☉ Ugao
Sorgin Seinalearen 40 urteak omenduko dituzte Ugaoko Euskal Komikien jardunaldietan
Ugaoko Udalak, Harriet Edicionesekin batera, komikiaren izen bereko erakusketa antolatu du Jane jauregian ekainaren 28ra arte
Ekainaren hasieran Euskal Komikiari buruzko Jardunaldien bigarren edizioa antolatu dute Ugaon. Aurten Gregorio Muroren eta Daniel Redondoren Sorgin Seinalea (1984) komikiaren argitalpenaren 40. urteurrenaren inguruan prestatu dute.
Hori dela eta, Ugaoko Udalak Harriet Edicionesekin bat egin du Jane jauregian Sorgin Seinalea izeneko erakusketa antolatzeko ekainaren 28ra arte. “Erakusketa horren helburua 1984tik 1990era bitartean estatu mailan zein merkatu frankofonoan argitaratu ziren sagako lau albumak hobeto ezagutaraztea da”, azaldu dute udal ordezkariek.
Bisitak eta tailerrak
Jardunaldien bigarren edizio honetan hainbat jarduera programatu dituzte: ekainaren 7an erakusketaren bisita gidatua eta adin guztientzako komiki-tailerra egingo dute Janen bertan, 17:30ean. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela azaldu dute Udaletik.
Hilaren 8an Egin dezagun komiki bat zerotik izeneko tailerra prestatu dute gazteentzat, Gaztelekuan, 18:00etan.
Protagonista nagusiak
Gregorio Muro Harriet (Donostia, 1954) komikigilea, gidoilaria eta zinema eta telebistako zuzendaria da. 1978an komikigile gisa hasi zen Ipurbeltz aldizkarian. 1981ean Frantzian bere lanak argitaratzen hasi zen Glénat, Dargaud eta Les Humanoïdes Associés argitaletxeetan: Justin Hiriart, Sorgin seinalea, Las aventuras de Ion y Mirka, Sudor de sol eta Simon Besaluze.
1990ean, Juanba Berasategiren Baleanerrak animaziozko film luzearen gidoilari gisa hasi zen ikus-entzunezkoetan, eta ordutik aurrera ekoizpen ugaritan lan egin du. 2015ean, Harriet Ediciones argitaletxea sortu zuen, bere obra klasikoaren zati handi bat berreskuratu eta titulu berriei ekiteko asmoz.
Daniel Redondo (Bilbo, 1940) komikigile lanetan hasi zen Bartzelonako Bruguera argitaletxean. Euskal Herrira itzuli zenean Donostiara joan zen bizitzera, eta Gregorio Muro ezagutu zuen. Harekin batera, istorio labur ugari egin ditu aldizkarietarako, baita Las aventuras de Ion y Mirka eta Sorgin seinalea sailetarako ere.
Geroago, Christian Perrissin gidoilari frantsesarekin batera, La juventud de Barba Roja saileko hainbat album marraztu ditu.
☉ Ugao
Zabaldu dute Ugaoko aisialdiko ikastaroetan, ludotekan eta Mirabatxon izena emateko epea
Ludotekaren kasuan, gaur azken eguna da lehen hiruhilekoan izena emateko
Ugaoko Udalak ikasturte berriko aisialdiko ikastaroetan, Ludoteka, Mirabatxo klubean eta Gaztelekuan izena emateko epea zabaldu du. Ikastaroetan izena emateko azken eguna irailaren 20a izango da eta irailaren 30ean hasiko dira. Hauxe da eskaintza:
– Ebaketa eta jantzigintza
– Larruaren eskulangintza
– Eskulanak
– Orratz-lanak
– Joskintza sortzailea- patchwork
– Marrazketa eta pintura
– Ume eta gazteentzako margolaritza
Berbalagunen parte hartuko dutenek astearte eta ostegunetan izango dituzte saioak 18:00etan eta asteazkenetan 11:00etan.
Izen emateak
Ikastaroetan izena emateko inprimakia Ugaoko Udalaren webgunean topa daiteke. Berau bete eta kultura.ugao@ortzadar.es helbidera bidali behar da. Online egiteko aukera era badago, Google Formesko inprimaki digitala behar bezala betez. Izen ematea aurrez aurre egin nahi dutenek Jane jauregira joan beharko dira astelehenetik ostegunera, goizez 09:30etik 15:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara. Ostiraletan, 9:30etik 13:30etara.
“Ikastaro bakoitzean gutxienez 8 ikaslerentzako eta gehienez beti 12 ikaslerentzako tokia egongo da. Kopuru hauek materialaren edo lokalaren arabera alda daitezke. Izena emandakoen kopuruak dagoen leku-kopurua gainditzen badu zozketa egingo da”, azaldu dute Udal ordezkariek. Zozketan soilik erroldatutakoak sartuko dira, eta erroldatu gabekoak itxarote-zerrendan geratuko dira izena emandako dataren araberako hurrenkeran. Izena emandako bakoitzari zozketan parte hartzeko zenbaki bat emango zaio. Kultura sailak zozketaren data eta ordutegia ezarriko ditu.
Ludoteka ere, zabalik
Gaur azken eguna da Ludotekako lehen hiruhilekoan izena emateko. Aurtengo zerbitzua 2017 eta 2020 urteen bitartean jaiotako haurrei zuzenduta dago. Jarduera irailaren 17tik abenduaren 19ra bitartean garatuko dute Kultur Etxea, astearte, asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00ak arte. Udaletik jakinarazi dute hiruhileko bakoitzean izena emateko epe berria iragarriko dutela.
Aisialdirako ikastaroekin bezala, Ludotekan izena emateko esteka honen bidez egin dezakete interesdunek. Inprimakia beteta ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbidera bidali behar dute. Google Formseko inprimaki digitala betez ere egin daiteke. Aurrez aurre egiteko asmoa dutenek Jane jauregira jo beharko dute honako ordutegiarekin: astelehenetik ostegunera, goizez 9:30etik 15:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 18:00era. Ostiraletan, 09:30etik 13:30etara izango da.
Mirabatxo eta Gaztelekua
Mirabatxo 2014 eta 2016 urteen bitartean jaiotakoei zuzenduta dago eta izena emateko azken eguna irailaren 18a da. Eskaera Udal webguneko inprimakia betez egin daiteke: “Hamabostero larunbat batean egiten dira Mirabatxo Klubaren jarduerak, urritik ekainera bitartean, 17:00-20:00 ordutegian. Jane Jauregia izango da ohiko topalekua. Posible da egunari edo ordutegiari dagokionez aldaketak izatea, egingo den jardueraren arabera”, azaldu dute Udaletik.
Gaztelekuko izen emateak egun ezberdinetan zabalduko dituzte Gaztelekuan bertan: irailaren 20an 17:30etik 21:00era egin ahalko dira. Hilaren 21ean eta 22an 18:00etatik 21:00ak arte egitea posible izango da ere.
☉ Ugao
Bideoa / Gazteek hitz egin dute: txosnagunea da gaueko ordu txikietako erdigunea
Hainbat gazteren iritziak jaso ditugu Udiarragako jaien inguruan, Ugaon
Ugaoko jaiak igaro dira eta GEURIAk kale inkesta egin du gautxorien bila. Helburu nagusia gazteen jaietako gune faboritoa deskubritzea zen eta lortu du hedabide honek. Antza, Txosnagunea da herriko eta herri kanpoko gazteen leku gogokoena: kontzertuak, giroa… dena batzen baitu leku honek.
Gainera, Ugaoko jaiez gainera eskualdeko jaien inguruan galdetu genien eta ezetz asmatu zei beste herrietako jaiak izan dira aipatuenak? Eranntzunak bideoan daude!
☉ Ugao
Aritz Irazabal ugaotarra Euskal Pentatloiko finalean izango da, kanporaketan laugarren lotu ostean
Finala Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute pentatloilariek, datorren irailaren 21ean
Joan den irailaren irailaren 7an Euskal Pentatloi finalaren kanporaketa antolatu zuten Azpeitiako zezen plazan (Gipuzkoa). I. mailako Euskal Pentatloiaren finalerdi honetan laugarren postua eskuratu zuen Ugaotarrak: “Nahiko pozik irten nintzen Azpeitian jokatutako kanporaketatik”, azaldu dio GEURIAri pentatloilariak.
“Asmoa finalera pasatzea zen eta esan beharrekoa da orain arte egindako denbora onena izan dela”, aitortu du. Kanporaketan honako probak egin zituzten pentatloilariek: 100 kiloko esfera birritan altxatu, plaza bat 400 kiloko harria eramatea, kanaerdiko bat eta 45 hazbeteko enbor bat moztea, 50 kiloko pisuekin hiru plaza zeharkatzea eta kilometro bat oinez egitea plazaren perimetroan. Lehen postua Andoni Iruretagoiena ‘Izeta VI’rentzat izan zen (11:07), bigarrena Ioritz Gisasolarentzat (11:59), hirugarrena Xabat Olaizolarentzat (12:42), laugarrena Irazabalentzat (12:55) eta bosgarrena Xabir Zalduarentzat (13:19).
Finala Azpeitiako zezen plazan jokatuko dute ere datorren irailaren 21ean eta Aritzen helburua podiumean egotea dela aitortu dio Irazabalek GEURIAri: “Finalera begira entrenamenduak antolatzen hasi naiz, aurreko urteetan lez, eta ahal den heinean aurreko urteetako txapelketetan eskuratutako denbora jaistea, noski”, izan dira Ugaokoaren berbak.
Irazabal: “Finalera begira entrenamenduak antolatzen hasi naiz, aurreko urteetan lez, eta ahal den heinean aurreko urteetako txapelketetan eskuratutako denbora jaistea, noski”
Finalean kanporaketan ikusiko zituzten proba beretsuak izango dituzte kirolariek, baina bitan biderkatuta. Iazko finalarekin alderatuta, Telleria da berritasun bakarra. Lasartearrak Julen Kañamares nafarraren lekua hartuko du, kanporaketa egunean sailkapen nagusiko zortzigarren postuarekin konformatu behar izan baitzuen.
Aritz Irazabal: “Pribilegioa da pentatloia baserriko ortuan prestatzea”
☉ Ugao
Bideoa / Ugaoko Babarrun Jan Herrikoiak 20 urte bete ditu
Bazkari tradizional honen atzean ageri den antolakuntza taldearengana hurbildu da GEURIA eta Txemi Hazas sukaldariarekin eta Feli Bahillo laguntzailearekin berba egin dugu.
Lau lapiko erraldoi, hamaika kilo pipermin, tomate ugari, odolosteak, txorizoak… denetarik egon da aurten ere Ugaoko jaietako Babarrun Jan Herrikoian. Aurten baina, edizio berezia izan da herri osoarentzako (eta bertara hurbildu nahi duen edonorentzako) jaietako bazkari berezienak 20 urte bete dituelako.
Bazkari tradizional honen atzean ageri den antolakuntza taldearengana hurbildu da GEURIA eta Txemi Hazas sukaldariarekin eta Feli Bahillo laguntzailearekin berba egin dugu.
☉ Ugao
Argazkiak / 350 ugaotar elkartu ditu babarrun jan herrikoiak institutuan
Herritarrak institutuko aterpean batu dira, euritik ihes egiten. Lau lapiko erraldoi prestatu dituzte bazkarira heldu direnentzat eta inor ez da gose lotu
Euriaren mehatxuak ez du Ugaoko babarrun jan herrikoia bertan behera utzi. Gaur, herriko jaietako azken egunean, institutuko aterpera hurbildu gara. Bertan 350 herritar bildu dira kilometro 0ko babarrunak dastatzeko. Guztira lau babarrun lapiko erraldoi prestatu dituzte pipermin, odoloste, txorizo eta tomate entsaladas lagunduta.
Aurten babarrun jan herrikoiaren 20. urteurrena ospatu dute: “Inor baztertu barik, herritar guztientzat zabalik”, azpimarratu dute antolaketatik. Bazkaltiarrak berandutxo heldu badira ere, ez da beste inorentzako tokirik egon aterpean ipinitako mahai kilometrikoetan. On egin danoi!