, ondorioz, ezagunagoa da. Hemen, Ugaon orain dela urte asko kabalgata antolatzen zen, baina gero desagertu zen guk berreskuratu arte. Bitartean, inguruko kabalgata famatuena Arrigorriagakoa zen, baina gero eta jende gehiago gelditzen da gure herrian.

Ugaoko kabalgatari dagokionez, zuen ustez zein da jardueraren target edo ikusle nagusia? Adin guztietako pertsonak ikusten dira enparantzan, baina ikuskizun hau, batez ere, haurrentzat da, beraz, esango nuke familiak direla publiko nagusia: haurrak euren gurasoekin.
Zein da kabalgatako momendu hunkigarri edo bereziena? Dudarik gabe, Erregeak enparantzan sartzen direnean eta umeak agurtzen dituztenean. Horrez gain, badago beste momentu berezi bat: erromatarrek bi urte baino gutxiko umeak hiltzen dituztenean. Enparantza gorriz tindatzen da eta sortzen den giroa berezia da. Hala ere, une guztiak dira bereziak eta politak, bakoitza bere berezitasunekin.
Gabonetako jardueren artean, zuen ustez posible al da kabalgata bezalako jarduera batek herri nortasuna indartzea? Berak bere kabuz ez. Kabalgata Gabonetako tradizioetako beste jarduera bat da, eta herrian pisu handia duen Olentzeroren ospakizunarekin batera, bi ikuskizunen inguruko magia berezia eskaintzen die haurrei.

Etorkizunari begira, nolako erronkak ikusten dizkiozue Ugaoko kabalgatari? Momentuz jarraipena, eta gero gerokoak.
Gero gerokoak? Oinordekotza dago belaunaldi gazteen artean? Egia esan ez dago errelebo handirik. Bai sartu dira bi gazte elkartean, baina, momentuz, ez da nahikorik.
Nolako mezua helaraziko zeniekete herritarrei aurtengo eta hurrengo urteetako kabalgatetan parte hartzeko? Bakarrik esango nieke etor daitezela ikustera eta, mantendu nahi badute, parte har dezatela.










