Ugaok 5,58 milioi euroko udal aurrekontua izango du 2023an, pasa den urtekoa baino 221.540 euro handiagoa, eta partidaren %10 (569.000 euro), bideratuko dute inbertsioetara. Proposatutako aldaketen artean egongo dira, besteak beste kirol azpiegituretara eta energia jasangarritasunera bideratutakoak. Horrela erabaki du, behintzat, herriko gobernuak abenduaren 27ko osoko bilkuran: EAJren aldeko zazpi botoekin eta EH Bilduren kontrako hirurekin atera da aurrera 2023ko aurrekontua.
Jeltzaleek osatutako proposamenean biltzen den bezala, El Jaro kiroldegiko estalkia berritzea (193.600 euro) eta futbol zelaiko luminaria eta argiteria publikoaren zati bat LED teknologiagatik ordezkatzea (ia 80.000 euro, guztira) izango dira obretako batzuk. Era berean, energia burujabetasunaren eta jasangarritasunaren alde egiteko, kiroldegiaren plaka fotovoltaikoak instalatzeko 242.000 euroko inbertsioa egingo dute, hortik lortzen den energia bi kilometrora dauden eraikin publiko guztietan erabiltzeko: udaletxean, kultur etxean, frontoian eta futbol zelaian.
Izan ere, Udalak 70.000 euroko (%55) gastu igoera izan du energiaren prezioak izan duen bilakaeraren ondorioz, eta, hain zuzen, datozen urteetarako kopuru hori murrizteko erabili nahi dituzte planteatutako jarduketak. Ekaitz Mentxaka alkateak ardatz hori nabarmendu nahi izan du aurrekontuko esku hartzeen beharrezkotasuna azpimarratzeko: “Energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien alde egitea”.
Bestalde, Mentxakak kontuek gastu sozialean izan duten “inoizko igoera handiena”, nabarmendu du. Horrela, Adingabeentzako eta familientzako arretari dagokionez, 70.000 eurotan igo dute partida, bigarren gizarte-hezitzaile bat eta lanaldi erdiko psikologo bat kontratatzeko. Ildo beretik, Udalak 123.000 euroko aurrekontua bideratuko du hauskortasun-egoeran dauden pertsonei autonomia hobetzeko eta nahi ez duten bakardade-egoerei aurre egiteko Zainduz laguntza-programako “Zaintzaileak Ugaon” ekimenera.
Oposizioaren kezkak
Herriko EH Bilduk, bere aldetik, hiru proposamen egin ditu aurrekontutik kanpo: Goikirin oinezkoentzako bide alternatiboa egitea, Gernikako enparantzan aterpe gune bat eraikitzea eta parke ezberdin bat egitea. Eta horiek diruzaintzako soberakin likidoarekin finantzatzeko eskaera luzatu die jeltzaleei. Baina Maider Gaztaka Bilduko bozeramaileak esan duenez, EAJk ezezkoa eman die jarduketei, “oraintxe bertan zenbat gerakin izango dugun jakiterik ez dagoela eta gure proposamenak oso orokorrak direla argudiatuta”.
Gaztakak esan du oposiziotik urtero-urtero saiatu izan direla ekarpenak egiten, baina aurten zailtasunak izan dituztela akordioak lortzeko. “2020 eta 2021eko aurrekontuetan alde bozkatzea erabaki genuen guretzat garrantzitsuak ziren proposamenak jaso zenituztelako, eta 2022an, gure proposamen gehienak baztertu arren, gutxi batzuk txertatzea lortu genuenez, abstenitzeko erabakia hartu genuen”, gogoratu du bozeramaileak. Baina aurten, inbertsio handietan beren iritzia kontutan ez dutela hartu esan du: “Akordioak lortzeko, gobernu taldearen eskaera beti izan da aurrekontuen partidak kentzea edo murriztea, zuzenketaren bat edo ekarpenen bat egin ahal izateko” —azaldu du— “Horrek gure proposamenak aurrera ateratzeko ezinbesteko baldintza dirudien arren, oso mugatua uzten du inbertsio garrantzitsuetarako proposamenak egiteko aukera”.
Horri lotuta, Ekaitz Mentxakak gogoratu du erabakirik garrantzitsuenak beti bozkatzen direla osoko bilkuran, eta alderdi biek eztabaidatuta eta gehiengoaren babesarekin irteten direla aurrera. Era berean, alkateak esan du hauteskunde programan egindako proposamenak bete dituztela Udalean, eta jeltzaleek duten gehiengoarekin inbertsio txikienetan baino ez dituztela hartu aldebakarreko erabakiak, gobernuan egonda ikusi dituzten beharrizanen arabera: “Baina jarduketa inportanteenak hemen bozkatu dira”.
Mentxakak azaldu du oposizioak ekarpenak egiteko urtero egiten duen lana ez duela zalantzan jartzen. Halere, oraingoan Bilduk emendakinik aurkeztu ez duela esan du alkateak, eta aurrekontutik kanpo egindako ekarpenekin, akordioetara heltzeko ez dutela jarrera aproposik erakutsi. Gainera, Mentxakak oposizioak egindako proposamenen zehaztasun falta ekarri du mahai gainera: jarduketetan zein obra egin nahi dituzten eta zenbat kostatuko luketen ez dutela aurreikusi.
“Teknikariak esan arte, ez daukagu modurik 2023ko gerakina zenbatekoa izango den jakiteko”, azaldu du alkateak. Eta oposizioak proposatzen duenak zenbateko inbertsioak behar dituen jakin gabe, partida hori proposatutako obretara bideratu daitekeela esatea ezinezkoa dela azaldu du.
