☉ Ugao
Ugaoko igerilekuko aldageletan gizon batek adingabeko neskei egindako grabaketak salatu dituzte
Umeetako batzuen gurasoek egin dute salaketa. Kontzentrazioa deitu dute ostiralerako, 19:30ean, herriko plazan

Ugaoko udal igerilekuetako aldageletan gizon batek 12 urtetik beherako zenbait neskari grabaketak egin dizkiela salatu dute. Gertakaria pasa den ostiralean jazo zen, eta umeetako batzuen gurasoek eman dute gaur bere berri.
“Antza denez, ez da lehen aldia”, diote, gizon horrek zenbaitetan jarrera desegokiak izan dituela ikusi baitute. Gainera, nesketako batzuk “salatzeko beldur” direla azaldu dio guraso batek hedabide honi.
Erasoak gaitzesteko, kontzentrazioa deitu dute ekainaren 30erako. Ostiralean, “Emakumeen eta haurren aurkako indarkeria gehiagorik ez! Ez Ugaon, ez inon!”, lelopean batuko dira herriko plazan, 19:30ean.
☉ Ugao
Zineforuma egingo dute Ugaon Aritzeder Arregi zinemagilearekin
Martxoaren 25ean, zinemagilearen hainbat film laburren proiekzioa eskainiko da, eta solasaldi parte-hartzailea egingo da ikusitakoaren inguruan

AEK-ko ‘Praktikatu eta Bizi’ programak zineforuma antolatu du Jane jauregian, martxoaren 25ean, 10:30etik 12:00ak bitartean, Aritzeder Arregi zinemagile ugaotarrarekin.
“Aritzeder Arregi zinemagilearen hainbat film laburren proiekzioa eskainiko da, eta solasaldi parte-hartzailea egingo da ikusitakoaren inguruan, egilearen presentziarekin”, azaldu dute antolatzaileek.
Aritzederrek zuzendari eta gidoilari lanak egin ditu ‘Cartas de Guerra’ (2016) laburmetraian (Eneko Sagardoy, Urko Olazabal eta Mariano Estudillo aktoreekin), zuzendari lez egin du behar ‘El Duelo’ (2018) zintan eta 2008 eta 2009 urteen bitartean ekoiztutako ‘Making Of’ telebista saioan aritu zen ere, besteak beste.
Ugaoko zineforumean parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako, interesdunek 663 040 035 zenbakira deitu beharko dute.
☉ Ugao
Argazkiak | Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokak ehunka lagun elkartu ditu Ugaoko kaleetan
10:30etik 15:00ak arte, bertara hurbildu zirenek eskualdeko eta inguruetako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten

Emakumeen Nazioarteko Egunean, joan den igandean, Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokaren 26. edizioa antolatu zuen Ugaoko Udalak Herriaren enparantzan.
10:30etik 15:00ak arte, bertara hurbildu zirenek eskualdeko eta inguruetako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten: ogia, barazkiak, arrautzak, gaztak eta esnekiak, ardoa, gildak, gozoak… Hitzordu honetara ehunka lagun gerturatu ziren.
“Urtez urte sendotzen ari den hitzordu honek landa-eremuko genero-ikuspegia balioan jartzen du eta emakumeek lehen sektorean duten funtsezko zeregina aitortzen du”, azaldu zuten udal ordezkariek.
Hurrengo egunetan, gainera, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko Udaletik.
Egitaraua | Emakumeen Nazioarteko Eguna
Martxoak 11, asteazkena
18:00 Zineforuma eta mahai ingurua: ‘Fabricando Mujeres’, Jane jauregia
Martxoak 14, larunbata
18:30 Tailerra: Berdintasunaren aldeko kamisetak, Jane jauregia
18:30 Berdintasunaren aldeko escape room-a, Jane jauregia
Martxoak 20, ostirala
18:00 Zineforuma eta mahai ingurua: ‘Volar’, Jane jauregia















☉ Ugao
Bideoa | Martxoaren 8a “espazioak hartzeko eguna” ere badela azaldu dute Ugaoko Emahots Talde Feministatik
Emahots Talde Feministako Ainize Perez eta Leire Untzuetarekin izan gara urteroko hitzordu honen inguruan berba egiteko

Emakumeen Nazioarteko Egunean mobilizazio ugari egin dituzte Hego Uribe eskualdeko hainbat lekutan. GEURIA Emahots Talde Feministak Ugaon antolatutako manifestazioan eta ekitaldian izan zen.
Ainize Perez eta Leire Untzueta kideekin berba egin dugu Martxoaren 8aren inguruan. Atzoko argazki guztiak hementxe topa ditzakezu.
☉ Ugao
Ez Dok Bape ugaotarrek kontzertua eskainiko dute Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren jaian
Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon, Korrika kulturala dela eta

Ez Dok Bapeko mutilek kontzertu berezia eskainiko dute martxoaren 13an, Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren Jaia dela eta.
Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon: eskolako umeen bertsoak eta Korrika Txikiko pankarta margoketa eta photocalla, txalaparta tailerra, Mintzodromoa… egitarau osoa esteka honetan ikus dezakezu.
Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernako kontzertua 21:30ean izango da. “Dorretxea Herriko Taberna hainbat emanaldiren topaleku izango da martxoan zehar”, iragarri dute antolatzaileek. “Herriko beste eragile batzuekin burututako lanketaren ondorio da martxoan zehar antolatutako egitaraua. Mota desberdinetako ekitaldiak izango ditugu gurean”.
Programa joan den martxoaren 7an abiarazi zuten DJ HMNDETXERA deustuarren dantza, perreo eta juergarekin. Ez Dok Bape bandaren kontzertua eta gero hilabeteko azken jarduera antolatu dute hilaren 27an Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan: Elisabet Mejuto, Julen Pagazaurtundua eta Asier Galarzaren ‘Bakarrizketak Euskaraz’ saioak, alegia.
☉ Ugao
Argazkiak | Ugaotarrek “Egunak eta gauak gureak dira” oihukatuz hartu dituzte herriko kaleak, M8an

100 herritar baino gehiago kalera irten dira Emakumeen Nazioarteko Egunean, Ugaon. Lema nagusia, jakina denez ‘Beste mundu bat feminismotik’ izan da eta herrian elkarretaratzea egin ostean kaleetatik irten dira, emakumeen borrokaren alde.
12:30ean manifestazioa hasi dute herriko kaleetan barrena eta ibilbidea parke berdeko frontoian amaitu dute. Bertan, ekitaldi xume bat prestatu dute herriko eragile batzuek.
“Gaurkoan kalera aterako gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez”, azaldu dute Emahots Talde Feministatik.
“Lehena martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik. Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzenduen ndarkeriarekin mozteko”, gehitu dute.
“Martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintzak lanak prekaritatearen, makumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera”.
“Eta, azkenik, martxoaren 31, Trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara”.








































