→Ugao

Emakumeen ongizate emozionala eta autoestimua hobetzeko topaketak egingo dituzte Ugaon

“Emakumeen arteko topaketarako eta elkarrizketarako gunea” tailerra antolatuko du Udalak azarotik abendura bitartean, andrazkoek haien esperientziak partekatzeko txoko propioa izan dezaten.

Ugaoko institutuko berdintasunari buruzko murala // Geuria

Herriko andrazkoek elkarrizketarako eta haien esperientziak partekatzeko espazioa izan dezaten, Ugaoko Udalak emakumeen sarea osatzeko tailerra antolatu du urrian eta azaroan zehar. “Emakumeen arteko topagune eta elkarrizketarako gunea” izenpean, ekimenaren helburua andrazkoen komunikazio trebetasunak garatzeko eta haien ahalduntzea bultzatzeko gune propioa eskaintzea izango da.

Emakumeek familia barruan zein esparru horretatik kanpo dituzten harreman pertsonalak eta sozialak hobetzen laguntzeko erremintak baliatuko ditu tailerrak. Ekaitz Mentxaka alkateak azaldu duenez, mota horretako ekimenen bidez, emakumeak beraiek izango dira ahalduntze prozesuaren protagonistak: “Parte-hartzaileen artean konfiantzazko giroa sortzea bilatzen dugu, esperientzia komunak partekatuz”. Horrela, andrazkoek elkarrekin egingo dute lan topaketetan, ongizate emozionala eta autoestimua bultzatzea xede.

Tailerrak asteazkenetan egingo dituzte Ugaoko Gaztelekuan, urriaren 5ean eta 19an, azaroaren 2an, 16an eta 30ean eta abenduaren 14an. Bi orduko topaketak izango dira, eta arratsaldeetan antolatuko dira, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Izena eman ahal izateko edo informazio gehiago jasotzeko, 94 648 07 11 telefonora deitu edo berdintasuna.ugao@bizkaia.org hebidera idatzi daiteke.

Norberaren Gela

Ekimena Udaleko Berdintasun Arloak Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan bultzatutako Norberaren Gela proiektuaren jarraipena da. Emakumeen beharren inguruan lan egiteko, hausnartzeko eta ekintzen norabide orriak adosteko planak biltzen dira bertan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak