Sareak

☉ Ugao

Mikel Markez, eskualdeko euskal dantza taldeen emanaldia eta buruhandiak, Ugaoko Euskal Astean

Euskal Astearen harira, hamabost bat ekitaldi antolatuko dituzte Ugaon, martxoaren 25etik (larunbata) apirilaren 2ra (igandea) bitartean

|

Haurren dantza topaketa Ugaon, Etorki Dantza Taldearekin, 2017an // Geuria

Euskal Astearen harira, hamabost bat ekitaldi antolatuko dituzte Ugaon, martxoaren 25etik (larunbata) apirilaren 2ra (igandea) bitartean. Ekimenaren XXVI. edizioan, euskal kulturak beteko ditu hiribilduko kaleak, bederatzi egunez jarraian. Eta ugaotarrek, elkarteek, eskolak eta Udalak osatutako batzordeak “adin eta gustu guztiei” zuzendutako ekintzak prestatu ditu; herri gobernutik esan bezala, denentzako “euskal kultura interesgune bihurtzeko asmoarekin eta herritarrek aste oso berezi baten parte hartzeko helburuarekin”.

AEK, Aitama guraso elkartea, Ugaoko eskola IPI, Etorki Dantza Taldea, Harile kultur elkartea, Sarea Sound System, Asier Peña eta Udaleko Euskara eta Kultura zerbitzuak izan dira programazioa osatu dutenak. Halaber, ikastetxeek ere ekitaldi eta jarduera bereziak antolatuko dituzte astean zehar, eta horietako batzuk udalerriko herritarrei irekiko dizkiete. Egitasmo nagusiak honakoak dira:

UGAOKO XXVI. EUSKAL ASTEA / PROGRAMAZIOA

Martxoak 14 – Apirilak 2
‘Emakumeak hitza eta bizitza’ erakusketa Jane Jauregian. Emakume Abertzale Batzaren (EAB) historia kontatzen du

Martxoak 25, larunbata
20:00. Ruper Ordorikaren kontzertua Jane Jauregian
Sarea Sound System elkartearen ganbarako kontzertuen saioari esker
*Sarrerak agortuta daude duela astebetetik

Martxoak 26, igandea
12:00. Dantza agerraldia eskualdeko dantza taldeekin Baselizako plazan
Etxebarriko Bekosolo, Basauriko Edurre, Basauritar eta Agintzari, Usansoloko Oinarin, Arrigorriagako Aritz Berri eta Ugaoko Etorki

Martxoak 27, astelehena
09:30. Antzerkigintza Jane Jauregian. Eskolako ikasleen ekitaldia, eskolako umeei zuzenduta
15:30. Antzerkigintza Jane Jauregian. Eskolako ikasleen ekitaldia, gurasoei eta familiei zuzenduta
17:00. Haurrentzako tailerrak Herriaren enparantzan
18:30. Mindfulness tailerra Jane Jauregian

Martxoak 30, osteguna
17:00. Ludoteka kalean Hiru iturriko plazan

Martxoak 31, ostirala
18:00. Euskal topaguneak Herriaren enparantzan
19:00. Ugaoko buruhandien kalejira
20:30. Erromeria Beranduegi taldearen eskutik Herriaren enparantzan

Apirilak 1, larunbata
12:30. Herri kirolak Gernika plazan
Erronka aizkoran, harri-jasotzea, trontxa eta korrika: Aritz Irazabal, Aroa Sanchez, Aratz Mugerza eta Udane Ostolaza
19:30. Mikel Markezen kontzertua Jane Jauregian, atikoan

Apirilak 2, igandea
12:00. Erraldoien eta buruhandien topaketa
Urduñako erraldoiak eta buruhandiak, Amurrioko erraldoiak eta buruhandiak, Deustuko erraldoiak eta buruhandiak eta Ugaoko erraldoiak
13:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira
Euria eginez gero, institutuko kirol pistan

☉ Ugao

Bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dute gaur Ugaon Envaseseko langileen alde

Herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute gaurko Ugaon, atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez

|

Martxoaren 16an egin zuten lehen manifestazioa Ugaon / Utzitakoa

Joan den apirilaren 8an aste biko grebari hasiera eman zioten Ugaoko Envases Universales multinazionaleko langileek, Aldi Baterako Lan Espedientearen kontsulta-aldia enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe amaitu ostean.

Gaur, eta atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez, herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute. LAB sindikatutik azaldu dutenaren arabera, “langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe”.

Envases Universaleseko langileek Gaubela egin zuten atzo / Utzitakoa

Egoera hori salatzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian atzotik hona, besteak beste pankarteoa, elkartasun kontzertuak, afari kolektiboa edo gaubela.

Denak bere horretan jarraituko balu mobilizazio berriak iragarri dituzte langileek, eta LAB sindikatuak kanpainan dauden alderdiei eskatu die “hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gazte Eguna egingo dute bihar, “gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”

|

Gautegun erromeria / Geuria

Musika, jolasak eta aldarrikapena izango dira Ugaon bihar egingo duten Gazte Egunaren oinarria. Helburua, antolatzaileek eurek adierazi dutenaren arabera, “gazteak elkartzeko espazioa sortzea da, gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”. 

Hori horrela, 12:00etan hasi eta gaueko ordu txikietan bukatuko den ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute. Hasteko, 12:00 taldeen arteko jolas musikatuak egingo dituzte tabernetan zehar. Hori ondoren etorriko den herri bazkariaren atarikoa izango da.

Arratsalde parterako elektrotxaranga 17:30ean, eta gauarekin batera hainbat kontzertu, hala nola Txapelpunk, Arene G, Gautegun Erromeria edo Jonkass DJa.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Veronica Martin zeberioztarrak elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko tailerra eskainiko du Ugaon

Hitzaldia Ugaoko Jane jauregian antolatu du AEK-k apirilaren 24an, 18:00etatik 19:30ak arte, ‘Praktikatu eta Bizi’ programan

|

Elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko hitzaldia eskainiko du Veronica Martin Requena nutrizionista zeberioztarrak Ugaoko Jane jauregian, apirilaren 24an, asteazkena. GEURIAk iazko apirilean elkarrizketatu zuen Zeberioko nutrizionista.

“Elikadura osasuntsua erosketa-saskian hasten da, baina gaur egun ez da batere erraza supermerkatuan elikagai onenak aukeratzea”, azaldu du nutrizionistak HasiHazi Jaten kontsultategitik. “Hainbat eta hainbat produktu mota daude, ezen jakin ere ez dakigun zer jaten dugun”. Hori dela eta, produktuen etiketak bereizten jakitea garrantzitsua dela nabarmendu dute, nahasketa batzuek gure dietak desorekatzeko arriskua sortzen dutelako.

Zeberioko produktuak // Geuria

Saioa 18:00etatik 19:30ak arte antolatu du HasiHazi jaten kontsultategiak AEK-ko Praktikatu eta Bizi programan eta Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Hitzaldian parte hartu nahi duten interesdunek 663 040 035 telefonora deituz eman beharko dute izena.

Osorik irakurri

☉ Ugao

HAPO berria ezagutarazteko saio parte-hartzailea antolatu dute Ugaon

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri onartua ezagutarazteko saio irekia Jane Jauregian egingo dute apirilaren 29an, 18:30ean

|

Goikiri auzoko eraikinak // Geuria

Ugaoko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri (HAPO) eta onartua ezagutarazteko saio irekia antolatu du Jane Jauregian apirilaren 29an, 18:30ean. Bertan izango da Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatea Udaleko teknikari eta HAPOa idatzi duten taldearekin batera: “Ekimen honen helburua ugaotarrek, onartutako dokumentuaren xehetasunak ezagutzea da, aurrekoetan egin den bezala”, azaldu du herriko alkateak.

Udal ordezkariek gogoratu lez, Ugaoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartu zuten Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuaren 2024ko otsailaren 20ko 130/2024 Foru Aginduaren bidez eta ebazpena martxoaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (61 zk.) argitaratu zen, onartutako hirigintza araudiarekin batera, Ugao-Miraballesko Udalari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari jakinaraziz.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkilaritza digitaleko hastapen ikastaroa antolatu dute Ugaon

klaseak hilaren 22an hasiko dira eta astelehenero izango dira, 17:00etatik 20:00ak arte, Jane jauregian. Izena emateko azken eguna apirilaren 18a izango da

|

Kostaldeko argazki bat // urtzivera.com

Argazkilaritzaren maitale amateurrek apirilaren 18ra arte izena eman dezakete Urtzi Verak (Orozko, 1975) Ugaon eskainiko duen hastapen ikastaroan. Lehen saioa apirilaren 22an izango da eta klaseak astelehenero izango dira 17:00etatik 20:00ak arte, Jane jauregian.

Ikastaroa 27 ordukoa izango da eta argazkilaritza digitalean interesa duten herritarrei zuzenduta dago, “argazkilaritza digitalaren munduan prestakuntza-oinarri garrantzitsu batekin hasi nahi duten argazkilaritza-zaleei eta maitaleei”, udal ordezkariek azaldu lez.

Izena emateko azken eguna apirilaren 18a izango da eta modu bitan egin daiteke: Jane jauregian, aurrez aurre edo esteka honen bidez. Edukiera mugatua izango da eta ikastaroak 29 euroko prezioa du.

Urtzi Vera // urtzivera.com

Irakasleari buruz

Urtzi Vera artea eta natura maite dituen argazkilaria da eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar eta guztien artean Fritz Polking izenekoa (2014) nabarmentzen da, urtero ematen dena eta Alemaniako argazkilariaren izena daramana. Hala ere, Amurriokoak bestelako sari ugari irabazi ditu, den-denak bere webgunean iragarrita ditu.

Urtzi Vera irudien garai digitalean murgildu zen duela hamabost urte baino gutxiago. Ogibidez Industri ingeniari teknikoa da, arkatz, errotulagailu eta plastilina artean eman zuen haurtzaroa. Betidanik maite izan zituen marrazketa eta jolas sortzaileak.

Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, marrazketa, pintura eta eskultura tailerretara itzuli zen Vera. Oso urte entretenigarriak eta ikaskuntza handikoak izan ziren berarentzat, eta, ziurrenik, haien lanaren oinarriak finkatu ziren.

Natura eta animaliak inspirazio-iturri izan ditu beti. 2005ean, mendira kamera konpaktu bat eramatea bururatu zitzaion… eta momentu hartan piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina.

Gaur egun Ingeniari tekniko lez egiten du lan Amurrion, baina horrek ez du bere pasioa, argazkilaritza, oztopatzen.

Osorik irakurri