Sareak

☉ Ugao

Sonia Movillo: “Gazteekin dugun komunikazioa da gehien aldatu dena azken urteotan”

|

Sonia Movillo, Ugaoko Gaztelekuko begiralea / Geuria

Herriko Gaztelekuan topatuko duzu Sonia Movilla (Arrigorriaga, 1982). Ia hamabost urte daramatza bertan begirale gisa, 2006tik. Asteburu solte bateko ordezkapen bat egitera sartu eta ordutik ari da herriko gazteekin batera jolasean eta ikasten, bertatik bertara. 11-12tik 18 urtera bitarteko berrogei gaztek erabiltzen dute zerbitzua, adin tarte zabala eta gaztetxoetan aldaketa handikoa. Gaur egun Aitziber eta Sonia dira Gaztelekuan ari diren bi begiraleak.

Nola moldatu zarete Gaztelekuan gaztetxoekin aritzeko?
Instagram eta whatsapp bidez komunikatu gara. Bideo-deiak egin ditugu. Berrogei bat gazterekin lanean aritu gara. Makina bat gauza egin ditugu: egun bereziko ekintzak (bullyinga, LGTBI, seinu hizkuntza), gustuko liburuaren marrazkia eta laburpentxoa egin, zinema pelikulak gomendatu eta ikusi. Modu kolektiboan garatutako ekintzak izan dira denak. Egia da guk geuk asko galdetzen geniela, eurek ere proposamenak egiteko xaxatzen genituela, baina ezer gutxi lortu dugu. Itxialdiaren lehen egunetan oso urduri sumatu nituen, gurekin harremanetan egoteko gogo handiz, eta aldi berean, nahiko aspertuta bakarrik egoteagatik, familiarekin, whatsapp bidez, lagunak ezin ikusita.

Irakasle bihurtu al zara?
Ez dakit nola esan. Urduri zeuden, ezin ziren euren lagunekin egon, aspertzen hasita etxean. Kalera ateratzen hasi zirenean, Gaztelekura inguratzen ziren. Itxita egon arren, begiraleok bertan egoten ginen garbitzeko eta dena txukuntzeko. Atea edo leihoa jo eta ‘Utzi sartzen’ esaten ziguten barrezka. Bazekiten ezin zutela sartu baina. Pena izan da ezin izan dugulako ikasturte amaierako jaia egin: konfinamendua kendu dutenean, Gaztelekua ixteko garaia heldu delako. Baina tira, orain udalekuak datoz eta ikasturte berrirako prestatze-lanak. Hori baita prebisioa, 2020-2021 ikasturtean herriko jaiak izan ohi diren astean bertan Gaztelekua irekitzea, neurriak hartu, zenbateko aforoa, protokoloa…

Zuhaitzak landatzen / Utzitakoa

Uztailaren 24ra arte udalekuak antolatu dituzue herrian.
Ekainaren 29an hasi ginen eta uztailaren 24ra arte iraungo dute udalekuek. Batetik, lau eta zazpi urte bitartekoak hartuko dituen Udaludo ludoteka. Hilabete osoz eta goizez izango da, eta hogeita hamar ume izango ditu. Ikastolan egingo ditugu. Bestetik, zortzi eta hamaika urte bitartekoentzat Mirabatxo udalekuak prestatu ditugu. Hauek ere hilabete osoz eta goizez. Hogeita hamasei gaztek hartuko dute parte eta institutua izango da gure egoitza. Mirabatxoen kasuan, Burdin Hesira bisita egingo dugu, herriko txoko politenak aukera, margotu eta asmakizunak egingo ditugu, herriaren historia ezagutzeko jokoak egingo ditugu, kalean dagoen jendeari galdetuta. 10:30etatik 13:30etara dira udalekuak, baina goiztiarrak daudenez, 9:00etatik ja martxan gaude. Ni neu naiz Udaludoko arduraduna eta Amaia da Mirabatxokoa.

Eta udalekuak bukatzen ditugunean, ikasturte berria prestatzen hasiko gara. Adibidez, irailetik abendura bitarteko ohikoak dira Gau Beltza, Gabonetako egitaraua, Euskararen eguna eta ohiko joko eta lanak, besteak beste. Oinarrizko egitaraua bi begiraleon artean prestatzen dugu, baina irteerak denon artean erabakitzen ditugu. Guk proposamenak egiten dizkiegu, adibidez, zinemara edo escape room batera irteera, eta gazteek ere zer gura duten esaten dute, baina tira, normalean guk proposatzen duguna egiten dugu, kar kar kar.

Zer da gehien gustatzen zaiena?
Mahai jokoak asko gustatzen zaizkie, pilo bat ditugu. Eskulanak ere maiz egiten ditugu, adibidez, Slime likatsu horiek ere egin izan ditugu, baita bidriera moduko kaxa batzuk ere. Finean, eskulanak dira, eurek egindako zerbait eta horrek asko betetzen ditu. Aurten jesarleku berezi hauek sortu ditugu -Sonia bera euren gainean jesarrita dago argazkian. Guztiok parte hartu genuen sorkuntza honetan: nagusienek bazekiten non topatu halako paletak. Patatas Oruera joan ginen eta bertan bazituzten. Palet batzuk gorde zizkiguten eta denon artean Gaztelekura ekarri genituen. Behin hemen, egurra findu, margoztu, taladroarekin zuloak egin, gurpilak jarri eta baditugu jesarleku berrian gurean. Polita izan da 11-12 urteko eta hamazortzi urteko gazteak elkarlanean ikustea, ez da erraza eta. Bizilaben ere parte hatu genuen, eskualde guztiko gazteekin. Hamabost bat egon ginen bertan, Gaztelekuko gazteenak.

Boloetan jolasten / Utzitakoa

Futbolin bat baduzuela ikusten dut.
Ikastaroak, jokoak edo eskulanak bukatzen ditugunean, denbora librea izaten dute. Batzuei asko gustatzen zaie hemen inguruan ibiltzea, kalean, beste batzuk Play Stationean dabiltza… eta bai, aspalditik futbolina dugu. Ni tematu nintzen horrekin, aurreko koordinatzailearekin burugogor jarri nintzen, egia esan, begirale moduan sartu nintzenean futbolina jartzeko. Hasieran neska gutxi sartzen ziren Gaztelekura, gehienek ez baitute gustuko bideo-jokoetan edo Ping Pongean jolastea, nahiago dute kalean egon. Futbolina apaintzeko tailerra egin genuen eta magikoa izan zen hura! Ordutik pilo bat gustatzen zaie. Kalean dabilen jendeak askotan eskatzen digu ea sar daitekeen futbolinean jokatzera, baina tira, Gaztelekuan izena ematen duten gazteentzat dugu.

Gaztelekuan parte hartu behar dutenek izena emateko orria bete behar dute. Zerbitzua doakoa da eta irteera bereziren bat egiten dugunean, orduan ordaindu behar dute zerbait. Ikasturtearen hasieran, irailean, egiten da izen-ematea, baina ikasturte osoan zehar irekita dugu matrikulazioa epea. Gustura egoten dira ikasturtean zehar eta gehienek errepikatzen dute hurrengo urtean. Egia da hamabost urteren bueltan nahiago dutela kalean egon, baina Gaztelekuarekin harremanetan jarraitzen dute: askotan bisitan etortzen dira, nagusi sentiarazten ditu horrek! Beste batzuetan antolatzen dugun zerbait gustatzen bazaie, berehala izena ematen dute. Gurekin ehuneko ehunean egon ez arren, Gaztelekuarekin duten loturak hor dirau.

Urteen poderioz, erreferente bat izango zarete gazteentzat.
Ia hamabost urte dira, bai. Herriko gazteak Udaludon hasi, Mirabatxo eta Gazteleku, eta hortik aurrera GazteInfo dute. Zerbitzu horiekin lau urtetik hogeita hamabost urtera bitarteko aisi eta ikastaro zerbitzuak beteta ditugu. Hezkuntzako seigarren mailan daudenak dira Gaztelekuan izena ematen duten lehenak, hamaika eta hamabi urte bitartekoak. Eta urtebetera institutura egiten dute salto. Garai horietan harremanak egiten hasten dira, eta orain Ugaon bertan dugu institutua. Lehen Arrigorriagara joan behar zuten, baina orain Zeberio eta Arrankudiagako batzuk ere badatoz Ugaokora.

Hamabost urteotan lantokia ere transformatu da Ugaon. Kultur Etxea nolabait bitan banatuta dugu: parte bat Jane Jauregian eta bestea hemen, Kultur Etxearen erakinean. Beheko solairuan gu gaude, Gaztelekua, eta goikoan ludoteka, margolaritza eta egurra lantzeko ikastaroa.

Gazte asko eta asko pasatu dira hemendik. Aspaldian, nagusiagoentzako bideratutako zerbitzua zela esango nuke. Adibidez, Ibilaldira joaten ginen. Orain gaztetxoagoekin lan egiten dugu eta adin tartea zabalagoa da. Baina batik bat eurekin komunikatzeko era aldatu dela esango nuke. Hori bai igarri dudala: orain gauzak asko hitz egiten dituzte euren artean, lehen baino gehiago esango nuke. Gurekin konfiantza handia dute. Pentsa, sexualitate tailerrak egin ditugunean denetarik galdetzen dute, batzuetan isilarazi behar ditugu ez dutelako mugarik! Baina tira, ikastaroetatik kanpo ere, edozein asteburutan hurrengo eguneko pilularenak nola funtzionatzen duen galdezka datoz gugana, baita asteburuko planen eske ere!

☉ Ugao

Haurren autonomia sustatzeko tresnen hitzaldia antolatu dute Ugaon, euskara hutsean

Saioa hilaren 21ean antolatu dute, Jane jauregian,17:00etatik 19:00ak bitartean

|

Margoak // Aaron Burden, Unplash

Urtarrilaren 21ean Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako haurrek autonomia sustatzeko tresnen inguruko hitzaldia antolatu dute Ugaoko Ikastolako Gurasoen Elkartekoek euskara hutsean.

Saioa Jane jauregian egingo dute 17:00etatik 19:00ak bitartean: “Esperientziak partekatzeko balioko du saioak, komunitatean hazteko”, azaldu dute IGEtik.

Hitzaldia doakoa izango da, edukiera bete arte. Guraso elkarteko kideekin harremanetan ipintzeko hainbat modu daude: telefonoz (633 751 699), e-postaz (ugaoko.ige@gmail.com) edo instagrameko ugaokoige kontuaren bidez.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Haize Lerroak’ film laburraren proiekzioa eta solasaldia egingo dute Janire Etxabe dantzariarekin, Ugaon

Saioa Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan antolatu dute urtarrilaren 21ean, 10:00etatik 12:00ak bitartean

|

Janire Etxabe // Beittu Video Factory

Urtarrilaren 21ean Haize Lerroak filmaren proiekzioa eta solasaldia antolatu dute Janire Etxabe zintako protagonistarekin, Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan, 10:00etatik 12:00ak bitartean.

Definitzea ezinezkoa den sentimendu baten bilaketa etengabean. Haize Lerroak Janire Etxabe dantzari bertikalak lau urtez Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza-lerroak dokumentatzen ditu. Gorputzaren, dantzaren eta paisaiaren arteko harreman sakona aztertzen du film laburrak, diziplina hori lurraldea bizitzeko eta paisaiaren memoria adierazteko hizkuntza nola bihurtzen den erakutsiz.

Dantza bertikalean oinarritutako bideo hau 2023ko abenduaren 8an Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu zen dokumentalaren aurrerapena da.

Proiekzioa eta solasaldia AEK-ko ‘Praktikatu eta Bizi’ programak antolatu du Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Ekimenean parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako 663 040 035 telefono zenbakiarekin harremanetan ipini behar dira interesdunak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon datozen egunetan

Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen

|

Pasaportea eta Nortasun agiria // Ugaoko Udala

Urtarrilaren 27an, otsailaren 24an eta martxoaren 23an Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon.

Zerbitzua goizean eskainiko dute Herriaren enparantzan, “behar diren izapide guztiak egiteko bereziki egokitutako ibilgailu batean”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen, udaletxean aurrez aurre edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bideoa | Ana Guerra, Ugaoko Izarra: «Ugaoko familiak kabalgata herrian bertan ikusteko sortu da ideia»

Basauri, Galdakao eta Arrigorriagakoarekin batera, Ugaoko Izarra elkarteak bizirik mantentzen du Errege Magoen kabalgataren tradizioa, familia eta haurrentzat

|

Duela urte asko, hiru errege magoen kabalgata antolatzen zuten Ugaon, baina urteek aurrera egin ahala desagertu zen. Ugaoko Izarra elkarteak, duela 18 urte, tradizio hura berreskuratu eta epifaniarekin batera ikuskizun berezia antolatzen du urtero Herriaren enparatzan, urtarrilaren 5ean.

Gaur egun bederatzi kidek osatzen dute Ugaoko Izarra, baina Errege Magoen Gaueko ikuskizunean 100 herritar inguruk hartzen dute parte. Aurtengo kabalgata igaro da dagoeneko, baina ekitaldiaren istorioa ezagutu nahi izan dugu Ana Guerra Anaya (Arrigorriaga, 1965) kidearen eskutik Jane jauregian, jantziz, osagarriz eta atrezzo elementuez inguratuta, Ugaoko saioaren entsegu nagusian.

Noiztik antolatzen ditu Ugaoko Izarrak Gabonetako kabalgata? Aurten gure 18. kabalgata izango da, beraz, gure lehenengo kabalgata 2008 izan zen. Argitu nahi nuke gurea ez dela soilik kabalgata bat, baizik eta epifania eta kabalgata bat. Guk antzezten dugu garai hartan gertatu omen zena eta erregeen kabalgatarekin lotzen dugu.

Nola sortu zen ekimena eta zein zen jardueraren helburua hasieran? Gure seme-alabak txikiak zirenean beste herri batzuetako kabalgata ikustera joan ginen eta, han egonda, pentsatu genuen: “Zergatik ez dugu antolatzen horrelako zerbait Ugaon gurasoak eta seme-alabak herritik mugitu beharrik ez dezaten?” Eta herriari erraztasun hori eskaintzeko asmoz sortu zen ideia.

Nolako garrantzia dauka elkartearentzat tradizio hau bizirik mantentzea? Herriko jendeari herrian bertan izatea horrelako ikuskizun bat izan zen asmoa eta, gaur egun, helburu hori bizirik mantentzen da.

Nolako garapena izan du kabalgatak hasi zenetik? Hasieran, baliabide gutxi izan genituen, baina gero, eta Udalaren dirulaguntzari esker, pixkanaka-pixkanaka pertsonaia eta estruktura gehiago gehitzen joan ginen. Une honetan, muntaia polita daukagu eta, noizbehinka gauza batzuk aldatzen edo gehitzen ditugu, baina 18 urte eta gero oinarria eginda dago.

Zenbat jendek hartzen du parte urteroko jarduera hau prestatzen? Elkartean bederatzi pertsona gara eta guk antolatzen dugu dena, baina laguntza eskatzen dugunean badaude pertsona asko laguntza hori ematen dituztenak. Horrez gain, epifania eta kabalgata urtarrilaren 5ean antzezteko eta aurrera eramateko, herriko 100 pertsona (gutxi gorabehera) laguntza ematen dute. Pertsona horiek guztiak gabe hau ez litzateke posible izango.

Zenbat denbora behar da kabalgata prestatzeko? Lehenengo urteetan egun eta ordu asko sartzen genituen, baina orain gero eta denbora gutxiago suposatzen zaigu du martxan jartzeak.
Aldaketaren bat sartzen dugunean, orduan denbora gehiago inbertitu behar dugu, baina, lehen esan dugun bezala, oinarria jarrita dago eta, horrela, askoz errazagoa da dena aurrera eramatea. Zerotik lan egitea zoramena litzateke.

Kabalgata antolatzean zer da lan gehien ematen duena eta zergatik? Egun horretako muntaia. Herriko enparantzan garai hartako herri bat antolatzen dugu: salmenta-postuak, ostatua, erromatarren jauregia eta Belengo jaiotza. Oso polita geratzen da eta lan handia ematen du.

Nondik eskuratzen duzue finantziazioa zuen jarduera burutu ahal izateko? Guk daukagun dirua Udalaren dirulaguntza da, hala da. Urtero kantitate finko bat ematen digu eta, horrekin, konpontzen gara.

Eskualdean Basaurin, Arrigorriagan eta Ugaon egiten dituzte kabalgatak. Tradizio hau galtzen ari dela uste duzue? Momentuz bizirik mantentzen da, baina tradizio asko, galtzen ari dira edota aldatzen ari dira. Auskalo.

Arrigorriagako kabalgatak gero eta ospe handiagoa izaten ari du azken urteetan, eta Ugaoko jende asko bertara joaten da. Nola ikusten duzue hau? Arazorik gabe. Guk eskaintza bat egiten dugu eta gero, bakoitzak dituen aukeren artean erabakitzen du. Ugaon, gero eta jende gehiago gelditzen da.

Zuen ustez, zer dela eta da hain berezia Arrigorriagako kabalgata eta bide batez, zein da Ugaoko epifania eta kabalgataren indargune nagusia? Arrigorriagako kabalgatak gurea baino urte gehiago ditu eta, ondorioz, ezagunagoa da. Hemen, Ugaon orain dela urte asko kabalgata antolatzen zen, baina gero desagertu zen guk berreskuratu arte. Bitartean, inguruko kabalgata famatuena Arrigorriagakoa zen, baina gero eta jende gehiago gelditzen da gure herrian.

Ugaoko kabalgatari dagokionez, zuen ustez zein da jardueraren target edo ikusle nagusia? Adin guztietako pertsonak ikusten dira enparantzan, baina ikuskizun hau, batez ere, haurrentzat da, beraz, esango nuke familiak direla publiko nagusia: haurrak euren gurasoekin.

Zein da kabalgatako momendu hunkigarri edo bereziena? Dudarik gabe, Erregeak enparantzan sartzen direnean eta umeak agurtzen dituztenean. Horrez gain, badago beste momentu berezi bat: erromatarrek bi urte baino gutxiko umeak hiltzen dituztenean. Enparantza gorriz tindatzen da eta sortzen den giroa berezia da. Hala ere, une guztiak dira bereziak eta politak, bakoitza bere berezitasunekin.

Gabonetako jardueren artean, zuen ustez posible al da kabalgata bezalako jarduera batek herri nortasuna indartzea? Berak bere kabuz ez. Kabalgata Gabonetako tradizioetako beste jarduera bat da, eta herrian pisu handia duen Olentzeroren ospakizunarekin batera, bi ikuskizunen inguruko magia berezia eskaintzen die haurrei.

Etorkizunari begira, nolako erronkak ikusten dizkiozue Ugaoko kabalgatari? Momentuz jarraipena, eta gero gerokoak.

Gero gerokoak? Oinordekotza dago belaunaldi gazteen artean? Egia esan ez dago errelebo handirik. Bai sartu dira bi gazte elkartean, baina, momentuz, ez da nahikorik.

Nolako mezua helaraziko zeniekete herritarrei aurtengo eta hurrengo urteetako kabalgatetan parte hartzeko? Bakarrik esango nieke etor daitezela ikustera eta, mantendu nahi badute, parte har dezatela.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Olentzero eta Mari Domingi Mirabatxo klubaz oroitu dira eta sorpresak utzi dituzte Ugaon

Urtarrilaren 10ean jarduera berezia antolatu dute Mirabatxokoek, Olentzerok eta Mari Domingik egindako sorpresa zein den ikusi ahal izateko

|

Opariak // Unsplash

Mirabatxo klubak zenbait jarduera antolatu ditu urtarrilean zehar.

GEURIAk jakin ahal izan duenez,  Olentzero eta Mari Domingi Mirabatxo klubaz oroitu dira Gabonetako oporretan eta Mirabatxon jarduera berezi bat antolatu dute urtarrilaren 10ean.

Bestalde, Ugaoko klubak jolasak prestatu dituz gaztetxoentzat urtarrilaren 24an. Mirabatxo klubean ekintzak, jolasak, tailerrak… antolatzen dituzte.

2015 eta 2017 urteen artean jaiotako umeentzako jarduerak dira. Informazio gehiago Jane jauregian topatu daiteke edo 946 480 704 telefono zenbakira deituz. Beste aukera bat ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbide elektronikora e-posta idaztea da.

Osorik irakurri