Sareak

☉ Ugao

Tren maiztasuna areagotzea eta Gau Jaiaren itzulera eskatu dio Ugaok Renferi

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak asteburuetako trenaren garrantzia nabarmendu du: “Gau Jaia kendu zuten eta sekulako zerbitzua eskaintzen zien herritarrei. Ugaotarren kexa nagusia izan da”

|

Aldiriakeko tren bat, Urduñara bidean // Geuria

Ugao eta Urduñako alkateak hitzordua izan dute Bilboko Abando geltokian, joan den urriaren 29an, Renfeko zerbitzuak emateko agentearekin eta Bilboko guneko lineaburuarekin, udalerri biek garraio enpresarekin “aldiriko zerbitzuaren kalitate eskasagatik bizilagunengandik jasotzen dituzten kexa ugarien berri emateko”.

Ugaoren kasuan, Ekaitz Mentxaka alkateak GEURIAri azaldu bezala, azken urtean Renfek Urduña eta Bilbo uztartzen dituen C3 lineako tren asko kendu ditu, “kasu askotan abisatu gabe, gainera”, azaldu du Ugaoko alkateak. “Are gehiago, askotan, tren geltokira heltzean, ordutegian ageri diren trenak ez dira nasara heltzen”.

Mentxakak balorazio positiboa egin du Bilboko batzarraren inguruan, baina “adi egon behar dela” erantsi du. “Arazoa konpontzeko bidean daudela eta ondorioz maiztasunaren problemari irtenbidea emateko” asmoa dutela gehitu du Ekaitzek, ordutegien eguneratzearekin batera.

Gau Jaiaren itzulera

Ugaoko alkateak asteburuetako trenaren garrantzia nabarmendu du. “Gau Jaia kendu zuten eta sekulako zerbitzua eskaintzen zien herritarrei eta nik esango nuke ugaotarren kexa nagusia izan dela”. Renfetik azaldu dute makinista falta dagoela enpresan eta horrek Gau Jaiaren arazoari irtenbidea emateko prozesua zailtzen duela gehitu du alkateak.

“Arazoari irtenbidea emateko insistituko diogu Renferi, ugaotarrentzat, eta bereziki gazteei, zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dielako. Hori argi dago”. Gaur egun, Bilbotik itzultzeko aukera mugatuak dituzte erabiltzaileek: “Goizeko lehen trena har dezakete gazteek edo bestela, taxi bat lagun batzuen arteak elkarbanatu”.

“Renfek aitortu du gabezia batzuk dituztela eta horiek konponduko konpromisoa hartu dute”, laburbildu du Ekaitzek. “Orain euren hitza ahalik eta lasterren betetzea da gakoa”.

☉ Ugao

#A21 / Emaitzak / Ugao / EAJrentzat garaipena, eta EH Bildurentzat igoera handiena

#A21 / Ugao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dute gaur Ugaon Envaseseko langileen alde

Herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute gaurko Ugaon, atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez

|

Martxoaren 16an egin zuten lehen manifestazioa Ugaon / Utzitakoa

Joan den apirilaren 8an aste biko grebari hasiera eman zioten Ugaoko Envases Universales multinazionaleko langileek, Aldi Baterako Lan Espedientearen kontsulta-aldia enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe amaitu ostean.

Gaur, eta atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez, herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute. LAB sindikatutik azaldu dutenaren arabera, “langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe”.

Envases Universaleseko langileek Gaubela egin zuten atzo / Utzitakoa

Egoera hori salatzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian atzotik hona, besteak beste pankarteoa, elkartasun kontzertuak, afari kolektiboa edo gaubela.

Denak bere horretan jarraituko balu mobilizazio berriak iragarri dituzte langileek, eta LAB sindikatuak kanpainan dauden alderdiei eskatu die “hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gazte Eguna egingo dute bihar, “gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”

|

Gautegun erromeria / Geuria

Musika, jolasak eta aldarrikapena izango dira Ugaon bihar egingo duten Gazte Egunaren oinarria. Helburua, antolatzaileek eurek adierazi dutenaren arabera, “gazteak elkartzeko espazioa sortzea da, gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”. 

Hori horrela, 12:00etan hasi eta gaueko ordu txikietan bukatuko den ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute. Hasteko, 12:00 taldeen arteko jolas musikatuak egingo dituzte tabernetan zehar. Hori ondoren etorriko den herri bazkariaren atarikoa izango da.

Arratsalde parterako elektrotxaranga 17:30ean, eta gauarekin batera hainbat kontzertu, hala nola Txapelpunk, Arene G, Gautegun Erromeria edo Jonkass DJa.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Veronica Martin zeberioztarrak elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko tailerra eskainiko du Ugaon

Hitzaldia Ugaoko Jane jauregian antolatu du AEK-k apirilaren 24an, 18:00etatik 19:30ak arte, ‘Praktikatu eta Bizi’ programan

|

Elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko hitzaldia eskainiko du Veronica Martin Requena nutrizionista zeberioztarrak Ugaoko Jane jauregian, apirilaren 24an, asteazkena. GEURIAk iazko apirilean elkarrizketatu zuen Zeberioko nutrizionista.

“Elikadura osasuntsua erosketa-saskian hasten da, baina gaur egun ez da batere erraza supermerkatuan elikagai onenak aukeratzea”, azaldu du nutrizionistak HasiHazi Jaten kontsultategitik. “Hainbat eta hainbat produktu mota daude, ezen jakin ere ez dakigun zer jaten dugun”. Hori dela eta, produktuen etiketak bereizten jakitea garrantzitsua dela nabarmendu dute, nahasketa batzuek gure dietak desorekatzeko arriskua sortzen dutelako.

Zeberioko produktuak // Geuria

Saioa 18:00etatik 19:30ak arte antolatu du HasiHazi jaten kontsultategiak AEK-ko Praktikatu eta Bizi programan eta Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Hitzaldian parte hartu nahi duten interesdunek 663 040 035 telefonora deituz eman beharko dute izena.

Osorik irakurri

☉ Ugao

HAPO berria ezagutarazteko saio parte-hartzailea antolatu dute Ugaon

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri onartua ezagutarazteko saio irekia Jane Jauregian egingo dute apirilaren 29an, 18:30ean

|

Goikiri auzoko eraikinak // Geuria

Ugaoko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri (HAPO) eta onartua ezagutarazteko saio irekia antolatu du Jane Jauregian apirilaren 29an, 18:30ean. Bertan izango da Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatea Udaleko teknikari eta HAPOa idatzi duten taldearekin batera: “Ekimen honen helburua ugaotarrek, onartutako dokumentuaren xehetasunak ezagutzea da, aurrekoetan egin den bezala”, azaldu du herriko alkateak.

Udal ordezkariek gogoratu lez, Ugaoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartu zuten Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuaren 2024ko otsailaren 20ko 130/2024 Foru Aginduaren bidez eta ebazpena martxoaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (61 zk.) argitaratu zen, onartutako hirigintza araudiarekin batera, Ugao-Miraballesko Udalari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari jakinaraziz.

Osorik irakurri