☉ Ugao
«Aspalditik dakigu euskara bultzatzeko, konfrontazioarekin ez dugula ezer lortuko»
“Alez ale Ugao euskaraz josi dezagun” proiektuak helburu zehatza du: herriko euskaldunak saretzea eta hizkuntza bultzatzea. Lortzeko bidea zaila izan arren, Guraso Elkartetik sortutako dinamikan eman dituzte lehen pausoak
Herrian dauden euskaldunak batzeko eta saretzeko proiektu berria sortu dute Ugaon: Alez ale Ugao euskaraz josi dezagun ekimena. Guraso Elkarteko hainbat kidek jarri dute martxan, eta haietako birekin egon gara dinamikaren nondik-norakoak hobeto ezagutzeko. Ainhoa Etxabe Chamorro (Ugao, 1979) eta Goikoana Gaztaka Gandarias (Ugao, 1974) kideek argi daukate gurasoak direla hizkuntza ohiturak aldatu behar dituzten lehenak seme-alaben eredu izateko. Baina, zer gertatzen da aita-amek hizkuntzarekiko “erresistentziak” badituzte? “Konfrontazioarekin ez goaz inora” da haien erantzuna. Herriko lagun gehienek euskararekiko jarrera ona dutela diote, eta biztanleak hain anitzak izanik (kulturalki zein politikoki), asko egin daitekeela euskararen alde: “Berdin da nondik gatozen edo zein ideia dauzkagun, euskara beti izango dugu erdigunean, eta euskara izango da guztiok batuko gaituena”.
Nondik sortu da Alez ale Ugao euskaraz josi dezagun ekimena, zerk bultzatuta?
Ainhoa Etxabe (A.E.): Kezkak eta ardurak. D ereduko eskola batean matrikulatuta dauden umeen guraso garenez, beti izan dugu seme-alabek euskararekiko duten jarrerarekiko kezka. Eta ikusi dugu Guraso Elkartetik gure aletxoa jar dezakegula hizkuntzaren egoera hobetzeko zerbait egiteko.
Goikoana Gaztaka (G.G.): Leloak esaten duen bezala, erakutsi nahi dugu guzti-guztiok egin dezakegula zerbait euskararen alde: denok apur bat jarrita, norbanako bakoitzak berea, egoerari buelta eman diezaiokegu. Euskara suspertzeko helburua daukagun herritarren artean saretzen joan behar dugu, eta horretarako sortu dugu ekimena.
Lehenengo ekintza, umeekin egindako pankarta margoketa, martxoaren 27an egin zenuten, Ugaoko Euskal Astean zehar; bigarrena, mintzodromoa, hilaren 31n. Aurretik hasi zenuten dinamika sortzeko proiektua edo orduan ehundu zenuten?
A.E.: Dinamika aurretik hasi zen, Euskaraldian zehar euskara topaketa egin genuenean. Hori izan zen lehen harritxoa. Azaroko ekintzak jendetsuak izan ziren, eta giro polita izan genuen. Beraz, pentsatu genuen: “Ez dadila hor gelditu! Zergatik urtean behin? Zergatik ez jarraitu?”.
G.G.: Hizkuntza ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Dinamikak errepikatu egin behar dira emaitzak ikusteko.
A.E.: Egia da, pixka bat probatzen joan garela, ea gauzak nola egin daitezkeen. Gu ez gara profesionalak, euskararekiko atxikimendua transmititu nahi dugun gurasoak baino ez gara. Beraz, orain arte, umeentzako kontuak izan dira antolatu ditugunak.
Gurasoak alboratuta izan dituzuela uste duzue?
A.E.: Bai, orokorrean, beti pentsatzen dugu euskara bultzatzeko umeengan eragin behar dela. Kritika moduan, gu bezalako gurasoak apur bat ahaztuta izan ditugu, eta gutxinaka hauek batzen joatea da xedea, hauek zein herriko gainontzeko norbanakoak eta elkarteak.
G.G.: Gurasoak eredu izan behar gara, ezin diegu umeei euskaraz egiteko eskatu guk geuk egiten ez badugu.
A.E.: “Egin euskaraz” dinamika horrekin, ez goaz inora; agindutik haratago joan behar dugu. Erantzukizun osoa gure da, ez umeena.
Kritikoak zarete zuen buruekin. Umeez gain, gainontzeko gurasoentzako ere adibide izan zaitezkete.
A.E.: Baina gu geu gara lehenengoak gauzak txarto egiten. Gurasoekin, adibidez, ez dut euskaraz hitz egiten. Nire aita euskaraz jaio zen, eta 77 urte hauetan galdu duen arren, badaki zerbait. Ama, berriz, Leongoa da, baina bigarren hizkuntza eskaera dauka eta dena ulertzen du. Hala ere, gure artean erdaraz egiten dugu beti. Nire ama hizkuntza gaztelera izan da, eta haiekin euskaraz egitea kostatu egiten zait oraindik ere.
Eta seme-alabekin?
A.E.: Euskaraz beti.
G.G.: Etxean, euskaraz, baina kalean ezin gara haien atzetik ibili. Nik 16 urteko bikiak dauzkat, eta haien artean mantendu egin dute euskara. 10 urteko alabak, ordea, eskolako lagunekin beti egiten du gaztelaniaz. Azken finean, haurrek ez daukate euskararekiko kontzientzia maila hori, eta inertziak eta ohiturek erdarara bultzatzen dituzte. Gero, kaleko ohiturak etxean ere errepikatzen dira, erdara irten egiten zaie.
A.E.: Lagunarteak erdaldundu egin dira.
G.G.: Eta lagunak, adin horretan, oso garrantzitsuak dira.
Euskara aisialdiarekin baino, eremu akademikoarekin lotzen dute neska-mutilek?
G.G.: Eta, batzuetan, arlo akademikoarekin ere ez. Euskal Astean eskolara heldu nintzen egun batean, irakasleak esan zion nire alabari: “¡Tu madre!”. Baina ni ez naiz “la madre”, ni “ama” naiz, eta hurbildu eta horrela esan nion irakasleari. Amorrua eman zidan. Hezkuntza zentroetan euskaraz egingo balute, ohitura izango balute hizkuntza erabiltzeko, kalean ere beraien artean euskara erabiliko lukete.
A.E.: D eredua ez da nahikoa. Ume askok hizkuntza gabeziak dituzte, hizkuntza ez dutelako guztiz eurenganatu; orduan, zail egiten zaie erabiltzea. Alabak esaten dit, adibidez, ingurukoekin komunikatu nahi badu, azkarrago egin nahi duela, eta euskaraz hori egin ezin duenez, erdarara jotzen duela.
Euskararen VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak kaleratu dituzte duela gutxi. Txostenaren arabera, 1991tik ona, hiztun kopurua 261.000 inguru hazi da, baina ezagutzaren hazkundea ez dator bat erabilerarekin: %78k erabiltzen du gaztelania euskara baino gehiago. Hipotesi moduan, zergatik esango zenukete dela?
A.E.: Gure inguruan dagoen guztia erdara da, orduan, “bonbardeatuta” gaude, kulturalki zein beste zentzu guztietan. Euskarazko erreferente falta dago, eta oso zaila da aurkitzea. Baina guk benetan sinesten dugu Ugaon, behintzat, ahaleginduko garela topatzen. Adibidez, Guraso Elkartean pentsatzen ari gara nerabeentzako Nor da Maurizia ikuskizuna ekartzea herrira. Egia da Maurizia ez dela beren adinekoa, baina, behintzat, euskararekiko atxikimendua zuen gure inguruko figura ezagutu dezakete. Ikusi dezatela dena ez dela Quevedo, reggaeton eta kontu guzti horien inguruan garatzen.
G.G.: Eskolan, orokorrean, ez dituzte euskarazko erreferenteak irakasten; Euskal Herriko historia ere ez da kurrikulumean sartzen. Baina badakigu gabezia hori politikoki interesatua dela. Irakasleak ahalik eta ondoen egiten saiatzen dira, baina mugatuta daude hori aldatzeko, ez da beren errua.
A.E.: Gainera, neska-mutilek dauzkaten irakurgaiak eta euskarazko materiala ez da erakargarria haientzat. Gaztelerazkoa, berriz, denei gustatzen zaie: El diario de Nikki, El capitán no sé qué… Barrez lehertzen dira umeak hauek irakurtzen dituztenean. Baina euskarazkoak landuagoak dira, “politak”, serioagoak, eta ez dituzte hain gogoko.
Zer egin daiteke, orduan, arlo akademikoan euskara “erakargarri” egiteko?
A.E.: Irakasleak dira profesionalak, eta beraiek topatuko dute dagoenik onena. Daukatenarekin lan egiten ari dira, ez dira horren erantzule, eta, hala ere, gauza asko egiten dituzte beren kabuz. Aurreko batean, bilera bat izan genuen Janen, Udalak antolatuta: Iñaki Eizmendi etorri zen, Ebetetik, eta hitzaldia eman zuen eskolako lanekin umeei euskaraz nola lagundu azaltzeko. Nik alaba eraman nuen, bakarrik ez uztearren, eta oso adi egon zen. Hitzaldian hainbat ekintza proposatu ziren umeekin, eskolan, euskaraz egiteko; adibidez, euskal kanta batzuk aukeratzea, etxean lantzea eta gero, onena zein den bozkatzea. Eta alaba ideia horrekin gelditu zen. Hurrengo egunean eskolara joan zenean irakasleari proposatu zion. Noski, honek onartu zuen. Horrelako ideiak behar dira, eta hauek elkarbanatzeko da garrantzitsua saretzea, ezagutzak partekatzeko. Bestela, askotan, badirudi borrokalari bakartiak garela; gu, beste guztien aurka.
Baina badago jendea oraindik euskararekiko erresistentziak dituena; ez oso jarrera ona. Inposiziotzat ikusten dute batzuek hizkuntza?
A.E.: Erresistentziak, egon, badaude, gurasoen artean. Baina nik ikusi ditut keinutxoak, printzipioz erresistentziak izan beharko lituzketenen aldetik: “Egun on” esatea, adibidez, aurretik inoiz euskaraz egin ez badute ere. Oso egoera konplikatua da, agian, gure aurreiritzietan ere oinarritzen garelako aldez aurretik erabakitzeko erresistentziak nork dituen eta nork ez. Diskurtso horretan sartu gara, negatibitatean.
G.G.: Ugaon euskararen egoera ez da ona, argi dago. Baina ez dugu ezkorrak izan nahi, mezu horrekin ez goazelako inora. Euskaldunok ere baditugu gainontzekoekiko aurreiritziak, baina erresistentzien kontua ahaztu behar dugu: aspalditik dakigu euskara bultzatzeko, konfrontazioarekin ez dugula ezer lortuko. Aktibatu egin behar gara.
A.E.: Eta saretu. Ugaon oso anitzak gara kulturalki, politikoki zein beste zentzu guztietan; hala ere, esango nuke gehienok euskararen aldeko jarrera positiboa dugula. Berdin da nondik gatozen edo zein ideia dauzkagun, euskara beti izango dugu erdigunean, eta euskara izango da guztiok batuko gaituena. Hori aprobetxatu behar dugu, aniztasuna positiboa izan daitekeelako euskararentzat.
VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 16 urtetik gorako biztanleen % 70-ak dauka EAEn euskararekiko jarrera positiboa. Alde egon bai, baina erabili ez. Maila txarra, konfiantza falta, beldurra… Zein da arazoa?
A.E.: Lotsak asko mugatzen du, eta baita besteak baldintzatzeko beldurrak ere. Euskaraz gaizki moldatzen zen pertsona batek esan zidan behin berak gauza serioak komunikatu behar bazituen, garrantzitsuak, eta ondo ulertzea beharrezkoa ziren kontuak, gazteleraz egin behar zuela. Baina erdaraz egiten bazuen, beldur zen gainontzekoak ez bazituen baldintzatuko. Azken batean, norberak bere mamuak dauzka.
G.G.: Euskaldun berrien artean askok uste dute ez dituztela gauzak ondo azalduko eta akatsak egingo dituztela. Horregatik argi utzi behar dugu euskara maila ez dela hain garrantzitsua, euskaraz egitea baizik, eta lasai egotea.
Egunerokoan gazteleraz hitz egiteko ohitura badute ere, inertzia horrek eragin handia dauka.
G.G.: Dena da katea. Gaztelaniaz erosoago sentitzen bazara, gaztelaniara errazago joko duzu.
A.E.: Eta normaltasunaren barruan dago hori. Zuk gabezia badaukazu euskaraz egiteko, ulergarria da. Hori bai, pertsona baten gabeziak ez ditu gainontzeko guztiak baldintzatu behar. Euskaraz gaizki egiten baduzu, inork ez dizu ezer esango. Horretarako dago, adibidez, Belarriprest figura. Euskaraz hitz egin ezin duenak, entzun egin dezake, eta ez du zertan eragotzi gainontzekoak euskaraz komunikatzea.
G.G.: Gehiago ohituratu behar gara Ahobizi eta Belarriprest figuretara: nik euskaraz egingo dizut, badakidalako ulertzen nauzula, eta nahiz eta zu gai ez izan euskaraz komunikatzeko, nik jarraitu egin dezaket.
A.E.: Baina hori Ahobizion ardura da, azken batean, gu garelako hizkuntzaz aldatzen dugunok, euskaraz ez dakienak aldatzeko eskatzen ez digun arren.
G.G.: Gainera, Belarriprestek entzuten jarraitzen badute, gero eta hobeto hitz egingo dute, eta agian, pausoa emango dute ahalegintzeko.
Mintzodromoa eta beste hainbat ekintza egin dituzue, herritarrentzako. Zeintzuk dira zuen hurrengo pausoak norbanakoei baino, Ugaoko elkarteei lotuta?
A.E.: Alde horretatik dator gure autokritika. Agian, nahiz eta gutuna bidali dugun dinamika zertan datzan azaltzeko, eragileekin zuzenean bildu behar gara.
G.G.: Haiekin batu eta hitz egin, harremana zuzena izan dadin. Konpromisoa eskatu behar dugu haien aldetik, eta galdetu ea zer egiteko prest dauden. Uste dut ahalegina eskatu behar zaiela bai norbanakoei, bai elkarteei, baina gu geu eragile izanda; hau da, agian ez dakite zer egin dezaketen euskararen alde, baina Alez aletik ideiak proposatu ditzakegu, euskara balioan jartzeko eta ikusgarritasuna ematen laguntzeko.
“Aktibatzearena” oso serio hartzen duzue.
G.G.: Garai batean indarra zegoen, denak batera gindoazen, “olatua” zen. Begira nola batu ziren gure gurasoak euskararen alde. Hori da orain falta zaiguna.
A.E.: Duela 40 urteko gurasoak oso militanteak ziren euskararen arloan, baita euskaraz ez zekitenak ere. Gure gizartea, berriz, desaktibatuta dago, eta berriro aktibatzen ahalegindu behar gara.
Konformistak gara?
A.E.: Mugikorrak gizartea guztiz hautsi du. Sare sozialak eta dena momentuan bertan eskura izan behar horrek apurtu du dena. Kontsumoa, gainera, etxera sartu dugu, eta zu indibiduo bat bazara, zure espazioan eta zure kontsumo propioarekin… Gizartearen zentzua galdu egin da.
G.G.: Eta horrek euskarari izugarrizko kaltea egin dio, kontsumoa eta sareetako loturak gazteleraz hasi eta horiekin jarraitu dugulako. Zer egin daiteke, orduan, euskara bultzatzeko?
A.E.: Barne lan handia. Gazteleraren sarea osatuta dago eta oso indartsua da. Orain guri tokatzen zaigu saretzea.
☉ Ugao
Urtzi Verak maila guztietako zaleentzako argazkilaritza monografikoa eskainiko du Ugaon
Izena emateko azken eguna urriaren 18a izango da eta klaseak hilaren 23an hasiko dituzte Jane jauregian
Ugaoko Jane jauregiak Urtzi Vera argazkilariaren argazkilaritza digitaleko 27 orduko tailerra hartuko du. Ikastaroaren lehen eguna urriaren 23an izango da eta asteazkenero izango dira klaseak 17:00etatik 20:00ak arte.
Udal ordezkarien arabera, jarduera maila guztietako interesdunei zuzenduta dago eta izen emateak urriaren 18ra arte egongo dira zabalik webgune honen bidez. Edukiera mugatua izango da eta monografikoan parte hartzearen prezioa 29 eurokoa. Ugaon bizi direnek lehentasuna izango dute.
Irakasleari buruz
Urtzi Vera artea eta natura maite dituen argazkilaria da eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar eta guztien artean Fritz Polking izenekoa (2014) nabarmentzen da, urtero ematen dena eta Alemaniako argazkilariaren izena daramana. Basauriko I. Bridgestone Fotomaratoi solidarioa irabazi zuen 2022an ere, eta ez hori bakarrik; Amurriokoak bestelako sariak irabazi ditu eta den-denak bere webgunean iragarrita ditu.
Urtzi Vera irudien garai digitalean murgildu zen duela hamabost urte baino gutxiago. Ogibidez Industri ingeniari teknikoa da eta arkatz, errotulagailu eta plastilina artean eman zuen haurtzaroa. Betidanik maite izan zituen marrazketa eta jolas sortzaileak.
Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, marrazketa, pintura eta eskultura tailerretara itzuli zen Vera. Oso urte entretenigarriak eta ikaskuntza handikoak izan ziren berarentzat, eta, ziurrenik, haien lanaren oinarriak finkatu ziren.
Natura eta animaliak inspirazio-iturri izan ditu beti. 2005ean, mendira kamera konpaktu bat eramatea bururatu zitzaion… eta momentu hartan piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina.
☉ Ugao
‘Musika Barra-Barra’ zikloak Striknina ekarriko du Ugaoko Felipe tabernara
Musika Barra Barra zikloa joan den martxoan hasi zen eta Kairos, Boogie Riders eta Gailu taldeen kontzertuak ekarri ditu Ugaoko tabernetara
Urriaren 4an Striknina taldearen kontzertua antolatu du Sarea Sound System elkarteak Ugaoko Felipe tabernan. Kontzertu hau Musika Barra-Barra zikloaren barnean kokatuta dago eta urriko bakarra izango da. Punk rock arin, melodiko eta arraro bezala sailkatutako kontzertua 20:00etan programatu dute.
Musika Barra-Barra zikloak joan den martxoan hasi zuen ibilera Ugaoko hainbat tabernetan zehar helburu nagusi batekin: kontzertuak Jane jauregitik atera eta jendea dagoen lekuetara eroatea: tabernetara, alegia: “Oraingo honetan ez gara zure zain egongo, oraingo honetan zeugana joko dogu, bai, tabernetan” lelopean, lau kontzertu eta bakarrizketa bat antolatu zituzten joan den martxotik abendura arte.
Estrategia aldaketa honek tabernetan bilatu nahi ditu kontzertuetako target-ak eta Sareak kontzertu sorta interesgarria antolatu du udaberri eta udazkeneko datetan. Lehena martxoaren 1an izango da (bariku honetan): Hego Uribeko Kairos taldeak lehen kontzertua (estreinaldi kontzertua) eskaini zuen Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, eta atzetik igaro dira Boogie Riders eta Gailu, Beti Alai eta Zelai tabernetan.
Hurrengo jarduerei begira, azaroaren 1ean Ane Lindanek bakarrizketa eskainiko du Lainoa tabernan eta abenduaren 1ean Mississippi Queen izango da jubilatuen etxean.
Egitaraua | Musika Barra-Barra 2024
Martxoak 1, barikua
21:30 Kairos, Ugaoko Dorretxea Herriko Taberna
Apirilak 14, domeka
13:00 Boogie Riders, Beti Alai
Maiatzak 3, barikua
20:00 Gailu, Zelai
Urriak 4, barikua
20:00 Striknina, Felipe taberna
Azaroak 1, barikua
20:30 Ane Lindane (bakarrizketa), Lainoa
Abenduak 1, domeka
20:00 Mississippi Queen, Jabilatuen etxea
☉ Ugao
Auzo Foroa sortu du Ugaoko EH Bilduk, herritarren beharrak entzuteko
Lehen saioa Usila, Markio eta Iturrigorrialdeko herritarrekin antolatu dute datorren urriaren 7an
Ugaoko EH Bildu alderdiak Auzo Foroa izeneko ekimena ipini du martxan, herria osatzen duten auzoetako beharrizanak entzuteko: “Gure herriko auzoen garapen integral eta orekatua helburu duten tokiko politikak diseinatu eta abian jartzera zuzendutako herritarren parte-hartze, gogoeta eta lankidetza osatzea da”, azaldu dute EH Bildutik. Ekimen hau azken hauteskundeetako udal programaren barruan eraman zuen EH Bilduk.
Foroak auzoka prestatu dituzte eta lehen saioa Usila, Markio eta Iturrigorrialdeko herritarrekin antolatu dute datorren urriaren 7an. “Herritarren beharrizanei ahalik eta ondoen entzuteko ezinbestekoa da herriaren, bertako guneen eta auzoen egoerak aztertu, horien beharrizanak ezagutu eta proposamen zehatzak aztertzea, herria herritarrek eraiki behar dutelako”, azaldu dute Ugaoko EH Bilduko ordezkariek.
Asmoa lehen bilerako formatua beste auzoetan errepikatzea da, bertako herritarrekin elkartu eta eskaerak, zalantzak eta ideiak jasotzeko: “Ondoren lanketa sakon bat egingo dugu eta jasotako informazioarekin Ugaoko Udalean ideiak luzatzeko”.
☉ Ugao
Ugaok Aisialdiko Monitore ikastaroan izena emateko epea zabalduko du astelehenean
Ikastaroa prestakuntza jaso eta arlo honetan titulazioa lortu nahi duten gazteentzat diseinatu dute eta izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da
Ugaoko Udalak Aisialdiko Monitore ikastaroan izena emateko epea zabalduko du irailaren 30ean “Gazteinfo” gazte emantzipazio eta enplegu bulegoaren bidez. Ikastaroa prestakuntza jaso eta arlo honetan titulazioa lortu nahi duten gazteentzat diseinatu dute eta joan den maiatzean abiarazitako Txapelfest ekimenetik dator, udalerriko gazteek egindako iradokizunetatik.
Guztira 310 orduko ikastaroa izango da: 150 ordu teoriko eta 160 praktikak egiteko. “Eskola teorikoak 12
asteburutan emango dira, urritik maiatzera”, azaldu dute udal ordezkariek, eta honela banatu dituzte: bederatzi asteburu Ugaon eta hiru Ugaotik kanpoko aterpetxe batean. Klaseen ordutegia ostiraletan 18:30etatik 21:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 18:00etara izango da.
Ikastaroan izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da eta Gazteinfo bulegora hurbilduz egin daiteke (Astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara eta astearte, ostegun eta ostiraletan 12:00etatik 15:00etara). Ikastaroaren zenbatekoa 360 eurokoa da eta baldintza bakarra interesdunek 18 urte beteta izatea da.
“Aukera bikaina da aisialdiko begirale gisa dituzten trebetasunak garatu eta hezkuntzaren eta aisialdiaren esparruan esperientzia teorikoa eta praktikoa eskuratu nahi dutenentzat”, azaldu dute udal ordezkariek.
Informazioa handitzeko 747 402 383 telefono zenbakia eta gazteinfo.ugao@ortzadar.es helbidea ahalbidetu dute.
☉ Ugao
Hiru herritar kontratatuko ditu Ugaok enplegua sustatzeko toki ekintzetarako
Kontratatuak lanaldi osokoak izango dira eta aukeratutako herritarrak urrian hasiko dira lanean
Ugaoko Udalak, Lanbide Euskal Enplegu zerbitzuarekin lankidetzan zerbitzu anitzetako peoi bi eta artxibatzeko eta digitaziorako administrari laguntzaile bat kontratatuko ditu lanaldi osoan urrian bertan hasteko.
Zerbitzu anitzetako peoi bien kontratuak lau hilabeterako izango dira eta administrari laguntzailearena, sei hilabeterako: “Hautaketa Lanbidek emandako zerrendako hautagaien artean bakarrik egingo da”, azaldu dute udal ordezkariek, betiere deialdian ezarritako hurrengo baldintzak betetzen badituzte:
– Kontratatutako pertsonek langabezian eta izena emanda egon beharko dute, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa alta emanda ere
– Ugao erroldatuta egotea gutxienez 6 hileko antzinatasunarekin
– Lan-esperientzia, lanpostuarekin lotutako prestakuntza akademikoa, eta egoera soziolaborala zein familiarra baloratuko dira
Informazioa handitzeko Gazteinforekin harremanetan jartzea gomendatu dute Udaletik 946 322 014 edo 747 402 383 telefono zenbakietara deituz edo zuzenean bulegora joanez (Udiarraga kalea, 39), astelehenetik ostegunera, 17 :00etatik 20:00etara eta ostiraletan 10:30etik 13:30era.