Ugaoko Sarea Sound System taldeak 20 urte beteko ditu aurten, eta ospatzeko, bi izen handi gonbidatuko dituzte otsailetik apirilera bitartean egingo duten ganbarako kontzertuen saiora. Aurten, Aitor Gorosabel eta Ruper Ordorika izango dira zerrendaburuak Jane Jauregiko ganbarako ikuskizunetan.
Kontzertuen zikloa Su Ta Gar taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak irekiko du, otsailaren 24an (20:00etan). Musikaria hobeto ezagutzeko elkarrizketa labur baten ondoren, eibartarrak hainbat kanta akustiko joko ditu, bai metal taldearenak, baita beregan eragina izan duten euskal kanta tradizionalen bertsioak ere.
Ildo beretik, Ruper Ordorikak “giro hurbil eta intimoan” interpretatuko ditu bere kantutegiko abestiak, martxoaren 25eko (20:00etan) kontzertu akustikoan. Lehen diskoa grabatu zuenetik 42 urte igaro ondoren, antolatzaileek esan dute ekitaldia “aukera paregabea” izango dela Ordorika gertu-gertutik entzuteko eta musikaz gozatzeko.
Eta entzute handiko bi izenen ondoren, ganbarako ikuskizunei eskualdeko musikariek emango diote itxiera. Burbuilak taldea Irati eta Izar Mendiguren ahizpa laudiotarrek eta Izaskun del Cerro urduñarrak osatuta dago, eta hirukoteak gitarra, pianoa, perkusioa zein trikitixa jotzen duten “hiru sorgin zoro zoragarritzat” dauka beren burua. Musikariek apirilaren 28an, 20:00etan, eskainiko dute kontzertua Janen, eta sarrera doakoa izango da.
Sarrerak eskuratzea
Gorosabelen eta Ordorikaren ekitaldietarako sarrerek, hurrenenez hurren, bost eta hamar euroko prezioa izango dute. Su Ta Gar taldeko abeslari eta gitarra-jotzailearen kontzerturako sarrerak jada salgai daude Zelai tabernan eta sareasoundsystem@gmail.com helbidera idatzita.
