Ugaon, futbola beste behin batuko zaio Batten gaixotasunari ikusgarritasuna emateko Hodeilargi elkarteari. Pasa den apirilean, CD Ugaoko eta Athletic Club-eko gizonezko beteranoen partida jokatu zuten eritasuna sufritzen duten Hodei eta Ilargi txikiei laguntzeko; igande honetan, irailak 18, emakumezko beteranoen taldeek jokatuko dute partida, Ugaoko Arandia futbol zelaian, 17:00etan.
Norgehiagoka egin bitartean, zozketa solidarioa antolatu dute Ugao eta inguruetako komertzioek elkarteari dohaitzan emandako opariekin eta produktuekin. Parte hartu nahi dutenek, tiketak Ugaoko hainbat establezimendutan lor ditzakete.
Larunbateko jaialdia
Kirola, baina, ez da izango Hodeilargik asteburu honetarako antolatutako ekitaldi bakarra: larunbatean (irailak 17), oinezko martxa, herri bazkaria, dantzak eta kontzertuak egongo dira Ugaon, gaixotasunaren ikerketarako funtsak biltzeko jaialdian. Goizean, elektrotxarangak eta Etorki dantza taldeak girotuko dute festa, eta gauean, Skakeitan, The Uski’s eta The Smoke Dealers ugaotarrak bilduko dira Gernikako enparantzan.
Oinezko martxarako izena aurretiaz eman ez dutenek, egunean bertan izango dute inskripzioa egiteko aukera (ibilbidea Herriaren enparantzan hasiko da, 11:00etan). Bazkarirako tiketak, ordea, agortuta daude: espero da 300 pertsona inguru hurbilduko direla Gernikako enparantzako otordu herrikoira.
