→Ugao

Elizako arkupeak berritzeko eta ibaiko pasealekua erdigunearekin lotzeko lanak hasi dituzte Ugaon

Kontratua Promociones Iturrigorrialde enpresari esleitu diote, 429.087 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin. Obrak zortzi hilabeteko epean egongo dira bukatuta

San Bartolome elizako obrak // Ugaoko Udala

Ugaoko Udalak astelehen honetan (urtarrilak 23) hasi ditu San Bartolome elizako arkupeak berritzeko eta ibaiko pasealekua egokitzeko obrak. Urrian iragarpena egin ondoren, kontratua lizitaziora atera eta Promociones Iturrigorrialde enpresari esleitu diote, 429.087 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin.

Udaletik jakinarazi dutenez, esku-hartze handia izango da, baina obrek iraun bitartean ere, bizilagunak normaltasunez ibili ahal izango dira gunean, lanek ez dietelako eragin garrantzitsurik ekarriko beren egunerokoan. Guztira zortzi hilabetez luzatuko dira obrak, eta ugaotarrek orduan izango dituzte erabilgarri parrokiako zoladura berria eta pasealekua herrigunearekin lotuko duen bidea.

Hain zuzen, elizako arkupeak hustuz ahalbidetuko dute konexioa, sakristiak hartzen duen atzeko eta alboko arkupeen perimetro-ibilbidea berreskuratuz. Horrela, ibaiaren ondoko oinezkoentzako bideaz gain, Udiarraga kalearekin eta udaletxeko plazarekin lotuko dute paseoa. Ibilguan zehar dauden sarbideak eta igarobideak irisgarri egiteko, gainera, espazio guztiak eskailerekin eta arrapalekin lotuko dituzte.

San Bartolome elizako arkupeak // Geuria

Arkupeei dagokionez, berriz, gaur egun dauden zurezko elementuak konpondu edo berritzeko esku-hartzeak abiatuko dituzte. Ahal den neurrian, egitura originalak mantentzeko nahia adierazi du Udalak, baina horrela egin ezin bada, haritzezko egitura berriengatik ordezkatuko dituzte, antzinakoen neurriak errespetatuz.

Fatxadan eta zoruan ere modu berean jokatuko dute. Hormetan, hondatuta dauden elementuak kendu egingo dituzte eta hargintzazko harri originala agerian utziko dute. Zoladura, berriz, guztiz aldatu eta hobetuko dute, bizilagunen mugikortasuna erraztu eta oztopo arkitektonikoak ekiditeko.

Ibaiko pasealekua // Geuria

“Proiektu garrantzitsua”

Obra hau Ugao-Miraballesko paisaiaren Ekintza Planaren barruan kokatzen da, eta Udalak elizaren inguruak hobetzeko duen konpromisoari dago lotuta. Herri gobernuak San Bartolome parrokiarekin 2005ean sinatutako lankidetza-hitzarmenean bildu zuten helburu hori.

Ekaitz Mentxaka alkateak azaldu duenez, azken esku-hartzea “proiektu garrantzitsua” da xedea betetzeko eta bereziki irisgarritasunaren eta mugikortasunaren aldeko pausoa emateko. “Prozesu luzea izan da, urtetakoa, obrarekin hasteko baimenak lortzeko” —azaldu du Mentxakak—“Lanak lehenago hastea gustatuko litzaiguke, baina denbora eta baimen administratiboak direnak dira, eta errespetatu egin behar ditugu”. Behin hasita, baina, gobernu taldea bere hauteskunde programan hartutako konpromisoa “errealitate bihurtzeko oso hurbil” dagoela azaldu du alkateak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak