Sareak

☉ Ugao

Biribilgunea eta 15 aparkaleku berri egingo dituzte El Jaro kiroldegian

Udan iragarritako atzerapenaren ondoren, joan den astean abiatu dituzte Ugaoko El Jaro kiroldegiko aparkalekua handitu eta irisgarritasuna hobetzeko obrak. Autoentzako 15 aparkaleku gehiago eraikiko dituzte inguruan dagoen lursailean. Era berean, bide segurtasuna hobetzeko asmoz, erreia bikoizteko obrak egingo dituzte.

|

El Jaro kiroldegiko aparkalekuko obrak // Ugaoko Udala

Udan iragarritako atzerapenaren ondoren, joan den astean abiatu dituzte Ugaoko El Jaro kiroldegiko aparkalekua handitu eta irisgarritasuna hobetzeko obrak. Udalak 113.180 euro inbertituko ditu (BEZa barne) zentroaren kanpoaldeko parking eremua eta errepidea egokitzeko, eta bi hilabete barru bukatuko dutela aurreikusi dute.

Autoentzako 15 aparkaleku gehiago eraikiko dituzte El Jaro inguruan dagoen lursailean. Era berean, bide segurtasuna hobetzeko asmoz, erreia bikoizteko obrak egingo dituzte: biribilgune txiki bat eraikiko dute ibilgailuek noranzkoa aldatu eta BI-3524 foru errepidera “ikuspen eta segurtasun baldintza onetan” sartzeko aukera izan dezaten.

Ekaitz Mentxaka alkateak nabarmendu duenez, Udalarentzat “lehentasuna” izan da kiroldegiko obrak ahalik eta azkarren burutzea; izan ere, “El Jaro oinezkoen eta autoen joan-etorri handiko gunea da, batez ere ordu jakinetan”. Egingo dituzten obrekin “hobekuntza handia” nabarituko dute bai gidatzen doazenek, baita ibiliz hurbiltzen direnek ere.

El Jaro kiroldegiko aparkalekua 2021ean // Geuria

Uztaileko atzerapena

Udalak uda baino lehen hasi nahi zituen aparkalekua handitzeko obrak. Halere, uztailaren 26an egindako osoko bilkuran iragarri zuten atzerapenak egongo zirela, adjudikazioa egin ostean, lehiaketa publikoa irabazi zuen enpresak ez zuelako kontratua bere horretan bete nahi. Hasieran onartutako prezioa baino diru gehiago eskatu zuenez eraikuntza burutzeko, azkenean, Udalak lehiaketa publikora aurkeztu zen bigarren enpresari eskaini behar izan zion obra.

☉ Ugao

Ugaobono 2023 kanpaina martxan da tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin

Udalak 15.000 euro bideratu ditu kanpaina hau aktibatzeko, eta 1.600 bonu jarriko dira herritarren eskura

|

Abenduaren 4tik 31ra irauten du Ugaobono kanpainak // Geuria

Urtero bezala, eta abenduaren bueltan, Ugaoko Udalak “Ugaobono” kanpaina jarri du martxan herriko merkatariekin batera, udalerriko merkataritza-establezimenduetan kontsumoa sustatzeko asmoz. Guztira 1600 bono jarri dituzte herritarren eskura, eta udalak 15.000 € bideratu ditu kanpaina honetara.

Bonuak Udaletxean daude eskuragarri abenduaren 4tik 31ra arte (edo bonuak amaitu arte), udaletxeko lehen solairuan, astelehenetik ostiralera 7:30etik 14:00etara, eta astelehenetan baita 17:00etatik 19:00etara ere.

18 urtetik gorako ugaotar bakoitzak NAN bakoitzeko gehienez 2 bonu erosi ahal izango ditu, gehienez 2 NAN aurkeztu ahal izango dituelarik, eta 2023ko abenduaren 4tik abenduaren 31ra arte erabili ahal izango ditu. Epe hori igarotakoan, ordainbide gisa duten balioa galduko dute.

Bi bonu mota egongo dira:

  • 30 euroko balioa duten 1.250 bonu, bonu bakoitza 20 euroko
    eskuratze-kostuarekin.
  • Eta beste 350 bonu, 15 euroko balioarekin, bonu bakoitzeko 10
    euroko eskuratze-kostuarekin.

Beraz, bonuak erosten dituzten pertsonek 20 euro edo 10 euro ordainduko dituzte bonu bakoitzeko, eta, ordainetan, 30 euroko edo 15 euroko gastua egin ahal izango dute, hurrenez hurren, kanpaina honi atxikitako edozein establezimendutan, erosketetan %33 aurreztuz eta, aldi berean, tokiko
merkatariei lagunduz haien salmentak bultzatuz.

Bonuak “UgaoBono 2023” kanpainari atxikitako establezimenduetan (kanpainaren identifikazio-kartela izango dute erakusleihoan) erabili ahal izango dira.

Osorik irakurri

☉ Ugao

“Gure kanoa” antzezlanak txontxongiloen magia eramango du Ugaora

|

galdakao kontukontari txontxongiloak
Txontxongilo ikuskizuna // Geuria

Abba, Senegalgo arrantzale familia batean jaiotako haurra da. Berak ongi daki Maam Kumba kantuan hasten denean bere bihotzean bizi den Arrain Argitsua mila kolorez piztu eta, herritarrek arrantzatu dezaten, arrainak erakartzen dituela Arrainen Etxera, horrela deitzen baitote haiek itsasoari. Baina zoritxarrez itsasontzi handiek haien bizimodua eraldatu dute, Maam Kumbaren bihotzeko arraina sare artean arrapatuta, Maam Kumba mutu gelditu da, isildu da jakituriaren kantua, mutu geratu da herria, arrainik gabe Arrainen Etxea. Eta ondorioz Abba ezustekoz beteriko bidaia luzean murgilduko da.

Hori da datorren abenduaren 10ean, 12:30ean Jane jauregian eskainiko duten “Gure kanoa” antzezlanaren sinopsia. Migrazioa, hemisferio ezberdinetako pertsonen arteko harremana eta lurraren zaintza bezalako gaien inguruan arituko dira txotxongilo maitagarriak.

Antzezlan hau Ugaoko Udalak familientzako antolatu duen antzerki zikloaren barruan kokatzen da.

 

 

 

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gabonetako Hiri Kolonietan izena emateko epea zabaldu dute Ugaon

Abenduaren 1etik 15era egongo da zabalik izena emateko epea

|

Hiri koloniak abenduaren 26tik urtarrilaren 5era egingo dira / Geuria

Urtero bezala Ugaoko umeek Hiri Kolonietaz gozatzeko aukera izango dute, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arte. 2013. eta 2019. urteen artean jaitako umeei zuzenduta dago, eta ordutegia 10:30etatik 13:30etara izango da.

Ordutegi horrek badauka ñabardura bat, baina, eta da goiztiarrenek 8:00etan eta 9:00etan joateko aukera izango dutela.

Leku mugatuak dira, eta izen emateari buruzko informazio guztia jane Jauregiko beheko solairuan emango dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak / Zaintzak pribatizatzearen kontrako aldarrikapena eraman dute Ugaora grebalariek

|

Ugaoko Greba Feminista Orokorra aldarrikapen eguna izan da Ugaon. Eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, gogotsu ekin zioten grebari gauerdi partean kalejira zaratatsuarekin.

Dagoeneko egun argiz, hainbat izan dira antolatu dituzten ekintzak, hala-nola kalejira zaratatsua, pikete solidarioa, kafea eta salda, manifestazioa eguerdi partean, eta bukatzeko bazkari autogestionatua. Horren ondoren, eguneko momenturik hunkigarrienetakoa heldu da, parte hartzaileek bizipenak konpartitzeko tartea izan baitute.

16:00etan Bilborako bidea hartu dute, bertako manifestazioarekin bat egiteko.

Osorik irakurri

☉ Ugao

“Zuk erabaki” izenburupean 2024ko aurrekontu parte hartzaileak martxan jarri ditu Ugaoko Udalak

Abenduaren 4an baino lehen egin ahalko dituzte ekarpenak herritarrek

|

Telematikoki ere proposamenak jasoko dira // Geuria

Hamarkada bat bete da Ugaoko Udala aurrekontuak modu parte hartzailean lantzen hasi zenetik. 2024koei begira ere, dagoeneko hasi dira bidea urratzen. Lehen pauso moduan, udalak galdetegi bat zabaldu du herriko etxe guztietara, 2300 ale, hain zuzen ere, eta bertan ekarpenak egiteko argibideak daude. Modu berean, herriko hainbat lekutan ere galdetegiak jaso, bete eta utzi daitezke: Jane Jauregian, Gazteinfo Gazte Informazio gunean eta Kiroldegian, betiere abenduaren 4a baino lehen. Telematikoki ere proposamenak jasoko dira, imprimaki digital hau betez.

Aurrez aurreko bilerak

Modu berean, udal gobernua aurrez aurreko bilerekin hasi da, aurrekontuaren berri eman eta sortu daitezkeen zalantzak argitze aldera. Ekaitz Mentxaka alkateak gidatzen ditu bilerak, lehena azaroaren 21ean egin zuten, eta bigarrena 27an, 08:30etik 14:00etara edo 17:00etatik 19:00etara. Asmoa da bai bilera hauetan eta bai beste bideetatik jasotako ekarpen eta iradokizunak udal aurrekontuan txertatzea, betiere teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak eta udal eskumeneko proposamenak badira. Egindako lanketa guztiaren emaitza eta aurrekontu proposamena bera abenduaren 11an aurkeztuko lukete udal arduradunek, Jane Jauregiko atikoan.

Bukatzeko, udal ordezkariek zehaztu dute prozesu hau abian jarri zenetik, “toki-administrazioak hainbat proiektu eta eskaera gauzatu dituela, hala-nola, gaur egun egiten ari diren kiroldegiko estalkia berritzeko lanak, San Bartolomeko arkupeak hobetzea eta ibaiaren ingurua udalerriaren erdigunearekin lotzea”.

Osorik irakurri