→Ugao

EH Bildu Ugaok zuzenketak egin dizkio Gobernu taldearen 2021eko Udal aurrekontuen zirriborroari

Leitoki ikastetxea // Geuria

EH Bildu Ugaok zuzenketak egin dizkio Ekaitz Mentxakaren alderdi politikoaren 2021eko Udal aurrekontuen zirriborroari, hurrengo proposamenak gehituz: “Pandemia dela eta aurrekontu txikiagoa izango dugu eta Koronabirusak eragin nabarmena izan du Ugaon” azaldu du Maider Gaztaka Gandarias EH Bilduko zinegotziak. “Gabezia asko antzeman ditugu herrian eta hainbat herritarrek euren kexak helarazi dizkigute”.
Covid-19ak herritarrengan eragin zuzena egin duela adierazi du EH Bilduko zinegotziak, eta herritarrak ondorio horiek jasaten ari direla azaldu du Maiderrek: “Tabernak itxita egon diren bitartean, tabernek beraiek eskaintzen zituzten zerbitzuak herrian faltatu direla antzeman da. Horien artean, komun zerbitzua, aterpe guneak… etab. Udalak bermatu beharko lituzke zerbitzu horiek; ez establezimenduek. Horregatik eta behin-behineko irtenbide modura karpa bat jartzeko proposamena egin nahi diogu Udal gobernuari“. Zinegotziak azaldu du karpa hori jartzeko kokaleku gutxi daudela Ugaon, egokiena Ermita izanik; Hala ere, frontoi ondoko Gernikako Enparantzan jartzeko aukera ere kontuan hartu daitekeela.

Ugaoko frontoia, Gernikako Enparantza plazan // Geuria

Herriko argiteriari ere garrantzi handia eman dio alderdiak: “Kalera irteteko aukera dagoenetik herritarrek argiteria hobeagoa faltan dute eta horren inguruko kexak helarazi dizkigute. Horregatik gaur egungo argiteria sistema hobetzea gustatuko litzaiguke”. Honekin lotuta eta gaur, inoiz baino gehiago bizitza kalean egiten delaren haritik, zinegotziak azaldu du ideia ona litzatekeela Leitoki ikastetxeko atzealdeko errepidea oinezkoentzakoa bihurtzea.
Irisgarritasunak ere leku berezia izan du EH Bilduko alderdiaren proposamenen artean, eta zaborren edukiontzi guztietara sarbidea eskuratzeko beharra erakutsi dute.

Bestelako proposamenak

Gainontzeko proposamenen artean, aurreko ekitaldiaren laguntzen diru-partida materializatzearena legoke, hustutako etxebizitzen mobilizaziorako: “Iaz, etxe hutsak berrerabiltzeko laguntzak adostu genituen, baina ez da ezer egin; beraz, agindutako diru kopuruan bete dadila exijitzen dugu”, azaldu du Gaztakak.

Ugaoko EH Bilduren bestelako proposamenen artean garbiketa automatikodun WCak jartzearena dago: alderdiak hasiera batean ermitan jartzeko proposamena azaldu badu, Gaztakak adierazi du komun horiek herriko hainbat tokitan jarri daitezkela, “bestelako lekuetan jartzeko proposamenak entzuteko prest” daudela adieraziz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak