Sareak

☉ Ugao

Beranduegi Erromeriak Ugaoko Gazte Eguna girotuko du Itziarren Semeak, Toc eta DJ Pipirekin

Kontzertuak 21:00ean hasiko dituzte Ugaon, poteo musikatua, gazte bazkaria eta elektrotxarangaren ostean

|

Beranduegi Erromeria, 2021ean // Geuria

Ugaoko Gazte Egunak martxoaren 22ko gauean antolatu dituzten kontzertuak iragarri berri ditu. Aurten Itziarren Semeak, Toc eta Beranduegi Erromeriaren kontzertuak egongo dira. Gaua amaitzeko DJ Pipi hirukote ugaotarrak saioa eskainiko du.

Egunean zehar Berakatz taldearen poteo musikatua, gazte bazkaria eta Patxangoi elektrotxaranga prestatu dituzte.

Egitaraua | Ugaoko Gazte Eguna 2025

Martxoak 22, zapatua

12:30 Poteo musikatua: Berakatz, herrian zehar
15:00 Gazte bazkaria, parke berdea
17:30 Patxangoi elektrotxaranga, herrian zehar
21:00 Kontzertuak: Itziarren Semeak + Toc + Beranduegi Erromeria + DJ Pipi

☉ Ugao

Gazte bazkaria, Berakatzen poteo musikatua eta DJ Pipiren saioa, Ugaoko Gazte Egunean

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11. Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte herrian

|

DJ Pipi // Geuria

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11.

Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte: poteo musikatua, elektrotxaranga, urteroko Gazte bazkaria eta kontzertuak. Aurten Muxutruk erromeria, The Lio eta Hesituak taldeen emanaldiak egingo dituzte parke berdeko frontoian, DJ Pipi hirukotearen urteroko hitzordua ahaztu barik.

Egitaraua | Ugaoko Gazte Eguna 2026

Apirilak 11, larunbata

12:30 Poteo musikatua: Berakatz taldea
15:00 Gazte bazkaria + bingo musikatua, parke berdea
17:30 Patxangoi! elektrotxaranga
21:00 Kontzertuak: The Lio + Hesituak + Muxutruk erromeria + DJ Pipi, parke berdea

Osorik irakurri

☉ Ugao

Urtarrilaren 19an zabalduko ditu ateak Ugaoko kiroldegi eraberrituak

1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin eta iazko martxotik itxita eman ostean ugaotarrek berriro erabili ahal izango dituzte El Jaroko instalazio guztiak

|

Spa berria // Ugaoko Udala

Datorren asteko astelehenean, urtarrilaren 19an, zabalduko ditu ateak Ugaoko kiroldegi berriak. 1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin eta iazko martxotik itxita eman ostean ugaotarrek berriro erabili ahal izango dituzte El Jaroko instalazio guztiak.

Aldaketa nagusiak uretako jarduerak egiteko espazioak sortu eta hobetzeko izan dira. Izan ere, uretako espazioak handitu eta berritu dituzte: igerileku-baso berri bi sortu dituzte, ur-eskaintza eta ekimen kopurua handitzeko eta adin guztietako pertsonei zerbitzua ematea helburu. “Horietako bat jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur eta helduentzako ikastaroak eta zuzendutako programa berriak abiarazteko, aquagym kasu”, azaldu dute udal ordezkariek.

Bestea aisialdirako izango da, spa eta erlaxazio gune batekin. Espazio hau erabilera anitzeko areto zaharra eta klimatizatutako igerileku nagusiaren esparrua lotzean sortu da; igerileku horrek sei kaleko ur-lamina mantentzen du. Espazio akuatiko berri horien ezaugarri nagusietako bat sakonera txikia da, eta horrek bainu segurua bermatzen du bai adingabeentzat, bai aniztasun funtzionala duten edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.

Ur espazioez gainera, erabilera anitzeko gela berrantolatu du udal gobernuak, “erabiltzaileen eskariak kontuan hartuta”.

1.200.000 euroko inbertsio horretatik 500.000 Bizkaiko Foru Aldundiak ipini ditu. “Hobekuntza horiekin, kiroldegia ikaskuntzara eta osasunaren zaintzara bideratutako gune gisa ere sendotzen da”, azaldu dute Udaletik.

El Jaro kiroldegia // Geuria

Alternatibak erabiltzaileentzat

11 hilabetez itxita egon dira El jaroko igerilekuak. Tarte horretan, Ugaoko Udaletik alternatibak eskaini dizkiete herritarrei. Besteak beste,Udalak akordio “berezi” bat erdietsi zuen Arrigorriagarekin bertako kiroldegiaren ordutegia zabaldu eta ugaotarrek instalazioak erabiltzeko aukera izan zezaten.

Gainera, Ekaitz Mentxaka alkateak Kirol Txartelaren (KTX) alternatiba gogorarazi zuen obrak hasi baino lehen. KTX inguruko hainbat udalerritako kirol-instalazioen sare batera sartzea errazten duen erreminta da. Horrela, Ugaoko igerilekuak itxita egon diren hilabeteetan, herritarrak beste udalerrietako instalazioak erabili ahal izan dituzte.

“Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei obrak egiten ari ziren bitartean erakutsitako pazientzia eta ulermenagatik, eta egindako hobekuntza horiei esker kirol-instalazio modernoagoak, seguruagoak eta ugaotarren beharretara egokituak izatea espero du”, eskertu dute Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Haurren autonomia sustatzeko tresnen hitzaldia antolatu dute Ugaon, euskara hutsean

Saioa hilaren 21ean antolatu dute, Jane jauregian,17:00etatik 19:00ak bitartean

|

Margoak // Aaron Burden, Unplash

Urtarrilaren 21ean Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako haurrek autonomia sustatzeko tresnen inguruko hitzaldia antolatu dute Ugaoko Ikastolako Gurasoen Elkartekoek euskara hutsean.

Saioa Jane jauregian egingo dute 17:00etatik 19:00ak bitartean: “Esperientziak partekatzeko balioko du saioak, komunitatean hazteko”, azaldu dute IGEtik.

Hitzaldia doakoa izango da, edukiera bete arte. Guraso elkarteko kideekin harremanetan ipintzeko hainbat modu daude: telefonoz (633 751 699), e-postaz (ugaoko.ige@gmail.com) edo instagrameko ugaokoige kontuaren bidez.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Haize Lerroak’ film laburraren proiekzioa eta solasaldia egingo dute Janire Etxabe dantzariarekin, Ugaon

Saioa Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan antolatu dute urtarrilaren 21ean, 10:00etatik 12:00ak bitartean

|

Janire Etxabe // Beittu Video Factory

Urtarrilaren 21ean Haize Lerroak filmaren proiekzioa eta solasaldia antolatu dute Janire Etxabe zintako protagonistarekin, Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan, 10:00etatik 12:00ak bitartean.

Definitzea ezinezkoa den sentimendu baten bilaketa etengabean. Haize Lerroak Janire Etxabe dantzari bertikalak lau urtez Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza-lerroak dokumentatzen ditu. Gorputzaren, dantzaren eta paisaiaren arteko harreman sakona aztertzen du film laburrak, diziplina hori lurraldea bizitzeko eta paisaiaren memoria adierazteko hizkuntza nola bihurtzen den erakutsiz.

Dantza bertikalean oinarritutako bideo hau 2023ko abenduaren 8an Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu zen dokumentalaren aurrerapena da.

Proiekzioa eta solasaldia AEK-ko ‘Praktikatu eta Bizi’ programak antolatu du Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Ekimenean parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako 663 040 035 telefono zenbakiarekin harremanetan ipini behar dira interesdunak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon datozen egunetan

Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen

|

Pasaportea eta Nortasun agiria // Ugaoko Udala

Urtarrilaren 27an, otsailaren 24an eta martxoaren 23an Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon.

Zerbitzua goizean eskainiko dute Herriaren enparantzan, “behar diren izapide guztiak egiteko bereziki egokitutako ibilgailu batean”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen, udaletxean aurrez aurre edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz

Osorik irakurri