→Ugao

Ugaoko gurasoek kafe txokoa eta berba jolasak antolatu dituzte abenduko Euskara Topagunerako

Ekintzan izena emateko epea azaroaren 23ra arte (asteazkena) egongo da zabalik

Euskaraldiako Ahobizi kartela // Geuria

“Helduen hizkuntza ohiturak aldatzeko”, hainbat ekimen jarri dituzte martxan Ugaoko Gurasoen Elkarteak eta Koiu Gurasoen Euskara Batzordeak. Ahobizi zein Belarriprest diren herritarrek (gurasoek zein umeek) parte hartzeko, abenduaren 2an (ostirala) Euskara Topagunea egingo dute, Herriaren enparantzan, 17:00etan.

Euskaraldiaren baitan, ekimenaren helburua aita-amek hitz egin eta sareak euskaraz ehuntzea da. Horretarako, hurbiltzen direnek presiorik gabe hizkuntza erabiltzeko kafe txokoa antolatuko dute, bertan solasaldiak egin eta esperientziak partekatzeko. Gurasoek haurtzaroko kontuez jardungo dute, eta ideia da, haurrek ere parte hartzeko, berba jolasak egin eta haiekin garai bateko jokoez eta bizipenez hitz egitea.

Ekintzan izena emateko, ez da beharrezkoa elkarteko kidea izatea. Parte hartu nahi duen edozein herritarrek, azaroaren 23ra arte (asteazkena) izango dute epea inskripzioa egiteko: ugaoko.ige@gmail.com helbidera idatzi edo Whatsappez 633751699 zenbakira mezua bidali beharko da horretarako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak