→Ugao

Ugaoko Hiribilduaren 647. urteurrenak turismo proiektu berria, gastronomia birtuala eta scape rooma ekarriko ditu herrira

Datorren martxoaren 4an eta 5ean Ugaoko Hiribilduaren 647. urteurrena antolatu du Udalak Historia eta Ingurumen Interpretaziorako Zentroagaz. Aurten adin guztietarako hainbat jarduera prestatu dituzte urteurrena ospatzeko

On Florencio, 1922an // Manu Solaguren

Datorren martxoaren 4an eta 5ean Ugaoko Hiribilduaren 647. urteurrena antolatu du Udalak Historia eta Ingurumen Interpretaziorako Zentroagaz. Aurten ere adin guztietarako hainbat jarduera prestatu dituzte urteurrena ospatzeko: ‘Ezagutu Ugao Zure Kontura’ turismo proiektuaren aurkezpena, lehiaketa gastronomikoa, Scape Rooma eta zirku saioa.

Martxoaren 4an ‘Ezagutu Ugao Zure Kontura’ turismo proiektuaren aurkezpena prestatu dute 17:30etatik aurrera Jane jauregian. Bertan, herriko leku adierazgarrienak batzen dituen bideoa proiektatu eta segidan bisita gidatua eskainiko du On Juan Bizkaiko Jaunak (Ernesto Fernández aktore ugaotarrak interpretatutakoa). Ibilbidean QR kodeak topatuko dituzte parte-hartzaileek eta bertan leku ezberdinen informazioa jaso ahal izango dute telefono mobilagaz.

Martxoaren 5ean Lehiaketa Gastronomikoen txanda izango da. Iazko formatua mantenduz, era birtualean antolatu dituzte eta umeentzako postre eta indaba lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Parte-hartzaileek argazkiak egin beharko dizkiete euren sormenei eta Ugao-Miraballeseko Historia Ezagutzeko Zentroa izeneko Facebookeko orrira igo beharko dituzte.

Ernesto Fernández aktore ugaotarra, Jane jauregian // Geuria

Egun berean Ugaoko Sekretua izeneko Scape Rooma prestatu dute. Iaz bezala, On Florencio irakaslea egongo da bertan eta ikasle talde bat aukeratuko du hiribilduaren sekretua gordetzen duen leku sekretu bat topatzen laguntzeko. Scape Rooma egiteko zortzi lagunez osatutako taldeak egingo dituzte eta txanda bi prestatu dituzte: 11:30ean eta 13:00etan. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da 946 480 704 telefono zenbakira deituz edo ugao-miraballes-museo@ortzadar.es e-postara idatziz.

Hilaren 5ean ere, 18:00etatik aurrera Berdinki zirku konpainiaren ‘Mikra‘ saioa eskainiko dute institutuko kirol pistan. Jarduera adin guztietako herritarrentzat izango da eta saioak berdintasuna landuko du akrobazien bidez, ikusleei hausnartzeko gonbidapena luzatuz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak