→Ugao

Prestakuntza zehatzagoko I Gazte Eguna antolatu dute Ugaon, apirilean

Hainbat hilabeteko lanaren ostean, datorren apirilaren 9an Ugaoko I Gazte Eguna prestatu dute Ugaoko Gazteak taldetik eta Txosna Batzordetik: “Pandemiak etxera bultzatu gaituen honetan… Etor zaitez gurekin kaleak berriro ere berreskuratzera! Kaleak behar gaituelako, kalean behar gaituztelako, kalea behar dugulako, maitatzeko, aldarrikatzeko, eta borrokatzeko! Goazen herria egitera!”, azaldu dute antolaketatik.

Gazteak, Ugaoko jaietan, 2018an // Geuria

Hainbat hilabeteko lanaren ostean, datorren apirilaren 9an Ugaoko I Gazte Eguna prestatu dute Ugaoko Gazteak taldetik eta Txosna Batzordetik: “Pandemiak etxera bultzatu gaituen honetan… Etor zaitez gurekin kaleak berriro ere berreskuratzera! Kaleak behar gaituelako, kalean behar gaituztelako, kalea behar dugulako, maitatzeko, aldarrikatzeko, eta borrokatzeko! Goazen herria egitera!”, azaldu dute antolaketatik.

“Lehen” Gazte Eguna sortzearen ideia Ugaoko Gazteak taldetik eta baita Txosna Batzordeko jendearen aldetik datorrela azaldu dute Ainize Pérezek eta Garazi Zalbideak antolakuntzatik: “Pandemiaren ostean herria batzeko beharra sentitu genuen berriro, hain alde batera utzi ditugun harremanak berreskuratzeko berriro. Ideia buruan genuela, bilera ireki bat proposatu genuen, eta herriko kuadrila ezberdinekin jarri ginen harremanetan. Erantzuna itzela izan zen. Jende andana bildu da hau antolatzera. Gazteak eta ez hain gazteak. Taldearen parte zirenak eta ez zirenak. Benetan itzela izan da eta oso pozik gaude”.

Kalea, herriarena

Egun horretako behin betiko programazio osoa lotuta ez badago ere, Ugaoko Gazteak taldetik aurreratu dute I Gazte Egunean herri bazkaria eta kontzertuak prestatu dituztela Ugaon, “aldarrikapena eta festa uztartuz”. Den-dena kalean bertan egingo dute: “Egitarauak herria batzea izan du helburu. Eta ez edonon. Herria kalean batzea. Kalea gure espazio bezala aldarrikatzea berriro. Kalera bueltatzea, kalea berreskuratzea. Kalean ematen baitira harremanak, kalean ematen baita elkar zaintza, kalean sortzen baitira proiektuak, kalean batzen baikara eraldatu nahi dugun errealitateari kaña emateko. Eta ideia honen inguruan antolatu dugu egitaraua”.

Lehen Gazte Eguna izena izan arren, Ugaon Gazte Egunak egon dira aurretik herriko jaietako zapatuan eta “oso arrakastatsuak” izan direla gehitu dute antolaketatik. “Azken urteetan, baina, honek indarra galtzen zuela ikusten genuen, eta hor planteatu genuen beste formatu bat bultzatzea, Ugaoko jaietatik kanpo. Honek beldurra ematen bazigun ere, aukerak irekitzen zizkigun: egun osoko egitarau bat antolatzeko, “jai girotik” apur bat aldentzeko, prestakuntza zehatzagoa egiteko…”. Bestalde, pandemiak utzitako egoerak “gazteen problematikan izan duen oihartzuna nabarmendu duela” azaldu dute kide biek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak