→Arrigorriaga

Freestyle, oilar gudua eta DJ gaua egingo dituzte Ugaoko jaietan Aker tabernan

Larunbat honetan (irailak 10) egingo dute ekitaldia. Albert Turnntablism DJa eta OBE eta El Kangri freestyler-ak hurbilduko dira gaua girotzeko.

'Guerreando' bideoklipa grabatu zuen El Kangri-k iaz Basaurin // El Kangri

Aker taberna rap eta hip-hop musikaren jarraitzailez beteko da larunbat honetan, irailak 10, Ugaoko jaietako lehen asteburuan. Albert Turnntablism DJa egongo da jaia girotzeko, eta OBE eta El Kangri freestyler-ak hurbilduko dira gauean egingo den oilar guduen lehiaketari hasiera emateko.

Ekitaldia 21:00etan dago deituta: eguraldia ona bada, Aker tabernako plazan, eta euria eginez gero, establezimendu barruan. Halere, guduan parte hartu nahi dutenek ordu eta erdi edo bi ordu lehenago bertaratu beharko dute, izen emateak (doakoak) lehiaketa hasten denean itxiko baitira.

Hego Uribeko artista batzuek iragarri dute jada norgehiagokan egongo direla. Besteak beste, Iker Ramos “Rxmos” arrigorriagarra eta La Peña-ko Ibai Jorge “CMC” hubilduko dira Aker tabernara, hiru orduko ekitaldian parte hartzeko.

Lehiaketa gauerdian bukatuko da, eta orduan erabakiko dituzte irabazleak. Txapeldunak 100 euroko dirusaria jasoko du, eta bigarrenak, 50ekoa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak