Gasteiz eta Bilbo arteko bidea egiten duen La Union autobusak egunero geldialdia egiten du Ugaon, joan-etorri bakoitzean (goizean Bilbotik Gasteizera eta arratsaldean Gasteiztik Bilbora). Orain arte, BI-625 errepideko 379. kilometroan egiten zuen autobusak geldialdia, Arrigorriaga eta Ugao artean dagoen gasolindegiaren ondoan, “inolako babes barik, honek autobusaren erabiltzaileei eragiten zien arriskuarekin“, diote udal ordezkariek.
Zerbitzua eta segurtasuna hobetzeko asmoz, eta herritarren iradokizunak kontuan hartuta, Ugaoko Udalak Bilbo-Gasteiz lineako autobus-geltokia lekuz aldatzeko eskaera bidali zion La Union enpresari. “Geralekua herrigunean kokatzeko eskatu genien, herritarrentzako irisgarriagoa izan dadin”, diote. Gauzak horrela, uztailaren 3tik aurrera La Union autobusaren geldialdia Ugao erdigunean izango da. Hain zuzen, Ugaoko dorrea kaleko 21. eta 36. zenbakietan.
