Sareak

☉ Ugao

Alejandro Pacheco: «Sare sozialak ez dira aukera bat; horiek barik merkatutik kanpo geundeke egun»

|

Inork gutxik ezagutzen du Alejandro izenarekin, Ugaon Patxes bezala ezaguna baita. “Patxez, gozotegikoa, croissantena”. Alejandro Pacheco León (Venezuela, 1993) Hegoamerikatik iritsi zen Bilbora bere familiarekin duela 17 urte bere negozio propioa zabaltzeko asmoarekin. Hainbat lanetan aritu ostean enpresa propioa abiarazteko pausoa eman zuen: Torre de Ugao kaleko 22. zenbakian Patxes ireki zuen.

Erronka handia izan zen Alejandrorentzat momentura arte leku berean zegoen Juan Manuelen LekuGozo gozotegia ordezkatzea, baina Alejandrok pauso hori eman zuen eta egindako lanaz harro dago.

Zazpi urte igaro dira Patxesek Ugaon pertsiana zabaldu zuenetik eta gaur egun croissanten erreferentziazko tenplu bihurtu da Hego Uriben eta baita Bilbo Handian ere. Alejandrok buelta bat eman zion gozotegi tradizionalaren formatuari eta garai berrietara doitzen jakin du: Gozotegiaren Instagrameko kontuak 25.300 jarraitzaile baino gehiago ditu eta Tik Tok kontua sutan dauka azken momentuko tendentziei helduz.

Negozioak Ugaon izandako arrakasta ikusita bigarren denda zabaldu zuen Bilboko Heros kaleko 15. zenbakian iaz. Hurrengo urratsa, ondo bidean, negozioa zabaltzea da eta hirugarren denda bat irekitzeko ideia buruan duela azaldu digu Patxeseko gozogileak, croissanten artean.

Patxeseko lantaldea, Ugaon // Geuria

Zein da Patxes gozotegiaren istorioa? Duela 17 urte iritsi nintzen Bilbora familiarekin batera, eta gozotegia zabaldu baino lehen hainbat gozotegitan lan egin genuen 2017an Ugaon gure negozio propioa sortu genuen arte: Patxes.

Nola gogoratzen dituzu negozio berriaren lehen urteak? Patxes zabaldu genuenean aita bakarrik hasi zen gozotegian lan egiten, gainontzekook gure lanak genituelako. Hasierako asmoa aitak goizeko lehen orduan pastelak egitea zen eta gero horiek dendan saltzea. Goizeko 03:00etan hasten zen lanean eta 21:00ak arte ez genuen pertsiana jaisten. Baina eskaintzak, espero genuenaren aurka, gora egin zuen eta kontrola galdu genuen.

Ugaon gozotegi gehiago daude. Nola ikusi zenuten bertan esparru bereko beste negozio bat zabaltzeko erronka? Ugaon hainbat gozotegi daude, bai, baina bakoitzak merkatu-hobi propioa du eta negozioen artean ez dugu ondokoa zapaltzen.

Zeintzuk izan ziren gozotegiko lehen gozoak? Txokolatezko palmerak. Aurreko negozioak, LekuGozok gozo horiek egiten zituen. Kasualitatea izan zen. Era askotako palmerak sortzen hasi ginen hasieran. Horrela egiten zuen LekuGozoko Juan Manuelek. Ugao palmerak jatera ohituta zegoen herria zen. Hortik abiatu ginen. Zorionez, ondo irteten zitzaizkigun guri ere.

Alejandroren aita, gozotegian, lanean // Geuria

2017tik gaur egun arte garapen positiboa izan du Patxesek eta palmerak bigarren mailara igaro dira. Palmerak egiten ditugu oraindik baina ez genuen gure burua gauza bera egitera mugatu nahi. Berriztu beharra zegoen eta orain croissantak dira gure espezialitatea. Ikusi izan dugunez, croissant barrubeteak modan daude berriro eta probak egiten hasi ginen sukaldean. Mota bi sortu genituen hasteko eta kopuru txikiak ekoizten hasi ginen. Gaur bederatzi mota baino gehiago egiten ditugu Patxesen. Sare sozialen bidez tendentzian dagoena ikusten dugu eta, horrez gainera, bezeroen eskakizunei amen egiten diegu, ahal den heinean.

Zein da arrakasta handiena eskuratu duen croissant mota? Pistatxozkoa, ezbairik gabe. Pilo bat saltzen dugu eta barrubetea egiteko pralinea erabiltzen dugu % 100ean. Pistatxoa ekologikoa da eta Gaztela Mantxatik ekartzen digute. Gauza guztiekin gertatzen den bezala, produktu ona erabiltzen denean kalitatean nabaritu egiten da. Pistatxozkoaz gainera, Lotus, Oreo, Cheesecake, Lemon Pie, Nocilla eta Kinderrez barrubetetako croissantak topa daitezke Ugao eta Bilboko gozotegietan, baita duela hilabete batzuk tendentzia izaten hasi zen Crookie izenekoa, cookie eta croissanten arteko nahasketa. Azken batean esperimentuak egiten ditugu gure croissantekin eta formula batekin asmatzen badugu, ekoizteko gaitasuna dugu, gure markaren zigilua mantenduz.

Pistatxozko croissanta, salduena Patxesen // Geuria

Nola definituko zenituzke Ugaoko auzotarrak jateko ohituren esparruan? Ugaotarrek jaten badakite eta kalitatea benetan apreziatzen dute. Gainera jatorrak dira eta esan beharreko gauzak esaten dituzte. Auzotar oso irekiak izan dira lehen momentutik, eta gauza berriak dastatzeko prest agertzen dira beti. Negozioa zabaldu baino lehen bestelako gozotegietan lan egindakoa naiz eta leku jakin batzuetan gauza berriak dastatzeko beldurra dago.

Nola antolatzen dituzue ekoizpen kopuruak? Ekoizpena behetik kalkulatzen dugu: asmoa dena saltzea da, produkzioa optimizatuz, elikagairik alferrik ez botatzeko. Horregatik produktuak aldez aurretik enkargatzea gomendatzen dugu eta horrexegatik eguerdian zabaltzen dugu Ugaoko denda, besteak beste.

Bilboko denda iaz zabaldu zenuten. Nolako urtea izan da? Ugaoko dendak oso ondo funtzionatu du, baina azken batean merkatua oso mugatuta dago. Bilbok 400.000 biztanle ditu eta bigarren denda honek muga hori zabaldu egiten digu.

Arraroa egiten da gozotegi bat bezalako tradiziozko negozio batek zuena bezalako arrakasta eskuratzea. Nola egin duzue? Hemendik 15 urtera sareak menperatuko dituzte gure bezeroek telefonoarekin. Sare sozialak ez dira aukera bat gaur egun: ez badituzu, merkatutik kanpo zaude. Gure kasuan bertan iragartzen ditugu gure produktu berriak guk geuk sortutako promozio bideoen bidez, azken orduko albisteen berri ematen dugu… Instagrameko @patxes_pasteleria eta TikTokeko Patxespasteleria kontuen bidez. Gure asmoa hemendik urte batzuetara enpresa egonkortzea, hobetzea eta zabaltzea da eta horretarako egungo baliabideei heldu behar diegu halabeharrez. Patxesekin marka bat sortu nahi dugu eta gure produktuak kalitatearekin lotzea.

☉ Ugao

Momiak filma aire zabalean, euskaraz eta doan proiektatuko dute Ugaon

Filma ekainaren 21ean proiektatuko dute Herriaren enparantzan, 22:00etan

|

Krispetak // Corina Rainer, Unsplash

Ikasturtearen amaiera heldu da eta udako oporrekin batera urtaro berriko ekintzak. Datorren ekainaren 21ean, ostirala, Momiak filma proiektatuko dute 22:00etan Ugaoko Herriaren enparantzan Ugaoko Merkatari Elkartearen eskutik eta Udalaren babesarekin. Euria egitekotan proiekzioa frontoira eramango lukete.

Juan Jesús García Galochak zuzendutako filma da Momiak eta publiko orokorrari zuzenduta dago. Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatu den bigarren film da, ‘Yuku eta Himalaiako lorea’ lanaren ostean. Filmak joan den otsailaren 23an hasi zuen ibilera EAEko zinema aretoetan.

Momiak (2023)

Lurraren erraietan momien hiria dago! Inperioaren aginduz, Nefer printzesak Thurtekin ezkondu behar du, gurdien auriga ohi batekin. Ez batak ez besteak ez dute ezkondu nahi; Neferrek askatasuna irrikatzen duelako, eta Thutek ezkontzeari alergia diolako.

Filmaren fotograma bat // Momiak

Baina jainkoen asmoak ezeztaezinak dira: Thutek Neferrekin ezkondu eta faraoiak eman dion errege eraztuna zaindu beharko du. Horri zerbait gertatuko balitzaio, Thutek begiak eta mihia galduko lituzke. Bitartean, gure munduan, Lord Carnabyk indusketa arkeologiko bat egin eta gauza berezi bat aurkitzen du: Egiptoko errege-ezkontzako eraztun bat! Thut gizakien mundura joan behar da hura berreskuratzera. Ondoan Sekhem, 12 urteko anaia, bere krokodilo maskotarekin, eta Nefer ditu.

Elkarrekin abentura handi bat biziko dute Londres modernoan, eta beren asmoetan sartzen ez zen zerbait deskubrituko dute: maitemintzea zer den.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Markio auzoko jaietako paella lehiaketan izena emateko azken eguna da gaur

Larunbat honetan ospatuko dituzte Markioko jaiak. Hurrengo egunean San Juan sua piztuko dute Herriaren Enparantzan

|

Paella bat // Geuria

San Juan jaiarekin batera Markioko jaiak ekainaren 22an ospatuko dituzte Auzolagunen Elkartearen eskutik. Festak Markioko Donibane baselizan eguerdiko 12:00etan hasiko dira, ordu horretan meza antolatu dute eta ondoren luntxa prestatuko dute.

Egun horretan paella lehiaketa prestatu dute eta izena emateko azken eguna gaur da (ekainak 20). Parte hartu nahi duten interesdunek Jane jauregian egin dezakete aurrez aurre edota 946 480 704 telefono zenbakira deituz edo kultur-etxea@ugao-miraballes.eus helbidera idatziz.

Guztira 220 euro banatuko dituzte sarietan: Lehen saria 100 eurokoa izango da, bigarrena 70ekoa eta hirugarrena 50ekoa. Sari guztiek produktu sorta bat izango dute opari lez.

Parte hartzeko honako hauek kontuan hartu beharko dira:
– Parte-hartzaileek sua egiteko tresnak eta erabili beharrekoak ekarriko dituzte
– Parte-hartzaileek paellak egiteko osagarri guztiak ekarri behar dituzte
– Parte-hartzaile bakoitzak paella bi aurkeztu ditzake gehienez
– Paellak 14:00etan aurkeztu beharko dira
– Epaileen erabakia aldaezina izango da

“Arratsaldean txikien txanda helduko da”, azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek. “Buruhandien kalejira eta jokuak antolatuko ditugu 16:00etarik aurrera”. Zapatuko azken ekintza erromeria izango da eta 17:30ean hasiko da.

San Juanak, herrigunean

Hurrengo egunean, ekainaren 23an, hainbat ekintza antolatu dituzte Ugaoko herrigunean. 18:00etan Etorki Dantza Taldearen emanaldia antolatu dute Herriaren enparantzan eta 19:00etan buruhandiek herriko kaleak hartuko dituzte.

20:00etan Motociclones Elektrotxarangak kale animazioa eskainiko du eta 22:00etan San Juan sua piztuko dute, San Juan Koplak bota ostean. Udal ordezkariek iragarri dute, urtero bezala txokolatea banatuko dietela bertara hurbilduko diren herritarrei.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Masterclass bi antolatu dituzte Ugaoko Pump Track pistan, kirolean murgiltzeko

Ekainaren 22an izango dira saioak, jarraian, Ugaoko Pump Track pistan

|

Skater bat, Ugaoko Pump Tracka inauguratu zutenean // Geuria

Asteburu honetan, ekainaren 22an, Pump Track inguruko ezagutzak eskuratzeko materclass bi antolatu ditu Foru Aldundiak Ugaoko pistan, 10:00etatik 14:00ak arte. Parte hartzeko gutxieneko adina 10 urtekoa izango da eta izen emateak webgune honen bidez egin beharko dira.

Masteclass bi izango dira: lehena, 10:00etatik 11:55etara prestatutakoa, oinarrizko ezagutzak bereganatzeko izango da eta kirol hau inoiz egin ez duten edo oso modu puntualean egin duten pertsonei zuzenduta dagoela azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek. Bigarrenak Hobekuntza izena du eta diziplina honetan entrenatzen denbora daramatenei zuzenduta dago. 12:00etatik 14:00ak arteko iraupena izango du: “Mugimendu konplexuagoak ikasi nahi dituztenei, txanda kronometratuak egin nahi dituztenei… Kasu honetan derrigorrezkoa izango da kasko integrala eramatea”.

Haur bat, Pump Track pista batean, Galdakaoko Ongietourri egunean // Geuria

Gainera, Ugaoko pistan QR kodeak daramatzaten totem edo plaka interaktiboak ipiniko dituzte eta bertan praktika seguruari eta haren oinarri teknikoei buruzko azalpenak ematen dituzten bideo- tutorialak kontsultatzeko aukera izango dute interesdunek: “Euskarri hori zirkuituan instalatuta geratuko da, eta, beraz, bizikleta-modalitate hori praktikatzeko interesa duten pertsonak tutorial horiek biltzen dituen Aldundiaren webgunean sartu ahal izango dira.”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko 60 pentsiodunek 750 sinadura bildu dituzte gaurko Renfeko geltokiko mobilizazioan

Ugaoko pentsiodun talde bat Herriaren plazatik abiatu da gaur eguerdian Renfeko geltokira, trenetako irisgarritasuna aldarrikatuz

|

Ugaoko pentsiodunak, Renfeko geltokian // Ugaoko Pentsiodunak

Ekainaren 17an mobilizazioak deitu ditu Basauri, Arrigorriaga, Ollargan, Ugao, Aiaraldea, Urduña eta Bilboko Pentsiodunen Mugimenduak Abando Indalecio Prieto geltokia eta Urduña kubritzen duen Renfeko C3 lineako zerbitzuaren egoeraren haritik. Ugaoko 60 pentsiodun Herriaren plazatik abiatu eta Renfeko geltokiraino joan dira “Ugaoko pentsionistak aurrea!” eta “Tren irisgarriak orain” zioten pankartekin.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak azaldu moduan, eskaera horren alde mozioak aurkeztu dira trena igarotzen den eta geltokiak dituzten herrietako hainbat udaletan. “Orain arte, mozio hori Laudio, Ugao eta Arrigorriagako udaletan onartu dute. Bidebieta-Basaurikoan osoko bilkuran eztabaidatu ere ez zen egin, argudiatuz gaia udalerriz kanpokoa zela, eta horrek osoko bilkuran egon zen pentsiodunen taldearen haserrea eta protestak eragin zituen. Urduñako, Amurrioko eta Arrankudiagako udaletan ere aurkeztu da, baita Bilbokoan ere, ziurrenik ekainaren 27ko osoko bilkuran aztertuko da”.

“Prentsan iragarri denez, 500 tren berri ipiniko dituzte Renfen, horietako 33 C3 linean. Aurreikuspenen arabera, azken oztopo horiek desagertuko omen dira. Baina momentuz ez dute data jakinik iragarri, eta badirudi ez dela epe laburrekoa batzuk 2025erako espero dituztelako eta beste batzuk 2027rako”, azaldu zuen duela egun batzuk Rufi Rubio Ugaoko Pentsiodunen mugimenduko kideak. “Tren berriak C3 lineara heldu baino lehen aldiriakeko konboi bakoitzean plataformadun bagoi bat ipintzea eskatzen diogu Renferi, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak trenera igo ahal izateko”.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua: “Orain arte, mozio hori Laudio, Ugao eta Arrigorriagako udaletan onartu dute. Bidebieta-Basaurikoan osoko bilkuran eztabaidatu ere ez zen egin”

Ugaoko mobilizazioaz gainera Basaurin 60 lagunek martxa egin dute udaletxetik Bidebieta tren geltokira. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak azaldu moduan, eskaera horren alde mozioak aurkeztu dira trena igarotzen den eta geltokiak dituzten herrietako hainbat udaletan. “Orain arte, mozio hori Laudio, Ugao eta Arrigorriagako udaletan onartu dute. Bidebieta-Basaurikoan osoko bilkuran eztabaidatu ere ez zen egin, argudiatuz gaia udalerriz kanpokoa zela, eta horrek osoko bilkuran egon zen pentsiodunen taldearen haserrea eta protestak eragin zituen. Urduñako, Amurrioko eta Arrankudiagako udaletan ere aurkeztu da, baita Bilbokoan ere, ziurrenik ekainaren 27ko osoko bilkuran aztertuko da”.

Bilbon elkarretaratzea egin dute Plaza Biribilan gaur eta ostean talde-erreklamazioak aurkeztu dituzte Abando geltokian.

Antzinako arazoa

Gatazka hau ez da berria: Ludi Viguera Arrigorriagako auzotar ohiak GEURIAko #087 Monografikoan argitaratutako erreportaje batean azaldu lez Urduñako Maria Luisa Goikoetxea izan zen C3 lineako irisgarritasun arazoa azalerazi zuen herritarra.

Maria Luisaren kexa horietatik abiatuz, Hego Uribe zeharkatzen duen C3 lineako geltokietako irisgarritasun arazoa ibilbideko geltoki guztietara hedatu zen. Gaur egun, Urduña, Amurrio, Laudio, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga, Basauri eta Ollargan geltokietako irisgarritasun arazoak, orokorrean, “konponduta” daude: “Geltokietarako sarbideak nola edo hala konpondu ditu Renfek eta nasara heltzea posible da, Bidebieta-Basauri geltokian izan ezik: gaur egun, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ezin dira geltokira sartu”.

Hala ere, eta GEURIAn iragarri lez, 14 milioi euroko lizitazioa martxan ipini du Espainiako Gobernuak bertan tren geltoki berria eraikitzeko. Proiektuak hiru jarduera biltzen ditu: eraikin berria egitea, geltokiaren trenbideak eta nasak birmoldatzea eta trenbideak estaltzeko lauzak iparraldera luzatzea, tarteko solairu berri batekin.

Ugaoko geltokia // Geuria

 

Osorik irakurri

☉ Ugao

Larunbatean zabalduko dituzte Ugaoko estali gabeko igerilekuak, etenik gabeko ordutegiarekin

Instalazioak 11:00etatik 20:30ak arte egongo dira zabalik etenik gabe irailaren 15era arte. Abonuak ekainaren 14ra arte eskuratu daitezke El Jaron eta hilaren 15etik aurrera Arandiako instalazioetan

|

Arandiakoestali gabeko igerilekuak // Geuria

Arandiako estali gabeko igerilekuak datorren ekainaren 15ean zabalduko dituzte, udako denboraldiari hasiera emanez. Udalak azaldu lez, instalazioak 11:00etatik 20:30ak arte egongo dira zabalik etenik gabe. Abonuak ekainaren 14ra arte eskuratu daitezke El Jaron eta hilaren 15etik aurrera Arandiako instalazioetan.

Estali gabeko igerilekuak irailaren 15era arte egongo dira zabalik eta 500 lagunentzako edukiera izango dute. “Egunero erosi ahal izango dira sarrerak, bai erroldatutakoek, baita ez erroldatutakoek ere (4 euro adingabeentzat eta erretiratuentzat; 5 euro 18 urtetik gorakoentzat)”, azaldu dute udal ordezkariek. “Abonuei dagokienez, prezioa desberdina izango da erroldatutako eta erroldatu gabeko pertsonentzat”. Prezioak Ugaoko Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.

El Jaro, zabalik

Ugaoko kiroldegiak ere udako ordutegia hasiko du asteburutik aurrera: astelehenetik ostiralera zabalik egongo da 09:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte. Larunbateko ordutegia 09:00etatik 14:00ak artekoa izango da eta igande zein jaiegunetan itxita egongo dela iragarri dute. Igerilekua kiroldegia itxi baino 30 minutu lehenago itxiko dute ordutegi berriarekin.

“Igerilekua irekita egongo da uztaila osoan zehar, kiroldegiaren gainerako guneak bezala (gimnasioa, kiroldegiko kantxa, padel pista, etab.). Abuztuan, kiroldegia erabat itxiko da, dagozkion mantentze-lanak egiteko”, iragarri dute Udaletik.

Osorik irakurri