☉ Ugao
Argazkilaritza digitaleko hastapen ikastaroa antolatu dute Ugaon
klaseak hilaren 22an hasiko dira eta astelehenero izango dira, 17:00etatik 20:00ak arte, Jane jauregian. Izena emateko azken eguna apirilaren 18a izango da
Argazkilaritzaren maitale amateurrek apirilaren 18ra arte izena eman dezakete Urtzi Verak (Orozko, 1975) Ugaon eskainiko duen hastapen ikastaroan. Lehen saioa apirilaren 22an izango da eta klaseak astelehenero izango dira 17:00etatik 20:00ak arte, Jane jauregian.
Ikastaroa 27 ordukoa izango da eta argazkilaritza digitalean interesa duten herritarrei zuzenduta dago, “argazkilaritza digitalaren munduan prestakuntza-oinarri garrantzitsu batekin hasi nahi duten argazkilaritza-zaleei eta maitaleei”, udal ordezkariek azaldu lez.
Izena emateko azken eguna apirilaren 18a izango da eta modu bitan egin daiteke: Jane jauregian, aurrez aurre edo esteka honen bidez. Edukiera mugatua izango da eta ikastaroak 29 euroko prezioa du.
Irakasleari buruz
Urtzi Vera artea eta natura maite dituen argazkilaria da eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar eta guztien artean Fritz Polking izenekoa (2014) nabarmentzen da, urtero ematen dena eta Alemaniako argazkilariaren izena daramana. Hala ere, Amurriokoak bestelako sari ugari irabazi ditu, den-denak bere webgunean iragarrita ditu.
Urtzi Vera irudien garai digitalean murgildu zen duela hamabost urte baino gutxiago. Ogibidez Industri ingeniari teknikoa da, arkatz, errotulagailu eta plastilina artean eman zuen haurtzaroa. Betidanik maite izan zituen marrazketa eta jolas sortzaileak.
Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, marrazketa, pintura eta eskultura tailerretara itzuli zen Vera. Oso urte entretenigarriak eta ikaskuntza handikoak izan ziren berarentzat, eta, ziurrenik, haien lanaren oinarriak finkatu ziren.
Natura eta animaliak inspirazio-iturri izan ditu beti. 2005ean, mendira kamera konpaktu bat eramatea bururatu zitzaion… eta momentu hartan piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina.
Gaur egun Ingeniari tekniko lez egiten du lan Amurrion, baina horrek ez du bere pasioa, argazkilaritza, oztopatzen.
☉ Ugao
‘Umeentzako Antzerkiak’ hiru antzezlan eskainiko ditu euskara hutsean Ugaon
Abenduaren 8tik 22ra antolatu dituzte antzezlanak. Saioak doakoak izango dira eta 12:30ean prestatu dituzte Jane jauregian
Ugaoko Udalak Umeentzako antzerki zikloa antolatu du euskara hutsean eta doan abenduaren 8tik 22ra. ‘Erbia eta dordoka’, ‘Ama, amama, mamuak!’ eta ‘Kuku: ezkutuan dauden emakumeak’ izango dira haurrentzako saioak eta Jane jauregian prestatu dituzte 12:30ean.
Glu Glu taldeak ‘Erbia eta Dortoka’ alegia mitikoa taulara eramango du. Kondaira zaharrek haurrak dibertitzeaz gain, hezteko ere balio dute. Umeek primeran pasatzen duten bitartean adimena garatzen laguntzen dien istoriak dira. Kasu honetan, lanaren, konstantziaren eta ahaleginaren garrantziaz jardungo gara.
Erbiak dortokari beti barre egiten dio, zergatik eta poliki ibili ohi delako, gauzak astiro egiteko ohitura duelako. Halako batean, Dortokak lasterketa egitea proposatuko dio erbiari: ea zeinek mendia azkarren gurutzatu. Erbiak pozarren onartuko du erronka.
Erbiak eta Dortokak beste animalia askorekin topo egingo dute bidean. Denen artean, alegia klasikoa kontatzeaz gain, abesti herrikoien laguntzaz, lasterketa hau antzezlan komikoa bihurtuko dute.
‘Ama, amama, mamuak!’ antzezlanak hildakoei, mamuei eta oroitzapenei buruzko abentura zirraragarria erakutsiko die 5 eta 12 urte bitarteko haurrei. Nerea Ariznabarreta eta Aitor Vinagreten obra honek laguntasunaz, familiaz eta bizitzaren zikloaz hitz egiten duen istorioa taularatuko du. “Gogoratzen ditugunak gurekin izango ditugulako. Gogoan geratzen dena hiltzen da azkena”.
Eidabe teatroak bi antzezle ekarriko ditu eszenatokira ‘Kuku: ezkutuan dauden emakumeak’ obrarekin. Antzerki bat egitera etorri dira, argi dute hori, baina argazkiz eta negatiboz betetako kutxa bat azaltzen da antzokiak. Nork ekarri du? Zertarako? Norenak dira argazki horiek guztiak? Vivianenak al dira? Antzerkia egin ahal izango dute, edo argazki horiek harrapatuta geldituko dira eta euren istorioak publikoarekin elkarbanatu behar izango dituzte?
☉ Ugao
Goio Ramos ugaotarrak ‘London Calling’ eleberria aurkeztuko du Durangoko Azokan
Ramosek Ahotsenean hartuko du parte hilaren 8an eta Elkar Pozan izango da abenduaren 10ean
Gaurtik hasita eta abenduaren 8ra arte izango da Durangoko Azokaren 59. edizioa eta Hego Uribeko sortzaileen artean Goio Ramos irakasle eta idazleak bere lehen liburuaren aurkezpena egingo du bertan.
Izan ere egun bitan egongo da Ramos Durangon: hilaren 8an kontzertua eskainiko du Ahotsenean Kepa Criadorekin batera 17:30ean, eta abenduaren 10ean Elkar Pozan izango da 18:30etan, bere lehen eleberriaren aurkezpen musikatua egiten.
London Calling
Iaz Zubikarai beka irabazi zuen Goio Ramos ugaotarrak eta 4.000 euroko sariaz gainera eleberri bat idazteko aukera eman zioten. Urtebeteko lanaren ostean, buruan zeukan proiektuari bizia eman dio Ramosek: ‘London Calling’.
“Istorio horren barruan pertsonaia nagusien arteko harremanak eta nondik norakoak kontatzen ditut, besteak beste”. Helduentzako eleberri bat idazten duen lehen aldia da honako hau Goiorentzat, orain arte umeentzako kontakizunak idatzi baititu.
Eleberri hau, gainera, musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du Ramosek (kontzertu baten egitura du: introa, setlista eta outroa), musikak ugaotarraen bizitzan duen pisu handiagatik.
London Calling liburuaren nondik norakoak artikulu honetan jaso zituen GEURIAk joan den urriaren amaieran.
☉ Ugao
Pruden Peña ‘Ecos de Ugao’ aldizkariko zuzendari ohiak aztarna sakona utzi du herritar askorengan
Ontzi-enpresa bateko zuzendaria izan zen besteak beste eta munduari sei edo zazpi aldiz bira eman ziola azaldu diote herritarrek GEURIAri
Odol emaileen ‘Ecos de Ugao’ aldizkariko zuzendari izandako Pruden Peñaren heriotzak aztarna sakona utzi die auzotar askori. Duela egun bi zendu zen ugaoko auzotarra, baina herrian utzi duen oroimenaren inguruan berba egin dugu auzotarrekin.
“Umezurtz utzi gaitu Ugaon, hainbat zentzutan. Goian bego, Pruden. Valdeande bere herriko Junkaleko Ama Birjina, eta bere beste herrikoa, Ugaoko Udiarragakoa, zu zaintzen ariko dira orain”, azaldu du Iñaki García Uribe ugaotarrak.
Pruden Peña ugaotarraren heriotzaren berri izan berri dut”, adierazi du Ekaitz Mentxaka Corral alkateak bere sareetan. “Pertsona eredugarria, arrastoa uzten duten horietakoa, ahazteko benetan zaila diren pertsona horietakoa; beti besteei laguntzeko prest eta gure herriaren alde lan egiteko prest egon izan da”.
Herritar arduratsua
Herriari ekarpen asko egin zizkion herritarra izan zen Pruden. Jende gaztearentzat ziurrenik pertsona ia ezezaguna izango zen, baina Ugaoko nagusiek eta adinekoek ondo badakite herriari modu praktiko batean laguntzeko prest zegoela beti.
Urte asko zeramatzan erretiratuta Prudenek (20 baino gehiago) eta azken urteetako osasun arazoek makal utzi zuten, baina aktibo egon zen garaian lan ezberdinetan aritu zen Ugaokoa: ontzi-enpresa bateko zuzendaria izan zen besteak beste eta munduari sei edo zazpi aldiz bira eman zion lan hartan.
“Herriko familien elkartean lan egin zuen bereziki, Ugaori dagokionez”, azaldu du Garciak. “Francoren garaitik gaur egun arte iraun duen Ugaoko elkarte bakarra da eta herriko familia guztiak elkartzeaz arduratu egiten zen”. Prudenek kolaborazio lan ugari egiten zuen odol emaileen elkartearekin, eta talde hark argitaratzen zuen aldizkariko zuzendaria zen urte askotan zehar. Argazki makina gainean eramaten zuen gainera, aldizkarian Ugaoko bizitza sozialaren inguruko publikazioak egiteko. “Estankotik ere argazkiak bidaltzen nizkion, kubritu ezin zituen jardueren edukiak izateko”.
Kazetari lan horiek egiteaz gainera odol erauzketak koordinatzen zituen herriko anbulatorioan. Udiarragako jaietako pregoilaria izan zen Peña. Iñakik azaldu du Ugaoko jaietako pregoilari izateak “ilusio berezia” egin ziola herritarrari: “Herriak berari egindako opari handiena dela uste dut”.
“Kultura handiko pertsona zen eta bere laguntza adineko jendeari bideratu zion bereziki eta ekarpen ugari egin zizkien”, gehitu du Garcíak eta Adolfo Suarez Espainiako presidenteak Ugaora egindako bisita batean berarekin argazki bat egiteko aukera izan zuen (lerro hauen gainean ikusgai) herrian poteak hartzen zituzten bitartean. “Pasarte hura benetan xelebrea izan zen!”.
☉ Ugao
Menopausiaren inguruko tailerra eskainiko dute esparruko aditu bik Ugaon
Abenduaren 10 eta 17an antolatu dute ‘Bidaia menopausian zehar, autoezagutzatik eta plazerretik abiatuta’ tailerra, Jane jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte
Abenduaren 10 eta 17an ‘Bidaia menopausian zehar, autoezagutzatik eta plazerretik abiatuta’ izeneko tailerra eskainiko dute Jane jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte eta izena emateko berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbidera e-posta idatziz edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz egin daitezke.
Tailerra Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak antolatu du menopausia beren gorputzaren autoezagutzatik, plazerretik eta ongizatetik lantzeko deia sentitzen duten emakumeei zuzendu dute: “Edukiaren lanketa integrala izango da, alderdi klinikoak zein sexologikoak barne, eta, batez ere, generoaren aldagaia eta, honek, emakumeen bizitzan, osasunean eta sexualitatean bizitza osoan eta, bereziki, bizitzaren une honetan duen pisua kontuan hartuta”, azaldu dute Udaletik.
Tailerra Izaskun Zarrandikoetxeak eta Janire Mirandak zuzenduko dute. Izaskun sexologoa, berriz berrelkartze-terapeuta eta indarkeria matxistetan espezializatutako gizarte langilea, da eta Janire ginekologian eta obstetrizian espezializatutako erizaina, Osakidetzako emagina.
☉ Ugao
Bizkaidendak aplikazioak Ugaobonoak zuzenean trukatzeko aukera eskainiko die herritarrei aurten
Aurten 3.000 Ugaobono banatuko dituzte, iaz baino 1.400 gehiago, “ingurumenarekiko konpromisoa babestuz eta saltokien zein herritarren arteko banaketa zuzena bultzatuz”
Ugaobono 2024 kanpaina abenduraen 2tik 31ra antolatu du aurten Ugaoko Udalak eta 3.000 txartel banatuko dituztela adierazi dute gaur goizean osoko bilkuren aretoan egindako prentsaurrekoan, iazkoan baino 1.400 gehiago. Udalak aurrekontuko 16.000 euro bideratu ditu kanpaina honetara.
Aurten, Bizkaidendak Bizkaiko merkatarien ostalarien eta zerbitzu-enpresen elkarteen federazioaren bonuen aplikazioari esker ugaotarrek telefono mobilaren bidez trukatu ahalko dituzte kanpainako txartelak: “Prozesua arinagoa, jasangarriagoa eta txartel horiek erabili nahi dituzten pertsonen ordutegietara egokitzeko modukoa izango da”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.
Berritasun honi esker, 18 urte baino gehiagoko herritarrek bonuak zuzenean trukatu ahal izango dituzte programari atxikitako establezimenduetan NANa aurkeztuz. Horrela, aurreko urteetan eman behar ziren pausuak ekiditeko aukera izango dute: udaletxera ordutegi jakin batzuetan joan, txartelak hartu…
Herritar bakoitzak hiru bonu erosi ahalko ditu: 30 euroko bat eta 10 euroko bi, eta erosketaren prozesua hiru urratsetan egin beharko dea azaldu dute udal ordezkariek: erosketak Ugaon egin beharko dira, erabiltzaileek atxikitako establezimenduan izena, abizena eta NAN zenbakia adierazi beharko dute eta atxikitako saltoki horiek Ugaobonos aplikazioaren bidez trukatu nahi diren bonuei dagokien deskontua aplikatuko diete.
Aldaketa honen ondorioz txartel fisikoak desagertuko dira “ingurumenarekiko konpromisoa babestuz eta saltokien zein herritarren arteko banaketa zuzena bultzatuz”.
Bonu mota bi
30 euroko 1.000 bonu banatuko dituzte guztira eta 20 euroko prezioa izango dute. 10 eurokoak 7,5 euroko prezioan ipiniko dituzte salgai.
“Bonuak ‘Ugaobono 2024’ kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira, eta erakusleihoetan kanpainaren identifikazio-kartela jarriko dute. Gainera, bonuen bi egokitzapen egingo dira saltokien artean, kontsumitu gabeko bonuak agortu dituzten saltokien artean banatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Udalak urtero abiarazten duen kanpaina honen helburua tokiko merkataritza indratzea da eta “ugaotarren artean aurrezpena sustatzeko konpromisoa berresten duela” gehitu dute Udaletik.