☉ Ugao
Hezitzailea bihotzez, eskolan eta berdegunean
Kirola eta hezkuntza uztartu izan ditu Igor Salazarrek urte luzez, bai Gorputz Hezkuntzako irakasle moduan, eta bai futbol entrenatzaile lanetan aritu denean ere. Eskarmentu horretatik abiatuta hezitzaile baten lanaz aritu gara berarekin hizketan

Igor Salazar Larrañagari (1974) elkarrizketa eskatu diogunean, galdera bakarra egin digu: “baina zertaz hitz egingo dugu, hezkuntzaz edo futbolaz?”. Bada, ez bataz eta ez besteaz, eta aldi berean biez.
Hezitzailetzat dauka bere burua, nahiz eta irakaskuntza utzita daukan, osasun arazo bat tarteko. Futbola terapia moduan “bikain” datorkiola onartu du, eta bere asteburuetako kirol plana ere zehaztu digu: “larunbatetan semearen txanda da, eta igandeetan, normalean, nirea”.
Hitz egiteko eta hausnartzeko gogotsu, ume eta gazteekin ehuntzen diren harremanen inguruan aritu gara, egungo egoera ezagutzeko, eta alarmismorik gabe baina seriotasunez heldu diegu azken aldian puri-purian dauden hainbat konturi, hala-nola nerabeek teknologiarekin eta sare sozialekin daukaten harremanari, edo gazteen artean ematen ari diren jarrera matxisten nondik norakoei.
Hala ere, gizarte osoari dagozkion arazo horiek hezkuntzaren bizkar uztea “bidegabea” dela aldarrikatu du. “Hezkuntza ez dagokigu hezitzaileoi bakarrik, eta hori askotan ahazten den kontu bat da”.
“Hezkuntza ez dagokigu hezitzaileoi bakarrik, eta hori askotan ahazten den kontu bat da”
“Azken finean”, gaineratu du, “ume eta nerabeek eskolan beste denbora ematen dute euren gurasoekin, eta guztion arteko elkarlana eta komunikazioa funtsezkoa da”. Eskola publikoa aldarrikatu du: “gauza asko ondo egiten ari dira, eta hori ere esan beharra dago, askotan badirudien arren berri txarrek gehiago erakartzen gaituztela” borobildu du.
Hasiera-hasieratik, eta gaiari tamaina hartu nahian, bere ibilbidean zehar ume eta gaztetxoekin “oso hurbilekoa” izaten saiatu dela azpimarratu du hezitzaile ugaotarrak, bai arlo batean eta bai bestean, baina ñabardura batekin: “eskolan 11 urte bitarteko ikasleak izan ditut, eta futbolean, aldiz, nerabe eta gaztetxoak. Haiekin hitz egiteko modua ez da berdina. Txikiagoak direnean kontu handiagoz ibili behar zara, esaten diezun horrek eragin handia izango duelako eurengan. Nerabe eta gazteekin, aldiz, ohikoagoa da umoretik jotzea” .
Ez da hori alde bakarra, baina: “azken finean, futbolera doazenak eurek aukeratutako zerbaitetan ari dira, eta eskolara, aldiz, bai ala bai joan behar dira”. Bere kezka nagusietako bat hortik dator: “Lehen Hezkuntzako azken kurtsoetan dagoeneko lekuz kanpo edo desmotibatuta dauden ikasleak aurkitzen dituzu, eta hori etsigarria da”. Egoera horri aurre egiteko argi dauka “baliabideak” behar dituztela irakasleek, ikasle horiekin “patxadaz” lan egin ahal izateko.
Sare sozialak: mehatxu baino, aukera
Urteen poderioz, hala ere, eta bereziki azken aldian, aldaketa handi bat nabaritu izan du ume eta nerabeengan, euren bizitzak zeharo baldintzatu dituen aldagai bat: sare sozialak, hain zuzen ere.
“Gai honekiko nire jarrera eraikitzailea da oso: sare sozialak eta teknologia berriak orokorrean tresna bat dira, ondo edo gaizki erabili daitekeen tresna”.
“Sare sozialak eta teknologiak orokorrean tresna bat dira, gakoa erabileran dago”
Erabilera horretan bi irizpide argi ditu Salazarrek: “komunikazioa eta konfiantza landu behar dira”. Badaki hitzetatik ekintzetara igarotzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula, baina gurasoek seme-alabekin balio horien arabera jardunez gero “susto asko” ekiditen direla sinetsita dago.
Beste hainbat gaitan bezala, familiek “formakuntza” behar dutela agerikoa iruditzen zaio, egunetik egunera aldatzen doan errealitate bati buruz ari baikara. Ez dauka argi nerabe eta gaztetxoei mugikorra noiz eman behar zaien, egoera guztiak ez direlako “alderagarriak”: “Kasurako, herri edo auzo txiki batean bizi den umearen eta hiri handi bateko nerabearen egoerak antzekoa dira? Inondik inora ere ez. Egoera bakoitza aztertu eta horren arabera erantzutearen aldekoa naiz”.
Hori horrela, ez du uste euren seme-alaben balizko mugikorren kudeaketa antolatzeko batzen ari diren gurasoen dinamika “eraginkorra” izango denik, edo ez luzera begira behintzat, “norbera bere zoroak bizi duelako”.
Inor ez da profeta bere lurrean?
Salazarrek hiru hamarkada eman ditu lanean, eta urte horietako asko herrian bertan, horrek suposatzen duenarekin, bai onerako eta bai txarrerako. Aho zapore “gozoa” utzi dion esperientzia izan den arren , badu arantzaren bat edo beste: “azken finean, ni gorputz hezkuntzako irakaslea izan naiz, eta tamalez gurasoek ez diogu behar den besteko garrantzia ematen, nahiz eta haurren garapenean funtsezkoa den”.
Urteak joan eta urteak etorri, gertatu izan zaio ikasle izandakoren bat bere jokalari bilakatzea, eta hor mota guztietako egoerak bizi izan ditu: “sorpresak egoten dira, onerako eta txarrerako. Askotan pertsonak idealizatu egiten dituzu, eta ez zara konturatzen hamar urteko haurrak eta hamazortzi urteko nerabeak ez daukatela zerikusirik”.
Herrian bertan lan egiteak dituen onura nabariak ez ditu ukatzen, “jendea ezagutzen duzu, berehalako konfiantza giro bat sortzen da, eta horrek asko errazten dizu lana”, baina aldi berean lotura horrek egoera zailak askoz gehiago zailtzen ditu: “futbolean, adibidez, zaila da betidanik ezagutzen duzu jokalari bati errieta egitea edo aulkian uztea, askotan bere gurasoak ezagun edo lagun dituzunean”. Herri txikia infernu handia bilakatu daitekeela, esaerak dioen moduan. Hala eta guztiz ere, Ugao definitu beharko balu, “familia handi” batekin alderatuko luke.
Ereiten ari garena
“Gaztaroa asko aldatu da azken hamarkadetan”. Entrenatzaile ugaotarraren burutapen horretatik abiatuta heldu diogu elkarrizketaren azken txanpari: gazteen arteko harremanetan egon den bilakaera, aurkia eta ifrentzua. “Gu gazteak ginenean ez zen ohikoa izaten mutilek eta neskek elkarrekin lagun taldea osatzea. Zentzu horretan uste dut egoera hobea dela orain, naturaltasunez ikusten baitituzu batzuk eta besteak elkarrekin”. Askatasun handiagoa nabari du ugaotarrak , eta hori “aurrerapen bat” dela uste du.
Hala ere, bere kezka adierazi du azken aldian ugaritzen ari diren “jarrera matxista, homofobo eta orohar intoleranteekin”, eta horren aurrean argi dauka ezin dela “atzerapauso bakara bat ere eman, inondik inora”. Hezitzaileak beti hezitzaile, nonbait.
☉ Ugao
Zineforuma egingo dute Ugaon Aritzeder Arregi zinemagilearekin
Martxoaren 25ean, zinemagilearen hainbat film laburren proiekzioa eskainiko da, eta solasaldi parte-hartzailea egingo da ikusitakoaren inguruan

AEK-ko ‘Praktikatu eta Bizi’ programak zineforuma antolatu du Jane jauregian, martxoaren 25ean, 10:30etik 12:00ak bitartean, Aritzeder Arregi zinemagile ugaotarrarekin.
“Aritzeder Arregi zinemagilearen hainbat film laburren proiekzioa eskainiko da, eta solasaldi parte-hartzailea egingo da ikusitakoaren inguruan, egilearen presentziarekin”, azaldu dute antolatzaileek.
Aritzederrek zuzendari eta gidoilari lanak egin ditu ‘Cartas de Guerra’ (2016) laburmetraian (Eneko Sagardoy, Urko Olazabal eta Mariano Estudillo aktoreekin), zuzendari lez egin du behar ‘El Duelo’ (2018) zintan eta 2008 eta 2009 urteen bitartean ekoiztutako ‘Making Of’ telebista saioan aritu zen ere, besteak beste.
Ugaoko zineforumean parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako, interesdunek 663 040 035 zenbakira deitu beharko dute.
☉ Ugao
Argazkiak | Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokak ehunka lagun elkartu ditu Ugaoko kaleetan
10:30etik 15:00ak arte, bertara hurbildu zirenek eskualdeko eta inguruetako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten

Emakumeen Nazioarteko Egunean, joan den igandean, Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokaren 26. edizioa antolatu zuen Ugaoko Udalak Herriaren enparantzan.
10:30etik 15:00ak arte, bertara hurbildu zirenek eskualdeko eta inguruetako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten: ogia, barazkiak, arrautzak, gaztak eta esnekiak, ardoa, gildak, gozoak… Hitzordu honetara ehunka lagun gerturatu ziren.
“Urtez urte sendotzen ari den hitzordu honek landa-eremuko genero-ikuspegia balioan jartzen du eta emakumeek lehen sektorean duten funtsezko zeregina aitortzen du”, azaldu zuten udal ordezkariek.
Hurrengo egunetan, gainera, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko Udaletik.
Egitaraua | Emakumeen Nazioarteko Eguna
Martxoak 11, asteazkena
18:00 Zineforuma eta mahai ingurua: ‘Fabricando Mujeres’, Jane jauregia
Martxoak 14, larunbata
18:30 Tailerra: Berdintasunaren aldeko kamisetak, Jane jauregia
18:30 Berdintasunaren aldeko escape room-a, Jane jauregia
Martxoak 20, ostirala
18:00 Zineforuma eta mahai ingurua: ‘Volar’, Jane jauregia















☉ Ugao
Bideoa | Martxoaren 8a “espazioak hartzeko eguna” ere badela azaldu dute Ugaoko Emahots Talde Feministatik
Emahots Talde Feministako Ainize Perez eta Leire Untzuetarekin izan gara urteroko hitzordu honen inguruan berba egiteko

Emakumeen Nazioarteko Egunean mobilizazio ugari egin dituzte Hego Uribe eskualdeko hainbat lekutan. GEURIA Emahots Talde Feministak Ugaon antolatutako manifestazioan eta ekitaldian izan zen.
Ainize Perez eta Leire Untzueta kideekin berba egin dugu Martxoaren 8aren inguruan. Atzoko argazki guztiak hementxe topa ditzakezu.
☉ Ugao
Ez Dok Bape ugaotarrek kontzertua eskainiko dute Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren jaian
Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon, Korrika kulturala dela eta

Ez Dok Bapeko mutilek kontzertu berezia eskainiko dute martxoaren 13an, Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren Jaia dela eta.
Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon: eskolako umeen bertsoak eta Korrika Txikiko pankarta margoketa eta photocalla, txalaparta tailerra, Mintzodromoa… egitarau osoa esteka honetan ikus dezakezu.
Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernako kontzertua 21:30ean izango da. “Dorretxea Herriko Taberna hainbat emanaldiren topaleku izango da martxoan zehar”, iragarri dute antolatzaileek. “Herriko beste eragile batzuekin burututako lanketaren ondorio da martxoan zehar antolatutako egitaraua. Mota desberdinetako ekitaldiak izango ditugu gurean”.
Programa joan den martxoaren 7an abiarazi zuten DJ HMNDETXERA deustuarren dantza, perreo eta juergarekin. Ez Dok Bape bandaren kontzertua eta gero hilabeteko azken jarduera antolatu dute hilaren 27an Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan: Elisabet Mejuto, Julen Pagazaurtundua eta Asier Galarzaren ‘Bakarrizketak Euskaraz’ saioak, alegia.
☉ Ugao
Argazkiak | Ugaotarrek “Egunak eta gauak gureak dira” oihukatuz hartu dituzte herriko kaleak, M8an

100 herritar baino gehiago kalera irten dira Emakumeen Nazioarteko Egunean, Ugaon. Lema nagusia, jakina denez ‘Beste mundu bat feminismotik’ izan da eta herrian elkarretaratzea egin ostean kaleetatik irten dira, emakumeen borrokaren alde.
12:30ean manifestazioa hasi dute herriko kaleetan barrena eta ibilbidea parke berdeko frontoian amaitu dute. Bertan, ekitaldi xume bat prestatu dute herriko eragile batzuek.
“Gaurkoan kalera aterako gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez”, azaldu dute Emahots Talde Feministatik.
“Lehena martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik. Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzenduen ndarkeriarekin mozteko”, gehitu dute.
“Martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintzak lanak prekaritatearen, makumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera”.
“Eta, azkenik, martxoaren 31, Trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara”.





































