Sareak

☉ Ugao

Galdakao-Usansoloko ospitalean pediatria eta erditze zerbitzua izatea eskatzeko mozioa onartu dute Ugaon

Martxoaren 28ko osoko bilkuran eraman dute bozketara eskualdeko hainbat eragilek (tartean Ugaoko Guraso Elkartea) babestu duten eskaera

|

Ugaoko Udalaren osoko bilkura, martxoaren 28an // Ugaoko Udala

EAJren abstentzioarekin eta EH Bilduren aldeko botoekin irten da aurrera koalizio ezkertiarrak aurkeztutako mozioa, Galdakao-Usansolo ospitalean pediatria eta arrisku txikiko erditze zerbitzuak izatea eskatzekoa. Martxoaren 28ko osoko bilkuran eraman dute bozketara eskualdeko hainbat eragilek (tartean Ugaoko Guraso Elkartea) babestu duten eskaera.

Agintean dauden jeltzaleek azaldu dutenez, bizilagunei zuzenean eragiten dien gaia delako onartu dute bozketara eramatea: “Ez gara gu izango mozio hau aurrera ateratzea eragotziko dugunok, nahiz eta gure jarrera abstentzioa izango den”, azaldu du Ekaitz Mentxaka alkateak. EAJren ustez, “ideia ona” da bi zerbitzu horiek ugaotarrak artatzen dituen ospitale horretan eskura izatea. “Baina uste dugu inork ezin duela erabaki hori Osasun Sailak eta Osakidetzak berak baino hobeto hartu”, esan dute.

Mentxakak aipatu duen bezala, eskualdeko ospitalea eraberritzeko plan funtzionala “luzaroan landutako plana” da, eta zentroan dauden “zailtasunak eta gabezia nagusiak konpontzeko” beren-beregi sortu da. Horrela, jeltzaleek Osakidetza eta Osasun Saila erditze eta pediatria zerbitzuak ez txeratzea erabakitzera bultzatu dituzten hainbat arrazoi gogoratu dituzte: besteak beste jaiotza-tasaren jaitsiera nabarmena eta Basurtuko eta Gurutzetako ospitaleen hurbiltasuna (Usansolotik 10 eta 20 minutura, hurrenez hurren).

Halaber, bi zerbitzuen “atomizazioak” ekarriko lituzkeen ondorioez ere mintzatu dira jeltzaleak. Aipatutako ospitale handietan arrisku txikiko zein altuko erditzeak artatu daitezkeela esan dute, eta profesionalak eta baliabideak zentro horietan kontzentratzeak ahalbidetzen duela “ezagutza arlo guztietan ebazpen gaitasunik handiena” jaioberri eta haurdun dauden emakume guztien kasuak tratatzeko. Bestalde, mediku pediatrak aurkitzeko zailtasuna lehen mailako arretan modu nabarmenagoan pairatuko litzatekeela gehitu dute, profesional horiek sortu berri diren zerbitzuetara bideratuko balituzte.

EH Bilduk, baina, argudiatu du Gurutzetako “zerbitzu erraldoia deszentralizatuz eta desatomizatuz” zerbitzuak ez direla kaltetzen, kontrakoa baizik. Koalizioaren esanetan, zerbitzu oso espezializatuetan edo ohikoak ez direnetan baino ez luke eragin negatiborik izango atomizazioak (transplanteen kasuetan, kirurgia plastikoan, tumore arraroetan…). Baina oinarrizko zerbitzuen kontzentrazioa ekiditeak berauen “kalitatea eta segurtasuna hobetzen” lagunduko luke.

Mediku falta

Pediatrei dagokionez, EH Bilduk arrazoia eman die jeltzaleei profesionalen faltaren inguruan. Baina, era berean, Osakidetzaren kudeaketa eta planifikazio kaxkarrari egotzi dio gabezia: “MIR plaza gehiago atera daitezke, beste herrialdeetako pediatrak hartu, Gurutzetako zerbitzu erraldoi eta hipertrofiatu hori berrantolatu…”. Beren aldetik, jeltzaleek gogoratu dute mediku espezialisten plazak ez direla Jaurlaritzaren eskumena (Espainiako Gobernutik kudeatzen dira) eta Osakidetzak jada martxan dituela profesionalak kanpotik ekartzeko planak, eta, hala ere, gabezia hori mantendu egiten dela.

Hori gorabehera, “Galdakaoko ospitalean lan egiten duten profesionalen arabera”, EH Bilduk gogoratu duenez, prozesu mailakatua izan liteke erditze eta pediatria zerbitzuak eskualdeko zentroan txertatzearena: “Pediatrak laupabost urtetan formatzen dira, eta hasieran, urgentziak eta erditzeak artatzeko balioa izango luke zerbitzuak; ondorengo urteetan, handituz joan daiteke”, esan dute. “Beste espezializazioetan moduan, lehen arreta eta ospitalizazioa tartekatu daitezke, ospitale batzuetan egin izan den bezala, lehen arreta guztiz ez kaltetzeko”.

☉ Ugao

Bideoa / Sute batek zazpi auto kaltetu ditu Ugaoko Gernika enparantzako aparkalekuan

03:30ak aldera, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri

|

Kiskalitako autoak, txandakako aparkalekuan // Utzitakoak

Gaur goizean, 03:30ean, Ugaon gertatutako sute baten abisua jaso dute larrialdi zerbitzuek eta Basauriko suhiltzaileak gerturatu dira bertara. Segurtasun sailak azaldu bezala, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri. Segurtasun Saileko arduradunen arabera ez da zauriturik egon. Ertzaintza ezbeharraren arrazoiak ikertzen ari da.

Aste honetako bigarren sutea da Ugaon honako hau. Joan den maiatzaren 14ko goizaldean Udiarraga okindegiko lantegiak su hartu zuen Usilako industrialgunean. San Migelen, gainera, furgoneta batek su hartu zuen Atxukarro industrialgunetik gertu eta bertan irudiak jaso zituen GEURIA komunikabideak.

Autoak, suhiltzaileen aparrarekin, aparkalekuan // Utzitakoak

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketak marrazkigintzarako materiala eta 500 euro banatuko ditu

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta kartelak ekainaren 25era arte aurkeztu ahalko dituzte parte-hartzaileek

|

Ugaoko jaietako txupinazo eguna, iaz // Geuria

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta Udalak Udiarragako Ama birjinaren omenezko jaiak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu du.

Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 25a izango da eta kategoria bitan parte hartu ahalko dute interesdunek: A mailan (sei eta 14 urte bitartekoena) eta B mailan (15 urtetik gorakoak). A mailako saria marrazkigintzarako materiala izango da eta B mailakoa 500 euro.

Udal ordezkariek azaldu dute kartelak “berdintasunaren aldeko planteamendua” islatu beharko duela eta gaia librea izango dela: “Hala ere Ugaoko jaietako berezitasunen bat, ohikoa den zerbait, agertu beharko da proposamenean”.

Lanak Jane jauregian aurkeztu ahalko dira 10:00etatik 13:00ak arte ekainaren 25era arte. Ugaoko Jai Batzordeko kideek osatutako epaimahaiak uztailaren 5ean iragarriko ditu kategoria bakoitzeko irabazleak.

Lehiaketako oinarriak eta eskuorria Udalaren webgunean topa ditzakete interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Txapelfest inkestak Ugaoko gazteen beharrak aztertuko ditu aisialdiko jarduerak indartzeko

15 eta 35 urte bitarteko gazteek maiatzaren 31ra arte parte hartu ahalko dute Ugaoko Udalak martxan jarri berri duen prozesu parte-hartzailean

|

Leire López, Ekaitz Mentxaka, Urtzi eta Maite Olabarri // Geuria

Ugaoko Udala 15 eta 30 urte bitarteko gazteengana hurbildu nahi da Ugaotar gazteen beharrak eta kezkak ezagutzeko eta, horrela, kolektibo horri zuzendutako aisialdi-jarduerak indartu ahal izateko. Horretarako Txapelfest izeneko inkesta “informal eta dibertigarria” abiarazi du, “gazteentzako aisialdiko eta programazio erakargarriagoa diseinatzeko”.

Gaur egun 15 eta 30 urte bitarteko 640 biztanle bizi dira Ugaon, biztanleriaren % 15,44. “Proiektu honek aukera bikaina eskaintzen digu beraiengana hurbiltzeko, maila berean hitz egin eta entzuteko eta elkarrekin programazio erakargarriagoa eraikitzeko, haien gustuen arabera”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak ekimenaren prentsaurrekon. “Haien interesak ezagutzeaz gain, ekimen honek gazteekin interakziorako espazio berriak sortzeko aukera emango digu”.

Ekaitz Mentxaka: “Ekimen honek gazteekin interakziorako espazio berriak sortzeko aukera emango digu”

Gazteen bila

Hurrenketa hori gauzatu ahal izateko, Ugaoko gazteek Udalak berak diseinatutako Txapelfest izeneko inkestan parte hartu ahalko dute maiatzaren 31ra arte webgune honen bidez. Ana Guinea kultura teknikariak azaldu lez, “inkesta nahiko dibertigarria” sortu dutela azaldu die prentsaurrekora hurbildu diren komunikabideei. “Betetzeko erraza izango da eta herrian zehar ipiniko dituzten karteletako QR kodeak eskaneatuz hartu dezakete parte gazteek bertan”.

Izenik gabeko inkesta hau, kanpaina osoa dinamizatzen lagunduko duten, gazteen parte-hartzea bultzatuko duten eta, aldi berean, gazte-politika berriak abian jartzeko informazio osagarria jasoko duten kontratatutako bi gazterekin osatuko da. Langile horiek Ugaoko hainbat gunetan izango dira herriko gazteek inkestan parte hartzera animatzen: institutuan, Gaztelekuan, Gazteinfon, Kultur Etxean (Jane Jauregian) eta herriko eragileen hainbat egoitzatan .

Proiektu honekin batera kanpaina bat sortuko du Ugaoko Udalak eta parte hartzeko prozesu osoaren estrategia errespetatuko du: harritzea, erronka jotzea eta, batez ere, gazteekin konektatzea.

“Inkesta amaitzean, parte-hartzaileek zein ‘txapelfest maila’ eskuratu duten mezua jasoko dute plataformatik”, azaldu du Leire López Gazteria saileko teknikariak. “Horrela feedbacka sortuko da Udalaren eta gazteen artean”

“Legegintzaldi honen helburuen artean gazte politikari bultzada ematea da eta horixe da prozesu honen xede nagusia”, azaldu du Mentxakak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Okindegi baten lantegia erre da Ugaoko Usila industrialgunean

Larrialdi zerbitzuek 05:45ean sute baten abisua jaso dute eta Basauri, Derio eta Uriosteko suhiltzaileak gerturatu dira Ugaoko lantegira

|

Udiarraga okindegiko lantegiko fatxada, Usila auzunean // Geuria

Gaur goizaldean sute bat gertatu da Ugaoko Usila auzuneko industrialgunean kokatuta dagoen Udiarraga okindegiaren lantegian. Hala azaltzen zuen kartel batek Torre de Ugao kaleko 8. zenbakian kokatuta dagoen okindegiko kartel batek: “Itxita. Arrazoia: sutea. Barkatu eragozpenak”.

Larrialdi zerbitzuek 05:45ean sute baten abisua jaso dute eta Basauri, Derio eta Uriosteko suhiltzaileak gerturatu dira Usila auzuneko 1 kalean kokatuta dagoen Virgen de Udiarraga okindegiko lantegira.

Sutearen arrazoiaren azalpena jakiteko ikerketa abiarazi dute larrialdi zerbitzuek: “Sutea berehala itzali dute suhiltzaileek eta zorionez ez da beste pabilioietara hedatu”, azaldu dute Segurtasun Sailetik. Okindegiaren lantegiko fatxadan suteak eragindako kalteak ikus daitezke.

Hala ere, Virgen de Udiarraga okindegiko lantegiaren ondoan Banana Drift izeneko enpresa dago eta tailer barruan zegoen materiala kiskalita azaldu da goizeko lehen ordutik. Poliziak ingurua segurtatu eta sokaz inguratu du.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adingabeei Ugaon egindako grabaketa kasu bat bigarrenez artxibatu izana salatu du Emahotsek

Umeen familiek epailearen “haurrak babesteko interes falta” salatu dute, eta gainera, salatuak “biktima-rola” hartu duela gehitu dute

|

Arandiako igerilekuak // Geuria

Datorren maiatzaren 17an elkarretaratzea deitu du Ugaoko Emahots Elkarte Feministak, joan den urteko ekainean herrian 12 urtetik beherako zenbait neskari grabaketak egin ostean.

Iaz herritar bat atzeman zuten Ugaoko udal-instalazioetako aldageletan 11 eta 12 urte bitarteko hainbat neska biluzik “telefono mugikorrarekin grabatzen”. “Eraso horixe bera epaitzen duen prozesua bigarren aldiz artxibatu dute, epaileak erabaki baitu ez dagoela froga nahikorik Ugaon bizi den gizonaren aurkako akusazioak mantentzeko, nahiz eta une berean tokitik gertu paseatzen ari ziren pertsonek gizon gaztea besoa aldagelako leihotik sartuta mugikorrarekin grabatzen harrapatu edota eskola-kiroleko entrenatzaile batek, hilabete batzuk lehenago, herriko futbol-zelaian adin bereko umeak grabatzen harrapatu”, azaldu dute umeen senideek. “Epaitegiak ebidentzia nahikorik ez dagoela adierazi eta kasua artxibatu du”.

“Mehatxuengatik” salatua

Umeen familiek epailearen “haurrak babesteko interes falta” salatu dute, eta gainera, salatuak “biktima-rola” hartu duela gehitu dute ume baten ama ustezko mehatxuengatik salatzeagatik. Izan ere, familien gertuko ezagunek GEURIAri azaldu lez, “salatuaren etxebizitza eta aparatu elektronikoak ez dituzte erregistratu, eta tamalez, ez dago haurren aurkako indarkeriaren kontrako zerbitzu ezta epaitegi espezifikorik ere”.

Emahots talde feministak gertaerak zein bidegabekeria-prozesua salatzeko eta biktimei babesa helarazteko, elkarretaratzea deitu du maiatzaren 17an, 19:00etan, Ugaoko Herriaren plazan.

Osorik irakurri