Udalak martxan jarritako Berdintasunerako III. Planaren baitan, apirilean genero-ikuspegia duen hirigintza-diagnostiko bat egiteko lehen pausoak eman zituen. “Txosten horren bidez, herritarren bizitza pertsonala, familiarra zein laboralaren bateragarritasuna sustatzeko udalerriak dauzkan zerbitzu edota ekipamenduak, eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonen zein, oro har, ugaotar guztion irisgarritasuna oztopatzen dituzten guneak ebaluatu ditugu”, dio Ana Maite Fernandez Berdintasun zinegotziak: “Finean, Ugao sakonean ezagutzeko aukera eman digu txostenak”.
Sei hilabeteko lana behin bukatuta, hirigintza-diagnostikoak bost arlo ezberdin hauek aztertzen ditu: irisgarritasuna, mugikortasuna, ekipamenduak eta zerbitzuak, segurtasun eza, eta emakumeek Ugaori egindako ekarpenaren irudikapen sinbolikoa.
Herritarren parte-hartzea
Hirigintza-diagnostikoa egiteko herritarren parte-hartzea sustatu du Udalak: “Guztira, 60 herritar inguruk parte hartu du Udalak abian jarritako inkestetan. Era berean, tailerrak antolatu ditugu eta bertara 20 bat ugaotar hurbildu ziren”.
Herritarrek proposatutako ekarpenen artean hauek izan dira nagusienak: kaleen argiztatzeak -puntu beltzak direnak ekiditzeko- eta espaloiak beheratzea. Era berean, Udalaren konpetentzietatik kanpoko zerbitzuetan aldaketak egitea proposatu dute. Besteak beste, Bizkaibuseko autobusetan eta Renfeko geltokirainoko irisgarritasuna hobetzea (dagoeneko obrak hasi ditu Adifek), ibai adarra garbitzea eta anbulategiko sarbideak berritzea.
Ekintza batzuk dagoeneko burutu ditu Udalak (argiztatzeak eta irisgarritasuna) eta aurreikuspenen arabera datorren urtean gainontzeko arazoei irtenbidea bilatuko dio.
