Sareak

☉ Ugao

Mediku eta kirol azterketak doan Ugaoko Jaro kiroldegian

Azterketak Ugaoko kirol instalazioak erabiltzen dituzten eta federatuta ez daudenei zuzentzen zaizkie, haien egoera fisikoaren berri izan dezaten.

|

Urtarrilaren 9an, 10ean, 11n, 13an eta 16an, Bizkaiko Foru Aldundiaren menpe dagoen Kiroleko Medikuntza unitate batek mediku eta kirol azterketak egingo ditu doan Ugaoko Jaro kiroldegian. Azterketa hauek udaleko kirol instalazioak erabiltzen dituzten eta federatuta ez dauden herritar guztiei zuzentzen zaizkie, haien egoera fisikoaren berri izan dezaten.

Era berean, zerbitzu honek aholkularitza teknikoa eskainiko du eta herritarrek haien osasuna eta egoera fisikoa zein den jakin ahal izango dute.

☉ Ugao

Emahots Talde Feminista ugaotarra jaio da M8aren atarian

Datorren martxoaren 5ean taldearen aurkezpena egingo dute Jane jauregian, M8ko programazioari hasiera emanez

|

Emahotseko kide batzuk, Ugaon // Geuria

Emahots Talde Feminista jaio da Ugaon eta aurkezpena datorren martxoaren 5ean egingo dute Jane jauregian. Argazkian taldea osatzen duten gazte batzuk ikus daitezke, baina kideak faltan dira bertan: “Argazki honetan Emahotseko taldekideak falta dira: ez daudenak eta oraindik heldu ez direnak. Zuen zain gaude”, azaldu diote GEURIAri neska gazteek.

Aurkezpen honek hasiera emango dio Martxoaren 8aren aferan prestatutako programazio osotuari. Martxoaren 5etik 8ra taldearen beraren aurkezpena, bizipenen kontaketa eta bertso pintxo-potea antolatu dituzte herrian zehar.

Martxoaren 8an ekitaldi nagusi bi egingo dituzte: manifestazioa herri osotik eta amaitzeko, Ane eta Alazne taldearen kontzertu akustikoa, Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan.

Egitaraua | Emahots, M8

Martxoak 5, asteartea
18:30 Emahots Talde Feministaren aurkezpena, Jane jauregia

Martxoak 6, asteazkena
Adinekoen egoitzan bizipenak konpartitzen, adinekoen egoitza

Martxoak 7, osteguna
19:00 Bertso pintxo-potea, Maider Altuna eta Maddi Aiestaran bertsolariekin

Martxoak 8, ostirala
18:30 Manifestazioa, Herriaren enparantza
20:30 Kontzertu akustikoa: Ane eta Alazne, Ugaoko Dorretxea Herriko Taberna

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Osakidetza: sistema publiko baten suntsiketa’ hitzaldia eskainiko dute Ugaoko Dorretxean

Hitzaldia Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan antolatu dute gaur 18:30ean

|

Galdakao-Usansolo ospitalea // Geuria

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak Osakidetza: sistema publiko baten suntsiketa izeneko hitzaldia antolatu du gaur bertan, 18:30ean.

Mahai-inguruan EH Bilduko Rebeka Uberak, LAB sindikatuko Txutxin Oñatek eta Iñaki Moreno Laudioko anbulatorioko erizainak hartuko dute parte.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Envases Universales enpresak kaleratze kolektiboa abiaraziko du Ugaoko lantegian

Otsailaren 26an abiaraziko dute Ugaoko lantegiko kaleratze kolektiboa, enpresa batzordetik azaldu dutenez

|

Envases Universales enpresako sarrera, Ugaoko lantegian // Geuria

Envases Universales enpresak, antzina Domiberia lez ezaguna, kaleratze kolektibo baten prozesua abiaraziko du datorren otsailaren 26an (astelehena). Hala iragarri dute enpresa batzordearen sare sozialetan.

“Envases Universales zuzendaritzak, lehengo Domiberiak, enpresa-batzordeari jakinarazi dio otsailaren 26an, astelehena, Ugaoko lantegian kaleratze kolektiboaren prozedura hasteko asmoa duela”, azaldu dute batzordeko ordezkariek.

Kamioi bat, enpresako instalazioetan // Geuria

Joan den otsailaren 19an, astelehena, Envases Universales enpresako zuzendaritzak batzordeko kideak elkartu zituen Bilbon eta bertan, Endika Ibañez enpresa batzordeko presidenteak GEURIAri azaldu moduan, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedientea (ABEE) zabalduko zietela komunikatu zieten: “Juridikoki modu legalean prozesu hau abiarazteko zazpi egun igaro behar dira, Aldi Baterako Lan Espedientearen nondik norako guztiak ezagutu ahal izateko. Espedienteak gradu ezberdinak izan ditzake: txarra, oso txarra… hiru kaleratze, 50, edo planta guztia ixtera hel daiteke, batek daki”, azaldu du batzordeko presidenteak.

Horiek horrela, egun hauetako ziurgabetasuna argitzeko, datorren otsailaren 26an, 16:00etan hitzordua dute batzordeko kideek enpresako zuzendaritzarekin, Bilbon. “Astelehenean jakingo ditugu xehetasun guztiak”.

Gaur egun 108 langilek osatzen dute Envases Universaleseko Ugaoko lantaldea, jubilatu aurrekoak barne. Iazko abuztuan, Envases Universales multinazionalak Domiberia erosi eta izenez aldatu zion.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Renfek ukatu du Ugaoko geltokian trenekin ezbeharrik egon denik

Ateak modu egokian itxita ez dauden bitartean eta segurtasun mekanismo bati erantzunez, trena ezin da martxan jarri, Renferen arabera. “Beraz, ezin du inor harrapatuta arrastaka eraman”

|

Aldiriakeko C3 lineako tren bat // Geuria

 Xabier Zaballa de la Fuente ugaotarrak herriko tren geltokian azken 10 urteetan gertatu diren gorabeherak erregistratu ditu, GEURIAn azaldu bezala. Izan ere eta Ugaokoaren hitzetan, 2012an Aldiriakeko tren baten ateek bidaiari bat harrapatu ostean eta martxan ipini zen. Iazko irailean antzeko egoera bat bizi izan zuen 64 urteko ugaotar batek herriko geltokian: “Trenera igotzen ari zela ateak itxi eta berokiaren poltsiko batetik zintzilik zeraman aterkia harrapatu zuten ateek”, azaldu du Zaballak. “Trenak pertsona arrastaka eraman zuen nasatik aterkiaren kirtena apurtu arte”.

64 urteko herritarrak gertaera hura salatu zuen Renfen eta Ugaoko Udalak, gertakari hauen berri izan ez duela aitortu arren, herritarren kexak RENFEri bideratzeko prest dagoela iragarri du.

Zaballaren arabera, arazo honen atzean bihurgunean kokatutako geltokiaren “ikuspen falta” dago: “Era honetako ezbeharrak gertatu izan direnean makinistek behin baino gehiagotan aitortu digute ikuspen arazoak dituztela Ugaoko tren geltokian”.

Renfek kontrako ikuspegia azaldu du lehen momentutik egoera honen aurrean. Alde batetik, eta tren enpresako iparraldeko komunikazio taldeak GEURIAri adierazi bezala, Ugaoko tren geltokiari dagokionez, Renfetik azaldu dute Ugaokoa bihurgune batean eraikita egon arren, tren geltoki guztiek “segurtasun araudia modu zorrotzean betetzen dutela % 100ean”.

Renfe: “Treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”

Beste alde batetik, enpresako komunikazio ordezkarien arabera, gaur egun “pentsaezina” da tren batek pertsona edo objektu bat arrastaka eramatea, ateak modu egokian itxita ez dauden bitartean trena ezin daitekelako martxan jarri, segurtasun mekanismo bati erantzunez: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”, azaldu dute tren enpresako iparraldeko arduradunek.

 

Merkantzia tren bat, Ugaoko tren geltokitik igarotzean dagoen bihurgunean // Geuria

Ugaoko tren geltokiaren inguruan gertatutako intzidentziek, beraz, alde argi bi uzten ditu agerian: alde batetik, Xabier Zaballak azken hamarkadan erregistratu dituen kasuak, eta bestetik, Renfek irmo mantentzen duen azalpen teknikoa, enpresaren segurtasun araudian oinarrituz.

“Intzidentzia horietako baten lekukoa izan nintzen ni eta neure begiekin ikusi nuen gertatutakoa”, azaldu du Xabierrek. “Gainera, salaketa ipini zuen auzotarrak dokumentuaren kopia bat dauka. Gai honekin amaierara arte heldu nahi dut, arazoari behin betiko konponbidea emateko”.

C3 linea, ikusmiran

Ugaoko geltokiaren  problematikaz gain, bertako trenbideetatik igarotzen diren Renfeko C3 lineako trenak Ugaoko beste buruhauste bat dira. GEURIAk iazko urrian argitaratu zuen artikulu batek Renfeko lineak erronka bi ditu Ugaorekin: alde batetik Bilbo eta Urduña konektatzen dituen lineako tren asko kendu dituztela azaldu zuen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak, “kasu askotan abisatu gabe gainera”.

Beste alde batetik Gau Jaia zerbitzuaren itzulera aldarrikatu zuen Ugaoko alkateak, herritarren eskaerei so eginez: “Arazoari irtenbidea emateko insistituko diogu Renferi, ugaotarrentzat, eta bereziki gazteei, zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dielako”.

Helburu horiek lortzeko, Mentxakak eta Urduñako alkateak hitzordua izan zuten Bilboko Abando geltokian Renfeko zerbitzuak emateko agentearekin eta Bilboko guneko lineaburuarekin, iazko urriaren 29an, “Aldiriakeko zerbitzuaren kalitate eskasagatik bizilagunengandik jasotzen dituzten kexa ugarien berri emateko”.

Mentxakak balorazio positiboa egin zuen Bilboko batzarraren inguruan. “Arazoa konpontzeko bidean daude eta ondorioz maiztasunaren problemari irtenbidea emateko asmoa” dutela gehitu zuen Ekaitzek, ordutegien eguneratzearekin batera.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko tren geltokiaren “ikuspen txarrak” azken urtean gertakari bi eragin dituela salatu dute herritarrek

Azken 10 urteetan hiru intzidentzia erregistratu ditu Xabier Zaballa de la Fuente ugaotarrak herriko tren geltokian: lehena 2012an eta beste biak iaz

|

Aldiriakeko C3 lineako tren bat, Urduñara bidean // Geuria

Ugaoko herritarrak kezkatuta agertu dira azken 10 urteetan herriko tren geltokiarekin lotutako hiru gorabeherengatik. Ugaoko RENFE geltokiko nasa bihurgune batean kokatuta dago, eta horrek ikuspen arazoak sortu ditu behin baino gehiagotan, antza, bidaiariak trenetik jaitsi eta igotzerako orduan.

 Xabier Zaballa de la Fuente herritarrak azken 10 urteetan gertatu diren gorabeherak erregistratu ditu eta beragaz berba egiteko aukera izan du GEURIAk: “Era honetako ezbeharrak gertatu izan direnean makinistek behin baino gehiagotan esan digute ikuspen arazoak dituztela Ugaoko tren geltokian”. Auzotar batek “susto” bat bizi izan zuen Ugaoko tren geltokian iazko irailean. “Aldiriakeko C3 lineako tren batek ateak itxi zituen 64 urteko pertsona bat konboira igotzen ari zela”, azaldu du ugaotarrak.

“Ateak ixtean, berokiaren poltsiko batetik zintzilik zeraman aterkia harrapatu zioten ateek”, jarraitu du Xabierrek. “Trenak pertsona arrastaka eraman zuen nasatik aterkiaren kirtena apurtu arte. Gertaera, zorionez, sustoan geratu zen, kalte handiagorik sortu barik”.

“RENFEk geltoki horretako egitura-arazoak ia alde batera utzi ditu, eta, ez hori bakarrik; istripua izan zuen erabiltzaileari egotzi dio erantzukizuna, agerian utziz ez zela errespetatu konboira igotzeko denbora tartea”

Hala ere, Zaballaren arabera, hori ez da ezbeharrak izan zuen alderik txarrena. Iazko irailean gertatutako gorabehera honi erantzunez, RENFEri salaketa ipini zion 64 urteko ugaotarrak: “Gauzarik deigarriena RENFEk erabiltzaile horri emandako erantzuna izan da. Izan ere, geltoki horretako egitura-arazoak alde batera utzi ditu, eta, ez hori bakarrik; istripua izan zuen erabiltzaileari egotzi dio erantzukizuna, agerian utziz ez zela errespetatu konboira igotzeko denbora tartea. Izan ere, erreklamazioari emandako erantzunean, RENFEtik nabarmendu dute oso garrantzitsua dela trenera igotzeko eta jaisteko erabili beharreko denbora-tarteak errespetatzea”.

Aldiriakeko C3 lineako tren bat, Urduñara bidean // Geuria

Beste bi jazoera

Baina Xabierrek gertu bizi izandako kasu hori ez da bakarra: iazko maiatzean, Urduñatik bueltan trena Ugaoko geltokian gelditu zen. Ateak zabaltzean, 12 lagunez osatuko talde bat trenetik jaisten hasi zen. Horien artean 7 urteko neskatxo bat zegoen eta bosgarrena izan zen konboitik jaisten”, gogoratu du Xabierrek. “Jaisten zegoen momentuan trena irtengo zenaren soinu seinaleak entzun ziren eta ateak itxi ziren. Horrek neskak trenetik kanpora arin batean salto egitera behartu zuen eta nasara jaustean orkatila bihurritu zuen”.

Zaballaren arabera, kasu hartan ez zen harrapaketarik egon eta trenak ez zuen inor arrastaka eraman, “baina trenaren barruan zazpi pertsona geratu ziren eta horien artean haurraren gurasoak zeuden, familia estres egoera batean murgilduz”. Hala ere, eta Zaballak GEURIAri adierazi lez, egoerak ez zuen okerrera egin, tren barruan zegoen pertsona taldekoek larrialdi palankari eragin eta trena bertan gelditu zelako.

“Hiru jazoera hauek agerian uzten dute Ugaoko tren geltokian dagoen segurtasun arazoa. Eta ez da nire iritzia bakarrik; geltokiaren ikuspen arazoa tren makinistek beraiek baieztatu didate”

Trenekin gertatutako lehen inzidentzia 2012an erregistratu zuen Xabierrek. 32 urteko pertsona bat harrapatuta geratu zen bagoi baten irteerako ateen artean, sorbaldaren aldetik. “Bagoien ateak bikoitzak eta irristailuak dira. Beren artean harrapatuta geratzean, pertsona horren gorputz erdia bagoiaren barruan geratu zen (sorbalda eta bizkarra), eta kanpoan geratu ziren gorputz-adarrak eta bere haurra zeraman orga”, azaldu du Xabierrek. “Posizio horretan zegoela, trenak metro bat egin zuen aurrera. Zorionez, segurtasun-zaindari batzuk arazoaz ohartu ziren eta trena gelditu ahal izan zuten”.

“Hiru jazoera hauek agerian uzten dute Ugaoko tren geltokian dagoen segurtasun arazoa. Eta ez da nire iritzia bakarrik; geltokiaren ikuspen arazoa tren makinistek beraiek baieztatu didate”, laburbildu du Xabierrek. “Eta arazoari konponbidea emateko saiakerak egon diren arren ez dugu inolako emaitzarik izan urte hauetan zehar”.

RENFE: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”

Horiek horrela, GEURIAk RENFEko ordezkariekin berba egitea lortu du eta tren enpresak ugaotarraren ikerketa zalantzan ipini du, pertsona edo objektuak arrastaka eramateko aukerak “ezinezkoak” direla esanez: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”, azaldu dute RENFEko iparralde zonaldeko komunikazio esparrutik. “Momentu horretan seinale akustiko ez-ohikoak igortzen ditu trenak, ateak desblokeatu arte”. Ugaoko tren geltokiari dagokionez, RENFEtik azaldu dute Ugaokoa bihurgune batean eraikita egon arren, tren geltoki guztiek “segurtasun araudia modu zorrotzean betetzen dutela % 100ean”.

Osorik irakurri