Sareak

☉ Ugao

Iñaki Espartza: «Metal musika bakarka egiteaz gain, bakarka eta bakarrik sentituta ere egin daiteke»

Soinu teknikaria izateaz aparte, bakarlari lanak sortu eta estudio propioan ekoizten ditu Iñaki Espartzak. Ugaoko grabaketa gelan, Zein da zein, Siroka, Aiora Renteria eta beste hainbat artistaren lanak produzitu ditu.

|

Iñaki Espartza Geure Gogoa Ugaoko grabaketa estudioan // Geuria

"Bide ilun batetik noanean, bakarrik ibiltzen den gizona naiz" zioen Iron Maiden heavy metal musika talde ingelesak 1992an kaleratu zuen Fear of the Dark kantan. 30 urte geroago, eta pandemia bat tarteko, badirudi musikari batzuek hitzez hitz jarraitu dituztela britainiarren esanak, eta garai beltzetan konposatzeaz gain, metal musika bakarka jotzeari ekin diotela. Iñaki Espartza (Arrigorriaga, 1984) Ugaoko Geure Gogoa grabaketa estudioaren jabea da, eta itxialdi garaian, lehen aldiz, bi disko autoekoitzi ditu bakarlari gisa. Estudio txiki batean norberarentzat lan egiteak eta metal musika bakarka jotzeak zer suposatzen duten jakiteko hitz egin dugu Espartzarekin.

Musika irakaslea, soinu teknikaria, estudioaren jabea. Ibilbide luzea izango duzu atzetik. Nondik abiatu zinen?
Izatez, argi teknikari bezala hasi nintzen, baina aurreragotik neukan soinuarekin harreman estua. Apurka apurka, soinu ekipoekiko neukan lotura handituz joan ahala, estudioa antolatzen hasi nintzen, 2009an zabaldu nuen arte. Ondoren hasi nintzen musika klaseak eskaintzen: bateria klaseak eman izan ditut, nahiz eta gitarra, baxua, kongak eta kaxoia ere eskaintzen ditudan.

Zergatik erabaki zenuen grabaketa estudioa irekitzea?
Soinu ikasketak egin nituenez, zuzeneko musikarekin baino diskoen soinuarekin nengoen txunditurik garai hartan. Harriturik geratzen naiz askotan: guztiz harrapatzen nau soinuak disko batean daukan lanketak. Beraz, urteetan pilatutako esperientzia lan aukera izan zedin nahi nuen. Orokorrean, musikarekin harreman estua izan dut betidanik, bizitza honetan beste ezerekin dudana baino estuagoa.

Zein musika estilotako taldeek grabatzen dute zure estudioan?
Batez ere, hirukoteek, laukoteek, boskoteek. Bateriak, baxuak, gitarrak eta ahotsak osatutako taldeak izaten dira hemen grabatzen dutenak, nahiz eta beste musika tresna askorekin ere lan egin dugun: biolina, txalaparta, pianoa, sintetizadoreak. Azkenean, denetarik pasatu da Geure Gogoa estudiotik, metal eta hardcore taldeak, pop-etik hurbilago daudenak, rock taldeak, folk taldeak eta esperimentalagoak: besteak beste, Siroka, Zein da Zein, Harrika, Bidean Galduta, Enkore eta Zea Mays-eko Aiora, Alper Gate, Huge eta The Broken Dreams egon dira hemen.

Estilo asko eta denetarikoak dira. Musikarien soslaiari dagokionez, gazte asko al dago?
Orokorrean, bai, jende gaztea etorri ohi da. Klaseak emateko orduan ere, antzera: batez ere, 12 urtetik 30 urtera arteko jendea da, baina 50 edo 65 urteko ikasleak ere izan ditut. Dena dela, pozik nago hemendik pasa den jende kopuruarekin, nahiz eta boladak egon.

Ekonomikoki ez da erraza izango grabaketa estudioa mantentzea.
Zailena hardware eta software sistemak mantentzea da. Nire kasuan, ekipoa katean doa, eta aparatu bat apurtzen denean eta berria erosi behar denean, ekipoek ezaugarri berriak izaten dituzte; beraz, ez dira aurrekoekin bateragarriak. Kateaturik dauden ekipoko elementu asko aldatu behar izaten direnez, gastuak handiak dira, eta horregatik igo behar izaten dira estudioko prezioak: grabatzea ez da edonoren poltsikora egokitzen. Baina zaharkitze programatua delakoarekin harremana duen arazoa da.

Zailtasunak gorabehera, norbere estudioa izateak badu abantailarik: kantautore lanetan hainbat kanta autoekoitzi duzu hemen.
Aspalditik konposatu izan ditut gauzak. Gero, eskuan lesioa izan nuen eta gitarra jotzeko estiloa aldatu behar izan nuen. Estilo berrira ohitzeko urteak behar izan ditut, baina berriz eroso sentitu naizenean, konposatzeari ekin diot. Pandemia baino apur bat lehenago hasi nintzen berriro gitarrarekin, eta itxialdi garaian, denbora asko eskaini nion. Bi disko grabatzea lortu nuen; aspaldi ez nuen hainbeste jotzen, baina eskerrak animatu nindutela! Lehen diskoa 2020ko azaroan kaleratu nuen eta bigarrena, 7 hilabete geroago. Bata homonimoa da eta besteak 'Ilunari Argia' izenburua darama. Dirua dela-eta, ezin diot nire buruari estudio "garesti" batera joatea baimendu; hortaz, nik egin behar izan dut lan osoa, horrek dauzkan alde positibo zein neketsuekin.

Alde positiboa, agian, askatasun handia daukazula nahi duzun musika sortzeko.
Konposatu eta grabatu artean, jendearen feedbacka txikia izan da, beraz, nire iritzia eta gustu pertsonala gailendu dira, beste ezeri kasurik egin gabe. Argitaratu ondoren jaso ditut iritziak. Baina denetariko gustuak daude: batzuentzat itzela dena, beste batzuentzat bideratu beharreko zerbait da. Orokorrean, esperientzia oso pertsonala izan da.

Metala taldeka jo ohi den musika da. Egin al daiteke bakarka?
Nik egin badut, beste batzuek ere egin dezakete; gainera, ez naiz lehena izan. Garrantzitsuena grina izatea da. Ni 15 urte nituenetik lotu nintzen musika honekin (Su Ta Gar, Latzen, Metallica, Helloween, Iron Maiden), eta adin hori nuenetik saiatu izan naiz metal talde bat aurrera ateratzen. Orain arte punkaren aldera lerratu naizen arren, beti izan dut barruan metala egiteko arantza eta, azkenean, bakarka eman dut pausorik handiena metalarekin.

Erritmoekin eta abarrekin harreman estua garatuz gero, bakarka edozein estilo landu daiteke. Argi dago taldean ezberdina izango litzatekeela: ez dakit hobea litzatekeen, baina ezberdina, ziur. Gainera, bakarkako lanetan alderik pertsonalena azaleratzen da, ez hainbeste talde izaera.

Zein izan da zure diskoetan azaleratu den izaera hori?
Pandemian bakardade sentimenduek gora egin zuten eta hori islatuta dagoela esango nuke. Metal musika bakarka egiteaz gain, bakarka eta bakarrik sentituta ere egin daiteke.

Sortzea, orduan, prozesu automatikoa da. Bakarrik eta barrutik ateratzen da.
Metalak esfortzu handia eskatzen du: bateriak zertan oinarritzen diren jakin, erritmoak, soloak… Lana dago, baina urte askotan zehar pilatutako esperientziaren emaitza ere bada. Di-da ateratzen da, baina urte askotako lanaren ondoren. Ahotsaren kasuan, niretzat nahiko berria izan da. Ez nuen ia nire ahotsa ezagutzen. Gauza askorekin oso gustura geratu naiz, nahiz eta beste batzuekin zalantzak izan ditudan. Dena dela, konposaketetan ibiltzea, batzuetan, noraezean ibiltzea bezalakoa da: askotan dago zalantza.

Musika klaseak ere ematen dituzula esan duzu (gitarra, bateria, baxua…). Irakastean duda horiek dituzu?
Irakastea sortzea baino errazagoa da. Sortzerako orduan beti ari naiz berrikuntzaren baten bila, eta nire burua estutu behar izaten dut. Irakasteko orduan, ezberdina da: jende asko oinarri bila dator eta urte asko daramatzat horretan lanean.

Konposatzea, beraz, zailagoa da irakastea baino.
Sortzeak niri gogotik lan egitea eskatzen dit. Errepikakorra ez izaten saiatzen naiz, eta horretarako, askotan egon behar zara frogak egiten, entzuten, barrura begira… Ahalegintzen naiz sortzerako ordua infinituraino ez luzatzen, beti aldatu daitezkeelako gauzak. Baina, momentu batetik aurrera, lana argitaratzeko gogoa pizten zait, eta buelta gehiago ez ematea erabakitzen dut: "Hau horrela, eta aurrera! Beste kantu bat!".

Perfekziorako nahia beti dago hor.
Lehenago bai, joera handia neukan gauzei mila buelta emateko. Beti bilatzen nion berriro hasteko motiboa. Halere, hobea da aurrera egitea, nahiz eta erabateko ziurtasunik ez sentitu. Bestela, lana amaiezina bilakatzen da eta, askotan, ideia onak izan daitezkeenak paperontzian geratzen dira.

☉ Ugao

Musikak Ugaoko kaleak hartuko ditu 'Sareak 20 urte' astean, urrian

Urteurren borobil hau behar bezala ospatzeko askotariko jarduerak prestatu dituzte urriaren 16tik 22ra Ugaoko bihotzean

|

Petti // Utzitakoa

Urriaren 16tik 22ra 'Sareak 20 Urte' astea antolatu du Sarea Sound System Ugaoko musikazaleen Elkarteak, Ugaoko Udalaren babesarekin. Urteurren borobil hau behar bezala ospatzeko askotariko jarduerak prestatu dituzte: argazki-erakusketa, hitzaldi musikatua, tailerra, bazkaria herrikoia… eta nola ez, zuzeneko musika.

Jarduera gehienak, salbuespenak salbuespen, Ugaoko Jane jauregiko ganbaran antolatu dituzte.

The Smoke Dealers taldeko Ibai Aranguren, 2021ean // Geuria

 

Egitaraua | Sareak 20 Urte 2023

Urriak 16, astelehena
20 urte, 20 argazki erakusketa, Jane Jauregia

Urriak 18, asteazkena
20:00 Hitzaren ahairean hitzaldi musikatua, Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedarekin, Jane jauregia

Urriak 19, osteguna
18:00 Do It Yourself. Etxeko grabazio-estudioa: oinarriak tailerra, Beñat Ramosen eskutik, Jane jauregia

Urriak 20, larunbata
20:00 Petti, kontzertu akustikoa, Jane jauregia

Urriak 21, igandea
15:00 Bazkari herrikoia eta kontzertu parte-hartzailea Oier Aslarekin, Herriaren enparantza

Urriak 22, igandea
12:00 Musika-azoka herrikoia eta bermut musika-saioa, The Smoke Dealersekin, Udiarraga kalea

Osorik irakurri

☉ Ugao

'Bizkaia Begira' erakusketak Arte Ederretako 36 koadro ekarriko ditu Ugaora urrian

Lan horiek gertutik ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte urriaren 12an, 14an eta 15ean

|

Agustin Ibarrola, Basaurin // Jon Goikouria

Urriaren 9tik 15era 'Bizkaia Begira' artearen ibilbidea ekarriko du Ugaoko Udalak Herriaren plazara, BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren eskutik. Erakusketak Mari Puri Herrero, Adolfo Giard, Anselmo Guinea, Antonio de Guezala, Alberto y Jose Arrue, Agustin Ibarrola… eta beste hainbeste artisten lanak egongo dira ikusgai eta guztira Bilboko Arte Ederretako museoko 36 margolan ipiniko dituzte bertan: "'Bizkaiari begira' erakusketak lurraldearen "erretratu" bat marrazten du adierazpen artistikoen bidez (32 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat), kronologia zabal batean zehar, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehen hamarkadara arte", azaldu dute Ugaoko Udaletik

Lan horiek gertutik ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte urriaren 12an, 14an eta 15ean, 12:00etan eta 13:00etan. Bertan parte hartzeko Jane Jauregian izena ematea beharrezkoa izango da. Azken eguna datorren urriaren 6an izango da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Jasangarritasunaren aldeko Scape Rooma antolatu dute asteburuan, Ugaon

Jarduera honetan, parte-hartzaileak "jasangarritasunaren aldeko scout talde" bihurtuko dira eta adimen joko jakin batzuekin lan egin beharko dute

|

Neska bat, escape room batean // Wikipedia

Datorren irailaren 23an GJH Scape Rooma antolatu du Ugaoko Mirabatxo klubak Jane jauregian. Ugaoko Udalak babestutako jarduera hau 2013 eta 2015 urteen bitartean jaiotako gaztetxoei zuzenduta dago eta bertan, parte-hartzaileak "jasangarritasunaren aldeko scout talde" bihurtuko dira.

Escape room honen helburua 2030 Agendaren bereizgarriak biltzea izango da, eta horretarako logika eta dimen proba jakin batzuk gainditu beharko dituzte jokalariek.

Parteide kopuru handiena izateko asmoz, hiru txanda antolatu dituzte: 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Jardueran izena emateko azken eguna irailaren 20a izango da eta bi modutan egin daiteke: 946 480 704 telefono zenbakira deituz edo Jane jauregian, aurrez aurre.

Bestalde, ikasturteak ateak zabalduko dizkio Ugaoko Gaztelekuari ere: irailaren 21ean hasiko du zerbitzua (datorren ostiralean) 17:30etatik 21:00ak arte larunbatero eta 18:00etatik 21:00ak arte, igandero.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Aritz Irazabal ugaotarrak Euskal Pentatloiko finala jokatuko du Azpeitian

Irazabalek 13:37 denborarekin lortu zuen sailkapena eta hilaren 23an Aimar Irazabal anaia laguntzaile izango du Azpeitian

|

Ugaotarrak lehen mailako pentatloi sariko finala jokatuko du irailaren 23an Azpeitiko zezen plazan, joan den hilaren 9an jokatutako kanporaketan bosgarren postua eskuratu ostean: "12 kirolari izan ginen eta bosgarren postua eginda lortu nuen finalerako sailkapena", azaldu dio GEURIAri ugaokoak. Irazabalek 13:37 denborarekin lortu zuen sailkapena eta hilaren 23an Aimar Irazabal anaia laguntzaile izango du beste bost kirolarirekin batera.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak | 320 lagunek hartu dute parte Ugaoko jaietako Herri Indaba Janean

Ugaoko frontoian eta alboko karpan ez zen leku gehiagorik izan bazkaltiar gehiagorentzat, Harile Kultur Elkartetik azaldu digutenez

|

Bazkaltiarrak, Ugaoko frontoian eta alboko karpan // Harile Kultur Elkartea

Harile Kultur Elkarteak, urtero bezala, Herri Indaba Jana prestatu zuen atzo Ugaoko jaietan eta jarduerako utzitako momentu batzuk bidali dizkigute erredakziora. Urteroko jarduera honek 320 lagun batu zituen atzo eta frontoia zein alboko karpa goraino egon ziren bazkalorduan.

Osorik irakurri