Sareak

☉ Ugao

Egitaraua / Apar festa eta txaranga egingo dituzte Ugaoko Bartolome Deunaren jaietan

Abuztuaren 24an ospatuko dira Ugaoko Bartolome Deunaren jaiak. Umeentzako hainbat ekintza eta kaleko musika antolatu dituzte asteazkenerako.

|

Etxebarriko apar festa // Geuria

Asteazkenean, abuztuaren 24an, ospatuko dituzte Ugaoko Bartolome Deunaren jaiak. Goizean zein arratsaldean umeentzako parkea antolatu dute txikienentzat, eta bitsa festa ere egingo dute 18:00etan. Eguerdian, 12:30etatik hasita, kale animazioa egongo da Sama Siku fanfarrearen eskutik.

BARTOLOME DEUNAREN JAIAK 2022 / PROGRAMA

11:00 Umeentzako parkea
12:00 Bartolome Deunaren omenezko meza
12:30 Kale animazioa, Sama Siku fanfarrearekin
17:00 Umeentzako parkea
18:00 Bitsa festa

☉ Ugao

Udaberriko Hitzaldi Zikloa antolatu du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak

Maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran hitzaldi bi eta LAB sindikatuaren dokumental bat proiektatuko dute

|

LABeko manifestari bat, 2022an, Basaurin // Geuria

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak hitzaldi bi eta dokumental baten proiekzioa antolatu ditu Udaberriko Hitzaldi Zikloan.

Maiatzaren 24an, gatazka politikoaren ondorioz izan eta diren preso eta erbesteratu ohiei egungo gizartean duintasunez bizi eta egokitu daitezen behar duten laguntza eskaintzea helburua duen hitzaldia eskainiko du Ugaoko Harrera elkarteak. Hitzordua 18:30ean izango da.

Maiatzaren 30ean, 18:30ean, LAB Zabaltzen izeneko dokumentalaren proiekzioa antolatu dute sindikatuaren 50. urteurrena ospatzeko. Amaieran solasaldia egingo dute dorretxean bertan.

Azken jarduera, hitzaldia, ekainaren 7an antolatu dute, 18:00etan. “Jauzi Ekosozialeko eta Goiener Energia Kooperatibako kideak dorretxean iango ditugu aldaketa ekosozialaren gakoak eta erronkak aztertzeko, azaldu dute Ugaoko Dorretxeatik.”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Mirabatxo, Udaludo eta Umetxoen Gelan izena emateko epea zabaldu dute

Ugaoko Udalak maiatzaren 31ra arte zabaldu du epea haurrak udako jardueretan apuntatu ahal izateko

|

Haurra, udako kolonietan // Geuria

Ugaoko Udalak maiatzaren 31ra arte zabaldu du epea haurrak Uda Mirabatxon, Udaludon eta Umetxoen Gelan apuntatzeko.

Uda Mirabatxo 2013 eta 2016 urteen artean jaiotako gaztetxoei zuzenduta dago eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra antolatu dute aurten, 10:30etik 13:30ak arte. Goiztiarrak 08:00etatik edo 09:00etatik sartu ahalko dira. Aurten ere igerilekura irteerak, zientzia saioak, kirola oro har, Ugao Chef eta Kids Arts bezalako saioak izango dituzte umeek, eta baita animaliak ikusteko, naturarekin zerikusia duten jarduerak praktikatzeko eta astronomiaren inguruko ekintzak lantzeko.

Udaludo ere ekainaren 24tik uztailaren 19ra arte antolatu dute eta 2017 eta 2020 urteen artean jaiotako haurrek hartuko dute parte bertan aurten, 10:30etik 13:30ak arte. Zerbitzu honek ere goiztiarren zerbitzua izango du eta umeak 08:00etan eta 09:00etan sartu ahalko dira klasera.

Umetxoen Gela zerbitzu berezia 2021ean jaiotako haurrei zuzenduta dago eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra antolatu dute, 10:15etatik 13:15ak arte.

Erreserbak egiteko

Izen emateak egiteko zein informazio gehiago jasotzeko aurrez aurre egin dezakete interesdunek Ugaoko Jane jauregiko beheko solairuan, edo 946 480 704 telefono zenbakira deituz zein ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbide elektronikora mezua bidaliz.

Ugaoko Udaleko ordezkariek azaldu dute ekainaren 4an izena eman dutenen zerrenda eta itxaron-zerrenda argitaratuko direla Jane Jauregian: “Egun honetatik aurrera eta ekainaren 14ra arte, izena eman dutenek jarduera ordaindu ahal izango dute”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bideoa / Sute batek zazpi auto kaltetu ditu Ugaoko Gernika enparantzako aparkalekuan

03:30ak aldera, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri

|

Kiskalitako autoak, txandakako aparkalekuan // Utzitakoak

Gaur goizean, 03:30ean, Ugaon gertatutako sute baten abisua jaso dute larrialdi zerbitzuek eta Basauriko suhiltzaileak gerturatu dira bertara. Segurtasun sailak azaldu bezala, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri. Segurtasun Saileko arduradunen arabera ez da zauriturik egon. Ertzaintza ezbeharraren arrazoiak ikertzen ari da.

Aste honetako bigarren sutea da Ugaon honako hau. Joan den maiatzaren 14ko goizaldean Udiarraga okindegiko lantegiak su hartu zuen Usilako industrialgunean. San Migelen, gainera, furgoneta batek su hartu zuen Atxukarro industrialgunetik gertu eta bertan irudiak jaso zituen GEURIA komunikabideak.

Autoak, suhiltzaileen aparrarekin, aparkalekuan // Utzitakoak

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketak marrazkigintzarako materiala eta 500 euro banatuko ditu

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta kartelak ekainaren 25era arte aurkeztu ahalko dituzte parte-hartzaileek

|

Ugaoko jaietako txupinazo eguna, iaz // Geuria

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta Udalak Udiarragako Ama birjinaren omenezko jaiak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu du.

Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 25a izango da eta kategoria bitan parte hartu ahalko dute interesdunek: A mailan (sei eta 14 urte bitartekoena) eta B mailan (15 urtetik gorakoak). A mailako saria marrazkigintzarako materiala izango da eta B mailakoa 500 euro.

Udal ordezkariek azaldu dute kartelak “berdintasunaren aldeko planteamendua” islatu beharko duela eta gaia librea izango dela: “Hala ere Ugaoko jaietako berezitasunen bat, ohikoa den zerbait, agertu beharko da proposamenean”.

Lanak Jane jauregian aurkeztu ahalko dira 10:00etatik 13:00ak arte ekainaren 25era arte. Ugaoko Jai Batzordeko kideek osatutako epaimahaiak uztailaren 5ean iragarriko ditu kategoria bakoitzeko irabazleak.

Lehiaketako oinarriak eta eskuorria Udalaren webgunean topa ditzakete interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Txapelfest inkestak Ugaoko gazteen beharrak aztertuko ditu aisialdiko jarduerak indartzeko

15 eta 35 urte bitarteko gazteek maiatzaren 31ra arte parte hartu ahalko dute Ugaoko Udalak martxan jarri berri duen prozesu parte-hartzailean

|

Leire López, Ekaitz Mentxaka, Urtzi eta Maite Olabarri // Geuria

Ugaoko Udala 15 eta 30 urte bitarteko gazteengana hurbildu nahi da Ugaotar gazteen beharrak eta kezkak ezagutzeko eta, horrela, kolektibo horri zuzendutako aisialdi-jarduerak indartu ahal izateko. Horretarako Txapelfest izeneko inkesta “informal eta dibertigarria” abiarazi du, “gazteentzako aisialdiko eta programazio erakargarriagoa diseinatzeko”.

Gaur egun 15 eta 30 urte bitarteko 640 biztanle bizi dira Ugaon, biztanleriaren % 15,44. “Proiektu honek aukera bikaina eskaintzen digu beraiengana hurbiltzeko, maila berean hitz egin eta entzuteko eta elkarrekin programazio erakargarriagoa eraikitzeko, haien gustuen arabera”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak ekimenaren prentsaurrekon. “Haien interesak ezagutzeaz gain, ekimen honek gazteekin interakziorako espazio berriak sortzeko aukera emango digu”.

Ekaitz Mentxaka: “Ekimen honek gazteekin interakziorako espazio berriak sortzeko aukera emango digu”

Gazteen bila

Hurrenketa hori gauzatu ahal izateko, Ugaoko gazteek Udalak berak diseinatutako Txapelfest izeneko inkestan parte hartu ahalko dute maiatzaren 31ra arte webgune honen bidez. Ana Guinea kultura teknikariak azaldu lez, “inkesta nahiko dibertigarria” sortu dutela azaldu die prentsaurrekora hurbildu diren komunikabideei. “Betetzeko erraza izango da eta herrian zehar ipiniko dituzten karteletako QR kodeak eskaneatuz hartu dezakete parte gazteek bertan”.

Izenik gabeko inkesta hau, kanpaina osoa dinamizatzen lagunduko duten, gazteen parte-hartzea bultzatuko duten eta, aldi berean, gazte-politika berriak abian jartzeko informazio osagarria jasoko duten kontratatutako bi gazterekin osatuko da. Langile horiek Ugaoko hainbat gunetan izango dira herriko gazteek inkestan parte hartzera animatzen: institutuan, Gaztelekuan, Gazteinfon, Kultur Etxean (Jane Jauregian) eta herriko eragileen hainbat egoitzatan .

Proiektu honekin batera kanpaina bat sortuko du Ugaoko Udalak eta parte hartzeko prozesu osoaren estrategia errespetatuko du: harritzea, erronka jotzea eta, batez ere, gazteekin konektatzea.

“Inkesta amaitzean, parte-hartzaileek zein ‘txapelfest maila’ eskuratu duten mezua jasoko dute plataformatik”, azaldu du Leire López Gazteria saileko teknikariak. “Horrela feedbacka sortuko da Udalaren eta gazteen artean”

“Legegintzaldi honen helburuen artean gazte politikari bultzada ematea da eta horixe da prozesu honen xede nagusia”, azaldu du Mentxakak.

Osorik irakurri