→Ugao

Izaskun Landaida ugaotarra ordezkatuko dute Emakunderen zuzendaritzan

2013tik zuzendari egon ondoren, EITB taldeak gaur (urriak 4) iragarri du kargua utzi egingo duela.

Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, Lamiaenaren inaugurazioan // Geuria

Izaskun Landaida (Ugao, 1969) hiru agintaldiz izan da Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen buru. 2013tik zuzendari egon ondoren, gaur (urriak 4) iragarri du kargua utzi egingo duela. Bere lekua Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak hartuko du.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eskertu egin du Landaidak erakundean egin duen lana, baina adierazi du, erronka berriei aurre egiteko, beharrezkoa dela aldaketa hau egitea. Landaidaren soslaia, antza, ez da egokitzen Emakunderen etorkizuneko nondik norakoetara, eta “ez hobea ez okerragoa”, baina desberdina den profil baten bila ari direla gehitu du Artolazabalek.

Bere aldetik, Landaidak sare sozialetan zabaldu duen komunikatuan azaldu du Emakunden ez bada ere, berdintasuna bultzatzeko lanetan jardungo duela. Zuzendari izandakoak eskerrak eman dizkio familiari zein erakundean eta hortik kanpo ezagutu dituen emakume guztiei urte hauetan emandako laguntasunagatik: “Badakizue benetako plazerra izan dela zuekin lan egitea eta elkarrekin eta proiektu ezberdinekin ilusioa piztu, barre, negar eta ondo egindako lanagatik gozatzea”.

Erakundean jardun duen urteetan, batera egindako lanak —”isila baina etengabea”—, berdintasunean pauso garrantzitsuak emateko balio izan duela adierazi du Landaidak, nahiz eta oraindik, erronka handiak ikusi aurretik. Horregatik, dagoen lekuan dagoela, emakumeen eskubideen aldeko lanak bere “bizitzaren ardatz” izaten jarraituko duela esan du.

Ugaoko alkate

Landaida Ugaoko Ekintza Sozialeko zinegotzia eta alkateordea izan zen 1995etik 2007ra bitartean. Urte horretan, berriz, herriko alkatetza hartu zuen, eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko Berdintasun saileko arduraduna izan zen 2013ra arte.

Lamiaena Arrigorriagako Emakumeen Etxearen inaugurazio instituzionalean egin zuen Landaidak azken agerraldia. Eskualdean emakumeen talde eta kolektiboek berdintasunaren alde egindako lana goraipatu zuen irailaren 30eko hitzaldian.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak