Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Ugao

Ugaoko lantegiko 42 langile kaleratu ditu Envases Universales enpresak

Joan den asteartean iragarpena egin ondoren, ostegunean 42 langile kaleratu ditu Envases Universalesek eta joan den maiatzaren 6an egin behar zuten greba mugagabea bertan behera utzi dute

|

Ugaoko langileen mobilizazioa // Geuria

Joan den asteartean langileei iragarpena egin ostean, Envases Universales enpresak Ugaoko lantegiko 42 langile kaleratu ditu. Horietako 29 boluntarioak izan dira eta beste 13 lagunei bidegabeko eraizpen modura.

“13 horiei legeak adierazten duen kopuru gutxienekoa ordaintzen zien”, azaldu du Endika Ibañez Enpresa batzordeko zuzendariak. Enpresa batzordetik maiatzaren 6an greba mugagabea hasteko asmoa iragarri zuten duela egun batzuk, baina hilaren 6a baino egun batzuk gehiago bilera bat eskatu zuen enpresako zuzendaritzak batzordearekin.

“Bilbon egindako bilera hartan langile guztiei diru kopuru bera ordaintzeko asmoa zutela azaldu ziguten zuzendaritzatik, pertsona boluntarioek jasoko zuten kopuru bera, alegia”, gehitu du Ibañezek. “Gainera, enpresa bertan behera utzi “nahi” zuten langile boluntario horiei lana lehenbailehen uzteko aukera ere eskatu genien enpresako jabeei”

“Horretarako, trukean, greba mugagabea bertan behera uztea eskatu ziguten”. LAB eta USO sindikatuak ez zeuden ados proposamen harekin eta UGT, ostera, bai: “Bide erraza hartu genuen eta asanbladara eraman genuen erabakia”. Ibañezen arabera, erabaki hau asanblada batean proposatzeak greba mugagabearen bertan behera uztea ekarriko luke, “baina egin behar genuen, subiranotasuna herriarena baita”, azaldu du enpresa batzordeko zuzendariak.

Asanbladaren emaitzak, iragarri bezalaxe, langileak lanera bueltatzea eta greba bertan behera uztea ekarri zuen. “Baina ez hori bakarrik: laupa bost langile boluntariok enpresa berehala utzi nahi zutelaren asmoa iragarri zieten zuzendaritzakoei eta erantzuna horixe izan zen: ostegunean bertan (maiatzaren 9an) 42 pertsona horiek kaleratuko zituztela. Gauzak egiteko modu asko daude, baina enpresa hau min egitera joan da hasieratik”.

Langileek atzerapausu bezala ikusi dute azken egunetan zuzendaritzatik hartutako erabakia, “azken batean enpresa utzi nahi ez zuen langile asko zegoelako. Jende horrek uste zuen lanak irailerarte iraungo ziola baina bapatean kalean daude”.

Makinak desmuntatzen

Ibañezen arabera, enpresak erabakiak hartzeko estrategia aldatu du eta deslokalizazioaren prozesua berehala ipini dute martxan: “Atzo langileen finikitoak sinatzen zeuden bulegoan eta momentu berean kanpoko enpresa bat sartu zuten Ugaoko lantegian, plantako makinen bi herenak desmuntatzen hasteko”. Beste hitz batzuetan, ekoizpenaren bi heren horiek faltan, hemendik aurrera ez dituzte elikagai-merkaturako edukiontzirik (atun eta zainzurien latak, besteak beste) sortuko Ugaon.

Endika Ibañez: “Atzo langileen finikitoak sinatzen zeuden bulegoan eta momentu berean plantako makinen bi herenak desmuntatzen hasi ziren”

Egungo egoera “kaotikoa” bezala definitu dute Ugaoko langileek: “Lau katu gelditu gara Ugaoko lantegian eta ez dakigu mobilizazioei berrekingo diegun gure lantegiko makinak egun batetik bestera eramatea saihesteko”. Momentuz, enpresa batzordeak epaitegietara eramango du Ugaoko plantan ezarritako Aldi Baterako Espediente Erregulatzailea, baina hala ere ez dakite horrek inolako eraginik izan dezakeen gaur egungo egoeran: “Epaiketa horren emaitza modura nuloa da guk bilatzen duguna: azken batean enpresako zuzendaritzak ez du modu egokian jokatu, hertsapenak egon dira eta beste hainbeste irregulartasun. Hala ere jakin badakigu legeak enpresafrientzat eginda daudela eta ez langileentzat”.

Elkartasuna, auzian

Ugaoko lantegian 108 pertsonak egiten zuten. Horietatik, 80k baino gehiagok ekoizpen esparruan. “Kaleratzeen % 98a eskulan taldekoak izan dira, tailerrekoak hain zuzen ere; bulegoetan betiko langileak diraute, eta beste hainbeste zuzendaritzako taldean”. Honek esan nahi du tailerrean lan egiten duten langileen % 50a kendu dutela eta geratu direnak hiru txandatan lan egiten jarraitzen dute: goizekoan lau langile, arratsaldekoan bost eta gauekoan bospa sei. Guztira 48 langile geratu dira Ugaoko lantegiko tailerrean lanean.

“Momentu honetan shock egoeran gaude, baina LABetik etengabe mugitzen ari gara. Datorren astean batzordearekin bilduko gara eta hurrengo egunetan eman beharreko pausuak erabakiko ditugu”, azaldu du Ibañezek eta gaur egun sindikatuen artean “elkartasun falta” dagoela jakinarazi du. “Momentu honetan UGT sindikatuarekin ditugu arazoak, kaleratzeak eta Aldi Baterako Espediente Erregulatzaileak sinatzen dituelako eta LABek ez. Eta orain arte elkartuta egon bagara ere, era honetako egoerak gertatu direnean elkartasun falta nabari izan dugu. Epaitegira joateko erabakia LAB eta USOrena izan da

☉ Ugao

Arte Ederretako museoak haurtzaroa gogora ekarri du Ugaoko Herriaren enparantzara

Urriaren 13ra arte ‘Artearen Ibilbidea’ izeneko erakusketa ibiltaria ekarri dute BBK-k eta Bilboko Arte Ederretako museoak Herriz herri programaren bidez Ugaoko Herriaren enparantzara

|

'Haurtzaroa artean' erakusketako argazki bat // Bilboko Arte Ederren Museoa

Alonsotegi, Artea eta Sestaotik igaro ostean, urriaren 13ra arte aire zabaleko museo bihurtu da Ugaoko Herriaren plaza Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltaria dela eta. BBK-k eta Bizkaiko Udalek bultzatutako Herriz Herri programaren parte da eta helburua gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten baterako ekintzak sustatzea da.

Gaur zabalduko dute erakuketa hau Ugaon eta BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko elkarlanaren emaitza da: “Erakusketak artea eta kultura Bizkaira eta bizkaitarrengana hurbiltzea du helburu, espazio publikoetan kalitate handiko artelanen erreprodukzioen bidez. Ugaora bertoko udalarekin batera egindako lankidetzari esker iritsi da”, azaldu dute udal ordezkariek.

Proiektu honen parte da egun hauetan Herriaren plazan bertan ikus daitekeen ‘Haurtzaroa artean’ izeneko erakusketa: “Imajina dezagun barrea kutsakorra den mundu bat, fantasia mugarik gabekoa eta egun bakoitza abentura bat. Haurtzaroaren mundua da, askotan itzultzeko jomuga izatea nahi duguna edo akaso lurperatu egin nahi duguna. Gure oroitzapenetan, haurren bihotzak baino uler ez ditzakeen emozioek eta gertaerek egiten dute habia”, azaldu dute Arte Ederren museotik.

Ugaoko erakusketan haurtzaroarekin zerikusia duten zenbait artelan esanguratsuen erreprodukzioak ikus daitezke, lan originalak Bilboko Arte Ederren museoan topa daitezkelako. Interesdunek erreprodukzio horien audio azalpenak entzun ahal izango dituzte euskaraz, erdaraz, ingelesez eta frantsesez, telefonoaren bidez.

Herriz herri

BBK-k Herriz Herri proiektua martxan ipintzen duen bigarren aldia da honako hau: “Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko”, azaldu dute udal ordezkariek. Momentura arte 52 udalerrik bat egin dute ekimen honekin.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Urtzi Verak maila guztietako zaleentzako argazkilaritza monografikoa eskainiko du Ugaon

Izena emateko azken eguna urriaren 18a izango da eta klaseak hilaren 23an hasiko dituzte Jane jauregian

|

Urtzi Veraren argazki bat // Urtzi Vera

Ugaoko Jane jauregiak Urtzi Vera argazkilariaren argazkilaritza digitaleko 27 orduko tailerra hartuko du. Ikastaroaren lehen eguna urriaren 23an izango da eta asteazkenero izango dira klaseak 17:00etatik 20:00ak arte.

Udal ordezkarien arabera, jarduera maila guztietako interesdunei zuzenduta dago eta izen emateak urriaren 18ra arte egongo dira zabalik webgune honen bidez. Edukiera mugatua izango da eta monografikoan parte hartzearen prezioa 29 eurokoa. Ugaon bizi direnek lehentasuna izango dute.

Irakasleari buruz

Urtzi Vera artea eta natura maite dituen argazkilaria da eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar eta guztien artean Fritz Polking izenekoa (2014) nabarmentzen da, urtero ematen dena eta Alemaniako argazkilariaren izena daramana. Basauriko I. Bridgestone Fotomaratoi solidarioa irabazi zuen 2022an ere, eta ez hori bakarrik; Amurriokoak bestelako sariak irabazi ditu eta den-denak bere webgunean iragarrita ditu.

Urtzi Vera irudien garai digitalean murgildu zen duela hamabost urte baino gutxiago. Ogibidez Industri ingeniari teknikoa da eta arkatz, errotulagailu eta plastilina artean eman zuen haurtzaroa. Betidanik maite izan zituen marrazketa eta jolas sortzaileak.

Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, marrazketa, pintura eta eskultura tailerretara itzuli zen Vera. Oso urte entretenigarriak eta ikaskuntza handikoak izan ziren berarentzat, eta, ziurrenik, haien lanaren oinarriak finkatu ziren.

Natura eta animaliak inspirazio-iturri izan ditu beti. 2005ean, mendira kamera konpaktu bat eramatea bururatu zitzaion… eta momentu hartan piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Musika Barra-Barra’ zikloak Striknina ekarriko du Ugaoko Felipe tabernara

Musika Barra Barra zikloa joan den martxoan hasi zen eta Kairos, Boogie Riders eta Gailu taldeen kontzertuak ekarri ditu Ugaoko tabernetara

|

Striknina // Utzitakoa

Urriaren 4an Striknina taldearen kontzertua antolatu du Sarea Sound System elkarteak Ugaoko Felipe tabernan. Kontzertu hau Musika Barra-Barra zikloaren barnean kokatuta dago eta urriko bakarra izango da. Punk rock arin, melodiko eta arraro bezala sailkatutako kontzertua 20:00etan programatu dute.

Musika Barra-Barra zikloak joan den martxoan hasi zuen ibilera Ugaoko hainbat tabernetan zehar helburu nagusi batekin: kontzertuak Jane jauregitik atera eta jendea dagoen lekuetara eroatea: tabernetara, alegia: “Oraingo honetan ez gara zure zain egongo, oraingo honetan zeugana joko dogu, bai, tabernetan” lelopean, lau kontzertu eta bakarrizketa bat antolatu zituzten joan den martxotik abendura arte.

Estrategia aldaketa honek tabernetan bilatu nahi ditu kontzertuetako target-ak eta Sareak kontzertu sorta interesgarria antolatu du udaberri eta udazkeneko datetan. Lehena martxoaren 1an izango da (bariku honetan): Hego Uribeko Kairos taldeak lehen kontzertua (estreinaldi kontzertua) eskaini zuen Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, eta atzetik igaro dira Boogie Riders eta Gailu, Beti Alai eta Zelai tabernetan.

Hurrengo jarduerei begira, azaroaren 1ean Ane Lindanek bakarrizketa eskainiko du Lainoa tabernan eta abenduaren 1ean Mississippi Queen izango da jubilatuen etxean.

Egitaraua | Musika Barra-Barra 2024

Martxoak 1, barikua
21:30 Kairos, Ugaoko Dorretxea Herriko Taberna

Apirilak 14, domeka
13:00 Boogie Riders, Beti Alai

Maiatzak 3, barikua
20:00 Gailu, Zelai

Urriak 4, barikua
20:00 Striknina, Felipe taberna

Azaroak 1, barikua
20:30 Ane Lindane (bakarrizketa), Lainoa

Abenduak 1, domeka
20:00 Mississippi Queen, Jabilatuen etxea

Osorik irakurri

☉ Ugao

Auzo Foroa sortu du Ugaoko EH Bilduk, herritarren beharrak entzuteko

Lehen saioa Usila, Markio eta Iturrigorrialdeko herritarrekin antolatu dute datorren urriaren 7an

|

Ugao // Geuria

Ugaoko EH Bildu alderdiak Auzo Foroa izeneko ekimena ipini du martxan, herria osatzen duten auzoetako beharrizanak entzuteko: “Gure herriko auzoen garapen integral eta orekatua helburu duten tokiko politikak diseinatu eta abian jartzera zuzendutako herritarren parte-hartze, gogoeta eta lankidetza osatzea da”, azaldu dute EH Bildutik. Ekimen hau azken hauteskundeetako udal programaren barruan eraman zuen EH Bilduk.

Foroak auzoka prestatu dituzte eta lehen saioa Usila, Markio eta Iturrigorrialdeko herritarrekin antolatu dute datorren urriaren 7an. “Herritarren beharrizanei ahalik eta ondoen entzuteko ezinbestekoa da herriaren, bertako guneen eta auzoen egoerak aztertu, horien beharrizanak ezagutu eta proposamen zehatzak aztertzea, herria herritarrek eraiki behar dutelako”, azaldu dute Ugaoko EH Bilduko ordezkariek.

Asmoa lehen bilerako formatua beste auzoetan errepikatzea da, bertako herritarrekin elkartu eta eskaerak, zalantzak eta ideiak jasotzeko: “Ondoren lanketa sakon bat egingo dugu eta jasotako informazioarekin Ugaoko Udalean ideiak luzatzeko”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaok Aisialdiko Monitore ikastaroan izena emateko epea zabalduko du astelehenean

Ikastaroa prestakuntza jaso eta arlo honetan titulazioa lortu nahi duten gazteentzat diseinatu dute eta izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da

|

Haurrak, Ugaoko kolonietan // Geuria

Ugaoko Udalak Aisialdiko Monitore ikastaroan izena emateko epea zabalduko du irailaren 30ean “Gazteinfo” gazte emantzipazio eta enplegu bulegoaren bidez. Ikastaroa prestakuntza jaso eta arlo honetan titulazioa lortu nahi duten gazteentzat diseinatu dute eta joan den maiatzean abiarazitako Txapelfest ekimenetik dator, udalerriko gazteek egindako iradokizunetatik.

Guztira 310 orduko ikastaroa izango da: 150 ordu teoriko eta 160 praktikak egiteko. “Eskola teorikoak 12
asteburutan emango dira, urritik maiatzera”, azaldu dute udal ordezkariek, eta honela banatu dituzte: bederatzi asteburu Ugaon eta hiru Ugaotik kanpoko aterpetxe batean. Klaseen ordutegia ostiraletan 18:30etatik 21:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 18:00etara izango da.

Ikastaroan izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da eta Gazteinfo bulegora hurbilduz egin daiteke (Astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara eta astearte, ostegun eta ostiraletan 12:00etatik 15:00etara). Ikastaroaren zenbatekoa 360 eurokoa da eta baldintza bakarra interesdunek 18 urte beteta izatea da.

“Aukera bikaina da aisialdiko begirale gisa dituzten trebetasunak garatu eta hezkuntzaren eta aisialdiaren esparruan esperientzia teorikoa eta praktikoa eskuratu nahi dutenentzat”, azaldu dute udal ordezkariek.

Informazioa handitzeko 747 402 383 telefono zenbakia eta gazteinfo.ugao@ortzadar.es helbidea ahalbidetu dute.

Osorik irakurri