Sareak

☉ Ugao

Ane Ayerdi: «Korrikaren emozioa haurrei sortzea bururatu zitzaidan»

Ane Ayerdi Coira ugaotarra Dublingo Luttrel House Creche and Montessori ikastetxean irakasle lanetan dabil iaztik. Aurten, eskolako egitarauan Korrika txertatu du eta bere gelako haurtxoekin landu du, peto, lekuko eta guzti!

|

Ane Ayerdi // Utzitakoa

Iazko abuztuan iritsi zen Ane Ayerdi Coira (Ugao, 1996) Dublinera, Luttrell House Creche and Montessori ikastetxean irakasle bezala lan egiteko. Beste irakasle baten laguntzaz, 1 eta 2 urteko hamar umez osatutako taldean egiten du lan Anek. Urte hasieran, honakoa bururatu zitzaion: Korrika ekimena eskolan lantzea. Ugaotarraren hitzetan, gurasoak lehen unetik “oso motibatuta” egon dira eta euren kulturakoa ez den proiektu “oso interesgarri hau” beren umeekin lantzeagatik eskerrak eman dizkiete irakasleei. Eskuz egindako petoak eta kartoizko pankarta prestatu, eta eskolako patiora irten ziren irakasleak umeekin ‘Hitzekin’ abestiagaz ‘korrika’ egitera. Ikustekoa! Dublinen lur hartu zuenetik argi izan zuen Korrika bere taldeko programazioan txertatu nahi zuela, eta aurten Ugaoko Korrikan egon ezin izan bada ere Dublineko haurrei irakatsi die Korrika zer den.

Zerk eraman zintuen Dublingo Luttrell House Creche and Montessorira?
2021eko ekainean Zeberion lagun baten kontzertua ikusten geundela, ezagun batek Irlandan irakasleak behar zirela esan zidan, argitalpen bat ikusi eta berak bere kurrikuluma bidali zuela. “Irlanda?” pentsatu nuen. Inoiz ez nau Irlandak asko motibatu, ezta udan bisitan joateko ere. Baina Euskal Herrian lan finkorik ez nuenez eta esperientziak eta abenturak bizitzeko prest nagoenez, nik ere kurrikuluma bidali nuen. Gainera, baneukan pentsatuta atzerrira lan egitera joatea. Horrez gain, ingelesa hobetzeko aukera ezin hobea zela pentsatu nuen. Hurrengo astean nirekin kontaktuan jarri ziren eta, elkarrizketa bi egin ondoren, kontratatu ninduten.

1 eta 2 urteko hamar umeko talde bategaz egiten duzu lan. Nolakoak dira bertako haurrak?
Niretzat oso bereziak dira, aurretik ez dut inoiz hain txikiak diren umeekin lanik egin. Beraz, haien lehenengo pausoetan, haien lehenengo hitzetan egotea hunkigarria iruditzen zait. Gainera, zortzi ordu ematen ditut eurekin eta sortu dugun harremana oso estua da. Hamarrak Irlandan jaioak dira, baina baten gurasoak Italiatik etorritakoak. Beraz, gehiengoen ama hizkuntza ingelesa da, ez dute irlanderaz hitz egiten. Egia esan oso gutxi erabiltzen da irlandera, kaletik ez da inoiz entzuten, pena handia da. Hasiera oso gogorra izan zen niretzat: egokitzapena luzea izan zen, bai umeak, bai ni neu berriak ginen zentroan eta errutinara moldatu arte hilabete oso bat igaro zen. Baina orain, orokorrean lasaiak eta bizkorrak dira!

Zein da aldea Dublingo eta Euskal Herriko hezkuntza ereduen artean?
Batetik, hemengo ratioak oso baxuak dira, 1-2 urteko umeekin lan egiterakoan gehienez bost umerekin egon naiteke, horregatik bi irakasle gara gelan, Clara eta ni. Elkarrekin oso ondo moldatzen gara. Zorte handia izan dut, gela berean beste irakasle batekin koordinatzea eta lan egitea zaila izan baitaiteke. Hemen oso ohikoa da, gure gela guztietan bi irakasle daude.

Beste alde batetik, Euskal Herrian beti zure gelan zaude, nahiz eta bi ume izan, baina hemen ez. Hau da, ni beti nago nire gelan ‘class leader’ naizelako, baina ume gutxi baldin baditugu, 5 edo gutxiago, nire lankidea beste gela batera bidaltzen dute errefortzu bezala. Orain, horretara ohitu naiz, baina hasieran ez nuen ulertzen zelan zure klasetik atera eta beste gela batera joan beharraren logika.

Eta lan-baldintzen inguruan, ba al dago aldea?
Euskal Herriko eskola publiko batekin konparatuz gero, alde handia dago. Hemen lau aste ditugu opor eta bi bakarrik har ditzakezu jarraian. Aurten aurrenekoz, eskola abuztuko lehen bi asteetan itxiko dute. Orain arte eskola egunero egon da zabalik, jai egunetan izan ezik, ekaina, uztaila eta abuztua barne. Soldata altua da baina hemen bizitzea garestiagoa ere bai. Orokorrean Euskal Herriko lan-baldintzak hobeak direla esango nuke, horregatik ez dut nire burua hemen ikusten etorkizun urrunean: orain esperientzia batu, ingelesa hobetu, lan berriak bizi eta bueltatu.

Nolakoa da Luttrell House Creche and Montessori zentroa?
Luttrell House Creche and Montessori zentro pribatua da eta Haur Hezkuntzako zikloa hartzen du bere baitan. Hau da, gure eskolan bukatzen dutenean, ikasleak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza duen zentro batera doaz. Irlandako eskoletan ez dago aukerarik HH eta LHko zikloak zentro berean izateko. Zentroa berez Dublineko auzo aberats batean dago kokatuta, beraz oso garestia da. Gainera, bertako familiek bi seme-alaba baino gehiago izatea ohikoa da. Gutxi gora behera, nire ikasle baten gurasoek 1.200 euro ordaintzen dituzte hilero seme-alaba bakoitzagatik, nahiz eta egunero hiru ordu (9:00-12:00) gobernuak ordaindu.

Zentroan bost gela daude: Tiny tots 1, Tiny tots 2 (nire gela), Play school, junior montessori eta Pre-school. Esan bezala, bi irakasle daude gela bakoitzean. Atzekaldean hiru gune diferente daude, hiru patio, eta bertara irteten dira umeak euria egiten ez duen egunetan.

Goi-mailako familiak direla esan duzu.
Zentrora etortzen diren ume guztiak goi-mailako klasekoak dira eta 95% irlandarrak dira. Etxean italieraz, gazteleraz, portugesez edota frantsesez hitz egiten dutenak ere badaude. Lehen egunetan gurasoak umeen bila nola datozen ikusteak barregura eman zidan: ohikoena gurasoak kotxean etortzea da, eskolaren atean parean gelditu, umea jaso eta barrura! Askotan ‘take away’ bat dela dirudi.

Hizkuntzaren aldetik, ingelesez egiten da, erabat, bai gurasoekin, bai umeekin. Irlandera ez dugu inoiz erabiltzen, bertan lan egiten dugunok ez dakigulako. Baina, orokorrean, HHn ingelesez jarduten da eta LHtik aurrera irlandera sartzen dute.

Ane Ayerdi, Dublingo eskolan // Utzitakoa

Aurten ezin izan zenuen Ugaoko Korrikan parte hartu, eta Korrika bera Dublinera eraman zenuen.
Umeekin beste kultura batzuk lantzea oso aberatsa da. Beraz, zergatik ez nirea? Apirileko plangintza egiterakoan Korrika txertatu nuen ‘extra’ modura. Martxoan Korrika hasi zenean, pena handia eman zidan herrikideekin batera ezin parte hartzea. Beraz, nire emozioa eurei transmititzea eta eurekin korrika bizitzea bururatu zitzaidan.

Zer egin zenuten Korrikaren egunean eskolan?
Korrikako abesti guztiak jarri genituen ikasgelan. Musikarekin batera, petoak, pankarta eta lekukoak prestatu genituen eta patiora irten ginen “korrika” egitera “Hitzekin” abestiarekin. Umeak oso txikiak dira, beraz korrika egitearena ez zen uste bezain ondo atera. Hala ere, asko disfrutatu genuen. Egun berezia izan zen niretzat. Bide batez, Clara aipatu nahiko nuke, nire lankidea. Sevillako herri batekoa da. Asko lagundu ninduen, oso motibatuta zegoen. Hemendik bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiot, gure kulturari izandako errespetuagatik, hainbeste laguntzeagatik eta egun hori nirekin bizi izanagatik.

Korrika22ko eskuz egindako petoak // Utzitakoa

Zelako harrera izan zuen Korrikak ikasle eta euren gurasoen artean?
Gurasoek hasieratik jakin izan dute ni Euskal Herrikoa naizela. Batzuk umeekin euskaraz egiteko eskatu zidaten. “Circle-time” momentuan euskaraz abestiren bat abesten dugu, Pintto-Pintto, kasu. Hortaz, Korrikaren proiektua azaldu nienean asko gustatu zitzaien. Korrikaren proiektua azaltzeko, mezu bat bidali nien nire azalpenekin, wikipediaren linkarekin, YouTubeko zuzeneko emisioarekin, ibilbidearen argazkiarekin eta Ugaoko korrikaren bideoarekin. Harrituta gelditu ziren, ez zekiten Korrika zer zen eta ideia asko gustatu zitzaien. Batzuk bazekiten zeozer Euskal Herriari buruz, baina ezer ere ez Korrikaren inguruan.

Umeek ondo baino hobeto pasatu zuten, egun berezia izan zen eurentzat ere. Gixajoek “korrika” egitera irten ginenean ez zuten ezer ulertzen, baina oso barregarria izan zen: ume bakoitza bere kabuz korrika hasi zen, hara eta hona. Mundiala! Ume guztiek etxera eraman zituzten petoak eta lekukoak.
Lankideen babesa ere izan nuen. Denei piztu zitzaien Korrikaren inguruko jakinmina. Eurei ere bidali nien informazioa.

Irakasleen artean ez zara atzerritar bakarra izango.
Guztion artean haerreman ona dugu. Aste honetan lanean hasiko da gazte bat, eta bera da irlandarra den bakarra. Gainontzekoak atzerritarrak gara: Euskal Herria, Estonia, Polonia, Sri Lanka eta Espainiakoak dira nire lankideak. Sukaldaria eta zentroko nagusia bertakoak dira. Nahiz eta askorekin eskolaz kanpo harremana izan, Kristina, Estoniako emakumea, bereziena da niretzat. Hasieratik izan dut ama bezala, asko lagundu nau. Baita Raquel ere, Valentziako neska bat, berarekin berba egin nuen etorri aurretik eta lagun onak gara.

Nolakoa da zure bizimodua Dublinen?
Ni ez naiz zentroan bizi. Eskola dagoen auzoan bizi naiz. Beraz, oso lasaia eta familiarra da nire bizimodua. Estatu Batuetako pelikuletan ikusten diren auzoen antza du. Asteburuetan umeek etxe aurrean jolasten dute, familiak txakurrarekin paseoan ateratzen dira eta halakoak. Oso lasaia da.

Irlandan bizitzea oso garestia da. Astebururo taberna zuloan sartu eta orduak eta orduak bertan ematea garestia da. Ugaon, arratsalde guztiak eman ditzakegu tabernan, baina hemen ez. Ez dago terrazarik eta trago bakoitzak 7 eurotik gora. Ezinezkoa da gure erritmoa hemen eramatea. Baina esan beharra dago, Pub-etan sortzen den giroa ezin hobea dela, zuzeneko musika aurki dezakezu astebururo. Gustatuko litzaidake horrelakoak gurean izatea.

Asteburuak herrialdea bisitatzeko erabiltzen ditut, kotxea alokatu eta Irlandako gune ezberdinetara goaz, batzuetan hemen ezagututako jendearekin eta beste batzuetan bisitan etortzen diren lagunekin eta familiarekin. Hasieran kotxea beste aldetik gidatzea erronka bat izan zen, baina azkenean moldatu nintzen eta orain ez daukat inolako arazorik eskuinetik gidatzeko!

Etorkizunari begira, non ikusten duzu zure burua?
Etorkizunean nire burua Euskal Herrian ikusten dut, Eskola publiko batean irakasle. Hala ere, behin betiko Euskal Herrian geratu aurretik, esperientzia berriak bizi nahi nituzke. Adibidez, Idahoko (AEB) Boise Ikastolan lan egitea asko gustatuko litzaidake.

☉ Ugao

‘Osakidetza: sistema publiko baten suntsiketa’ hitzaldia eskainiko dute Ugaoko Dorretxean

Hitzaldia Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan antolatu dute gaur 18:30ean

|

Galdakao-Usansolo ospitalea // Geuria

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak Osakidetza: sistema publiko baten suntsiketa izeneko hitzaldia antolatu du gaur bertan, 18:30ean.

Mahai-inguruan EH Bilduko Rebeka Uberak, LAB sindikatuko Txutxin Oñatek eta Iñaki Moreno Laudioko anbulatorioko erizainak hartuko dute parte.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Envases Universales enpresak kaleratze kolektiboa abiaraziko du Ugaoko lantegian

Otsailaren 26an abiaraziko dute Ugaoko lantegiko kaleratze kolektiboa, enpresa batzordetik azaldu dutenez

|

Envases Universales enpresako sarrera, Ugaoko lantegian // Geuria

Envases Universales enpresak, antzina Domiberia lez ezaguna, kaleratze kolektibo baten prozesua abiaraziko du datorren otsailaren 26an (astelehena). Hala iragarri dute enpresa batzordearen sare sozialetan.

“Envases Universales zuzendaritzak, lehengo Domiberiak, enpresa-batzordeari jakinarazi dio otsailaren 26an, astelehena, Ugaoko lantegian kaleratze kolektiboaren prozedura hasteko asmoa duela”, azaldu dute batzordeko ordezkariek.

Kamioi bat, enpresako instalazioetan // Geuria

Joan den otsailaren 19an, astelehena, Envases Universales enpresako zuzendaritzak batzordeko kideak elkartu zituen Bilbon eta bertan, Endika Ibañez enpresa batzordeko presidenteak GEURIAri azaldu moduan, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedientea (ABEE) zabalduko zietela komunikatu zieten: “Juridikoki modu legalean prozesu hau abiarazteko zazpi egun igaro behar dira, Aldi Baterako Lan Espedientearen nondik norako guztiak ezagutu ahal izateko. Espedienteak gradu ezberdinak izan ditzake: txarra, oso txarra… hiru kaleratze, 50, edo planta guztia ixtera hel daiteke, batek daki”, azaldu du batzordeko presidenteak.

Horiek horrela, egun hauetako ziurgabetasuna argitzeko, datorren otsailaren 26an, 16:00etan hitzordua dute batzordeko kideek enpresako zuzendaritzarekin, Bilbon. “Astelehenean jakingo ditugu xehetasun guztiak”.

Gaur egun 108 langilek osatzen dute Envases Universaleseko Ugaoko lantaldea, jubilatu aurrekoak barne. Iazko abuztuan, Envases Universales multinazionalak Domiberia erosi eta izenez aldatu zion.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Renfek ukatu du Ugaoko geltokian trenekin ezbeharrik egon denik

Ateak modu egokian itxita ez dauden bitartean eta segurtasun mekanismo bati erantzunez, trena ezin da martxan jarri, Renferen arabera. “Beraz, ezin du inor harrapatuta arrastaka eraman”

|

Aldiriakeko C3 lineako tren bat // Geuria

 Xabier Zaballa de la Fuente ugaotarrak herriko tren geltokian azken 10 urteetan gertatu diren gorabeherak erregistratu ditu, GEURIAn azaldu bezala. Izan ere eta Ugaokoaren hitzetan, 2012an Aldiriakeko tren baten ateek bidaiari bat harrapatu ostean eta martxan ipini zen. Iazko irailean antzeko egoera bat bizi izan zuen 64 urteko ugaotar batek herriko geltokian: “Trenera igotzen ari zela ateak itxi eta berokiaren poltsiko batetik zintzilik zeraman aterkia harrapatu zuten ateek”, azaldu du Zaballak. “Trenak pertsona arrastaka eraman zuen nasatik aterkiaren kirtena apurtu arte”.

64 urteko herritarrak gertaera hura salatu zuen Renfen eta Ugaoko Udalak, gertakari hauen berri izan ez duela aitortu arren, herritarren kexak RENFEri bideratzeko prest dagoela iragarri du.

Zaballaren arabera, arazo honen atzean bihurgunean kokatutako geltokiaren “ikuspen falta” dago: “Era honetako ezbeharrak gertatu izan direnean makinistek behin baino gehiagotan aitortu digute ikuspen arazoak dituztela Ugaoko tren geltokian”.

Renfek kontrako ikuspegia azaldu du lehen momentutik egoera honen aurrean. Alde batetik, eta tren enpresako iparraldeko komunikazio taldeak GEURIAri adierazi bezala, Ugaoko tren geltokiari dagokionez, Renfetik azaldu dute Ugaokoa bihurgune batean eraikita egon arren, tren geltoki guztiek “segurtasun araudia modu zorrotzean betetzen dutela % 100ean”.

Renfe: “Treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”

Beste alde batetik, enpresako komunikazio ordezkarien arabera, gaur egun “pentsaezina” da tren batek pertsona edo objektu bat arrastaka eramatea, ateak modu egokian itxita ez dauden bitartean trena ezin daitekelako martxan jarri, segurtasun mekanismo bati erantzunez: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”, azaldu dute tren enpresako iparraldeko arduradunek.

 

Merkantzia tren bat, Ugaoko tren geltokitik igarotzean dagoen bihurgunean // Geuria

Ugaoko tren geltokiaren inguruan gertatutako intzidentziek, beraz, alde argi bi uzten ditu agerian: alde batetik, Xabier Zaballak azken hamarkadan erregistratu dituen kasuak, eta bestetik, Renfek irmo mantentzen duen azalpen teknikoa, enpresaren segurtasun araudian oinarrituz.

“Intzidentzia horietako baten lekukoa izan nintzen ni eta neure begiekin ikusi nuen gertatutakoa”, azaldu du Xabierrek. “Gainera, salaketa ipini zuen auzotarrak dokumentuaren kopia bat dauka. Gai honekin amaierara arte heldu nahi dut, arazoari behin betiko konponbidea emateko”.

C3 linea, ikusmiran

Ugaoko geltokiaren  problematikaz gain, bertako trenbideetatik igarotzen diren Renfeko C3 lineako trenak Ugaoko beste buruhauste bat dira. GEURIAk iazko urrian argitaratu zuen artikulu batek Renfeko lineak erronka bi ditu Ugaorekin: alde batetik Bilbo eta Urduña konektatzen dituen lineako tren asko kendu dituztela azaldu zuen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak, “kasu askotan abisatu gabe gainera”.

Beste alde batetik Gau Jaia zerbitzuaren itzulera aldarrikatu zuen Ugaoko alkateak, herritarren eskaerei so eginez: “Arazoari irtenbidea emateko insistituko diogu Renferi, ugaotarrentzat, eta bereziki gazteei, zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dielako”.

Helburu horiek lortzeko, Mentxakak eta Urduñako alkateak hitzordua izan zuten Bilboko Abando geltokian Renfeko zerbitzuak emateko agentearekin eta Bilboko guneko lineaburuarekin, iazko urriaren 29an, “Aldiriakeko zerbitzuaren kalitate eskasagatik bizilagunengandik jasotzen dituzten kexa ugarien berri emateko”.

Mentxakak balorazio positiboa egin zuen Bilboko batzarraren inguruan. “Arazoa konpontzeko bidean daude eta ondorioz maiztasunaren problemari irtenbidea emateko asmoa” dutela gehitu zuen Ekaitzek, ordutegien eguneratzearekin batera.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko tren geltokiaren “ikuspen txarrak” azken urtean gertakari bi eragin dituela salatu dute herritarrek

Azken 10 urteetan hiru intzidentzia erregistratu ditu Xabier Zaballa de la Fuente ugaotarrak herriko tren geltokian: lehena 2012an eta beste biak iaz

|

Aldiriakeko C3 lineako tren bat, Urduñara bidean // Geuria

Ugaoko herritarrak kezkatuta agertu dira azken 10 urteetan herriko tren geltokiarekin lotutako hiru gorabeherengatik. Ugaoko RENFE geltokiko nasa bihurgune batean kokatuta dago, eta horrek ikuspen arazoak sortu ditu behin baino gehiagotan, antza, bidaiariak trenetik jaitsi eta igotzerako orduan.

 Xabier Zaballa de la Fuente herritarrak azken 10 urteetan gertatu diren gorabeherak erregistratu ditu eta beragaz berba egiteko aukera izan du GEURIAk: “Era honetako ezbeharrak gertatu izan direnean makinistek behin baino gehiagotan esan digute ikuspen arazoak dituztela Ugaoko tren geltokian”. Auzotar batek “susto” bat bizi izan zuen Ugaoko tren geltokian iazko irailean. “Aldiriakeko C3 lineako tren batek ateak itxi zituen 64 urteko pertsona bat konboira igotzen ari zela”, azaldu du ugaotarrak.

“Ateak ixtean, berokiaren poltsiko batetik zintzilik zeraman aterkia harrapatu zioten ateek”, jarraitu du Xabierrek. “Trenak pertsona arrastaka eraman zuen nasatik aterkiaren kirtena apurtu arte. Gertaera, zorionez, sustoan geratu zen, kalte handiagorik sortu barik”.

“RENFEk geltoki horretako egitura-arazoak ia alde batera utzi ditu, eta, ez hori bakarrik; istripua izan zuen erabiltzaileari egotzi dio erantzukizuna, agerian utziz ez zela errespetatu konboira igotzeko denbora tartea”

Hala ere, Zaballaren arabera, hori ez da ezbeharrak izan zuen alderik txarrena. Iazko irailean gertatutako gorabehera honi erantzunez, RENFEri salaketa ipini zion 64 urteko ugaotarrak: “Gauzarik deigarriena RENFEk erabiltzaile horri emandako erantzuna izan da. Izan ere, geltoki horretako egitura-arazoak alde batera utzi ditu, eta, ez hori bakarrik; istripua izan zuen erabiltzaileari egotzi dio erantzukizuna, agerian utziz ez zela errespetatu konboira igotzeko denbora tartea. Izan ere, erreklamazioari emandako erantzunean, RENFEtik nabarmendu dute oso garrantzitsua dela trenera igotzeko eta jaisteko erabili beharreko denbora-tarteak errespetatzea”.

Aldiriakeko C3 lineako tren bat, Urduñara bidean // Geuria

Beste bi jazoera

Baina Xabierrek gertu bizi izandako kasu hori ez da bakarra: iazko maiatzean, Urduñatik bueltan trena Ugaoko geltokian gelditu zen. Ateak zabaltzean, 12 lagunez osatuko talde bat trenetik jaisten hasi zen. Horien artean 7 urteko neskatxo bat zegoen eta bosgarrena izan zen konboitik jaisten”, gogoratu du Xabierrek. “Jaisten zegoen momentuan trena irtengo zenaren soinu seinaleak entzun ziren eta ateak itxi ziren. Horrek neskak trenetik kanpora arin batean salto egitera behartu zuen eta nasara jaustean orkatila bihurritu zuen”.

Zaballaren arabera, kasu hartan ez zen harrapaketarik egon eta trenak ez zuen inor arrastaka eraman, “baina trenaren barruan zazpi pertsona geratu ziren eta horien artean haurraren gurasoak zeuden, familia estres egoera batean murgilduz”. Hala ere, eta Zaballak GEURIAri adierazi lez, egoerak ez zuen okerrera egin, tren barruan zegoen pertsona taldekoek larrialdi palankari eragin eta trena bertan gelditu zelako.

“Hiru jazoera hauek agerian uzten dute Ugaoko tren geltokian dagoen segurtasun arazoa. Eta ez da nire iritzia bakarrik; geltokiaren ikuspen arazoa tren makinistek beraiek baieztatu didate”

Trenekin gertatutako lehen inzidentzia 2012an erregistratu zuen Xabierrek. 32 urteko pertsona bat harrapatuta geratu zen bagoi baten irteerako ateen artean, sorbaldaren aldetik. “Bagoien ateak bikoitzak eta irristailuak dira. Beren artean harrapatuta geratzean, pertsona horren gorputz erdia bagoiaren barruan geratu zen (sorbalda eta bizkarra), eta kanpoan geratu ziren gorputz-adarrak eta bere haurra zeraman orga”, azaldu du Xabierrek. “Posizio horretan zegoela, trenak metro bat egin zuen aurrera. Zorionez, segurtasun-zaindari batzuk arazoaz ohartu ziren eta trena gelditu ahal izan zuten”.

“Hiru jazoera hauek agerian uzten dute Ugaoko tren geltokian dagoen segurtasun arazoa. Eta ez da nire iritzia bakarrik; geltokiaren ikuspen arazoa tren makinistek beraiek baieztatu didate”, laburbildu du Xabierrek. “Eta arazoari konponbidea emateko saiakerak egon diren arren ez dugu inolako emaitzarik izan urte hauetan zehar”.

RENFE: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”

Horiek horrela, GEURIAk RENFEko ordezkariekin berba egitea lortu du eta tren enpresak ugaotarraren ikerketa zalantzan ipini du, pertsona edo objektuak arrastaka eramateko aukerak “ezinezkoak” direla esanez: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”, azaldu dute RENFEko iparralde zonaldeko komunikazio esparrutik. “Momentu horretan seinale akustiko ez-ohikoak igortzen ditu trenak, ateak desblokeatu arte”. Ugaoko tren geltokiari dagokionez, RENFEtik azaldu dute Ugaokoa bihurgune batean eraikita egon arren, tren geltoki guztiek “segurtasun araudia modu zorrotzean betetzen dutela % 100ean”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaok funtzio anitzeko 12 peoi trebatuko ditu doan martxoan

250 orduko Ikastaroa 45 urtetik gorako ugaotarrei zuzenduta dago eta martxoan hasiko dute

|

Langileak // Geuria

Ugaoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan Berri programaren bidez Laguntza anitza, ingurumen iraunkortasuneko irizpideak aplikatuta 250 orduko doako ikastaroa antolatu du ‘funtzio anitzeko peoia’ izateko ziurtagiria eskuratzeko (iturgintza, igeltzerotza, elektrizitate lanak, margolaritza… lanetan jarduteko).

Lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei, iraupen luzeko langabeei, desgaitasunak dituztenei edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenei zuzenduta dago ikastaroa eta 12 pertsona aukeratuko dituzte guztira. Ikastaroan parte hartzeko Lanbideko plataforman altan emanda eta Ugaon erroldatuta egon behar dira interesdunak eta 45 urtetik gorako iraupen luzeko langabeak izan behar dira.

“Ikastaroak martxoan hastea eta klaseak goizez ematea aurreikusten da”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. Ikastaroa doakoa izango da, Bizkaiko Foru Aldundiak %100ean laguntzen baitu diruz. Formazioan izena emateko azken eguna otsailaren 29a izango da Gazteinfo bulegoan (astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00ak arte eta astearte, ostegun eta ostiraletan 12:00etatik 15:00ak arte.

Ikastaroaren inguruan informazioa handitzeko zein bandoa irakurtzeko informazioa udal webgunean iragarri dute. Betselako informazioa jasotzeko 946 322 014 eta 747 402 383 telefono zenbakiak ahalbidetu dituzte, baita gazteinfo.ugao@ortzadar.es helbide elektronikoa ere.

Osorik irakurri