Sareak

☉ Ugao

Izaskun Landaida Larizgoitia:«Ezin ditugu berdintasunaren aldeko pausuak lortutzat eman inoiz»

Ugaoko lehen emakume alkatea izan zen eta jarraian Emakundeko zuzendaritzara igaro zen. Gaur Eragintza Fundazioko zuzendaria da Izaskun Landaida Larizgoitia

|

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izan zen hamabi urtez / Geuria

Izaskun Landaidarekin elkartu gara bere herriko kaleetan. Ugaoko lehen emakume alkatea izan zen, Emakundera salto egin aurretik. Bertan hamarkada luzea eman zuen, zuzendari bezala. Arlo publikoan bere aroa beteta, arlo pribatura bueltatu da, Eragintza Fundaziora. Bere zeregina, osasun mentalarekin lotutako arazoak dituzten pertsonei laguntza eskaintzea da, lana topatzeko baliabideak erraztuz.

Arlo publikoan denbora luzez aritu ondoren arlo pribatura igaro zara orain. Zelangoa izan da aldaketa? Esparru pribatutik nator, nahiz eta 12 urtetan zinegotzi izatearekin uztartu. Horren ostean legealdi bat eta erdi alkate moduan egon nintzen eta beste ia 10 urte Emakunden. Esperientzia benetan zoragarria izan da baina arlo publikoan gaudenok badakigu ardura epe mugatu baterako dela, beraz, nire jatorrizko espaziora, ondo ezagutzen dudan horretara bueltatu naiz.

Ezberdintasunak badaude, batez ere kudeaketa moduan, baina momentu honetan esposizio publikoa azpimarratuko nuke. Gehien eskertu dudana da anonimatua berreskuratu izana eta denbora gehiago izatea nire familiarentzat, lagunentzat eta nire zaletasunentzat.

Eragintza Fundazioa. Gaixotasun Mentalak dituzten pertsonei lana aurkitzen laguntzen diezue. Zein da zehazki zuen lana? Izugarrizko proiektu eta lantalde baten gerentzian nago. Ilusioz betea. Aurrerapausoak eman dira esparru honetan baina oraindik ezagutza falta handia dago. Orokorrean, gure gizartean gaixotasun mentalen inguruan estigma handia dago eta horrek bere eragina du gizartean. Askotan pentsatzen da buruko osasuneko arazoak dituztenak (nahasmendu bipolarra, antsietatea, eskizofrenia, depresioa, garapen-nahasmendua…) ez direla gai lan egiteko nahiz eta lanerako eskubide eta, gehienetan, gaitasun osoa izan.

Beraz Eragintzan, hau oso argi izanda, bakoitzaren egoera aztertzen da eta plan indibidualizatu bat adosten da gizarteratze eta laneratze helburu hori lortze aldera. Asko erakusten digute egunero.

Ildo honetan, kalitatezko enplegua lortzeko eta mantentzeko lan egiten dugu, kolektibo honen autonomia eta independentzia ekonomikoa ahalbidetzeko. Gainera lanpostu bat lortzeak haien autoestimua, konfiantza eta ahalduntzea areagotzen du, eta komunitatean bizitza integratua eta independentea izateko aukera ematen die.

Zer motatako zerbitzuak ematen dituzue helburu hori lortzeko? Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei laguntza ematen diegu laneratzeko prozesuan: laguntza psikologikoa, hainbat prestakuntza-ikastaro, ziurtagiri profesionalak lortzeko formakuntza, eta 4 zentro okupazional ditugu (lorezaintza, kableatua, garbiketa industriala, azaleztapena) non prestakuntza espezifikoko profesionalak eta psikologiako begiraleak dauden. Enplegu-Zentro berezi bat dugu eta bertan lan egiteko aukera ere badago, baita enpresa arruntetan ere, egoeraren arabera.

“Izan nezakeen ohorerik handiena izan da Emakundeko zuzendaria izatea”

Osasun mentaleko arazoak dituzten gazteentzako programak ditugu, bereziki formakuntza izaten jarraitu ahal izateko eta etorkizunean lan bat bilatu ahal izateko. Zahartzea bizitzaren zati bat da, eta are nabarmenagoa osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen kasuan; horregatik, estimulazio kognitiboa eta zahartze aktiboa lantzen ditugu. Arlo honetan ere hainbat txostenek agerian uzten dute osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeek zailtasun handiagoak dituztela lan-merkatuan sartzeko eta bertan mantentzeko. Hori dela eta, nahiz eta zeharka landu berdintasuna, jarduera espezifiko bat garatzen dugu haiekin. Emakume gehiago hurbiltzea gura dugu, asko etxean geratzen direla badakigulako. Eskualdeko hainbat erabiltzailek parte hartzen dute Eragintzan, beraz, ateak irekita ditugu.

Zeintzuk dira orain esku artean dituzuen proiekturik garrantzitsuenak? Batzuk aipatzearren: Plan estrategikoarekin bukatu dugu, datozen urteetarako erronkak identifikatu ditugu eta ekintzak inplementatzen gabiltza: erabiltzaileak erdigunean jarrita, zerbitzuen katalogoa indartu eskaera berrietara egokitzeko, zentro okupazionalak berritu, protokoloak eguneratu edo kudeaketa aurreratuko ereduarekin pausoak ematen jarraitu zilarrezko A lortu arte; eta, horrekin lotuta, euskararen erabilera indartu. Harrobi diploma jaso ondoren, pausoak ematen jarraitu. Benetan lan talde konprometitua dugu.

Martxoaren 8aren haritik, aitzindaria izan zinen zure herrian, Ugaon, lehen emakume alkatea izanda. Zelan gogoratzen dituzu urte haiek? Lehenengo emakumea, gaztea, eta bi umerekin. Orain dela 17 urte ez zegoen ia emakume alkaterik. Zorionez hau ere aldatzen doa. Ez dut ahaztuko heldu zitzaidan pertsona baten komentarioa: gai izango da ume txikien ardurarekin? Ziur nago gizon bat izan banintz ez zukeela hori aipatuko. Zorionez argi nuen erabakia, konpromisoa, indarrez beteta nengoen eta etxean babes osoa izan nuen eta izan dut beti. Ilusio eta erantzukizun handiarekin hartu nuen erronka: Lan asko eskatu zidan, herritarrekin harreman estua eskatzen zuen, baina era berean izugarri ikasi nuen. Esango nuke politikan dagoen eskolarik onena udala dela. Eta alkate izatea, norberaren herriaren alde lan egiteko aukera izatea, erantzukizun handia eta ohorerik handiena. Dudarik gabe.

“Ilusio eta erantzukizun handiarekin hartu nuen Ugaoko lehen emakume alkatea izatearen erronka”

Ardura handi batetik beste ardura pisutsu batera: Emakunde. Zer nolako esperientzia izan da zuretzat? Beti eskertuta egongo naiz aukera honengatik. Nire garaiko emakume asko gaztelaniaz esaten den bezala “sobre la marcha” ikastera behartuak izan gara feminismoaren inguruan. Ez zen honetaz hitz egiten eta askotan irakasle bati esker edo libururen bati esker, ezagutzeko aukera izan genuen eta honekin batera barneratuta genituen hainbat iritzi desikasi. Asko erakutsi dit feminismoak bizitzarako. Eta kontzientzia feminista dudanetik Emakunde miretsi dut. Beraz, izan nezakeen ohorerik handiena izan da bertako zuzendaria izatea. Esperientzia benetan zoragarria eta aberasgarria arlo profesionalean zein pertsonalean. Lantalde bikainarekin lan egiteko aukera izan nuen eta lagun bikainak ere egin ditut bertan.  Argi nuen berdintasunaren aldeko lana, talde lana dela, baina konprobatu nuen esparru ezberdinetatik egin behar dela lan, zein zaila den benetako eta beharrezko balioen aldaketa, berdintasunaren aldeko lanaren konplexutasuna, aliantzen garrantzia ere bai. Honekin lotuta, desikasi baino, baieztatu egin dut ezin ditugula berdintasunaren aldeko pausoak lortutzat eman inoiz. Beti dago atzera egiteko arriskua. Beraz, adi egon behar gara beti eta lan honek etengabea izan behar du.

Emakundek berdintasunerako politikak diseinatu, bultzatu eta haien inguruan aholkatu, koordinatu eta ebaluatzea du helburu. Zentzu horretan, zeintzuk izan dira urte hauetako mugarriak? Aipatu dezakegu soldata arrakalaren kontrako estrategia, emakumeen autonomia ekonomikoa funtsezkoa delako, eta ematen du batzuetan ahaztu egiten dugula; berdintasunaren aldeko ituna, baina garrantzitsuena, berdintasunerako lege berria, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea. Mugarri bat da, lehenik eta behin, eta Euskadin beti egin den moduan, argi adierazten duelako ez dugula berdintasunik lortuko ez badugu indarkeriarekin amaitzen eta, bestetik, etorkizunerako markoa ematen duelako berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko. Berdintasun politikak indartzeko tresna estrategikoa izango dena. Egia da bidea dagoela egiteko baina aitortu behar da lan asko egin dela eta egiten ari dela esparru ezberdinetatik eta esparru ezberdinetan. Bestela, atzera begiratu eta galdetu gure amama eta amei. Edozein kasutan, berdintasunaren aldeko lanean ez dago formula magikorik eta egunero, bakoitzak gure esparruan, egiten dugunak du izugarrizko balioa eta denok dugu zer egiterik.

Ardura handiko postuetan aritu zara, beraz.Eta aldi berean Ugao bezalako herri lasai batean bizi zara. Zer ematen dizu herriak zentzu horretan eta zein da zuretzat herriko txokorik kuttunena? Nire inspirazio iturria landa eremuko emakumeak dira eta bereziki, gertuen izan ditudanak, ama eta amama eta euren belaunaldiko emakumeak. Asko sor diegu. Hauek bai ardura handiko kontuetan ibilitakoak eta isil isilik herria eraikitzen. Hori da ikasi dudana eta Ugaon bizitzeak, sustraietatik gertu, lasaitasuna eta gustuko dudan bizimodua egiteko aukera ematen dauste. Eta Ugaon txoko kuttun asko ditut. Mendia oso gertu dugu eta paseo politak dauz. Baina Iturria aipatuko nuke. Iturriak duen sinbologiagatik Ugaotarrentzako benetan berezia eta gure historiaren parte.

☉ Ugao

Ugaoko jai herrikoien aldeko aldarria zabaldu dute Txosnagunetik

Bideoan bertan zehazten dituzten berritasunen artean, aurten Jai Batzordearekin izandako elkarlana nabarmendu nahi izan dute, “hainbat urtez ate hori itxita egon baita”

|

Ugaoko Jaien txupinazoa, 2023an // Geuria

Ugaoko jai herrikoien egitaraua plazaratu dute Ugaoko Txosna Batzordetik bideo baten bitartez. Bertan, orain arte egindako lana goraipatu dute, “lan handia, konpromezuz beteta eta auzolanean oinarrituta” dela adieraziz. “Lan boluntarioa”, gaineratu dute, “helburu bateratu nagusi batekin: herria egitea”.

Helburu nagusi horren baitan kokatu dute Ugaoko jaietan “espazio libre bat, aldarrikapenez betea” sortzea, “inolako erasorik onartuko ez duena”.

Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute, halaber, “Txosnagunea denona dela eta guztiontzat irekita dagoela”.

Hori horrela, bertara hurbiltzeko eta elkarlanean aritzeko gonbita luzatu diete belaunaldi berri “eta ez hain berrie”.

Elkarlana Jai Batzordearekin, baina ez Udalarekin

Bideoan bertan zehazten dituzten berritasunen artean, aurten Jai Batzordearekin izandako elkarlana nabarmendu nahi izan dute, “hainbat urtez ate hori itxita egon baita”. “Etorkizunean horrela jarraitzea gustatuko litzaiguke” borobildu dute.

Bukatzeko, eta “zoritxarrez”, Ugaoko Txosna Batzordearen kideen aburuz, Ugaoko Udalaren jarrera kritikatu dute, eurenganako “trabak eta oztopoak” bere horretan mantentzen direlakoan. Hala ere, eta hurrengo urteei begira, elkarlanerako atea zabalik utzi dute.

Ugaoko Jai Herrikoak ’24

Irailak 6

18:30 Koadrilen jeitsiera
19:30 Txupina Txosnagunean “Envases Universaleseko langileen eskutik”
20:00 Kontzertua: “Ez Dok Bape”
21:30 Gernika Enparantzan: The Smoke Dealers, Lendakaris Muertos
01:30 Trikidantz Erromeria + DJ Maurizia

Irailak 7

13:00 Mariano Pintxada – Zelai: DJ Maisu
15:00 Herri bazkaria Txosnagunean – The Dolphiners
18:30 Elektrotxaranga Zutik
21:30 Euskal Preso, iheslari, eta deportatuen eskubideen aldeko mobilizazioa
22:00 Very txarrak, Leihotikan, Dupla, DJ Pipi

Irailak 8

11:00 Emakume sortzaileen azoka “Ermita enparantza”
13:30 Kontzertua – Dorretxea: Txalainak
19:30 Txosnagunea: Burbuilak

Irailak 9

14:30 Indabada herrikoia – Frontoia
20:00 Txosnagunea: DJ Bull

 

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Itzela da haiekin batera ikastea’ liburua argitaratu dute Ugaoko HodeIlargi elkartearen laguntzaz

HodeIlargi elkartea sortu zuten, gaixotasuna ezagutzera eman eta honen inguruan kontzientziatzeko. Urte hauetan hamaika ekintza antolatu dituzte, baita Ugaon ere: partida solidarioak, musika festibala…

|

Liburuaren aurkezpena Lizarra Ikastolan // Utzitakoa

Hodei eta Ilargi  bi haur eta anai-arreba dira. Orain dela hiru urte Batten gaixotasun arraroa antzeman zieten.

Joseba Bilbao bere aita ugaotarra da, eta GEURIAri azaldu zizkion gaixotasun arraro honen nondik norakoak: “Era erraz batean azaltzeko, gaixotasun honek eragiten duena da gorputzeko zelulek ezin dituztela hondakinak kanporatu, eta hondakinak pilatzen doaz zelularen heriotza eragin arte”.

Ordutik hona, HodeIlargi elkartea sortu zuten, gaixotasuna ezagutzera eman eta honen inguruan kontzientziatzeko. Urte hauetan hamaika ekintza antolatu dituzte, baita Ugaon ere: partida solidarioak, musika festibala…

Oraingo honetan, Ugaoko elkartearen laguntzaz ‘Itzela da haiekin batera ikastea’ liburua publikatu dute, euskeraz eta gaztelaniaz. Liburua Vanesa Ramosek idatzi du eta Alejandro Criadok egin ditu ilustrazioak.

Mikel da liburuko protagonista. Bere gelako mutil berri bati buruz hitz egiten du etengabe. Kontatzen duenaren arabera, badirudi tratu berezia jasotzen duela eskolan. Unai, Mikelen aita, kezkatuta dago. Ez du ulertzen zergatik hitz egiten duen hainbeste semeak mutil horri eta bere arrebari buruz. Eskerrak Iria irakaslea dagoen Hodei eta Ilargi nor diren azaltzeko eta liburuari izenburua ematen dion esaldiari zentzua emateko.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Izaskun Ibarretxek irabazi du Ugaoko jaien kartel-lehiaketa bigarren urtez jarraian

15 urtez beherako kategorian saria Itxaso Rivas Dominguez ugaotarrak irabazi du

|

Itsaso Rivasen lana ezkerrean, eta Izaskun Ibarretxeren lana eskuman // Geuria

Herrietako jaien prestaketan kartel lehiaketa mugarri garrantzitsua izaten da, festen iruditeria eta indartu nahi diren balioak bertan agertzen direlako.

Ugaoren kasuan, jai batzordeak erabaki du irabazleak zeintzuk izan diren, bai 15 urtez gorako zein beherako kategorian. Txikienen kasuan Itsaso Rivas Dominguez ugaotarrak irabazi du. Zazpi urte ditu Itsasok eta sari moduan marrazketarako materiala jasoko du.

Sari nagusian, aldiz, zaharrak berri, Izaskun Ibarretxe amurriotarrak bigarren urtez jarrian irabazi baitu kartel-lehiaketa, “Zerbait egosten ari da lanagatik”. Artistak iaz Ugaoko plaza, herritarrak eta burdinazko galdara erraldoia irudikatu bazituen, aurten ere protagonismoa eman die elementu horietako batzuei, hala-nola galdarari edo jaietako zapiari. Sari moduan 500 euro jasoko ditu.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko zinegotzi baten etxearen kontrako erasoa modu bateratuan gaitzetsi du Udalak

Ugaoko EAJk eta Bizkaiko Buru Batzarrak modu bateratuan plazaratu duten oharrean adierazitakoaren arabera, ez da halako gertakari bat ematen den lehen aldia, 2022an ere egoera bera bizi izan baitzuen zinegotzi berberak

|

2022an ere antzeko eraso bat jasan zuen zinegotzi berberak // Geuria

Igande goizaldean arrautzak jaurti zituzten Ugaoko zinegotzi baten etxearen leiho eta fatxadaren kontra. Ugaoko EAJk eta Bizkaiko Buru Batzarrak oharra plazaratu zuten atzo, zehaztuz  ez da halako gertakari bat ematen den lehen aldia, 2022an ere egoera bera bizi izan baitzuen zinegotzi berberak.

Elkartasuna adierazteaz gain, “egintza bandalikoak eta indarrezko jokaerak ezin direla sekula erantzun onargarri edo justifikagarri izan” azpimarratu dute, eta “eraso onartezinak” direla. “Halako jokaerek biktima zuzenean kaltetzeaz gain, konfiantza eta errespetua kaltetzen dituzte, gure gizartearen funtsezko elementuak”. Bukatzeko, “EAJk politikagintzan eta errespetuan 129 urte” daramatzala, “elkarbizitzan eta elkarrizketan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko lanean” borobildu dute alderdi jeltzaletik.

Gaur goizeko osoko bilkuran, testu bateratua adostu dute EAJk eta EH Bilduk, eta koalizio independentistak “erabateko gaitzespena” adierazteaz harago elkartasuna adierazi dio erasoa pairatu duen familiari: “Ugao-Miraballesko Udalak erabateko babesa eta elkartasuna adierazi die zinegotziari eta haren familiari, eta udal-ordezkariari dei egin dio, ideologien aniztasunetik, Ugaoren alde eta bertako bizilagunen bizitza hobetzeko lanean jarrai dezan”.

EAJ eta EH Bilduko zinegotziek azaldu moduan, “Ugaok bizikidetzan eta besteekiko errespetuan oinarritu du bere historia” eta gertaera bandaliko horiek “erabat lekuz kanpo” daudela azpimarratu dute: “Norberaren eta familiaren askatasunaren aurkako eraso larria dira, udal-ordezkaria hertsatzeko, beldurtzeko eta jazartzeko helburu bakarrarekin. Ugaokoa bezalako gizarte demokratiko batean ez dute lekurik asteburu honetan gertatutakoa bezalako gizalegerik gabeko portaerek”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko El Jaroko gimnasioak ateak zabalduko ditu abuztuko lehen hamabostaldian, lehen aldiz

Berritasunekin batera, Ugaoko Udalak, Foru Aldundiarekin, milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu urgune bi eta aisialdirako gune bat sortzeko kiroldegian

|

Erabiltzaileak El Jaroko gimnasioan // Geuria

El Jaro kiroldegiko erabiltzaileen eskakizunei amen eginez, Ugaoko Udalak kiroldegiko gimnasioko ateak zabalduko ditu abuztuaren 1etik 14ra, astelehenetik ostiralera. Erabaki hau hartzen den lehen aldia da eta udal ordezkarien arabera, helburua instalazioak irekita izatea da “udako ariketa-errutinarekin jarraitu nahi dutenentzat”.

Halaber, neurri honek duen eragina aztertu nahi du Ugaoko Udalak: “Horrela, benetako eskaria ebaluatu eta datozen urteetan irekiera errepikatzeko aukera baloratzea planteatuko genuke”. Udalak espero du “erabiltzaileek ondo hartuko dutela neurria” eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko “beste aurrerapauso bat” izango dela uste du.

Milioi bat euroko berritasunak

Udaren etorrerarekin, Ugaoko Udalak eskuartean duen proiektu baten berri eman zuen joan den maiatzaren amaieran egindako osoko bilkuran. El Jaro kiroldegiko “igerilekuen zerbitzua hobetzeko prozesuan”, urgune bi eta aisialdirako gune bat ipiniko ditu. Proiektuaren idazketa esleituta dago eta 78.000 euro bideratuko dituzte horretarako.

Ugaoko EH Bilduk proiektu honen kreditu modifikapenaren aurkako bozka eman zuen osoko bilkuran. Proiektu honetarako inbertsioa milioi bat euro baino gehiagokoa izango da eta Foru Aldundiak milioi erdiko diru-laguntza emango du: “Proiektu honen bidez iguruko inork ez dituen igerilekuak izango ditugu”, azpimarratu zuen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.

Ekaitz Mentxaka: “Proiektu honen bidez inguruko inork ez dituen igerilekuak izango ditugu”

El Jaro kiroldegiko igerilekua, gaur egun // Geuria

Udal ordezkariek iragarri dute igerileku biak “komunitatearen beharrak asetzeko” direla: “Horietako batek 45 m2 inguruko azalera eta 1,20 metroko sakonera izango du, eta jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haurtxo, ume eta helduentzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu”.

Besteak 65 metro karratuko azalera eta 1,20 metroko sakonera izango du eta dibertitzeko izango dela nabarmendu dute Udaletik, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori egungo erabilera anitzeko aretoa igerileku nagusiaren esparruarekin lotuz egokituko da. Igerileku horrek 25,00 x 12,50 metroko ur-xafla du, sei kalekoa eta sakontasun desberdinekoa. Nagusiki, igeriketa librerako eta irakaskuntza- ikastaroetarako erabiliko dira. Espazio berria funtzionalagoa izan dadin, sauna eta bainu turkiarra birkokatu egingo dira”.

Sakonera txikia, “gakoa”

Ekaitz Mentxakak uretako espazioen sakonera txikia nabarmendu du, “adingabeentzat zein dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat bainu segurua bermatuko duelako”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak, eta azken urteetako haurtxoentzako ikastaroen eskarien goranzko joera dela eta ikaskuntza-spa espazio berriak hezkuntza eta osasun ikuspegia ere izango duela iragarri dute Udaletik.

“Haurrei, adinekoei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei igeri egiten irakasteko prestatuta egongo da, gizartea osatzen dugun guztientzako bizimodu aktiboa eta osasungarria sustatuz”. Mentxakak gehitu du proiektu honek adingabeak igerilekuetara bakarrik joateko aukera eskainiko duela ere. Halaber, proiektu honen bidez gimnasioa eta erabilera anitzetako gelak hobetuko dituztela iragarri dute.

Osorik irakurri