Maiatzaren 7an izango da Herri Krosa eta 400 partaide inguru bilduko ditu. Esne-litroak jasoko dituzte kirol proban eta Caritasi emango dizkio antolakuntzak
Ugaoko Herri Krosa ospatuko da maiatzaren 7an, igandez. Aurten 10. edizioa izango da eta aurreko urteetan bezala, solidarioa izango da kirol ekimena: parte hartzaile bakoitzak litro bat esne emango du eta jasoko dena Caritas erakundeari emango diote antolatzaileek.
Parte hartu nahi duenak maiatzaren 6ra arte du aurretiaz izena emateko aukera www.herrikrosaugao.eus webgunean. Egunean bertan ere eman daiteke izena, 09:00etatik 10:30ak bitartean.
Lasterketak 10:50ean hasiko dira: lehiaketaz kanpokoa (10:50, 400 metro), aurrebenjaminak eta benjaminak (11:00, 400 metro), kimuak eta 1. urteko haurrak (11:15, 1.100 metro), 2. urteko haurrak eta kadeteak (11:30, 1.700 metro), eta gazteak, seniorrak eta beteranoak (11:30, 5.100 metro).
