Sareak

☉ Ugao

Ugaoko jaietan erasoei aurre egiteko, “kalera irten” eta hainbat ekimen jarriko dituzte martxan

Txupinaren egunean, puntu lila egongo da udaletxeko plazan, eta ostiralean, “Sexubizi” bebes gune eta prebentziorako puntu mugikorra hurbilduko da txosnagunera. Jaien aurretik, eragileekin tailerra egin dute erasoen aurrean nola jokatu jakiteko.

|

Martxoak 8ko elkarretaratzea Ugaon // Geuria

Ugaoko Udalak ostiral honetan egin du jaietako egitarauaren aurkezpen ofiziala. Udiarragako Ama Birjinaren festak irailaren 6tik 12ra bitartean ospatuko dira, eta 50 ekitaldi baino gehiago aurreikusi dituzte pandemia osteko lehen jaiak girotzeko. Kalean egingo diren ekitaldi guztiak “poztasunean eta jai giroan” ospatu nahi dituztela adierazi du Ana Maite Fernández Kultura eta Berdintasun zinegotziak, eta nabarmendu du aurten esfortsu berezia egingo dutela leku publikoak eraso sexisten aurkako mezuaren erakusleiho bihurtzeko.

Jaiak giro “seguruan, berdintasun perspektibarekin eta erasorik gabe” ospatzea da helburua: “Horretarako, kalera irten eta egoera ikusarazi behar dugu”, esan du Fernándezek. Aurten erasoen aurkako ikusgarritasun eta prebentzio kanpaina jaien esparrura aterako dute bi ekimenen bidez: txupinaren egunean, udaletxeko plazan puntu lila egongo da, informatzeko eta laguntzarako; ostiralean (irailak 9), “Sexubizi” babes gunea antolatuko dute txosnagunean.

Aurreikusten da ostirala izango dela jaietako jendetsuenetako bat, Huntza taldeak eta Bernaduegi erromeriak joko baitute Gernika Plazan. Gauean, gune horretan egongo da, hain zuzen, aipatutako Sexubizi puntu mugikorra, “informazio, aholkularitza, laguntza zein edozein zalantzarako”. Psikologo bat eta sexologo egongo dira bertan, eta babes gunea izateaz gain, profesionalek kontsultetarako zabalik izango dituzte ateak.

Ana Maite Fernández Ugaoko Kultura eta Berdintasun zinegotzia // Geuria

Puntu fisikoez aparte, Fernándezek azpimarratu du aurtengo jaietan martxan jarriko duten beste ekimen batek ere lagunduko duela jai giroa seguruago egiten. “Egoera deseroso edo desatseginen bat sufritzen duen edonork edo erasoren bat pairatzen dutenek” erabili dezaketen txartel bat banatuko dute plazan, tabernetan eta ekitaldiak antolatzen diren beste hainbat gunetan. Bertan, Fernándezek azaldu duenez, laguntza eskain dezaketen zerbitzuen telefono zenbakiak biltzen dira: Udalaren zerbitzu sozialena, larrialdi zerbitzuena eta Satevi indarkeria kasuetan eta harreman gatazkatsuetan esku hartzeko lerroarena.

Eragileekin, prebentzio kanpaina

Erasoen aurrean arreta eskaini behar duten eragileek ere prestaketa ikastaroa egin dute jaien aurretik, egoera horietan “talde lanean” nola jokatu behar duten jakiteko. Jaietako komisioak, tabernek zein txosnek hartu dute parte tailerrean, eta “ideiak garbi izateko, egoeraz hausnartzeko eta elkarren artean espazio segurua sortzeko” lan egin dute.

☉ Ugao

Zineforuma egingo dute Ugaon Aritzeder Arregi zinemagilearekin

Martxoaren 25ean, zinemagilearen hainbat film laburren proiekzioa eskainiko da, eta solasaldi parte-hartzailea egingo da ikusitakoaren inguruan

|

'Cartas der Guerra' laburmetraiko frame bat // Aritzeder Arregi

AEK-ko ‘Praktikatu eta Bizi’ programak zineforuma antolatu du Jane jauregian, martxoaren 25ean, 10:30etik 12:00ak bitartean, Aritzeder Arregi zinemagile ugaotarrarekin.

“Aritzeder Arregi zinemagilearen hainbat film laburren proiekzioa eskainiko da, eta solasaldi parte-hartzailea egingo da ikusitakoaren inguruan, egilearen presentziarekin”, azaldu dute antolatzaileek.

Aritzederrek zuzendari eta gidoilari lanak egin ditu ‘Cartas de Guerra’ (2016) laburmetraian (Eneko Sagardoy, Urko Olazabal eta Mariano Estudillo aktoreekin), zuzendari lez egin du behar ‘El Duelo’ (2018) zintan eta 2008 eta 2009 urteen bitartean ekoiztutako ‘Making Of’ telebista saioan aritu zen ere, besteak beste.

Ugaoko zineforumean parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako, interesdunek 663 040 035 zenbakira deitu beharko dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak | Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokak ehunka lagun elkartu ditu Ugaoko kaleetan

10:30etik 15:00ak arte, bertara hurbildu zirenek eskualdeko eta inguruetako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten

|

Ugaoko kaleak, jendez lepo // Geuria

Emakumeen Nazioarteko Egunean, joan den igandean, Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokaren 26. edizioa antolatu zuen Ugaoko Udalak Herriaren enparantzan.

10:30etik 15:00ak arte, bertara hurbildu zirenek eskualdeko eta inguruetako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan zuten: ogia, barazkiak, arrautzak, gaztak eta esnekiak, ardoa, gildak, gozoak… Hitzordu honetara ehunka lagun gerturatu ziren.

“Urtez urte sendotzen ari den hitzordu honek landa-eremuko genero-ikuspegia balioan jartzen du eta emakumeek lehen sektorean duten funtsezko zeregina aitortzen du”, azaldu zuten udal ordezkariek.

Hurrengo egunetan, gainera, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko Udaletik.

Egitaraua | Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoak 11, asteazkena
18:00 Zineforuma eta mahai ingurua: ‘Fabricando Mujeres’, Jane jauregia

Martxoak 14, larunbata
18:30 Tailerra: Berdintasunaren aldeko kamisetak, Jane jauregia
18:30 Berdintasunaren aldeko escape room-a, Jane jauregia

Martxoak 20, ostirala
18:00 Zineforuma eta mahai ingurua: ‘Volar’, Jane jauregia

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bideoa | Martxoaren 8a “espazioak hartzeko eguna” ere badela azaldu dute Ugaoko Emahots Talde Feministatik

Emahots Talde Feministako Ainize Perez eta Leire Untzuetarekin izan gara urteroko hitzordu honen inguruan berba egiteko

|

Emakumeen Nazioarteko Egunean mobilizazio ugari egin dituzte Hego Uribe eskualdeko hainbat lekutan. GEURIA Emahots Talde Feministak Ugaon antolatutako manifestazioan eta ekitaldian izan zen.

Ainize Perez eta Leire Untzueta kideekin berba egin dugu Martxoaren 8aren inguruan. Atzoko argazki guztiak hementxe topa ditzakezu.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ez Dok Bape ugaotarrek kontzertua eskainiko dute Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren jaian

Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon, Korrika kulturala dela eta

|

Ez Dok Bape taldea // Geuria

Ez Dok Bapeko mutilek kontzertu berezia eskainiko dute martxoaren 13an, Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren Jaia dela eta.

Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon: eskolako umeen bertsoak eta Korrika Txikiko pankarta margoketa eta photocalla, txalaparta tailerra, Mintzodromoa… egitarau osoa esteka honetan ikus dezakezu.

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernako kontzertua 21:30ean izango da. “Dorretxea Herriko Taberna hainbat emanaldiren topaleku izango da martxoan zehar”, iragarri dute antolatzaileek. “Herriko beste eragile batzuekin burututako lanketaren ondorio da martxoan zehar antolatutako egitaraua. Mota desberdinetako ekitaldiak izango ditugu gurean”.

Programa joan den martxoaren 7an abiarazi zuten DJ HMNDETXERA deustuarren dantza, perreo eta juergarekin. Ez Dok Bape bandaren kontzertua eta gero hilabeteko azken jarduera antolatu dute hilaren 27an Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan: Elisabet Mejuto, Julen Pagazaurtundua eta Asier Galarzaren ‘Bakarrizketak Euskaraz’ saioak, alegia.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak | Ugaotarrek “Egunak eta gauak gureak dira” oihukatuz hartu dituzte herriko kaleak, M8an

|

Emakumeak, martxan // Geuria

100 herritar baino gehiago kalera irten dira Emakumeen Nazioarteko Egunean, Ugaon. Lema nagusia, jakina denez ‘Beste mundu bat feminismotik’ izan da eta herrian elkarretaratzea egin ostean kaleetatik irten dira, emakumeen borrokaren alde.

12:30ean manifestazioa hasi dute herriko kaleetan barrena eta ibilbidea parke berdeko frontoian amaitu dute. Bertan, ekitaldi xume bat prestatu dute herriko eragile batzuek.

“Gaurkoan kalera aterako gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez”, azaldu dute Emahots Talde Feministatik.

“Lehena martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik. Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzenduen ndarkeriarekin mozteko”, gehitu dute.

“Martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintzak lanak prekaritatearen, makumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera”.

“Eta, azkenik, martxoaren 31, Trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara”.

Osorik irakurri