Sareak

☉ Ugao

Lidia Ugalde eta Asier Hamawy: “Familia txiki bat sortu dugu; taldeaz oso harro gaude”

Ugaoko Kickboxing Txapeldunak taldeak Euskadiko bigarren talderik onenaren saria irabazi du, eta Lidia eta Asier borrokalariek bertan egindako ahaleginak berretsi dituzte.

|

// Geuria

Lidia Ugalde (Zeberio, 2000) eta Asier Hamawy (Ugao, 1999) Ugaoko Kickboxing Txapeldunak taldean lehiatzen dira. Zeberiotarra Euskadiko txapelduna izatera heldu da eta ugaotarrak urrezko domina irabazi zuen 2019ko Euskadiko eta Espainiako txapelketetan. Haien lorpenak esfortzuaren, umiltasunaren eta batasunaren fruitu izaten ari dira, eta kirolaren inguruan sortu duten taldeari zor diote bidean ikasitako guztia.

Gazte-gaztetatik kickboxingarekiko zaletasuna duzue.
Asier Hamawy: Nik futbolean jokatzen nuen, baina 15-16 urterekin konturatu nintzen ez zela nire kirola, ez zitzaidala benetan gustatzen. Orduan, beste kirol bat aukeratzea gomendatu zidan aitak. Banekien Ugaon kickboxingean aritzen zen talde bat bazegoela, eurekin berba egin eta ordutik gaur egunera arte jarraitu dut.

Lidia Ugalde: Ni, ostera, lau urte nituela hasi nintzen, nire neba ere kickboxingean hasi zelako. Inbidiak jota, nik ere bertan egon nahi omen nuen. Beraz, betidanik egon naiz borroken saltsa honetan sartuta.

Zertan datza kirol-diziplina hau?
L.U.: Kontaktuzko kirol bat da kickboxinga. Arte martzial ezberdinak konbinatzen ditu, taekwondoa eta boxeoa, esaterako. Horren barruan hainbat modalitate existitzen dira, baina  bitan banatu ohi da: tatamia eta ringa. Tatamian light contact, point fight eta kick light egiten dira, ez dutenak kontaktu handiegia suposatzen, eta gehien bat teknika askatzean datza. Ringean, ordea, kontaktua handiagoa da eta K.O-ak ere egon daitezke. Point fight egiten hasi banintzen ere, ondoen light contactean aritzen naiz.

A.H.: Modalitate bakoitzak helburu bat du. Tatamian, esaterako, ezberdintasun nagusia kick light-ean hanketan ere jo daitekeela da eta point fight-ean puntu bakoitzeko denbora gelditzen dela; puntu gehien lortzen duena, irabazle; bizpahiru eraso egiten dira. Nik hirurak probatu ditut eta beti izan naiz light contact borrokalaria, nahiz eta kick light-a ere gustukoa izan.

Zertan ari zarete pandemia egoeran?
L.U.: Ez dituzte borrokak antolatzen, baina Espainiako txapelketak, adibidez, aurrera jarraitu du. Guri ez zitzaigunez ondo iruditu, ez ginen Madrilera joan, gure burua kutsatzeko arriskuan jartzen genuelako, baita birusa are gehiago zabaltzeko ere. Entrenamenduak kalean egiten ditugu. Segurtasuna bermatze aldera, ez dugu kontaktuzko teknikarik erabiltzen, ez gara binaka jartzen, soilik fisikoa lantzen dugu.

A.H.: Dena geldituta dago, leku guztietan bezala. Otsailaren 13an, printzipioz, Euskadiko txapelketan egongo garela esan digute, baina oraindik ez da konfirmatu.

Gogoratzen duzue zuen lehen borroka?
A.H.: Desastre hutsa izan zen: oso urduri nengoen eta aste horretan zehar tripako min izugarria izan nuen. Derion izan zela uste dut eta Gonzalo izeneko lagun baten kontra borrokatu nuen. A zer nolako errepasoa eman zidan!

L.U.: Irabazitakoak ere ez ditut gogoan, batik bat gaizki egindakoak gogoratzen ditut. Horietatik guztietatik zerbait ikasten saiatzen naiz.

Zer sentitzen duzue tatamira bidean zaretenean?
A.H.: Urduritasun handia. Gero, borroka hasten denean, deskonektatu eta nerbio horiek joan egiten dira, baina lehen minutuetan tentsio handia dago. Borroka irabazteko teknikak nola burutu pentsatzen dut. Hasi aurretik, denon antzera, luzaketa eta beroketa ariketak egiten ditut, baina kaskoak jartzen ditut musikarekin erlaxatzen saiatzeko.

L.U.: Ni ere urduri jartzen naiz. Baina badakizu zerk lasaitzen nauen? Nire neba ondoan edukitzeak. Horrek erlaxatu egiten nau eta asko laguntzen dit. Urduritasunak ez zaitu ezertan laguntzen, beraz, borrokan buru belarri egoten saiatzen naiz. Nik ez dut musika erabiltzen, bestela bakarrik nagoen sentsazioa dut, eta ez da horrela.

Deskriba ezazue batak bestea.
A.H.: Lidia oso borrokalari teknikoa da, hankak dira bere indargunea eta boxeo ona egiten du. Nire ustez, gaur egun galtze bidean dagoen borrokalari mota bat da. Orain borrokak bortitzagoak dira eta ematen du horrek borrokalariak hobeak egiten dituela. Borroka galdu edo irabazi, hori pentsatzea akats oso larria da.

L.U.: Asierrek urte gutxi daramatza kirol honetan, baina epe laburrean bere ahaleginak oso nabarmenak izan dira. Hasi zenean ez zen batere elastikoa eta, tira, desastre hutsa zen, kar, kar, kar! Baina bere kemenaren eta ahaleginen ondorioz asko hobetu du. Egun, ondo moldatzen da eta nabarmenduko nuke oso defentsa eraginkorra lortu duela.

Borroka hitzak mutila dakarkit burura.
L.U.: Betidanik mutilen azpian egon garela uste dut. Neska batek kickboxingean aritzen dela dioenean, gizarteak ezohiko egoera irudikatzen du. Baina, kirol munduan gaudenok, badakigu neska pilo bat gaudela, eta beraz, ez da egia arraroa denik. Genero ezberdintasun bat nabarmendu beharko banu, esango nuke neskok gure artean dugun harremana hotzagoa dela mutilek euren artean dutenarekin alderatuta. Ematen du guk ez dugula astirik lagun arteko giroan ibiltzeko, topera aritzen garela eta harremanak bigarren mailan kokatzen ditugula. Eta kirolari erreparatzen badiogu, pisua eta muskulazioa alde batera utzita, nahiko paretsu gabiltzala esango nuke.

A.H.: Lidiak esan duenaren harira, esan nahiko nuke badaudela mutil askok baino indartsuago jotzen duten neskak. Neska zein mutiletan, onak eta txarrak daude, baita oso onak eta oso txarrak ere! Nire ustez, generoa alde batera utzita, egunero gogor entrenatuz gero, maila altua lor daiteke.

Zein borroka dituzue gogoan?
A.H.: Nire azkenengo borroka martxoaren 7an izan zen. Azterketak zirela eta ez nuen asko entrenatu. Hiru kilo galdu behar izan nituen borroka aurreko astean eta, borroka amaitu bezain pronto, biriketatik txarto sentitu nintzen. Egia esan, penagarria izan zen, ez nituelako ez burua ez gorputza izan behar nituen tokian. 

L.U.: Gehien markatu nauen konbatea 2019ko Espainiako txapelketakoa izan zen: hainbat eraso egin behar izan nituen finalera iristeko eta nire ustez ez zen bidezkoa izan, nahiz eta nire aurkariak ere borroka ona egin. Egin nituen ahalegin guztiek ez zutela ezertarako balio izan ikusita, goibelaldi labur bat izan nuen. Orduan ohartu nintzen denetatik ikasi egin behar dela. Gurera bueltatuta, Euskadiko txapelketan berriz irabazi nuen. Nire mentalitatearen garrantziaz jabetu nintzen orduan.

Gorabeherak izan arren, urrun heldu zarete dagoeneko.
A.H.: Espainiako txapelketa ostiral batean izan zela gogoratzen dut, eta gosaltzen ari ginela, nire helburua domina lortzea zela esan nuen. Hori zen helburua. 

L.U.: Nik Euskadikoa hainbatetan irabazi dut. Gurean, ia beti lehiakide berdinen artean aritzen gara. Gure teknikak zeintzuk diren ikasi egiten ditugu, gure ondokoa ondo ezagutzen dugu eta ez da aniztasun handirik egoten. Kanpora irtetean, lehiakide berriak ditugu eta ahalegina handiagoa da, jende pilo bat dagoelako parte-hartzen. Hala ere, zilarrezko domina irabaztea lortu nuen Espainiakoan.

Inoiz lesionatu zarete?
L.U.: Kirol hau konkatu zuzenekoa denez, normala da atzamarren bat apurtzea, han eta hemen beltzuneak agertzea… Askotan ukondoan dut min, baina ez diot garrantzirik ematen. Duela urte batzuk, Castron lehiaketa batean ari ginela, lesionatu egin nintzen: zuntz-urradura bat, baina ezin nuen ibili ere egin. Azkenean, fisio batengana joan behar izan nuen, ez nuelako lesioa ondo sendatu eta Espainiako txapelketan min handiagoa hartu nuelako. 

A.H.: Etorri bezala joaten den mina da, baina beti hortxe dagoena. Iazko azaroan izandako open bateko entrenamenduan ostikada bat gaizki jo nuen, min hartu eta ezin nuen oina lurrean jarri, ezin nuen zapaldu. Ez da larria, baina ezin izan nuen azaroko lehiaketa horretan parte hartu.

Ugaoko Kickboxing Txapeldunak da zuen taldearen izena. Iazko urrian Euskadiko Open-eko Kickboxing eta Muay Thai bigarren talderik onenaren saria irabazi zuen.
L.U.: Eta oso harro gaude gure taldeaz, egindako ahaleginak bere fruitua eman duelako. Borrokalari apartak dira eta txapelketetan ikus daiteke. Talde moduan ondo funtzionatzen dugu, elkarri laguntzen eta animatzen. Adibidez, bi izen aipatzearren, Saioa Blanco eta Joseba Ugalde betidanik egon dira kickboxingean eta esfortzu handia egin dute. Orain, taldeko onenetarikoak dira.

A.H.: Familia txiki bat sortu dugu eta taldekide guztien jarrera txalotzekoa da. Joseba Ugalde, Lidiaren neba, nire ustez kickboxing praktikatzen duen pertsonarik hoberena da, egiten duena benetan miresgarria delako. Halaber, Saioa oso perfekzionista da eta horri esker Munduko txapelketan egoteko aukera izan du. Bestalde, eskerrak eman behar dizkiogu gure entrenatzaileari, bera barik hau guztia ezinezkoa delako. Carlosek bere gimnasioan hartu ninduen kirol honetaz ideiarik ere ez izan gabe.

Zerk motibatzen zaituzte hainbeste borroken ondoren lehiatzen jarraitzera?
L.U.: Taldeak. Hilabete txar batzuk izan ditut eta haiek kirol hau nire bizitzako kirola dela ikusten lagundu didate. Nire helburua ez da Munduko txapelketa batera joatea edo borroka garrantzitsuak irabaztea, oso zaila delako eta urte askotako bete-beteko ardura eskatzen duelako. 

A.H.: Neure burua gainditzea. Gorputzak mugak dituela esan ohi da. Bada, horiek ezagutzea gustatuko litzaidake, ditudan helburu guztiak lortuz: ahal bezain borroka gehien irabaztea. Gainera, bi urte barru teknika ona eskuratzen badut ringera pasatzea gustatuko litzaidake. Horretarako denbora eta dedikazioa behar da.

Elkarren kontra borrokatu beharko bazenute, nork irabaziko luke?
A.H.: Tira, modalitatearen eta borrokaldiaren arabera. Entrenamenduetan egin dugun moduan, hankak bakarrik erabilita, Lidiak astindu ederra emango lidake. Seguru nago! Boxeo borrokaldia izatekotan, ordea, aukera gehiago izango nituzke irabazteko, pisu gehiago dudalako eta luzeagoa naizelako.

L.U.: Egia da esperientziak asko egiten duela. Bakoitzak gure indarguneak ditugu eta horretan trebeak gara. Ni, hankak erabili barik, defendatu eta ezer gutxi gehiago egingo nuke. Asierri beste horrenbeste gertatuko litzaioke: bere beso luzeak eta garaiera altua kenduta, larri!

☉ Ugao

“Zuk erabaki” izenburupean 2024ko aurrekontu parte hartzaileak martxan jarri ditu Ugaoko Udalak

Abenduaren 4an baino lehen egin ahalko dituzte ekarpenak herritarrek

|

Telematikoki ere proposamenak jasoko dira // Geuria

Hamarkada bat bete da Ugaoko Udala aurrekontuak modu parte hartzailean lantzen hasi zenetik. 2024koei begira ere, dagoeneko hasi dira bidea urratzen. Lehen pauso moduan, udalak galdetegi bat zabaldu du herriko etxe guztietara, 2300 ale, hain zuzen ere, eta bertan ekarpenak egiteko argibideak daude. Modu berean, herriko hainbat lekutan ere galdetegiak jaso, bete eta utzi daitezke: Jane Jauregian, Gazteinfo Gazte Informazio gunean eta Kiroldegian, betiere abenduaren 4a baino lehen. Telematikoki ere proposamenak jasoko dira, imprimaki digital hau betez.

Aurrez aurreko bilerak

Modu berean, udal gobernua aurrez aurreko bilerekin hasi da, aurrekontuaren berri eman eta sortu daitezkeen zalantzak argitze aldera. Ekaitz Mentxaka alkateak gidatzen ditu bilerak, lehena azaroaren 21ean egin zuten, eta bigarrena 27an, 08:30etik 14:00etara edo 17:00etatik 19:00etara. Asmoa da bai bilera hauetan eta bai beste bideetatik jasotako ekarpen eta iradokizunak udal aurrekontuan txertatzea, betiere teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak eta udal eskumeneko proposamenak badira. Egindako lanketa guztiaren emaitza eta aurrekontu proposamena bera abenduaren 11an aurkeztuko lukete udal arduradunek, Jane Jauregiko atikoan.

Bukatzeko, udal ordezkariek zehaztu dute prozesu hau abian jarri zenetik, “toki-administrazioak hainbat proiektu eta eskaera gauzatu dituela, hala-nola, gaur egun egiten ari diren kiroldegiko estalkia berritzeko lanak, San Bartolomeko arkupeak hobetzea eta ibaiaren ingurua udalerriaren erdigunearekin lotzea”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Euskara plazara jalgi nahi dute Ugaoko Helduon Euskara Topagunean

“Euskara plazara” lelopean, abenduaren 1ean 17:00etatik 20:00etara lau gune ezberdin prestatu dituzte herriko plazan

|

Helduon euskara topagunea Guraso Elkarteak eta AEK-k antolatu dute elkarlanean // Geuria

Euskararen Nazioarteko Eguna zertxobait aurreratuko dute aurten Ugaon, eta abenduaren 1erako ekimen interesgarria prestatu dute Ugaoko Guraso Elkarteak eta AEK-k elkarlanean: Helduon Euskara Topagunea, hain zuzen ere.

“Euskara plazara” lelopean, 17:00etatik 20:00etara lau gune ezberdin prestatu dituzte herriko plazan: alde batetik “Ugaoko Ikastolak 50 urte” deritzona egongo da. Bertan, garai hartako protagonistek testigantzak kontatuko dituzte. Aitzindari horietako batzuk azaroko Geurian protagonista izan ziren.

Bestetik, “Helduen berba jolasekin” etorria, irudimena eta umore ona landuko dituzte, eta “kafe txokoa” goxo-goxo berriketan aritzeko tokia izango da.

Bukatzeko, eta 18:30etatik aurrera, euskal kantagintzaren hitzaldia musikatua eskainiko du Andoni Tolosa Morau artistak.

Eguraldiak lagunduko ez balu ekintzak Jane Jauregiko egingo lirateke.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Familientzako antzerki zikloa antolatu dute Ugaon

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, emango zaio hasieran zikloari, “Loti Ederra” antezlanarekin, eta hurrengo bi larunbatetan segida izango du: abenduaren 10ean “Gure kanoa”  helduko da Ugaora, eta 17an “Olentzero eta irribarreak barra barra”

|

Euskararen Nazioarteko egunean hasiko da antzerki zikloa

Abenduarekin batera, antzerkiak bere urteroko hitzordua izango du Ugaoko familiekin. Udaleko Kultura sailak hiru antzezlanez osatutako zikloa antolatu du txiki eta ez hain txikien gozamanerako. Antzezlanak euskaraz izango dira, eta sarrera librea eta doan izango da.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, emango zaio hasieran zikloari, “Loti Ederra” antezlanarekin, eta hurrengo bi larunbatetan segida izango du: abenduaren 10ean “Gure kanoa”  helduko da Ugaora, eta 17an “Olentzero eta irribarreak barra barra”.

Toki eta ordutegiari dagokionez, eguerdiko 12:30ean izango dira antzezlan guztiak, Jane Jauregian. 

Osorik irakurri

☉ Ugao

Oinarrizko Pilates tailerra antolatu dute azaroaren 29an Jane jauregian

Teknika ezberdinak ezagutu eta lantzeko aukera izango dute bertaratzen direnek

|

Jane Jauregian egingo da Pilates saioa

Pilatesa gorputzaren kontzientzia hartzea, buru eta gorputzaren arteko harremana garatzea, arnasketa kontrolatzea eta giharrak luzatzea helburu duen diziplina da, sorbalda, bular eta bizkarreko muskuluak indartzeko ariketa ezin aproposagoa.

Datorren azaroaren 29an Ugaoko Jane Jauregira hurbiltzen denak teknika ezberdinak ezagutu eta lantzeko aukera izango du. 18:00etatik 19:00etara egingo dute saioa, AEK-k antolatuta,  eta edozeinek parte hartu dezakeen arren, beharrezkoa da 663 040 035 telefono zenbakian aurrez izena ematea.

Modu berean, estera, arropa erosoa eta manta txiki bat eramatea beharrezkoa izango da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Joseba Borde presoaren gradu erregresioaz “kezka” adierazi du Ugaoko Udalak aho batez

|

Ugaoko Udalak adierazpen bat kaleratu du EAJk eta EH Bilduk aho batez sinatuta // Geuria

Joseba Borde Gaztelumendi ugaotarrak berriro itzuli behar izan du Basauriko espetxera. Fiskaltzak bere hirugarren graduaren aurka helegitea jarri zuen urriaren 31n eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu ondoren, gradu erregresioa ezarri diote, berriro espetxeratuz.

Bigarren aldia da Bordek gradu erregresioa jasan duela; izan ere, ekainean hirugarren gradua baliogabetu eta Basauriko espetxera itzultzea behartu zuten.

Ugaoko Udalak adierazpen bat kaleratu du EAJk eta EH Bilduk aho batez sinatuta: “Udal korporazio honek bere kezka adierazi nahi du Fiskaltzak espetxe-organoek hartutako ebazpenen aurka behin eta berriro errekurtsoak jartzen dituela eta. Izan ere, kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak”, diote.

Ildo horretan, Ugaoko Udalak eskatu du, “ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta, ebazpen horiek bateragarriak izan daitezela Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin, graduprogresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena”, diote.

2024an beteko luke kondena osorik

Borde Gaztelumendik 64 urte ditu eta gaixotasun larriak dituzten presoen artean dago. 2002ko azaroaren 26an espetxeratu zuten eta 30 urteko zigorra ezarri zioten. 2019ko azaroan zigorraren hiru laurdenak bete zituen, espetxe legedia onartu zuen eta egindako mina aitortu zuen idazki bat aurkeztuz. Gainera, 2024an beteko luke kondena osorik. “Aspaldian hirugarren gradura igarotzeko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu”, diote Udaletik.

“Kasu honetan ere, Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatu da, zeinaren bidez presoak berriro espetxera sartu behar duen Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hirugarren gradua eteteko fiskalaren eskaera onartzen duen unean, prozesua geldiaraziz Espetxe Zaintzarako Epaile Zentralaren erabakiari itxaron gabe. Egoera horrek espetxean hilabeteak pasatzera eraman lezake berriro eta denbora baten buruan Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hirugarren gradua berrestea, honela espetxe tratamendu batzordearen erabakia aplikatzean salbuespen egoera eta babesgabetasun juridikoa sortuz”, diote Udaletik.

Osorik irakurri