Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Ugao

Ibilgailu astunek zerga ordainduko dute bihartik aurrera Hego Uribeko sei herritako errepidetan

Bihartik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak N-240 eta BI-625 errepideetatik zirkulatzen duten ibilgailu astunei kobratzeko sistema jarriko du martxan

|

Lapatzako arkua BI-625ean // Maps

Bizkaiko Foru Aldundiak N-240 eta BI-625 errepideetatik zirkulatzen duten ibilgailu astunei kobratzeko sistema jarriko du martxan. Bihartik aurrera (urtarrilak 25), 3.500 kilotik gora pisatzen duten garraiobideei ezarriko diete zerga Laudiotik Basaurira eta El Gallotik Ubideara doazen bi bideetatik igarotzeko.

Hego Uriben, sei herritan jarri dituzte ordainketa puntuak: Ugaon, Zaratamon, Basaurin, Galdakaon, Arrigorriagan eta Usansolon. Horietako bakoitzean, Aldundiak free flow motako hainbat egitura eraiki ditu bide ertzetan, kobrantza sistema automatikoa ahalbidetzeko. Hain zuzen, sistemak arku motako estrukturaz daude osatuta, bertatik zirkulatzen duten ibilgailuen matrikula irakurri eta hainbat datu biltzeko (igarotzeko orduak zein egindako kilometroak) helburuarekin.

Gerora, automatikoki, ordainketaren faktura helarazten diete kontrol-puntuetatik pasatzen diren ibilgailuei: zenbatekoa ezberdina, igarotzen diren arkuaren arabera. Eta Hego Uriben Foru Aldundiak azaldu duenez,  honakoak izango dira aplikatu dituzten zergak:

– Bilbao BI-625 errepidean (Laudiotik Basaurira): guztira 8 arku free flow egongo dira, eta honakoak, Hego Uriben:
– Ugaon (ordainketa bi norazkoetan aplikatuko da: Arabarantzakoan zein Bilborantzakoan): 1,01 eurokoa izango da I motako ibilgailu astunentzako, eta 1,13 eurokoa, II motakoentzako
– Zaratamon, bi noranzkoetan: 0,64 eta 0,72
– Lapatzan, Bilboranzko noranzkoan: 0,40 eta 0,44
– Basaurin, Arabarako noranzkoan: 0,14 eta 0,15
– Irubiden, bi noranzkoetan: 0,36 eta 0,40
– Arrigorriagan, Arabarako noranzkoan: 0,26 eta 0,29

– Barazar N-240 errepidean (El Gallotik Ubideara): 9 arku free flow egongo dira, eta honakoak, Hego Uriben
– Usansolon, bi noranzkoetan: 0,43 eta 0,48

Errepideen kontserbaziorako

Neurri hau errepide sarearen “egoera optimoa” lortzeko pausoa dela adierazi du Foru Aldundiak. Ordainketa sistemarekin lortutako funtsek bideen mantenurako, kontserbaziorako eta ustiaketarako inbertsioak ziurtatuko dituzte, eta aldi berean, trafikoaren segurtasuna bultzatu eta istripuen intzidentzia txikitzeko bide izango da sistema.

Bestalde, ingurumenari lotuta, CO2 emisioak murrizteko bidea ere izango da zerga. Izan ere, gutxien kutsatzen duten ibilgailu astunei hobariak eta deskontuak ezarriko dizkiete, hala nola % 25eko beherapena elektrikoei, hibridoei eta gasarekin dabiltzanei zein 0 etiketa edo ECO sailkapena dutenei; % 20koa, Euro 6 direnei; eta % 15ekoa, Euro 5ei. Gainera, errepidea asko erabiltzen dutenentzako ere deskontuak egongo dira, garraiolariei laguntze aldera.

☉ Ugao

Menopausiaren inguruko tailerra eskainiko dute esparruko aditu bik Ugaon

Abenduaren 10 eta 17an antolatu dute ‘Bidaia menopausian zehar, autoezagutzatik eta plazerretik abiatuta’ tailerra, Jane jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte

|

Emakume bat // Dominic Sansotta, Unsplash

Abenduaren 10 eta 17an ‘Bidaia menopausian zehar, autoezagutzatik eta plazerretik abiatuta’ izeneko tailerra eskainiko dute Jane jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte eta izena emateko berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbidera e-posta idatziz edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz egin daitezke.

Tailerra Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak antolatu du menopausia beren gorputzaren autoezagutzatik, plazerretik eta ongizatetik lantzeko deia sentitzen duten emakumeei zuzendu dute: “Edukiaren lanketa integrala izango da, alderdi klinikoak zein sexologikoak barne, eta, batez ere, generoaren aldagaia eta, honek, emakumeen bizitzan, osasunean eta sexualitatean bizitza osoan eta, bereziki, bizitzaren une honetan duen pisua kontuan hartuta”, azaldu dute Udaletik.

Tailerra Izaskun Zarrandikoetxeak eta Janire Mirandak zuzenduko dute. Izaskun sexologoa, berriz berrelkartze-terapeuta eta indarkeria matxistetan espezializatutako gizarte langilea, da eta Janire ginekologian eta obstetrizian espezializatutako erizaina, Osakidetzako emagina.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bizkaidendak aplikazioak Ugaobonoak zuzenean trukatzeko aukera eskainiko die herritarrei aurten

Aurten 3.000 Ugaobono banatuko dituzte, iaz baino 1.400 gehiago, “ingurumenarekiko konpromisoa babestuz eta saltokien zein herritarren arteko banaketa zuzena bultzatuz”

|

Ugaotarrak erosketak egiten // Geuria

Ugaobono 2024 kanpaina abenduraen 2tik 31ra antolatu du aurten Ugaoko Udalak eta 3.000 txartel banatuko dituztela adierazi dute gaur goizean osoko bilkuren aretoan egindako prentsaurrekoan, iazkoan baino 1.400 gehiago. Udalak aurrekontuko 16.000 euro bideratu ditu kanpaina honetara.

Aurten, Bizkaidendak Bizkaiko merkatarien ostalarien eta zerbitzu-enpresen elkarteen federazioaren bonuen aplikazioari esker ugaotarrek telefono mobilaren bidez trukatu ahalko dituzte kanpainako txartelak: “Prozesua arinagoa, jasangarriagoa eta txartel horiek erabili nahi dituzten pertsonen ordutegietara egokitzeko modukoa izango da”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.

Berritasun honi esker, 18 urte baino gehiagoko herritarrek bonuak zuzenean trukatu ahal izango dituzte programari atxikitako establezimenduetan NANa aurkeztuz. Horrela, aurreko urteetan eman behar ziren pausuak ekiditeko aukera izango dute: udaletxera ordutegi jakin batzuetan joan, txartelak hartu…

Herritar bakoitzak hiru bonu erosi ahalko ditu: 30 euroko bat eta 10 euroko bi, eta erosketaren prozesua hiru urratsetan egin beharko dea azaldu dute udal ordezkariek: erosketak Ugaon egin beharko dira, erabiltzaileek atxikitako establezimenduan izena, abizena eta NAN zenbakia adierazi beharko dute eta atxikitako saltoki horiek Ugaobonos aplikazioaren bidez trukatu nahi diren bonuei dagokien deskontua aplikatuko diete.

Aldaketa honen ondorioz txartel fisikoak desagertuko dira “ingurumenarekiko konpromisoa babestuz eta saltokien zein herritarren arteko banaketa zuzena bultzatuz”.

Bonu mota bi

30 euroko 1.000 bonu banatuko dituzte guztira eta 20 euroko prezioa izango dute. 10 eurokoak 7,5 euroko prezioan ipiniko dituzte salgai.

“Bonuak ‘Ugaobono 2024’ kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira, eta erakusleihoetan kanpainaren identifikazio-kartela jarriko dute. Gainera, bonuen bi egokitzapen egingo dira saltokien artean, kontsumitu gabeko bonuak agortu dituzten saltokien artean banatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Udalak urtero abiarazten duen kanpaina honen helburua tokiko merkataritza indratzea da eta “ugaotarren artean aurrezpena sustatzeko konpromisoa berresten duela” gehitu dute Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Kosmetika naturala egiteko tailerra antolatu dute Ugaon azala biziberritzen ikasteko

Abenduaren 3an eskainiko dute ikastaroa Jane jauregiko goiko solairuan, 18:30etik 20:00ak arte

|

Kosmetiko naturalak // Katherine Hanlon, Unsplash

Datorren abenduaren 3an kosmetika naturala egiteko tailerra antolatu du Ugaoko Udalak Hego Uribeko AEKrekin elkarlanean, ‘Praktikatu eta Bizi’ programaren bidez. Ordu eta erdiko ikastaro arina izango da, 18:30etik 20:00ak arte eta Jane jauregiko goiko solairuan prestatu dute.

“Uda eta gero gure azala biziberritzen ikasteko tailerra izango da Ugaon eskainiko duguna”, azaldu dute ikastaroko sustatzaileek. “Alde teorikoa izango du eta ondoren atal praktikoa. Anima zaitez eta parte hartu!”. Bertan kosmetikaren inguruan hausnartuketa egingo da; sendabelarrak biltzeko, lehortzeko eta gordetzeko aholkuak partekatuko dituzte, baita beratze teknikak ere. Etxean egiteko praktika desberdinak proposatuko dituzte ere.

Ikastaroa doakoa izango da baina izena ematea beharrezkoa dela azaldu dute antolaketa taldetik. Horretarako, interesdunek 663 040 035 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Asteartean zabalduko dute Ugaoko Gabonetako hiri kolonietan izena emateko epea

Abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra arte antolatu dituzte aurtengo Ugaoko Gaonetako koloniak, 2024 eta 2020 urte bitartean jaiotako umeei zuzenduta

|

Haurrak, Gaabonetako eskulanak egiten // Elena Mozhvilo, Unsplash

Abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra arte antolatu dituzten Ugaoko Gabonetako hiri kolonietan izena emateko epea zabalduko dute datorren azaroaren 25ean.

Gabonetako hiri koloniek Ugaoko txikienek Gabonetan jolas, tailer, irteera eta jaialdiekin gozatzeko eta ikasteko aukera eskaintzeko helburua dute eta aurten 2014 eta 2020a bitartean jaiotako haurrei zuzenduta daude (urte biak barne).

Koloniak abenduaren 23an hasiko dira 10:30etik 13:30era arteko ordutegiarekin, Ugaoko eskolan, eta urtero lez Goiztiarrak zerbitzua eskainiko du, umeak 08:00etan zein 09:00etan uzteko aukera emanez.

Izena emateko epea azaroaren 25etik abenduaren 5era zabalduko dute eta Jane jauregian egin ahalko da aurrez aurre: Izena emateko fitxa Udalaren webgunean ere deskarga daiteke eta ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbidera beteta bidali. Formulario digital hau ere bete daiteke.

“Izena emandakoen kopuruak dagoen plaza kopurua gaindituz gero, zozketa bat egingo da abenduaren 9an, Jane Jauregian, arratsaldeko 16:00etan. Zozketa publikoa izango da”, azaldu dute udal ordezkariek. “Hurrengo egunean izena eman dutenen zerrenda eta itxaron-zerrenda argitaratuko dira Jane Jauregiko harreran. Egun honetatik aurrera eta abenduaren 20ra arte, izena eman dutenek jarduera ordaindu ahal izango dute”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Joseba Borde ugaotarra aske utzi dute zigor osoa bete ostean

|

Urrian berriro onartu zioten hirugarren gradua eta gaur aske utzi dute // Geuria

Joseba Borde Gaztelumendi preso ugaotarra aske utzi dute zigor osoa bete ondoren, Etxeratek jakinarazi duenez. Bordek 22 urteko espetxe zigorra bete du.

2002ko azaroaren 26an espetxeratu zuten eta 30 urteko zigorra ezarri zioten. 2019ko azaroan zigorraren hiru laurdenak bete zituen, espetxe legedia onartu zuen eta egindako mina aitortu zuen idazki bat aurkeztuz.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua hiru aldiz ezarri zion 2023. eta 2024. urteen artean. Horietako batean gradu erregresioa ezarri zioten eta Ugaoko Udalak aho batez “kezka” adierazi zuen.

Aurtengo martxoan, eta hilabete lehenago Basauriko Espetxe Zaintzak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua onartu zion berriro Borderi, baina Audientzia Nazioanaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta espetxera itzuli behar izan zuen bigarren graduan.

Urrian berriro onartu zioten hirugarren gradua eta gaur aske utzi dute.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna