Covid-19 birusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, aurrez aurreko hezkuntza sistema guztiak bertan behera geratu dira, eta horrek bide berriak ireki ditu, behartuta bada ere. Mintzodromoak dira herritarrak batu, elkar ezagutu eta euskaraz berba egiteko aukera eskaintzen duten ekintzetako bat. Aurten, aldiz, presentzialki egin ohi den ekintza online egingo dute. Hitzordua ekainaren 10ean da, 18:30ean. Ordubeteko saioa. Bertan parte hartzeko hilaren zortzia baino lehen izena eman da 663 040 035 whatsapparen edo telefonoaren bidez.
AEKren gidaritzapean, eta Udalaren babesarekin, euskararen guneak handitzeko helburuarekin mintzodromoak era birtualean egiteko erabakia hartu dute arduradunek: “Euskal Herri mailan herri ezberdinetako jendearekin modu birtualean solasaldi bat antolatzeko proba bat egin zuten eta esperientzia oso positiboa izan zen. Eredu hori gurera ekartzeko ahalegina egingo dugu. Hogei bat lagun batu ohi gara Ugaoko mintzodromoan. Ohituta gaude kale girora eta ekintzak presentzialki egitera, eta orain, birtualean, denontzat ezberdina da. Erosoagoa bai, baina lotsa handitu dezake”. Eta hezkuntza birtualak dituen gabeziei eta gizartearen ohitura faltei aurre egitea izango da helburuetako bat, parte hartzaileen erosotasuna bilatze aldera. Jitsi Meet plataformaren bidez egingo da mintzodromoa.
Itxialdian hainbat ekintza birtual antolatu ditu AEKk Hego Uribe eskualdean esaterako, whatsapp eta email bidezko lehiaketak eta erronkak. Ugaon, On Ekin Nutrizioarekin eskutik online ikastaroa egin zuten maiatzean. Euskara praktikatzearekin batera, asteko menu osasuntsuak pentsatzeko, diseinatzeko eta prestatzeko gomendioak jaso zituen parte hartzaileek. Gainera, nutrizionistei modu zuzenean galderak egiteko aukera izan zuten Jitsi Meet plataformaren bidez.
