Sareak

☉ Ugao

Kalejirak, antzerki saioak eta familientzako tailerrak antolatu dituzte Ugaoko Euskal Astean

Aurtengo edizioan herriko Eskolaren inplikazioa nabarmendu du Ugaoko Udalak, ikasleek protagonismoa izango baitute astean zehar egingo diren hainbat jardueratan

|

Haurrak, Ugaon, jolasean // Geuria

Apirilaren 5etik 11ra antolatu du Ugaoko Udalak herriko elkarte, ikastetxe eta kultur eragileekin Euskal Astearen 28. edizioa.

Aurten ere jarduera ugari programatu dituzte adin guztietako herritarrentzat egunez egun Aste Santuaren atarian: kalejirak, tailerrak, antzezlanak…

“Herriko Eskolaren inplikazioa nabarmendu behar da, ikasleek protagonismoa izango baitute astean zehar egingo diren hainbat jardueratan”, azaldu dute udal ordezkariek. “Horietako batzuk publikoari irekita egongo dira, euskararekin eta kultura bizi eta parte-hartzailearen garapenarekin duten konpromisoa agerian utziz”.

Ugaoko Udala: “Herriko Eskolaren inplikazioa nabarmendu behar da, ikasleek protagonismoa izango baitute astean zehar egingo diren hainbat jardueratan”

Apirilaren 5a izango da jardueren lehenengo eguna. Egun horretan buruhandien kalejira antolatu dute herrian zehar. Ondoren trikitilariak, Etorki Dantza Taldeko dantzariak, Sarea Abesbatzako kideak eta bertsolaritza tailerreko ikasleak batuko dira. Eguna amaitzeko, Herriaren Enparantzan erromeria ospatuko da, Luhartz taldearen eskutik.

Astean zehar, Jane Jauregian eskolako ikasleen antzezlanak plazaratuko dituzte eta ez hori bakarrik: udari begira larruazala zaintzeko tailerra eta Etorki Dantza Taldeak Olentzeroren pertsonaiari buruz egindako bideo baten proiekzioa egingo dute ere. Gainera, Hiru Iturrien plazan haurrentzako jarduerak eta Aitama elkarteak antolatutako tailerrak izango dira.

“Udalak eredu parte-hartzaile eta kolaboratibo baten aldeko apustu irmoari eusten dio, eta, beste behin ere, udalerriko erakundeak dira, borondatez, programari forma ematen lagundu dutenak. Aurten AEK, Aitama guraso elkartea, Etorki Dantza Taldea, Sarea Abesbatza, Harile kultur elkartea, Gure Esku, Emahots, Asier Peña eta herriko eskola izan dira partaide, Euskara eta Kultura udal zerbitzuekin batera”, azaldu dute Udaletik.

Egitaraua | Ugaoko Euskal Astea

Apirilak 5, larunbata
18:00 Buruhandien kalejira
19:00 Kalean Kantuz: kalejira triki-tilariekin, Etorkiko dantzariekin, Sarea Abesbatzarekin eta ikastetxeko bertsolaritza tailerreko ikasleekin
20:30 Erromeria: Luhartz, Herriaren Enparantza

Apirilak 6, igandea
12:30 Dantza agerraldia Herriaren Enparantzan. Parte-hartzaileak: Basauriko Edurre, Basauritar eta Agintzari; Usansoloko Oinarin; Arrigorriagako Aritz Berri eta Etorki Dantza Taldeak

Apirilak 7, astelehena
09:30 Antzerkia: Eskolako ikasleen ekitaldiak, eskolako umeei zuzenduta. Jane Jauregia
15:30 Antzerkia: Eskolako ikasleen ekitaldiak, gurasoei eta familiei zuzenduta. Jane Jauregia

Apirilak 8, asteartea
18:30 “Gure azala udarako prestatzen” tailerra, Jane Jauregia

Apirilak 9, asteazkena
18:30 Etorki Dantza Taldeak egindako Olentzeroren inguruko bideoa proiektatzea, Jane Jauregia

Apirilak 10, osteguna
11:30 ‘Ludoteka kalean’ eta umeentzako tailerrak ‘Aitama’ guraso-elkartearen eskutik, Hiru Iturriko plaza

Apirilak 11, ostirala
18:00 Buruhandien kalejira
18:30 Euskaraldiari buruzko informazioa zabaltzea
19:30 ‘Katana’, Ana Goitiaren bakarrizketa, Jane Jauregia

☉ Ugao

Emakumeak ahalduntzeko tailerra antolatu dute Ugaon

Hurrengo hitzorduan, azaroaren 11n, zoru pelbikoaren osasunari begiratuko diote

|

Neskatxo bat, M8an // Geuria

Udalak emakumeak ahalduntzeko prozesu berri bat ipini du martxan, talde-tailer baten bidez.

Helburua emakumeak indartzea, eta elkarren arteko zaintza eta ikuspegi feminista eta komunitariotik laguntza sareak sortzea da. Tailerra abenduaren 10era antolatu dute Jane jauregian. “Prozesuan zehar funtsezko alderdiak landuko dira, hala nola autoestimua, adierazpen emozionala, muga pertsonalak, sormena, komunikazioa edo osasun intimoa, besteak beste”, azaldu dute udal ordezkariek.

“Dinamika parte-hartzaileen, mugimenduaren, hitzaren eta adierazpen artistikoen bidez, norbere burua ezagutzeko, indartzeko eta elkarrekin bide berriak proiektatzeko espazio bat eraikitzea da helburua”. Lehen saioak azaroaren 4an eta 5ean izan ziren eta ahalduntzearen gaiari heldu zioten.

Hurrengo hitzorduan, azaroaren 11n, zoru pelbikoaren osasunari begiratuko zaio. Udalak azpimarratu du tailerrak “modu kolektiboan indartu, esperientziak partekatu eta norbera errekonozitzeko proposamen integrala” eskaintzen duela.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Udal Aurrekontuan parte hartzeko gonbidapena luzatu die Ugaoko Udalak herritarrei

Azken urteetan Leitokiko eskolako gimnasioko hobekuntza akustikoak, ibilgailuentzako kargagailu elektrikoak instalatzea, panel fotovoltaikoak jartzea bezalako proiektuetan hartu dute parte herritarrek

|

Ugaoko udaletxearen atzeko aldea // Geuria

Ugaoko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesua ipini du martxan beste urte batez eta herritarrei laguntza eskatu die 2026ko kontuak elkarrekin osatzeko.

“Urtero bezala, Udalak ugaotarrak gonbidatzen ditu beren ideiak eta proposamenak helaraztera, udalerriko bizi-kalitatea hobetuko duten benetako proiektu bihur daitezen”, azaldu dute udal ordezkariek.

Azken urteetan hainbat proiektu gauzatu dituzte udaletik herritarren parte hartzearen ondorioz: Leitokiko eskolako gimnasioko hobekuntza akustikoak, ibilgailuentzako kargagailu elektrikoak instalatzea, panel fotovoltaikoak jartzea, kiroldegia hobetzea eta energia-aholkularitzako zerbitzu bat abian jartzea…

Prozesuan parte hartzeko modu bi daude: aurrez aurre eta modu telematikoan: aurrez aurre egin nahi dutenek hurrengo egunetan  etxez etxe banatuko duten galdetegia Jane jauregian, Gazteinfo Gazteen Emantzipazio Zerbitzuan eta kiroldegian ipiniko dituzten postontzietan bota beharko dituzte. Interneten bidez egin nahi dutenek, ostera, esteka honetan prestatu duten formularioa bete beharko dute.

Beste urte batez, Ekaitz Mentxaka alkatearen bulegoaren ateak zabalik egongo dira herritarren proposamenak jaso edo prozesuaren inguruko zalantzak argitzeko. Bilerak azaroaren 17an eta 24an egingo dira 08:30etik 14:00ak bitartean eta 17:00etatik 19:00ak arte.

“Prozesuaren azken fasea amaitzeko, auzotarren proiektuak eta 2026ko udal- aurrekontuaren ildo nagusiak aurkeztuko dira, abenduaren 10ean, asteartea,
17:00etatik 19:00etara, Jane Jauregian”, azaldu dute Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Katana’ bakarrizketa eta ‘Azkena eta bagoaz’ euskarazko obra eskainiko dituzte Ugaoko ‘Ostiralero antzerkiarekin bat’ zikloan

Iaz bezala, lau antzezlan eskainiko dituzte lau egunetan zehar, 20:00etan, Jane jauregian: bi euskaraz eta beste bi, erdaraz

|

'Azkena eta bagoaz' // Trapu Zaharra

Azaroaren 7tik 28ra antolatu du Ugaoko Udaleko kultura sailak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean aurtengo ‘Ostiralero antzerkiaren bat’ helduentzako antzerki-zikloa, aurten ‘Egitarau umoretsua’n lelopean.

Iaz bezala, lau antzezlan eskainiko dituzte lau egunetan zehar, 20:00etan, Jane jauregian: bi euskaraz eta beste bi, erdaraz. Euskarazko proposamenak Ana Goitiaren ‘Katana’ bakarrizketa eta Trapu Zaharra konpainiaren ‘Azkena eta bagoaz’ antzezlanak dira.

Katanan, marketina, matxismoa edo gordofobia bezalako gaiei buruzko bakarrizketa egingo du Goitiak, betiere ironia eta barrea oinarri hartuta: “Ana handia da, galanta. Bizitzan gertatzen zaion guztia ere handia da eta kontatzeko modua ere halako dauka. Normalean kontatzen ez ditugun kontuetan jarriko du arreta bakarrizketa honetan… egungo musika eta marketin, Sold Out-aren moda, guraso eta umeak kontzertuetan egotearen moda, matxismoa, lodifobia eta egunerokotasuneko gaiak…”.

‘Azkena eta bagoaz’ antzezlanak bestelako proposamena taularatuko du, Espe Lopezen gidaritzapean: Onenean ez dagoen kale-antzerkiko aktore batek aretoko antzerkiarekin probatzea erabaki du. Bere helburua lortzeko, antzerki klasikoko aktore batekin elkartuko da, eta obra berri bat muntatuko du: Bost ordu Mariorik gabe. Dirua biltzeko, berriro zapalduko ditu aurreko konpainiarekin jorratutako plazak. Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo aktoreak igoko dira oholtzara.

Urtero bezala, sarrera doakoa izango da.

Ana Goitia // Utzitakoa

Egitaraua | Ostiralero antzerkiaren bat 2025

Azaroak 7, ostirala
‘Todo sobre mi abuela’. TTipia, gaztelaniaz

Azaroak 14, ostirala
‘Katana’. Ana Goitia, euskaraz

Azaroak 21, ostirala
‘Las presentadoras’. Pituisters, gazteleraz

Azaroak 28
‘Azkena eta bagoaz’, Trapu Zaharra, euskaraz

Osorik irakurri

☉ Ugao

Venancio Martinez “perretxikozale nagusia” izendatuko dute Ugaoko Jardunaldi Mikologikoetan

|

Azaroaren 1ean eta 2an Ugaoko XX. Jardunaldi Mikologikoak antolatu dituzte Udalak eta Ugaoko Historia eta Ingurumena ezagutzeko Zentroak.

Urtero lez, ekintza nagusi bi antolatu dituzte udazkenean hain tipikoa den hitzordu honetan: alde batetik goizeko mendi irteera egingo dute azaroaren lehen egunean eta arrastian jasotakoa sailkatu eta aukeraketa egingo dute.

Irteeran izena eman gura duten interesdunek Jane jauregira jo beharko dute edo 946 480 704 telefono zenbakira deitu. Izen emateak helbide elektronikoz egiteko aukera izango dute ere kultura.ugao@ortzadar.es helbidera e-posta idatziz.

Beste alde batetik, hurrengo egunean, azaroaren 2an, omenaldi berezia egingo diote Perretxikozale Nagusiari, 11:00etatik 14:00ak arte. Arrastian urteroko perretxikoen erakusketa antolatu dute.

Egitaraua | Ugaoko Jardunaldi mikologikoak 2025

Azaroak 1, larunbata
08:00 Mendi irteera, perretxiko bila (izena ematea beharrezkoa da)
Arratsaldean: mendian jasotakoaren sailkapena eta aukeraketa

Azaroak 2, igandea
11:00 Perretxikozale Nagusiari omenaldia
Eguerdian: Perretxikoen erakusketa

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Udalak bi peoi eta administrari laguntzailea kontratatuko ditu sei hilabetez

|

etxebarri obrak langileak 2015
Azaroaren 5ean bukatzen da deialdian izena emateko epea // Geuria

2025eko toki ekintzetarako dirulaguntza deialdiaren baitan Ugaoko Udalak hiru kontratazio egingo ditu. Hiru lanpostuak lanaldi osokoak izango dira, eta abenduan hastea aurreikusten dute, gehienez ere sei hilabeteko iraupenarekin.

Ugaoren kasuan, bi peoi (4 hilabete eta erdiz) eta administrari laguntzaile bat (6 hilabetez) hasiko dira lanean, eta hautaketa prozesua Lanbidek emandako hautagai zerrendaren artean egingo dute, baldintza jakin batzuk betez: langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea edota Ugao-Miraballesen erroldatuta egotea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Lan-esperientzia, lanpostuarekin lotutako prestakuntza eta egoera soziolaborala zein familiarra ere kontuan hartuko dira.

Parte hartzeko Lanbideren webgunean izena eman beharko dute herritarrek, azaroaren 5a arte:  Zerbitzu anitzeko peoia eta  Administrari laguntzailea.

Osorik irakurri