Sareak

☉ Ugao

Herritarren partaidetza bilatuko du HAPOaren bigarren faseak

Maiatzaren 8tik uztailaren 3ra bitartean HAPOaren aurrerakinaren erakusketa izango da Jane Jauregian. Herritarrek ekarpenak egin ahal izango dizkiote dokumentuari

|

ugao etxebizitzak 2015
Ugaon 387 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du HAPOak // Geuria

Maiatzaren 8tik uztailaren 3ra bitartean Hiri-Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakinaren erakusketa izango da Jane Jauregian eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dizkiote dokumentuari

Ugao-Miraballesko Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) bigarren fasean dago jada. Horrek esan nahi du herritarren partaidetza bilatuko duela hurrengo bi hilabeteetan, ugaotarrek eurek euren ekarpenak eta proposamenak egin ditzaten. Horretarako etorkizuneko Ugao zehaztuko duen plan posible ezberdinen erakusketa publikoa egingo dute Jane Jauregian maiatzaren 8tik uztailaren 3ra bitartean panel informatiboekin. Guztira bost eredu aurkeztuko dituzte erakusketaldian. Era berean, maiatzaren 8an bertan HAPOaren aurrerakinaren inguruko hitzaldia antolatu dute Jane Jauregian 18:30etik aurrera.

Herritarrek euren ekarpenak eta iradokizunak aurkezteko hainbat bide izango dituzte. Alde batetik, Udalak iradokizun-postontzi bat jarriko du udal bulegoetan, eta bestetik, Internet bidez ekarpenak egin ahal izango dituzte interesdunek pgou.ugao@bizkaia.org helbide elektronikoaren bitartez edo udal webgunean eskuragarri egongo den formularioa betez. Gainera, erredaktore-taldearekin elkarrizketa tekniko bat eskatu ahal izango dute herritarren Bulego Teknikoaren bitartez.

Ugaoko Udalak triptiko bat banatuko du etxeetan eta bertan aurrerakinaren eta prozesu parte-hartzailearen egutegiaren berri emango du. Era berean, aurrerakin dokumentua udal webgunean kontsulta daiteke bere osotasunean.

Erakusketa publikoa igaro ondoren, beste bi hilabeteko epea irekiko dute erredaktore-taldeak jasotako iradokizunak erantzun ditzan eta interesa erakutsi duten pertsonekin elkartu daiten.

Apirilaren 24an onartu zuen Ugao-Miraballesko osoko bilkurak HAPOren aurrerakin dokumentua (387 etxebizitza eraikitzeko proiektua dakar dokumentuak) eta bigarren faseari hasiera eman dion erakustaldia. Hirugarren fasean hasierako onespena emango diote HAPOari, laugarren fasean bigarren erakustaldia eta alegazioak egiteko aukera egongo da, bosgarren fasean behin-behineko onespena emango liokete planari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordean txostena aurkeztuta, behin betiko onespena emango liokete (seigarren fasea).

☉ Ugao

Argazkiak | Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokak ehunka lagun elkartu ditu Ugaoko kaleetan

10:30etik 15:00ak arte, bertara hurbildu zirenek eskualdeko eta inguruetako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten

|

Ugaoko kaleak, jendez lepo // Geuria

Emakumeen Nazioarteko Egunean, joan den igandean, Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokaren 26. edizioa antolatu zuen Ugaoko Udalak Herriaren enparantzan.

10:30etik 15:00ak arte, bertara hurbildu zirenek eskualdeko eta inguruetako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten: ogia, barazkiak, arrautzak, gaztak eta esnekiak, ardoa, gildak, gozoak… Hitzordu honetara ehunka lagun gerturatu ziren.

“Urtez urte sendotzen ari den hitzordu honek landa-eremuko genero-ikuspegia balioan jartzen du eta emakumeek lehen sektorean duten funtsezko zeregina aitortzen du”, azaldu zuten udal ordezkariek.

Hurrengo egunetan, gainera, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko Udaletik.

Egitaraua | Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoak 11, asteazkena
18:00 Zineforuma eta mahai ingurua: ‘Fabricando Mujeres’, Jane jauregia

Martxoak 14, larunbata
18:30 Tailerra: Berdintasunaren aldeko kamisetak, Jane jauregia
18:30 Berdintasunaren aldeko escape room-a, Jane jauregia

Martxoak 20, ostirala
18:00 Zineforuma eta mahai ingurua: ‘Volar’, Jane jauregia

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bideoa | Martxoaren 8a “espazioak hartzeko eguna” ere badela azaldu dute Ugaoko Emahots Talde Feministatik

Emahots Talde Feministako Ainize Perez eta Leire Untzuetarekin izan gara urteroko hitzordu honen inguruan berba egiteko

|

Emakumeen Nazioarteko Egunean mobilizazio ugari egin dituzte Hego Uribe eskualdeko hainbat lekutan. GEURIA Emahots Talde Feministak Ugaon antolatutako manifestazioan eta ekitaldian izan zen.

Ainize Perez eta Leire Untzueta kideekin berba egin dugu Martxoaren 8aren inguruan. Atzoko argazki guztiak hementxe topa ditzakezu.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ez Dok Bape ugaotarrek kontzertua eskainiko dute Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren jaian

Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon, Korrika kulturala dela eta

|

Ez Dok Bape taldea // Geuria

Ez Dok Bapeko mutilek kontzertu berezia eskainiko dute martxoaren 13an, Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren Jaia dela eta.

Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon: eskolako umeen bertsoak eta Korrika Txikiko pankarta margoketa eta photocalla, txalaparta tailerra, Mintzodromoa… egitarau osoa esteka honetan ikus dezakezu.

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernako kontzertua 21:30ean izango da. “Dorretxea Herriko Taberna hainbat emanaldiren topaleku izango da martxoan zehar”, iragarri dute antolatzaileek. “Herriko beste eragile batzuekin burututako lanketaren ondorio da martxoan zehar antolatutako egitaraua. Mota desberdinetako ekitaldiak izango ditugu gurean”.

Programa joan den martxoaren 7an abiarazi zuten DJ HMNDETXERA deustuarren dantza, perreo eta juergarekin. Ez Dok Bape bandaren kontzertua eta gero hilabeteko azken jarduera antolatu dute hilaren 27an Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan: Elisabet Mejuto, Julen Pagazaurtundua eta Asier Galarzaren ‘Bakarrizketak Euskaraz’ saioak, alegia.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak | Ugaotarrek “Egunak eta gauak gureak dira” oihukatuz hartu dituzte herriko kaleak, M8an

|

Emakumeak, martxan // Geuria

100 herritar baino gehiago kalera irten dira Emakumeen Nazioarteko Egunean, Ugaon. Lema nagusia, jakina denez ‘Beste mundu bat feminismotik’ izan da eta herrian elkarretaratzea egin ostean kaleetatik irten dira, emakumeen borrokaren alde.

12:30ean manifestazioa hasi dute herriko kaleetan barrena eta ibilbidea parke berdeko frontoian amaitu dute. Bertan, ekitaldi xume bat prestatu dute herriko eragile batzuek.

“Gaurkoan kalera aterako gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez”, azaldu dute Emahots Talde Feministatik.

“Lehena martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik. Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzenduen ndarkeriarekin mozteko”, gehitu dute.

“Martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintzak lanak prekaritatearen, makumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera”.

“Eta, azkenik, martxoaren 31, Trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bederatzi arma konfiskatu ditu Ertzaintzak Ugaoko diskoteka baten inguruetan

Guztira 49 pertsona eta 16 ibilgailu identifikatu, bederatzi arma konfiskatu eta atestatu bat ireki dute droga-trafikoagatik

|

Konfiskatutako armak // Ertzaintza

Ertzaintzak 49 pertsona eta 16 ibilgailu identifikatu, bederatzi arma konfiskatu eta eta atestatu bat ireki du droga-trafikoagatik Ugaoko diskoteka baten inguruan ezarritako prebentziozko dispositibo batean, joan den igandean, martxoaren 1ean.

Kendutako bederatzi arma horien artean ukabil amerikar bat, homologatu gabeko defentsako esprai bat eta giltza-labana bat ageri dira, eta Ertzaintzako ordezkariek azaldu dute horiek zeramatzatenei espedienteak ireki dizkiete Herritarren Segurtasunerako Legea ezarriz.

“Era berean, beste lau pertsona zehatzeko proposatu zituzten Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoari jarraituz, substantzia sorgorgarriak edukitzeagatik”, gehitu dute.   

Esku-hartze horiek Ertzaintzak, kalean Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira.

Ugaoko diskotekaren inguruak // Geuria

Arazoak asteburuetan

Ertzaintzaren jarduketa hau ez da Ugaoko diskotekaren inguruetan gertatzen den lehena. Usila auzoaren inguruan arazo ugari gertatu izan ohi dira, eta azken aldian gertakari horien kopurua gora egiten ari dela salatu dute Ugaoko auzotar askok.

GEURIAk azken urteetako fenomeno horren inguruko erreportajea kaleratu zuen iazko abenduan, herritarren, institutuko langileen eta udal ordezkarien testigantzak jasoz, besteak beste.

Osorik irakurri