☉ Ugao
Maite Otsoa eta Leire Untzueta: «Gazte Egunarekin herrian geratzeko alternatiba bat proposatzen ari gara»
Apirilaren 22an bigarren Gazte Eguna egingo dute Ugaon. Herriko aisialdia eta parranda giroa sustatzeko, bazkaria, jolasak eta kontzertuak antolatu dituzte

Gizarte-harremanek eragin handia dute norberaren bizi-garapenean, bereziki nerabezaroan. Izan ere, identitatearen eraikuntza betean harrapatzen ditu, eta berdinekin identifikatzea funtsezkoa da ulertuak sentitzeko eta askatasunez adierazi ahal izateko. “Kantatu, maitatu eta dantzatu ezin bada, ez da gure iraultza” lelopean, Gazte Eguna antolatu dute Ugaon premia horiek asetzeko. Maite Otsoak (Ugao, 2003) eta Leire Untzuetak (Ugao, 1997) azaldu dutenez, gazteentzako kultura- eta aisialdi-gune berri bat sortzeko proposamena izan da, eta iazko arrakasta ikusita, apirilaren 22an bigarren edizioa egingo dute. Haiekin egon gara jarduera honen nondik norakoak ezagutzeko. Bazkarirako tiketak salgai daude jada Lurdes, Lainoa, Dorretxea, Felipe eta Aldapa (Arrigorriaga) tabernetan.
Noiz ikusi zenuten herriko gazteak saretzeko beharra?
Maite Otsoa (M.O.): Pandemiaren ondorioz izan zela esan dezakegu. Etxetik irteten utzi zigutenean, Ugaon geratzea zen geneukan aukera bakarra. Orduan, batzen hasi ginen, nahiko giro ona sortu zen gure artean eta hori bultzatzeko aukera ikusi genuen; nahiz eta pixkanaka mugikortasun askatasuna berreskuratu, ez genituela eraiki genituen harremanak moztu behar. Adin ezberdinen artean hartu-emanak izan ditugu, ideia berberak partekatzen ditugula konturatu gara eta elkarrengandik asko ikas dezakegula uste dugu, garapenari bide emanez.
Leire Untzueta (L.U.): Ugaon zegoen joera kanpora joatea zen; hau da, beste herri batzuetan bakoitzak bere lagunekin planak egitea. Eta egia da COVID-19aren ostean herri giro hori sortu egin dela. Herri moduan mesede egin digula, alegia. Gutxi gara, espazio gutxi ditugu eta ditugun espazioetan biltzen gara guztiok. Beraz, nahi ala nahi ez harremanak sustatu ditugu koadrilen artean. Orain denok batera mugitzen gara, eta juergan ere askotan elkarrekin amaitzen dugu.

Nola sortu zen Gazte Eguna antolatzeko ideia?
M.O.: 2021ean Ugaoko jaietarako jarduerak prestatzen saiatu ginen, baina COVID-19a oraindik oso presente zegoen gizartean eta, nahiz eta planteamendu ezberdinak luzatu, ezin izan genituen aurrera eraman. Bizi izandako garai gogorraren ondoren gazteriak ospatzeko zuen gogoa eta bideragarritasuna ikusita, jai herrikoietatik banatzea erabaki genuen. Orduan, egun bat hartu eta Gazte Eguna burutzeari ekin genion. Garrantzitsua iruditzen zaigu jendeari alternatiba bat ematea beste edonora ez joateko; Ugaon geratzeko herria egiteko.
L.U.: Gazteak albo batera uzten dira normalean eta herrian aisialdia sustatzeko txokoen faltan sumatzen dugu. Gazte Egunak hutsune hori betetzen du, espazio kultural bat sortuz. Elkarlana sustatzeko bilera irekiak antolatu genituen, edonor hurbildu eta proposamenak egin ahal izateko. WhatsApp talde bat ere sortu genuen, non koadrila guztien ordezkariak dauden. Bertatik deialdiak bidali, lantaldeak eratu eta parte hartzea bultzatzen dugu. Nabarmentzekoa da laguntzeko eta babesteko inplikazio handia dagoela herritarren partetik, bai gazteak, bai ez hain gazteak.

Iaz lehen edizioa ospatu zenuten. Jasotako erantzuna esperotakoa izan zen?
L.U.: Lehenengo Gazte Eguna izateko sekulakoa izan zen, irrikaz hartu genuen eta. Zapiak egin genituen, abesti bat sortu zen, kartel potentea atera genuen… Oso erakargarria izan zen eta jende pila bat hurbildu zen. Baita beste herrietakoa ere! Guztira 250 lagun inguru etorri ziren bazkaltzera. Eguraldia lagun izan genuen eta denak eroso senti zitezen saiatu ginen.
M.O.: Gure poltsikotik ateratako proiektua dela kontua hartu beharra dago. Zapiak salgai jarri eta diru-laguntza bonuak ere atera genituen, eta egia da erantzuna oso positiboa izan zela. Batzuk erosketak egiteaz eta janaria prestatzeaz arduratu ziren, beste batzuk egitaraua antolatzeaz, dekorazioaz… Goizean, elektrotxarangarekin ibilbide bat egin genuen herrian barrena, txosnetatik hasiz, eta laguntza eman ziguten tabernetatik pasa zedin ziurtatuz. Tokiko lokalak bultzatzeko eta mesedea itzultzeko modua ere izan zen. Frontoian bazkaldu ondoren jolasak egin genituen, hala nola bingo musikatua, eta Hodei eta Ilargiren aldeko futbol partida solidarioa jokatu zenez, geldialdia egin genuen horren alde egiteko. Zorte handia dugu herrian bertan gazte sortzaile ugari daudelako, eta jardunaldiari bukaera emateko kontzertuak egon ziren.
Gazte mugimendua bizirik dagoela erakutsi duzue.
L.U.: Jendeak Ugaoren aldeko hautua egiten duela erakutsi dugu. Haren alde egiten dutela ahal duten heinean. Pandemia osteko lehen ekitaldia izan zen Gazte Eguna, baina normaltasunez mugitzen hasi gara berriro eta ez ditugu herrian eman genituen aurrerapausoak galdu nahi. Horregatik, kaleak gureak ere badirela aldarrikatzen jarraitzen dugu, eta dagokigun arreta eta zaintza nahi dugu.
M.O.: Poztu egiten gaitu Hego Uribeko herrietan ere gazte mugimendu indartsu bat sortzen ari dela ikusteak. Ez dakigu gu izan ote garen eskualdean lehenak egiten, azken finean Gazte Egunak beti ospatu izan direlako, baina frogatu egin da herri batean ondo funtzionatzen duela, beraz, besteetan zergatik ez? Bestalde, nahiz eta Ugaon geratu, beti mugitzen gara alboko herrietara babesa emateko eta sarea eraikitzen jarraitzeko.

Pasa den urteko Gazte Eguna Ugaon // Geuria
Eta aurten, zer daramazue esku artean apirilaren 22rako?
M.O.: Pasa den urtean bezala, egitarau potentea antolatzen saiatu gara. Goizean bafle poteoa eta jolasak egongo dira, eguerdian paellada egingo dugu frontoian eta arratsaldean elektrotxaranga eta kontzertuak: Itziarren Semeak, Iheskide, erromeria eta DJa.
L.U.: Aurreko urtearekin dagoen alderik nagusiena da lortu genituen irabaziak bigarren Gazte Eguna hobetzeko inbertitu ahal izan ditugula. Aurten 2:00etan bukatu beharrean, 4:30era luzatuko dugu, eta jai giroan egoten dakien oro gonbidatuta dago. Hori argi uzten saiatu gara beti, eta segurtasuna bermatzeko protokolo bat jarri dugu martxan. Pasa den urtean zabaldu genuen eta taldekide guztiek ezagutzen dugu. Besoko moreak jantzi genituen, arazorik egonez gero, norengana jo behar zuten jakiteko. Barran, adibidez, beti egongo da norbait.
☉ Ugao
Urtarrilaren 19an zabalduko ditu ateak Ugaoko kiroldegi eraberrituak
1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin eta iazko martxotik itxita eman ostean ugaotarrek berriro erabili ahal izango dituzte El Jaroko instalazio guztiak

Datorren asteko astelehenean, urtarrilaren 19an, zabalduko ditu ateak Ugaoko kiroldegi berriak. 1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin eta iazko martxotik itxita eman ostean ugaotarrek berriro erabili ahal izango dituzte El Jaroko instalazio guztiak.
Aldaketa nagusiak uretako jarduerak egiteko espazioak sortu eta hobetzeko izan dira. Izan ere, uretako espazioak handitu eta berritu dituzte: igerileku-baso berri bi sortu dituzte, ur-eskaintza eta ekimen kopurua handitzeko eta adin guztietako pertsonei zerbitzua ematea helburu. “Horietako bat jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur eta helduentzako ikastaroak eta zuzendutako programa berriak abiarazteko, aquagym kasu”, azaldu dute udal ordezkariek.
Bestea aisialdirako izango da, spa eta erlaxazio gune batekin. Espazio hau erabilera anitzeko areto zaharra eta klimatizatutako igerileku nagusiaren esparrua lotzean sortu da; igerileku horrek sei kaleko ur-lamina mantentzen du. Espazio akuatiko berri horien ezaugarri nagusietako bat sakonera txikia da, eta horrek bainu segurua bermatzen du bai adingabeentzat, bai aniztasun funtzionala duten edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.
Ur espazioez gainera, erabilera anitzeko gela berrantolatu du udal gobernuak, “erabiltzaileen eskariak kontuan hartuta”.
1.200.000 euroko inbertsio horretatik 500.000 Bizkaiko Foru Aldundiak ipini ditu. “Hobekuntza horiekin, kiroldegia ikaskuntzara eta osasunaren zaintzara bideratutako gune gisa ere sendotzen da”, azaldu dute Udaletik.

El Jaro kiroldegia // Geuria
Alternatibak erabiltzaileentzat
11 hilabetez itxita egon dira El jaroko igerilekuak. Tarte horretan, Ugaoko Udaletik alternatibak eskaini dizkiete herritarrei. Besteak beste,Udalak akordio “berezi” bat erdietsi zuen Arrigorriagarekin bertako kiroldegiaren ordutegia zabaldu eta ugaotarrek instalazioak erabiltzeko aukera izan zezaten.
Gainera, Ekaitz Mentxaka alkateak Kirol Txartelaren (KTX) alternatiba gogorarazi zuen obrak hasi baino lehen. KTX inguruko hainbat udalerritako kirol-instalazioen sare batera sartzea errazten duen erreminta da. Horrela, Ugaoko igerilekuak itxita egon diren hilabeteetan, herritarrak beste udalerrietako instalazioak erabili ahal izan dituzte.
“Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei obrak egiten ari ziren bitartean erakutsitako pazientzia eta ulermenagatik, eta egindako hobekuntza horiei esker kirol-instalazio modernoagoak, seguruagoak eta ugaotarren beharretara egokituak izatea espero du”, eskertu dute Udaletik.
☉ Ugao
Haurren autonomia sustatzeko tresnen hitzaldia antolatu dute Ugaon, euskara hutsean
Saioa hilaren 21ean antolatu dute, Jane jauregian,17:00etatik 19:00ak bitartean

Urtarrilaren 21ean Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako haurrek autonomia sustatzeko tresnen inguruko hitzaldia antolatu dute Ugaoko Ikastolako Gurasoen Elkartekoek euskara hutsean.
Saioa Jane jauregian egingo dute 17:00etatik 19:00ak bitartean: “Esperientziak partekatzeko balioko du saioak, komunitatean hazteko”, azaldu dute IGEtik.
Hitzaldia doakoa izango da, edukiera bete arte. Guraso elkarteko kideekin harremanetan ipintzeko hainbat modu daude: telefonoz (633 751 699), e-postaz (ugaoko.ige@gmail.com) edo instagrameko ugaokoige kontuaren bidez.
☉ Ugao
‘Haize Lerroak’ film laburraren proiekzioa eta solasaldia egingo dute Janire Etxabe dantzariarekin, Ugaon
Saioa Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan antolatu dute urtarrilaren 21ean, 10:00etatik 12:00ak bitartean

Urtarrilaren 21ean Haize Lerroak filmaren proiekzioa eta solasaldia antolatu dute Janire Etxabe zintako protagonistarekin, Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan, 10:00etatik 12:00ak bitartean.
Definitzea ezinezkoa den sentimendu baten bilaketa etengabean. Haize Lerroak Janire Etxabe dantzari bertikalak lau urtez Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza-lerroak dokumentatzen ditu. Gorputzaren, dantzaren eta paisaiaren arteko harreman sakona aztertzen du film laburrak, diziplina hori lurraldea bizitzeko eta paisaiaren memoria adierazteko hizkuntza nola bihurtzen den erakutsiz.
Dantza bertikalean oinarritutako bideo hau 2023ko abenduaren 8an Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu zen dokumentalaren aurrerapena da.
Proiekzioa eta solasaldia AEK-ko ‘Praktikatu eta Bizi’ programak antolatu du Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
Ekimenean parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako 663 040 035 telefono zenbakiarekin harremanetan ipini behar dira interesdunak.
☉ Ugao
Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon datozen egunetan
Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen

Urtarrilaren 27an, otsailaren 24an eta martxoaren 23an Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon.
Zerbitzua goizean eskainiko dute Herriaren enparantzan, “behar diren izapide guztiak egiteko bereziki egokitutako ibilgailu batean”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen, udaletxean aurrez aurre edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz
☉ Ugao
Bideoa | Ana Guerra, Ugaoko Izarra: «Ugaoko familiak kabalgata herrian bertan ikusteko sortu da ideia»
Basauri, Galdakao eta Arrigorriagakoarekin batera, Ugaoko Izarra elkarteak bizirik mantentzen du Errege Magoen kabalgataren tradizioa, familia eta haurrentzat

Duela urte asko, hiru errege magoen kabalgata antolatzen zuten Ugaon, baina urteek aurrera egin ahala desagertu zen. Ugaoko Izarra elkarteak, duela 18 urte, tradizio hura berreskuratu eta epifaniarekin batera ikuskizun berezia antolatzen du urtero Herriaren enparatzan, urtarrilaren 5ean.
Gaur egun bederatzi kidek osatzen dute Ugaoko Izarra, baina Errege Magoen Gaueko ikuskizunean 100 herritar inguruk hartzen dute parte. Aurtengo kabalgata igaro da dagoeneko, baina ekitaldiaren istorioa ezagutu nahi izan dugu Ana Guerra Anaya (Arrigorriaga, 1965) kidearen eskutik Jane jauregian, jantziz, osagarriz eta atrezzo elementuez inguratuta, Ugaoko saioaren entsegu nagusian.

Noiztik antolatzen ditu Ugaoko Izarrak Gabonetako kabalgata? Aurten gure 18. kabalgata izango da, beraz, gure lehenengo kabalgata 2008 izan zen. Argitu nahi nuke gurea ez dela soilik kabalgata bat, baizik eta epifania eta kabalgata bat. Guk antzezten dugu garai hartan gertatu omen zena eta erregeen kabalgatarekin lotzen dugu.
Nola sortu zen ekimena eta zein zen jardueraren helburua hasieran? Gure seme-alabak txikiak zirenean beste herri batzuetako kabalgata ikustera joan ginen eta, han egonda, pentsatu genuen: “Zergatik ez dugu antolatzen horrelako zerbait Ugaon gurasoak eta seme-alabak herritik mugitu beharrik ez dezaten?” Eta herriari erraztasun hori eskaintzeko asmoz sortu zen ideia.
Nolako garrantzia dauka elkartearentzat tradizio hau bizirik mantentzea? Herriko jendeari herrian bertan izatea horrelako ikuskizun bat izan zen asmoa eta, gaur egun, helburu hori bizirik mantentzen da.

Nolako garapena izan du kabalgatak hasi zenetik? Hasieran, baliabide gutxi izan genituen, baina gero, eta Udalaren dirulaguntzari esker, pixkanaka-pixkanaka pertsonaia eta estruktura gehiago gehitzen joan ginen. Une honetan, muntaia polita daukagu eta, noizbehinka gauza batzuk aldatzen edo gehitzen ditugu, baina 18 urte eta gero oinarria eginda dago.
Zenbat jendek hartzen du parte urteroko jarduera hau prestatzen? Elkartean bederatzi pertsona gara eta guk antolatzen dugu dena, baina laguntza eskatzen dugunean badaude pertsona asko laguntza hori ematen dituztenak. Horrez gain, epifania eta kabalgata urtarrilaren 5ean antzezteko eta aurrera eramateko, herriko 100 pertsona (gutxi gorabehera) laguntza ematen dute. Pertsona horiek guztiak gabe hau ez litzateke posible izango.

Zenbat denbora behar da kabalgata prestatzeko? Lehenengo urteetan egun eta ordu asko sartzen genituen, baina orain gero eta denbora gutxiago suposatzen zaigu du martxan jartzeak.
Aldaketaren bat sartzen dugunean, orduan denbora gehiago inbertitu behar dugu, baina, lehen esan dugun bezala, oinarria jarrita dago eta, horrela, askoz errazagoa da dena aurrera eramatea. Zerotik lan egitea zoramena litzateke.
Kabalgata antolatzean zer da lan gehien ematen duena eta zergatik? Egun horretako muntaia. Herriko enparantzan garai hartako herri bat antolatzen dugu: salmenta-postuak, ostatua, erromatarren jauregia eta Belengo jaiotza. Oso polita geratzen da eta lan handia ematen du.

Nondik eskuratzen duzue finantziazioa zuen jarduera burutu ahal izateko? Guk daukagun dirua Udalaren dirulaguntza da, hala da. Urtero kantitate finko bat ematen digu eta, horrekin, konpontzen gara.
Eskualdean Basaurin, Arrigorriagan eta Ugaon egiten dituzte kabalgatak. Tradizio hau galtzen ari dela uste duzue? Momentuz bizirik mantentzen da, baina tradizio asko, galtzen ari dira edota aldatzen ari dira. Auskalo.
Arrigorriagako kabalgatak gero eta ospe handiagoa izaten ari du azken urteetan, eta Ugaoko jende asko bertara joaten da. Nola ikusten duzue hau? Arazorik gabe. Guk eskaintza bat egiten dugu eta gero, bakoitzak dituen aukeren artean erabakitzen du. Ugaon, gero eta jende gehiago gelditzen da.
Zuen ustez, zer dela eta da hain berezia Arrigorriagako kabalgata eta bide batez, zein da Ugaoko epifania eta kabalgataren indargune nagusia? Arrigorriagako kabalgatak gurea baino urte gehiago ditu eta, ondorioz, ezagunagoa da. Hemen, Ugaon orain dela urte asko kabalgata antolatzen zen, baina gero desagertu zen guk berreskuratu arte. Bitartean, inguruko kabalgata famatuena Arrigorriagakoa zen, baina gero eta jende gehiago gelditzen da gure herrian.

Ugaoko kabalgatari dagokionez, zuen ustez zein da jardueraren target edo ikusle nagusia? Adin guztietako pertsonak ikusten dira enparantzan, baina ikuskizun hau, batez ere, haurrentzat da, beraz, esango nuke familiak direla publiko nagusia: haurrak euren gurasoekin.
Zein da kabalgatako momendu hunkigarri edo bereziena? Dudarik gabe, Erregeak enparantzan sartzen direnean eta umeak agurtzen dituztenean. Horrez gain, badago beste momentu berezi bat: erromatarrek bi urte baino gutxiko umeak hiltzen dituztenean. Enparantza gorriz tindatzen da eta sortzen den giroa berezia da. Hala ere, une guztiak dira bereziak eta politak, bakoitza bere berezitasunekin.
Gabonetako jardueren artean, zuen ustez posible al da kabalgata bezalako jarduera batek herri nortasuna indartzea? Berak bere kabuz ez. Kabalgata Gabonetako tradizioetako beste jarduera bat da, eta herrian pisu handia duen Olentzeroren ospakizunarekin batera, bi ikuskizunen inguruko magia berezia eskaintzen die haurrei.

Etorkizunari begira, nolako erronkak ikusten dizkiozue Ugaoko kabalgatari? Momentuz jarraipena, eta gero gerokoak.
Gero gerokoak? Oinordekotza dago belaunaldi gazteen artean? Egia esan ez dago errelebo handirik. Bai sartu dira bi gazte elkartean, baina, momentuz, ez da nahikorik.
Nolako mezua helaraziko zeniekete herritarrei aurtengo eta hurrengo urteetako kabalgatetan parte hartzeko? Bakarrik esango nieke etor daitezela ikustera eta, mantendu nahi badute, parte har dezatela.










