Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Ugao

Alberto Muguruza: «Osakidetzak denbora, dedikazio eta inbertsio gehiago egin beharko lituzke»

Ugaon egiten du lan Alberto Muguruzak mediku gisa. Pandemiak baldintzatutako 2020. eta 2021. urteak pasa ostean, normaltasun osoz bizi dugun egoeraz solasean luze eta zabal egon gara berarekin garai haien inguruan

|

Alberto Muguruza, Ugaoko medikua // Geuria

2009aren amaieran iritsi zen Alberto Muguruza Valdeolmillos (Bilbo, 1965) Ugaoko kontsultategira mediku bezala lan egitera. Hamar urte baino gehiago daramatza Muguruzak Ugaoko herritarrak artatzen, eta, gaur egun, hor jarraitzen du lehen arretako mediku gisa, astelehenetik ostiralera. 2020an heldu zen COVID-19ak eragindako pandemia, eta Muguruza bere lankideekin batera lehen lerroan ibili zen egoera geldiarazteko. Pandemia garai hura nola bizi izan zuten galdetu diogu, baita gaur egun daukagun osasun-sistemaren egoerari buruz ere.

Hamar urte baino gehiago daramatzazu lanean Ugaoko kontsultategian. Kontsultategia txiki geratu dela esango zenuke? Bai, hala esan daiteke. Izan ere, ez da herri txiki batek izan lezakeen ohiko kontsultategia, Ugaok gaur egun populazio garrantzitsua baitu. Horrez gain, kontuan izan behar da kontsultategi honek beste bi herri periferikori ematen diela zerbitzua, Arrankudiagari eta Zeberiori. Eta horri erantsi behar zaio zeregin administratiboak, erizaintzako lanak eta zeregin existentzialak ere biltzen dituela kontsultategi honek.

Osasun-zentro bat irekitzeko ideia proposatu zen 2022ko udan. Ez nuen horren berririk jaso. Ez nekien, baina hau ez da tamaina arazo bat. Osasun-zentro batek ordutegiari eta administrazioko langileei dagokienez behar dituen egitura eta baliabideak eman behar zaizkio kontsultategiari.

Zertan desberdintzen da kontsultategi bat osasun-zentro batetik? Kontsultategiekin alderatuz, osasun-zentroak egitura administratibo ahaltsuago batekin hornituta daude. Osasun-zentroetan zentroko arduradunak daude eta herritarrekiko, administrazioarekiko eta buruzagitzekiko hizketakideak ere badira. Beste ezberdintasun bat aipatzearren, ordutegiak zabalagoak izan ohi dira osasun-zentroetan.

Kontsultategietan administratibo gutxiago daude arreta emateko biztanle gutxiago dituztelako. Bestalde, ordutegiak murriztuagoak izaten dira; goiz erdiko ordutegia izaten da ohikoena.

Zenbat langilek osatzen duzue gaur egun Ugaoko kontsultategia? Gaur egun bi mediku gaude, hiru erizain, pediatra bakarra –lanaldi partzialean dagoena eta eguneroko kontsulta ez dena– eta, azkenik, bi administratibo eta errefortzuko beste bat. Hamar langile baino gutxiago gara kontsultategian, eta egunaren arabera kopurua aldatzen da. Esate baterako, lankide batek goiz erdia Ugaon pasatzen du eta beste erdia Arrankudiagan; herri batetik bestera igarotzen du goiza.

Hamar langile baino gutxiagoko zentro bat kudeatzea errazagoa izango da. Bai, argi dago. Zentroaren tamainaren arabera kudeatzeko zailtasun maila aldatzen da. Zentro handiak, ospitaleak kasu, antolatzeko zailagoak dira, jakina.

Eta nola antolatu zineten Ugaoko kontsultategian COVID-19ak eragindako pandemia iritsi zenean? Zentro periferikoak itxi ziren eta zonalde honetan Ugaoko eta Arrigorriagako zentroak zabalik mantendu ziren prozesu akutuen arreta ziurtatzeko. Gu arreta telefonikoaren bidez jartzen ginen harremanetan gaixoekin ezohiko kasu batzuetan izan ezik. Baina itxialdi orokorra zela eta, norbaitek etxetik irten behar bazuen, justifikatu egin behar zuen. Denboraren poderioz, prozesua aldatzen joan zen, baina Ugaon ez zen egon COVID plantarik. Arrigorriagan denborarekin modulu bat egin zen eta txandakatu egiten ginen hara joateko.

Bestalde, zentroen antolaketa egin zenean, COVID-19ko eguneroko arreta Basaurira bideratu zen. Etxebarritik Arrankudiagara, zonaldeko COVID-19ko arreta osoa Basauritik kontrolatzen zen. Baliabide gutxi izan genituen gure esku, baliabideak, musukoak eta abar Basaurin baitzeuden. Orduan, egunerokotasunetik libre geratu ziren lehenengo zentroak periferikoak izan ziren. Kasu honetan, Zeberio eta Arrankudiagako lankideak izan ziren, eta Basaurira joan ziren COVID-19ak kutsatutako pazienteak artatzera.

Zenbait arlotan gauzak hobeto egin zitezkeen. Gauzak nola izan diren ikusi ondoren, bai, arlo askotan gauzak hobeto egin zitezkeen, baina birusa etorri zen eta ustekabean harrapatu gintuen denok. Agian hobeto planifikatu zitekeen goitik material hornidura gehiago eginez, baina ulertzen dut hori ez zela erraza izan. Antolakuntzari dagokionez, oso inprobisatua izan zen dena. Beraz, nire ustez, ahalik eta ondoen eta ahalik eta borondate handienarekin egin ziren gauzak.

Nola bizi izan zenituzten medikuek pandemiako lehendabiziko hilabete latz haiek? Birusa bazetorrela zirudien, eta azkenean iritsi zen. Itxialdi orokorra ezarri zen eta ordura arte ezagutzen ez genuen egoera bati aurre egin beharko geniola ikusi genuenean, jakin genuen asko eskatuko zitzaigula. Erronkari aurre egiteko, bilerak egiten genituen goizeko lehenengo orduan, zortzietan, lanaldia hasi baino lehen. Kontsultak antolatzen genituen, protokolo berriak irakurri eta abar. Etengabe ari ginen informazio berria jasotzen jarduteko moduari buruz.

Erreta zeundetela esango zenuke? Erreta egotearen sentsazioa aurretik zetorren jada. Langileen gainkarga existentziala lehenagotik zetorren. Egia da pandemian zehar hainbat egunetan ordu asko sartu genituela, baina ez genuen estutasun sentsaziorik eduki beste kasu batzuetan bezala. Ordu asko ematen genituen lanean, baina gutxi gorabehera modu antolatu batean egin zitezkeen gauzak.

Osasungintza publikoa pandemiatik are kaltetuago atera dela esaten da. Esan bezala arazo hau lehenagotik dator. Egunetik egunera lehen arreta gero eta gainezkatuagoa zegoen eta langileak ere guztiz gainezkatuta zeuden, aldatzen ez ziren baliabideekin hainbeste gauzatara iritsi behar zutelako. Biztanleriaren osasun-beharrak, osasun-programak, kontsultak, pertsona kronikoei eta adineko pazienteei arreta emateko programak handitu egiten dira. Eta, hala ere, berdinak izaten jarraitzen dugu esleitutako denbora berarekin. Baina egia da pandemiak osasun publiko sistemaren gabeziak azaleratu dituela. Osasungintza zerbitzu oso mugatua da.

2020ko eta 2021eko Gabonak baldintzatuta geratu ziren pandemiagatik. Aldiz, 2022ko Gabonak normaltasunez ospatu ziren. Zuek ere normaltasun hori nabaritu duzue kontsultategian? Egia da 2021aren amaieratik ohikoa den kontsulta berreskuratu dela. Hortik aurrera normalitatera itzultzeko urratsak egin ziren. Egia da gaur egun birusak ez digula hainbeste denbora kentzen. Lehen agenda zehatzak genituen kutsatuta zeuden gaixoentzat. Aldiz, azken Gabonetan ez dugu halakorik izan; Arrigorriagako moduluak, adibidez, ez zuten behar bezala funtzionatzen eta desegin zituzten. Esan genezake COVID-19aren birusa oraindik hor dagoela, baina arreta berezi hori ez dela beharrezkoa.

Arreta telefonikoa mantendu egin da. Arreta telefonikoak jarraitzen du gauza batzuk aurreratzea eragin duelako. Badirudi geratzeko etorri zela, baina arreta telefonikoak gauza jakin batzuetarako balio du. Hala nola, proba jakin baten emaitzak emateko edo administrazio-lanak egiteko. Dena den, osasun arazo bat tratatu behar denean, telefono bidezko arretak ezin du arreta presentziala ordezkatu, telefono bidezkoak informazio gutxiago ematen baitigu.

Nola ikusten duzu Osakidetzaren egoera gaur egun? Osakidetzak denbora, dedikazio eta inbertsio gehiago behar ditu zerbitzu publiko gisa. Lehen arretan inbertitu beharra dago eta proposatzen den aurrekontuaren % 25 horretara iritsi behar da. Orain ez dakit zehazki zenbat inbertitzen den aldatzen joaten delako, baina aurrekontuaren % 12an egongo da. Asko dago egiteke lehen arretan. Adibidez, familiako medikuaren eginkizuna berreskuratu behar da. Benetan garrantzia duten eginkizunetan zentratu behar da lehen arreta eta ez hainbeste gai administratibo eta burokratikoetan.

Azken urteetan Osakidetzan proba bat egiteko zain dauden herritarrek gero eta gehiago itxaron behar izan dute. Ugaon ere bai? Ugaon eta lehen arretan, orokorrean. Arreta espezializatuan beti egon dira itxaron-zerrendak eta hori lehen arretara hedatzen ari da medikuarekin hitzordua lortzeko gero eta gehiago itxaron behar dutelako herritarrek. Batez ere, oporrak diren garaian gertatzen da hau profesionalak ez daudelako eta beste ordezkorik ez dagoelako. Ez dago profesional nahikorik langile aktibo guztiak betetzeko, eta horregatik izaten da batzuetan.

Zer eskatuko zenioke Osakidetzari 2023. urte honetan? Batetik, profesionalak zaintzea. Langileek onuragarriak ez diren baldintzetan lan egin behar dute, eta horrek ez du ordainketarekin zerikusirik, baliabideekin baizik. Nire ikuspuntutik, denbora da langileok biztanleriari arreta emateko behar dugun baliabide nagusia. Hortaz, denbora kentzen digun hori guztia kendu beharra dago benetan egin behar duguna egiteko. Izapide administratibo eta burokratikoak kendu behar dira adibidez. Bestetik, zentroetan langile gehiago banatzea. Lehen arretan kupo bakoitzari dagozkionak baino gehiago egon beharko lirateke gauza asko egin daitezkeelako. Esaterako; arreta komunitarioa, ekografiak edota ikerketak. Horretarako denbora eskaini behar da eta ez da ematen.

☉ Ugao

‘Umeentzako Antzerkiak’ hiru antzezlan eskainiko ditu euskara hutsean Ugaon

Abenduaren 8tik 22ra antolatu dituzte antzezlanak. Saioak doakoak izango dira eta 12:30ean prestatu dituzte Jane jauregian

|

'Ama, amama, Mamuak!' // Naita Produkzioak

Ugaoko Udalak Umeentzako antzerki zikloa antolatu du euskara hutsean eta doan abenduaren 8tik 22ra. ‘Erbia eta dordoka’, ‘Ama, amama, mamuak!’ eta ‘Kuku: ezkutuan dauden emakumeak’ izango dira haurrentzako saioak eta  Jane jauregian prestatu dituzte 12:30ean.

Glu Glu taldeak ‘Erbia eta Dortoka’ alegia mitikoa taulara eramango du. Kondaira zaharrek haurrak dibertitzeaz gain, hezteko ere balio dute. Umeek primeran pasatzen duten bitartean adimena garatzen laguntzen dien istoriak dira. Kasu honetan, lanaren, konstantziaren eta ahaleginaren garrantziaz jardungo gara.

Erbiak dortokari beti barre egiten dio, zergatik eta poliki ibili ohi delako, gauzak astiro egiteko ohitura duelako. Halako batean, Dortokak lasterketa egitea proposatuko dio erbiari: ea zeinek mendia azkarren gurutzatu. Erbiak pozarren onartuko du erronka.

Erbiak eta Dortokak beste animalia askorekin topo egingo dute bidean. Denen artean, alegia klasikoa kontatzeaz gain, abesti herrikoien laguntzaz, lasterketa hau antzezlan komikoa bihurtuko dute.

‘Kuku: ezkutuan dauden emakumeak’ // Eidabe teatroa

‘Ama, amama, mamuak!’ antzezlanak hildakoei, mamuei eta oroitzapenei buruzko abentura zirraragarria erakutsiko die 5 eta 12 urte bitarteko haurrei. Nerea Ariznabarreta eta Aitor Vinagreten obra honek laguntasunaz, familiaz eta bizitzaren zikloaz hitz egiten duen istorioa taularatuko du. “Gogoratzen ditugunak gurekin izango ditugulako. Gogoan geratzen dena hiltzen da azkena”.

Eidabe teatroak bi antzezle ekarriko ditu eszenatokira ‘Kuku: ezkutuan dauden emakumeak’ obrarekin. Antzerki bat egitera etorri dira, argi dute hori, baina argazkiz eta negatiboz betetako kutxa bat azaltzen da antzokiak. Nork ekarri du? Zertarako? Norenak dira argazki horiek guztiak? Vivianenak al dira? Antzerkia egin ahal izango dute, edo argazki horiek harrapatuta geldituko dira eta euren istorioak publikoarekin elkarbanatu behar izango dituzte?

Osorik irakurri

☉ Ugao

Goio Ramos ugaotarrak ‘London Calling’ eleberria aurkeztuko du Durangoko Azokan

Ramosek Ahotsenean hartuko du parte hilaren 8an eta Elkar Pozan izango da abenduaren 10ean

|

Goio Ramos, Ugaon // Geuria

Gaurtik hasita eta abenduaren 8ra arte izango da Durangoko Azokaren 59. edizioa eta Hego Uribeko sortzaileen artean Goio Ramos irakasle eta idazleak bere lehen liburuaren aurkezpena egingo du bertan.

Izan ere egun bitan egongo da Ramos Durangon: hilaren 8an kontzertua eskainiko du Ahotsenean Kepa Criadorekin batera 17:30ean, eta abenduaren 10ean Elkar Pozan izango da 18:30etan, bere lehen eleberriaren aurkezpen musikatua egiten.

London Calling

Iaz Zubikarai beka irabazi zuen Goio Ramos ugaotarrak eta 4.000 euroko sariaz gainera eleberri bat idazteko aukera eman zioten. Urtebeteko lanaren ostean, buruan zeukan proiektuari bizia eman dio Ramosek: ‘London Calling’.

“Istorio horren barruan pertsonaia nagusien arteko harremanak eta nondik norakoak kontatzen ditut, besteak beste”. Helduentzako eleberri bat idazten duen lehen aldia da honako hau Goiorentzat, orain arte umeentzako kontakizunak idatzi baititu.

Eleberri hau, gainera, musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du Ramosek (kontzertu baten egitura du: introa, setlista eta outroa), musikak ugaotarraen bizitzan duen pisu handiagatik.

London Calling liburuaren nondik norakoak artikulu honetan jaso zituen GEURIAk joan den urriaren amaieran.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Pruden Peña ‘Ecos de Ugao’ aldizkariko zuzendari ohiak aztarna sakona utzi du herritar askorengan

Ontzi-enpresa bateko zuzendaria izan zen besteak beste eta munduari sei edo zazpi aldiz bira eman ziola azaldu diote herritarrek GEURIAri

|

Pruden Peña // Geuria

Odol emaileen ‘Ecos de Ugao’ aldizkariko zuzendari izandako Pruden Peñaren heriotzak aztarna sakona utzi die auzotar askori. Duela egun bi zendu zen ugaoko auzotarra, baina herrian utzi duen oroimenaren inguruan berba egin dugu auzotarrekin.

“Umezurtz utzi gaitu Ugaon, hainbat zentzutan. Goian bego, Pruden. Valdeande bere herriko Junkaleko Ama Birjina, eta bere beste herrikoa, Ugaoko Udiarragakoa, zu zaintzen ariko dira orain”, azaldu du Iñaki García Uribe ugaotarrak.

Pruden Peña ugaotarraren heriotzaren berri izan berri dut”, adierazi du Ekaitz Mentxaka Corral alkateak bere sareetan. “Pertsona eredugarria, arrastoa uzten duten horietakoa, ahazteko benetan zaila diren pertsona horietakoa; beti besteei laguntzeko prest eta gure herriaren alde lan egiteko prest egon izan da”.

Herritar arduratsua

Herriari ekarpen asko egin zizkion herritarra izan zen Pruden. Jende gaztearentzat ziurrenik pertsona ia ezezaguna izango zen, baina Ugaoko nagusiek eta adinekoek ondo badakite herriari modu praktiko batean laguntzeko prest zegoela beti.

Urte asko zeramatzan erretiratuta Prudenek (20 baino gehiago) eta azken urteetako osasun arazoek makal utzi zuten, baina aktibo egon zen garaian lan ezberdinetan aritu zen Ugaokoa: ontzi-enpresa bateko zuzendaria izan zen besteak beste eta munduari sei edo zazpi aldiz bira eman zion lan hartan.

“Herriko familien elkartean lan egin zuen bereziki, Ugaori dagokionez”, azaldu du Garciak. “Francoren garaitik gaur egun arte iraun duen Ugaoko elkarte bakarra da eta herriko familia guztiak elkartzeaz arduratu egiten zen”. Prudenek kolaborazio lan ugari egiten zuen odol emaileen elkartearekin, eta talde hark argitaratzen zuen aldizkariko zuzendaria zen urte askotan zehar. Argazki makina gainean eramaten zuen gainera, aldizkarian Ugaoko bizitza sozialaren inguruko publikazioak egiteko. “Estankotik ere argazkiak bidaltzen nizkion, kubritu ezin zituen jardueren edukiak izateko”.

Pruden, Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiarekin // Iñaki García Uribe

Kazetari lan horiek egiteaz gainera odol erauzketak koordinatzen zituen herriko anbulatorioan. Udiarragako jaietako pregoilaria izan zen Peña. Iñakik azaldu du Ugaoko jaietako pregoilari izateak “ilusio berezia” egin ziola herritarrari: “Herriak berari egindako opari handiena dela uste dut”.

“Kultura handiko pertsona zen eta bere laguntza adineko jendeari bideratu zion bereziki eta ekarpen ugari egin zizkien”, gehitu du Garcíak eta Adolfo Suarez Espainiako presidenteak Ugaora egindako bisita batean berarekin argazki bat egiteko aukera izan zuen (lerro hauen gainean ikusgai) herrian poteak hartzen zituzten bitartean. “Pasarte hura benetan xelebrea izan zen!”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Menopausiaren inguruko tailerra eskainiko dute esparruko aditu bik Ugaon

Abenduaren 10 eta 17an antolatu dute ‘Bidaia menopausian zehar, autoezagutzatik eta plazerretik abiatuta’ tailerra, Jane jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte

|

Emakume bat // Dominic Sansotta, Unsplash

Abenduaren 10 eta 17an ‘Bidaia menopausian zehar, autoezagutzatik eta plazerretik abiatuta’ izeneko tailerra eskainiko dute Jane jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte eta izena emateko berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbidera e-posta idatziz edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz egin daitezke.

Tailerra Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak antolatu du menopausia beren gorputzaren autoezagutzatik, plazerretik eta ongizatetik lantzeko deia sentitzen duten emakumeei zuzendu dute: “Edukiaren lanketa integrala izango da, alderdi klinikoak zein sexologikoak barne, eta, batez ere, generoaren aldagaia eta, honek, emakumeen bizitzan, osasunean eta sexualitatean bizitza osoan eta, bereziki, bizitzaren une honetan duen pisua kontuan hartuta”, azaldu dute Udaletik.

Tailerra Izaskun Zarrandikoetxeak eta Janire Mirandak zuzenduko dute. Izaskun sexologoa, berriz berrelkartze-terapeuta eta indarkeria matxistetan espezializatutako gizarte langilea, da eta Janire ginekologian eta obstetrizian espezializatutako erizaina, Osakidetzako emagina.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bizkaidendak aplikazioak Ugaobonoak zuzenean trukatzeko aukera eskainiko die herritarrei aurten

Aurten 3.000 Ugaobono banatuko dituzte, iaz baino 1.400 gehiago, “ingurumenarekiko konpromisoa babestuz eta saltokien zein herritarren arteko banaketa zuzena bultzatuz”

|

Ugaotarrak erosketak egiten // Geuria

Ugaobono 2024 kanpaina abenduraen 2tik 31ra antolatu du aurten Ugaoko Udalak eta 3.000 txartel banatuko dituztela adierazi dute gaur goizean osoko bilkuren aretoan egindako prentsaurrekoan, iazkoan baino 1.400 gehiago. Udalak aurrekontuko 16.000 euro bideratu ditu kanpaina honetara.

Aurten, Bizkaidendak Bizkaiko merkatarien ostalarien eta zerbitzu-enpresen elkarteen federazioaren bonuen aplikazioari esker ugaotarrek telefono mobilaren bidez trukatu ahalko dituzte kanpainako txartelak: “Prozesua arinagoa, jasangarriagoa eta txartel horiek erabili nahi dituzten pertsonen ordutegietara egokitzeko modukoa izango da”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.

Berritasun honi esker, 18 urte baino gehiagoko herritarrek bonuak zuzenean trukatu ahal izango dituzte programari atxikitako establezimenduetan NANa aurkeztuz. Horrela, aurreko urteetan eman behar ziren pausuak ekiditeko aukera izango dute: udaletxera ordutegi jakin batzuetan joan, txartelak hartu…

Herritar bakoitzak hiru bonu erosi ahalko ditu: 30 euroko bat eta 10 euroko bi, eta erosketaren prozesua hiru urratsetan egin beharko dea azaldu dute udal ordezkariek: erosketak Ugaon egin beharko dira, erabiltzaileek atxikitako establezimenduan izena, abizena eta NAN zenbakia adierazi beharko dute eta atxikitako saltoki horiek Ugaobonos aplikazioaren bidez trukatu nahi diren bonuei dagokien deskontua aplikatuko diete.

Aldaketa honen ondorioz txartel fisikoak desagertuko dira “ingurumenarekiko konpromisoa babestuz eta saltokien zein herritarren arteko banaketa zuzena bultzatuz”.

Bonu mota bi

30 euroko 1.000 bonu banatuko dituzte guztira eta 20 euroko prezioa izango dute. 10 eurokoak 7,5 euroko prezioan ipiniko dituzte salgai.

“Bonuak ‘Ugaobono 2024’ kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira, eta erakusleihoetan kanpainaren identifikazio-kartela jarriko dute. Gainera, bonuen bi egokitzapen egingo dira saltokien artean, kontsumitu gabeko bonuak agortu dituzten saltokien artean banatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Udalak urtero abiarazten duen kanpaina honen helburua tokiko merkataritza indratzea da eta “ugaotarren artean aurrezpena sustatzeko konpromisoa berresten duela” gehitu dute Udaletik.

Osorik irakurri