☉ Ugao
Txapelfest inkestak Ugaoko gazteen beharrak aztertuko ditu aisialdiko jarduerak indartzeko
15 eta 35 urte bitarteko gazteek maiatzaren 31ra arte parte hartu ahalko dute Ugaoko Udalak martxan jarri berri duen prozesu parte-hartzailean
Ugaoko Udala 15 eta 30 urte bitarteko gazteengana hurbildu nahi da Ugaotar gazteen beharrak eta kezkak ezagutzeko eta, horrela, kolektibo horri zuzendutako aisialdi-jarduerak indartu ahal izateko. Horretarako Txapelfest izeneko inkesta “informal eta dibertigarria” abiarazi du, “gazteentzako aisialdiko eta programazio erakargarriagoa diseinatzeko”.
Gaur egun 15 eta 30 urte bitarteko 640 biztanle bizi dira Ugaon, biztanleriaren % 15,44. “Proiektu honek aukera bikaina eskaintzen digu beraiengana hurbiltzeko, maila berean hitz egin eta entzuteko eta elkarrekin programazio erakargarriagoa eraikitzeko, haien gustuen arabera”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak ekimenaren prentsaurrekon. “Haien interesak ezagutzeaz gain, ekimen honek gazteekin interakziorako espazio berriak sortzeko aukera emango digu”.
Ekaitz Mentxaka: “Ekimen honek gazteekin interakziorako espazio berriak sortzeko aukera emango digu”
Gazteen bila
Hurrenketa hori gauzatu ahal izateko, Ugaoko gazteek Udalak berak diseinatutako Txapelfest izeneko inkestan parte hartu ahalko dute maiatzaren 31ra arte webgune honen bidez. Ana Guinea kultura teknikariak azaldu lez, “inkesta nahiko dibertigarria” sortu dutela azaldu die prentsaurrekora hurbildu diren komunikabideei. “Betetzeko erraza izango da eta herrian zehar ipiniko dituzten karteletako QR kodeak eskaneatuz hartu dezakete parte gazteek bertan”.
Izenik gabeko inkesta hau, kanpaina osoa dinamizatzen lagunduko duten, gazteen parte-hartzea bultzatuko duten eta, aldi berean, gazte-politika berriak abian jartzeko informazio osagarria jasoko duten kontratatutako bi gazterekin osatuko da. Langile horiek Ugaoko hainbat gunetan izango dira herriko gazteek inkestan parte hartzera animatzen: institutuan, Gaztelekuan, Gazteinfon, Kultur Etxean (Jane Jauregian) eta herriko eragileen hainbat egoitzatan .
Proiektu honekin batera kanpaina bat sortuko du Ugaoko Udalak eta parte hartzeko prozesu osoaren estrategia errespetatuko du: harritzea, erronka jotzea eta, batez ere, gazteekin konektatzea.
“Inkesta amaitzean, parte-hartzaileek zein ‘txapelfest maila’ eskuratu duten mezua jasoko dute plataformatik”, azaldu du Leire López Gazteria saileko teknikariak. “Horrela feedbacka sortuko da Udalaren eta gazteen artean”
“Legegintzaldi honen helburuen artean gazte politikari bultzada ematea da eta horixe da prozesu honen xede nagusia”, azaldu du Mentxakak.
☉ Ugao
Urtzi Verak maila guztietako zaleentzako argazkilaritza monografikoa eskainiko du Ugaon
Izena emateko azken eguna urriaren 18a izango da eta klaseak hilaren 23an hasiko dituzte Jane jauregian
Ugaoko Jane jauregiak Urtzi Vera argazkilariaren argazkilaritza digitaleko 27 orduko tailerra hartuko du. Ikastaroaren lehen eguna urriaren 23an izango da eta asteazkenero izango dira klaseak 17:00etatik 20:00ak arte.
Udal ordezkarien arabera, jarduera maila guztietako interesdunei zuzenduta dago eta izen emateak urriaren 18ra arte egongo dira zabalik webgune honen bidez. Edukiera mugatua izango da eta monografikoan parte hartzearen prezioa 29 eurokoa. Ugaon bizi direnek lehentasuna izango dute.
Irakasleari buruz
Urtzi Vera artea eta natura maite dituen argazkilaria da eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar eta guztien artean Fritz Polking izenekoa (2014) nabarmentzen da, urtero ematen dena eta Alemaniako argazkilariaren izena daramana. Basauriko I. Bridgestone Fotomaratoi solidarioa irabazi zuen 2022an ere, eta ez hori bakarrik; Amurriokoak bestelako sariak irabazi ditu eta den-denak bere webgunean iragarrita ditu.
Urtzi Vera irudien garai digitalean murgildu zen duela hamabost urte baino gutxiago. Ogibidez Industri ingeniari teknikoa da eta arkatz, errotulagailu eta plastilina artean eman zuen haurtzaroa. Betidanik maite izan zituen marrazketa eta jolas sortzaileak.
Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, marrazketa, pintura eta eskultura tailerretara itzuli zen Vera. Oso urte entretenigarriak eta ikaskuntza handikoak izan ziren berarentzat, eta, ziurrenik, haien lanaren oinarriak finkatu ziren.
Natura eta animaliak inspirazio-iturri izan ditu beti. 2005ean, mendira kamera konpaktu bat eramatea bururatu zitzaion… eta momentu hartan piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina.
☉ Ugao
‘Musika Barra-Barra’ zikloak Striknina ekarriko du Ugaoko Felipe tabernara
Musika Barra Barra zikloa joan den martxoan hasi zen eta Kairos, Boogie Riders eta Gailu taldeen kontzertuak ekarri ditu Ugaoko tabernetara
Urriaren 4an Striknina taldearen kontzertua antolatu du Sarea Sound System elkarteak Ugaoko Felipe tabernan. Kontzertu hau Musika Barra-Barra zikloaren barnean kokatuta dago eta urriko bakarra izango da. Punk rock arin, melodiko eta arraro bezala sailkatutako kontzertua 20:00etan programatu dute.
Musika Barra-Barra zikloak joan den martxoan hasi zuen ibilera Ugaoko hainbat tabernetan zehar helburu nagusi batekin: kontzertuak Jane jauregitik atera eta jendea dagoen lekuetara eroatea: tabernetara, alegia: “Oraingo honetan ez gara zure zain egongo, oraingo honetan zeugana joko dogu, bai, tabernetan” lelopean, lau kontzertu eta bakarrizketa bat antolatu zituzten joan den martxotik abendura arte.
Estrategia aldaketa honek tabernetan bilatu nahi ditu kontzertuetako target-ak eta Sareak kontzertu sorta interesgarria antolatu du udaberri eta udazkeneko datetan. Lehena martxoaren 1an izango da (bariku honetan): Hego Uribeko Kairos taldeak lehen kontzertua (estreinaldi kontzertua) eskaini zuen Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, eta atzetik igaro dira Boogie Riders eta Gailu, Beti Alai eta Zelai tabernetan.
Hurrengo jarduerei begira, azaroaren 1ean Ane Lindanek bakarrizketa eskainiko du Lainoa tabernan eta abenduaren 1ean Mississippi Queen izango da jubilatuen etxean.
Egitaraua | Musika Barra-Barra 2024
Martxoak 1, barikua
21:30 Kairos, Ugaoko Dorretxea Herriko Taberna
Apirilak 14, domeka
13:00 Boogie Riders, Beti Alai
Maiatzak 3, barikua
20:00 Gailu, Zelai
Urriak 4, barikua
20:00 Striknina, Felipe taberna
Azaroak 1, barikua
20:30 Ane Lindane (bakarrizketa), Lainoa
Abenduak 1, domeka
20:00 Mississippi Queen, Jabilatuen etxea
☉ Ugao
Auzo Foroa sortu du Ugaoko EH Bilduk, herritarren beharrak entzuteko
Lehen saioa Usila, Markio eta Iturrigorrialdeko herritarrekin antolatu dute datorren urriaren 7an
Ugaoko EH Bildu alderdiak Auzo Foroa izeneko ekimena ipini du martxan, herria osatzen duten auzoetako beharrizanak entzuteko: “Gure herriko auzoen garapen integral eta orekatua helburu duten tokiko politikak diseinatu eta abian jartzera zuzendutako herritarren parte-hartze, gogoeta eta lankidetza osatzea da”, azaldu dute EH Bildutik. Ekimen hau azken hauteskundeetako udal programaren barruan eraman zuen EH Bilduk.
Foroak auzoka prestatu dituzte eta lehen saioa Usila, Markio eta Iturrigorrialdeko herritarrekin antolatu dute datorren urriaren 7an. “Herritarren beharrizanei ahalik eta ondoen entzuteko ezinbestekoa da herriaren, bertako guneen eta auzoen egoerak aztertu, horien beharrizanak ezagutu eta proposamen zehatzak aztertzea, herria herritarrek eraiki behar dutelako”, azaldu dute Ugaoko EH Bilduko ordezkariek.
Asmoa lehen bilerako formatua beste auzoetan errepikatzea da, bertako herritarrekin elkartu eta eskaerak, zalantzak eta ideiak jasotzeko: “Ondoren lanketa sakon bat egingo dugu eta jasotako informazioarekin Ugaoko Udalean ideiak luzatzeko”.
☉ Ugao
Ugaok Aisialdiko Monitore ikastaroan izena emateko epea zabalduko du astelehenean
Ikastaroa prestakuntza jaso eta arlo honetan titulazioa lortu nahi duten gazteentzat diseinatu dute eta izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da
Ugaoko Udalak Aisialdiko Monitore ikastaroan izena emateko epea zabalduko du irailaren 30ean “Gazteinfo” gazte emantzipazio eta enplegu bulegoaren bidez. Ikastaroa prestakuntza jaso eta arlo honetan titulazioa lortu nahi duten gazteentzat diseinatu dute eta joan den maiatzean abiarazitako Txapelfest ekimenetik dator, udalerriko gazteek egindako iradokizunetatik.
Guztira 310 orduko ikastaroa izango da: 150 ordu teoriko eta 160 praktikak egiteko. “Eskola teorikoak 12
asteburutan emango dira, urritik maiatzera”, azaldu dute udal ordezkariek, eta honela banatu dituzte: bederatzi asteburu Ugaon eta hiru Ugaotik kanpoko aterpetxe batean. Klaseen ordutegia ostiraletan 18:30etatik 21:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 18:00etara izango da.
Ikastaroan izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da eta Gazteinfo bulegora hurbilduz egin daiteke (Astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara eta astearte, ostegun eta ostiraletan 12:00etatik 15:00etara). Ikastaroaren zenbatekoa 360 eurokoa da eta baldintza bakarra interesdunek 18 urte beteta izatea da.
“Aukera bikaina da aisialdiko begirale gisa dituzten trebetasunak garatu eta hezkuntzaren eta aisialdiaren esparruan esperientzia teorikoa eta praktikoa eskuratu nahi dutenentzat”, azaldu dute udal ordezkariek.
Informazioa handitzeko 747 402 383 telefono zenbakia eta gazteinfo.ugao@ortzadar.es helbidea ahalbidetu dute.
☉ Ugao
Hiru herritar kontratatuko ditu Ugaok enplegua sustatzeko toki ekintzetarako
Kontratatuak lanaldi osokoak izango dira eta aukeratutako herritarrak urrian hasiko dira lanean
Ugaoko Udalak, Lanbide Euskal Enplegu zerbitzuarekin lankidetzan zerbitzu anitzetako peoi bi eta artxibatzeko eta digitaziorako administrari laguntzaile bat kontratatuko ditu lanaldi osoan urrian bertan hasteko.
Zerbitzu anitzetako peoi bien kontratuak lau hilabeterako izango dira eta administrari laguntzailearena, sei hilabeterako: “Hautaketa Lanbidek emandako zerrendako hautagaien artean bakarrik egingo da”, azaldu dute udal ordezkariek, betiere deialdian ezarritako hurrengo baldintzak betetzen badituzte:
– Kontratatutako pertsonek langabezian eta izena emanda egon beharko dute, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa alta emanda ere
– Ugao erroldatuta egotea gutxienez 6 hileko antzinatasunarekin
– Lan-esperientzia, lanpostuarekin lotutako prestakuntza akademikoa, eta egoera soziolaborala zein familiarra baloratuko dira
Informazioa handitzeko Gazteinforekin harremanetan jartzea gomendatu dute Udaletik 946 322 014 edo 747 402 383 telefono zenbakietara deituz edo zuzenean bulegora joanez (Udiarraga kalea, 39), astelehenetik ostegunera, 17 :00etatik 20:00etara eta ostiraletan 10:30etik 13:30era.