☉ Ugao
Bakardade egoeran dauden 60 urtetik gorako ugaotarrek zaintzaileen doako laguntza eskatu dezakete
Izen-ematea zabalik dago. Adinaz gain, eskatzaileek ez dute bestelako baldintzarik bete beharko; Udalak ez ditu kontuan hartuko eskatzailearen familia egoera, errentaren zenbatekoa, ezta mendekotasun gradua ere

Bakarrik dauden adinekoei konpainia egiteko edota egunerokotasunean egiten dituzten lanetan laguntzeko, doako zerbitzua jarri du eskura Ugaoko Udalak. ‘Zaintzaileak Ugaon’ barruan, 60 urtetik gorako herritarrek eta familiek zaintzaile baten laguntza jaso dezakete “medikura joateko, erosketak egiteko, etxetik irteteko zein Ugaotik paseoan ibiltzeko edo plazan gelditu eta, besterik gabe, hitz egiteko”.
Adinaz gain, eskatzaileek ez dute bestelako baldintzarik bete beharko. Udalak ez ditu kontuan hartuko eskatzailearen familia egoera, errentaren zenbatekoa, ezta mendekotasun gradua ere, eta, beraz, udalerrian erroldatuta dagoen edonork eska dezake programaren parte izatea.
Izena ematen dutenek martxoan hasi eta sei hilabetez (abuztura arte) jaso ahalko dute arreta. Hala ere, programaren kudeatzaileek jakinarazi dute oraindik ezin dutela ziurtatu egunean zenbat orduz jasoko duten laguntza, zerbitzua interesa dutenen kopuruaren eta beharren araberakoa izango baita.
Arduradunek diotenez, momentuz, “oso jende gutxik” eman du izena eta epeak zabalik jarraitzen du. Eskatzaileek telefonoz (94 648 07 04 edo 688 718 194 zenbakietara deituta) edo emailez (zaintzaileakugaon@gmail.com helbidean) egin dezakete zerbitzurako eskaera.
Zaintzaile ugaotarrak
Urtarrilean aurreratu bezala, ‘Zaintzaileak Ugaon’-ek (hauskortasun egoeran dauden adinekoei laguntzeaz gain) herriko enplegua bultzatzeko helburua ere badauka. Eta horregatik, asistentzia lanetan jardungo duten zaintzaileak langabezian egon diren 8 ugaotar izango dira.
Kontratazioak Lanbideren bitartez egin dituzte urte hasieran. Hilabete batez laguntza eskaintzeko prestaketa ikastaroa egin ondoren, hautatuek sei hilabeteko lan kontratua izango dute % 75eko lanaldian.
Mendekotasuna duten herritarren 87 zaintzaile artatu dituzte Arrigorriagan, 2022an
☉ Ugao
Joseba Borde ugaotarra berriro espetxeratu dute, fiskaltzak hirugarren graduari helegitea jarri ostean
Erabakia salatzeko, manifestazioa deitu dute ekainaren 9an (ostirala), Ugaoko Herriko Plazan, 20:00etan

Pasa den hilabetean eman zioten hirugarren gradua Joseba Borde Ugaoko presoari, 20 urte eta erdi kartzelan igaro ondoren. Baina fiskaltzak helegitea jarri dio Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hartutako erabakiari, eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak gradua eteteko erreskurtsoa ebatzi bitartean, Basauriko kartzelan sartu dute bart.
Bordek 64 urte ditu, eta gaixotasun larriak dituzten presoen artean dago. Zigorraren hiru laurdenak 2019an ditu, eta oraintsu eman diote azken gradua, erdi-askatasunean betetzekoa. Baina Sarek nabarmendu duenez, justiziak ukatu egin dio eskubide hori: “Legeak ez du inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz”.
Eusko Jaurlaritzak graduen progresioaren eskumena bere gain hartu zuenetik, Sareren arabera, 42 presori onartu diete hirugarren gradua, eta horietatik 29 kasuri jarri dio fiskaltzak errekurtsoa. Gainera, “hamahiru espetxean sartu ditu Auzitegi Nazionalak, bigarren graduko erregimenean”.
Manifestazioa, 9an
Presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidean “oztopoak” baino ez direla jartzen diote Saretik: “Etxera etortzea eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko”. Horregatik, fiskaltzaren azken erabakiarekiko desadostasuna erakusteko eta Borderi hirugarren gradua onar diezaioten eskatzeko, manifestazioa deitu dute ekainaren 9an (ostirala), Ugaoko Herriko Plazan, 20:00etan.
☉ Ugao
Indarkeria Matxistaren Aurkako II. Protokoloa idatziko du Ugaoko Udalak
Kallera asanblada feministarekin batera sortu zuten Indarkeria Matxistaren Aurrean Erantzuteko Protokoloa, 2018an; orain, beste urrats bat eman nahi dute indarkeria mota horri aurre egiteko

Indarkeria matxistaren biktimei eta haien ingurukoei ematen dieten arreta hobetzeko, Ugaoko Udalak Erakunde arteko II. Koordinazio Protokoloa sortu nahi du. 2018an, Kallera asanblada feministarekin batera sortu zuten Indarkeria Matxistaren Aurrean Erantzuteko Protokoloa, eta orain, beste urrats bat eman nahi dute, indarkeria mota horren forma guztiak desagerrarazteko asmoz.
“Funtsezkoa da berdintasun politikak modu parte hartzailean garatzea, gizarte ugaotarra beren diseinuan inplikatuz”, azaldu du Ekaitz Mentxaka alkateak. Horregatik, Udaletik herritarren proposamenak eta iritziak jasoko dituzte plana erredaktatu baino lehen. Beren ekarpenak txostenean integratuta, “guztiak askatasunez eta beldurrik gabe bizi ahal izateko herri bat eraikitzeko” oinarriak ezarri nahi dituzte protokoloan.
Ostiraleko bilera
Bizilagunekin batzeko, ekainaren 2rako (ostirala) luzatu dute deialdia. Herriaren Enparantzan karpa bat jarriko dute 16:00etatik 19:30era bitartean, nahi duenak hurbildu eta gaiaren inguruan bere iritzia eta protokolorako proposamenak luzatu ditzan.
Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa aurkeztu dute Ugaon
☉ Ugao
#M28 | Ugao | Ekaitz Mentxaka (EAJ) izango da Ugaoko alkate hirugarrenez
#M28 | Ugao | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.
☉ Ugao
#M28 | Osasun zentroa, auzoetako taxia eta alokairu sozialak nahi ditu Ugaoko EH Bilduk
Sei puntu biltzen dituen hauteskunde-programa zabaldu du Ugaoko EH Bilduk. Osasun zentro berria sortzea izango da lehentasun nagusietako bat

Udal hauteskundeetarako lau egun eskas falta direla, Ugaoko EH Bilduk zabaldu du datorren legegintzaldirako prestatu duen programa. “Ugaotarrak erdigunean izango dituen gobernua da gurea”, azaldu du Maider Gaztaka alkategaiak: “Herritarren beharrak zeintzuk diren badakigu, eta horren arabera, lehentasuna duten epe laburrerako beharretan eta epe luzerako proiektuetan gogor egingo dugu lan”. Horrela, sei puntu zehatz biltzen dituen proposamena ehundu du koalizio ezkertiarrak.
Lehentasun nagusia, baina, neurriotatik kanpo dagoen jarduketa bat izango da: osasun zentro berria eraikitzea. Alderditik azaldu dutenez, egungo zerbitzua ez da bizilagunen beharrizanetara egokitzen: kontsulta gelak txikiak ditu, gurpildun aulkiak edota haurren gurdiak ez dira gela guztietan sartzen, ez dago larrialdietarako irteerarik… Eraikin berria egiteko, lursail publikoa lortzeko bideak bilatu nahi dituzte EH Bildutik, eta herriaren erdigunean kokatu “irisgarritasun neurri unibertsalak eta segurtasun neurri guztiak beteko dituen zentroa”.
Auzoak
Irisgarritasunari lotuta, gainera, herriko hainbat gunetan jarduketak egin nahi dituzte datorren legegintzaldian; bereziki, auzoetan. “Hirigunetik kanpoko auzo guztiak bilduko dituen foro bat sortuko dugu auzotarren beharrak ezagutzeko, kasu bakoitza aztertzeko eta irtenbide bat emateko”. Era berean, auzo horietan, prezio murriztuan taxi-zerbitzua eskaini nahi diete, larrialdietarako eta bestelako beharretarako.
Kasu partikularrei lotuta, Goikiri herrigunearekin lotzeko plana ere abiatu nahi dute EH Bildutik, “aldapa gutxiago eta seguruagoa duen oinezkoentzako ibilbide alternatibo berri baten bidez”. Ondategin eta Asitibin, berriz, oinezkoentzako bidea berrantolatuko dute, eta atseden guneak eta jarduera fisikoa praktikatzeko lekuak sortuko dituzte ibilbidean zehar. Ildo beretik, haur gehien dituzten auzoetan, “Eskola-Bidea” proiektua jarriko dute martxan, “guztiak batera eta eskolara lagunduta joan daitezen”.
Emakumeak eta gazteak
Umeez gain, andrazkoei eta gazteei zuzendutako esku hartzeak ere proposatu dituzte hauteskunde-programan. Lehenengoei dagokienez, lehentasuna eman nahi diote herriko eragileekin batera “biltzeko, guztien artean ikasteko eta bizi-kalitatea hobetzeko” aukera emango duen Emakumeen Etxea sortzeari. Gazteei dagokionez, beste hainbat proiektu garatu nahi dituzte: “Emantzipazioa erraztuko dugu, diru laguntzak emanez eta inguruko enpresetan lana sustatuz; haiek antolatutako ekitaldiak babestu, gazte sorkuntza bultzatzeko baliabideak sortu eta gazteentzako espazioak bilatuko ditugu”.
Alokairu soziala
Ugaotar zaurgarrienei laguntzeko, herrian hutsik dauden etxebizitzak alokairu baxura bideratzeko proiektua ere aurkeztu du koalizio ezkertiarrak. Egun, alderdiaren arabera, 200 etxe daude bizilagunik gabe: “Jabeekin batera egingo dugu lan, alokairuan segurtasuna eta garantia eskaini ahal izateko”.
☉ Ugao
#M28 | Bidegorria, osasun zentro berria eta aparkaleku gehiago egin nahi ditu Ugaoko EAJk
Hauteskunde-programan 10 ildo nabarmendu dituzte Ugaoko jeltzaleek. Adinekoei eta gazteei zuzendutako esku hartzeak eta irisgarritasuna hobetzekoak ere aurreikusi dituzte

Ugaoko jeltzaleek aurkeztu dituzte hauteskunde-programako ildo nagusiak. Datorren legegintzaldian agintera helduz gero, EAJk Ekaitz Mentxaka alkategaiarekin jarri nahi ditu martxan lau urteei begira prestatu dituzten 10 neurriak. Bidegorria martxan jartzea, polikiroldegiko piszinan aldaketak egitea eta irisgarritasuna hobetzea izango dira jarduketetako batzuk.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin hartu-emanetan egon ondoren, eta urte askotako lanaren ostean, bidegorria datorren legegintzaldian bukatuta izan nahi dute jeltzaleek. Herria igaroko duen bizikletentzako bidea haientzako “lehentasuna” dela adierazi du Mentxakak: “Inplikazio osoa eta konpromiso guztia daukagu”.
Halaber, luzetik datorren beste proiektu bati ere heldu nahi diote: osasun zentro berria sortzea. EAJtik jakinarazi dutenez, “modernoagoa, irisgarritasun hobea duena eta zerbitzu berriak ematea ahalbidetuko duena” izango da aurreikusita daukaten zentroa.
Horrekin batera, polikiroldegia herritar guztiei hurbiltzeko esku hartzeak ere egin nahi dituzte. Kiroldegian piszinarako banatutako bi espazio sortzea da proposamenetan biltzen dutena: horietako bat uretako ekintzak egitera bideratuko lukete (haurrentzako edo adinekoentzako igeriketa, adibidez); eta bestea, lasaitzeko gunea izango litzateke (spa eta antzekoekin).
Irisgarritasuna eta bideak
Auzoetan eta bideetan egin behar diren jarduketei lotuta, hainbat zona banatu dituzte jeltzaleek. Ugaotar guztien gozamenerako Goikirin berdegune handia prestatzeaz gain, auzunerako sarbideak hobetzea planteatu dute. Era berean, San Bartolome eta Glorieta de Epalza (Haurreskolako parkea) birgaitzeko obrak egin nahi dituzte.
Hezkuntza zentroetarako bideak hobetzeko, berriz, hilerriko zubitik eskolara doan bidea erdipeatonalizatuko dute, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Eta ildo beretik handituko dute herriko txandakako aparkalekuen kopurua ere.
Adinekoak eta gazteak
Kolektibo espezifikoei zuzendutako neurrien artean, EAJk nagusienak eta gazteenak jarri nahi ditu erdigunean. Horregatik, jubilatuen etxerako langile gehiago kontratatzea proposatu dute datorren legegintzaldirako, eta gazteei zuzenduta, hauentzako jarduera gehiago antolatzea hitz eman dute (kontzertuak, irteerak, formakuntza eta baita beste herri batzuetako jaietara joateko autobusak).
Energia burujabetza
Urte askotan zehar lanean aritu diren beste proiektuetako bati jarraipena ematea da neurrietatik hamargarrena jeltzaleentzako. Energia berriztagarrien arloan luze jardun arren, egiteko asko dagoela gogoratu dute. Ildo horretatik, “plaka fotovoltaikoak jarriko ditugu, auto elektrikoak kargatzeko puntuak, eta energia-komunitate bat sortzeko aukera aztertuko dugu”, adierazi du Mentxakak.